MONIKA TORRE MINDEGUIA
NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA
ETA MALASPULGAS KONPAINIA
Nolakoa da egunez egun besteren proiektuetan antzerki irakasle izaten saiatzen denaren errealitatea? Nolakoa antzerki hezkuntzan lan egiten saiatzen denaren bizipena? Sarreran aipatutako direktorioa landu nuenean istorio ugari entzuteke daudela sumatu nuen, gehiegi. Ipar Euskal Herritik beste testuinguru bateko esperientzia baten bila joan naiz Nafarroara. Antzerki irakasleen lan egoeren ezagupena bereziki esanguratsua iruditzen zait, prestigioaren ikuspegi batetik: zer leku ematen diogu hezkuntza sisteman antzerkiari, nola zaintzen ditugu bertako langileak? Edo, zuzen galdetuta... zaintzen al ditugu?
Monika Torre Mindeguia (Bera, 1985) bokazioa duen pertsona horietakoa da, txikitatik zer egin nahi zuen argi izan zuena, urteetan horri eutsi diona kosta ahala kosta. Iruņean Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuen, eta ordutik Iruņea eta Bera artean dihardu lanean. Esperientzia luzea du antzerki irakasle moduan, eta aktore ere hainbat konpainiatan parte hartu izan du. Egun, Malaspulgas konpainian egiten du lan. Nafar hiriburuko Alde Zaharrean egin dugu topo, udarako arratsalde batean.
Ikerketa honen oinarri garratzaz aritu natzaionean —elkarrizketatu guztiek berehalakoan harrapatzen dute, ez dago azalpen gehiegi eman beharrik…—, buruarekin behin eta berriro baietz egin, eta egoera konplexua izan arren bertan egotearen erabakimenaz mintzatu zait, pasio osoz.
Zer ematen dizu sortzeak, hori etengabe egiteko beharra sentitzeko?
Sortzaileak gara eutsi ezin diogun bulkada bat dugulako, adierazi eta garatu behar duguna. Behar hori dugu eta gure izaeraren parte da, horrekin jaiotzen garela uste dut: diziplina ezberdinak edo modu ezberdinak ikasten ahal dituzu, baina badago zerbait barrenean daramazuna jaiotzatik, eta hori aldaezina dela uste dut. Niretzat hala da, behintzat. Norbaitek galdetuko balit “zergatik antzerkia?”, argi erantzungo nioke “nire parte delako”, ezin dut imajinatu bizitza zati handi hori gabe. Antzerkia egiten dudanean neure buruarekin konektatzen dut. Nik, berez, bizitzan dena antolatuta izan behar dut, baina antzezten ari naizen momentuetan neure burua geldiaraztea eta sentitzea lortzen dut. Hori egunerokoan lortzea ez zait batere erraza iruditzen, ez dakit bizi-erritmoagatik den edo buruan kezka asko dauzkadalako, baina oholtza gainean nagoenean hori guztia desagertu egiten da: orain eta hemen nago eta kito, ez dago besterik. Bestetik, pertsonaien azaletik neure burua imajinatuko ez nukeen egoera batean ikusteak eragiten didan harridura hori ere badago. Sentsazio horrek ere harrapatzen nau, eta adrenalina puntu bat ematen dit.
Topikoak agintzen duen bezala, ostalaritzan ere aritu izan zara ordea...
Normalean uda garaian, diru-sarrerarik ez denean, ostalaritzan ibili ohi naiz. Udan, kaleko antzerkia egiteaz gain, ez dago aukera handirik. Egia da antzokietan hasi direla udan ere programazioa pixka bat bultzatzen, baina ez da nahikoa, eta antzerki klaserik ere ezin dut eman kurtsoan zehar egiten dudan bezala.
Partaide zinen tdg Laperola antzerki konpainia disolbatu zen behinola, baina lanean jarraitu duzu beti.
Bai, eskertuta sentitu behar dudala uste dut. Jende asko ikusi dut etengabe saiatzen ari dena eta, halere, ez zaizkiona gauzak ondo ateratzen. Izugarrizko pena ematen dit, asko gara antzerkia ikasi dugunak eta horietako oso gutxik ahal izaten dugu ofizio bilakatu. Ni, horretara dedikatu ahal izan naizenez, zortedun sentitzen naiz. Gainera, bakoitza mundu bat gara eta antzerkia egiteko modu jakin bat dugu: ez da bata bestea baino hobea, denak dira baliagarriak. Geroz eta modu gehiago egon, geroz eta aberatsagoa izango da antzerkia, baina antzokiak ez badira betetzen, eta ez bada antzerkia programatzen, ez dago lanik denontzat. Gehiago programatuko balute, eta gizartea, orokorrean, inplikatuta egongo balitz, lan gehiago egonen zen.
Antzerki irakasle eta aktore moduan jardun duzu… Nolako esperientzia izan da?
Aktore lanerako antzerki konpainia ezberdinetatik deitu izan didate, urteekin ikasi dut zer antzerki mota egin nahi dudan eta zein ez. Izan ere, konpainiaren arabera oso esperientzia ezberdinak izan baititut: lehen esan dudan moduan, bakoitzak lan egiteko modu bat daukalako, eta denak baliotsuak diren arren niri modu batzuk gehiago interesatzen zaizkidalako. Neure buruari zin egin nion behin: “oholtzara igoko naiz sinesten dudan hori egiteko; bertzela, ez naiz igoko”. Bizi izan ditut momentuak non ez naizen batere ondo sentitu, eta hori oso latza izan da: behinola konturatu nintzen ez nagoela edozein antzerki egiteko egina.
Zerk sentiarazi zintuen horren gaizki?
Nik prozesuari garrantzi handia ematen diot. Uste dut aktoreok oso eskuzabalak eta zaurgarriak garela: azken batean, gure gorputzarekin eta emozioekin egiten dugu lan, eta hori zaindu egin behar da. Prozesuak kontatzen ari garen istorioaren sakontasuna kontuan hartzea eskatzen du, ez du azaletik tratatzen. Hori errespetatzen ez denean, oholtza gainera igotzeak eta neure burua lekuz kanpo ikusteak, egiten ari naizen horretan sinistu gabe, beldurra ematen dit. Horregatik erabaki nuen gustatzen ez zitzaizkidan proiektuei uko egitea: banekielako horrela jarraituz gero antzerkitik aldendu egingo nintzela.
Zure esperientzia entzunda, uste dut oso argi gelditzen dela zein garrantzitsua den aktoreak duintasunez tratatzea. Hain da delikatua, ezen, zu bezalako pertsona bat, nahiz eta bere bizitza antzerkirik gabe ez imajinatu, esperientzia negatiboek antzerkitik aldentzera eraman dezaketen. Zer prozesu mota izan dira zuri halako kaltea eragin dizutenak?
Prozesuak non ez den ezer sakondu: ez gaia, ez pertsonaiak, ez alderdi teknikoa, ez ezer. Espazioaren erabilera ere oso inportantea da, hau da, antzeztuko dugun antzokiko oholtzan eszena probatzea. Izan ere, askotan gertatzen baita hori: estreinaldian eszenatokira igo eta ez duzu espazioa errekonozitzen. Orduan, disimulatu egin behar duzu eta ingurua ondo ezagutzen duzunaren itxura egin. Hori izugarrizko presioa da! Beharrezkoa ez den presio bat, eta ez da batere atsegina. Nahikoa dugu egiten dugun lanarekin: emozionalki pertsonaiarekin eta istorioarekin inplikatu, eta hori ikusleari eskaintzea. Askotan entzun izan dut: “Goazen antzezpena salbatzera”, eta nik ez dut deus salbatu nahi. Horregatik da prozesua horren garrantzitsua: dena zaindu behar da, probatu, entseatu, ez gara robotak. Izugarrizko esposizioa dugu, eta zerbait gaizki ateratzen bada disimulatzeko gaitasuna dugun arren barruan geratzen zaigun sentsazioa oso deserosoa da… Horrek frustrazioa eragiten du.
Zerk eragiten du horrelako prozesu bat ez zaintzea?
Sorkuntza-prozesu hori zuzentzen duten pertsonek.
Zure ustez, pertsona horiek zergatik ez dute prozesua beste modu batera zaintzen?
Seguruenik antzerki komertziala egiten dutelako. Kasu horietan sorkuntza prozesuak askoz laburragoak dira eta, ondorioz, urtean zehar emanaldi gehiago egin daitezke: hau da, gehiago saldu daiteke, eta errazagoa da horretaz bizitzea. Antzerkia denbora eta espazioa da, eta denbora ahazten ari zaigu. Ez diogu behar duen denbora eskaintzen, egungo gizarte kontsumista eta indibidualistaren erritmoan sartzen garelako. Gizartearen erritmotik aldentzeko gaitasuna eta irudimena soberan ditugu, falta zaigun bakarra baliabideak dira.
Jo dezagun beste gai batera: antzerki klaseak ematen zer bizipen izan duzu?
Bizipen asko izan ditut eta oso ezberdinak, talde bakoitza oso partikularra delako. Haur, gazte eta jubilatuekin aritu izan naiz, baita mugikortasun murritza duten pertsonekin ere. Oso praktikoa izaten saiatzen naiz eta talde bakoitzarekin antzeko gauzak egiten, baina azkenean beti ez da posible, egokitu ere egin behar zara. Talde bakoitzak bere interesak dauzka, mundu propio bat da eta haien neurriko mundu berri bat sortzea gustatzen zait. Uste dut hori dela nire lana. Gaitasuna daukat talde bakoitza zaintzeko, eta talde hori osatzen duten pertsonei bere izaera azaleratzeko aukera ematen saiatzen naiz.
Zaintzari dagokionez, zaindua sentitu zara zu klaseak emateko orduan?
Batzuek gehiago baloratu izan dute nire lana, eta beste batzuek gutxiago. Ikastetxe askotan gertatu ohi da jangelako orduetan eman behar izatea klasea; haurrak izugarrizko gosearekin iristen dira, edota janariaz leporaino, ez dago espazio aproposik, ez dago denbora aproposik, gorputza ez daukagu prest, ez gaude adi, milaka estimulu diferentetatik gatoz... Testuinguru horretan erlaxatzea eta beste modu batera jolasten edo gauzak sortzen saiatzea oso zaila da, ordubete besterik ez dugunean gainera: jolasean bete-betean sartu garenerako alde egin behar dugu! Pena ematen dit, normalean ez daukagulako astirik pixka bat sakontzeko edo haratago joateko.
Dena dela, toki batzuetan oso espazio egokia eman izan didate, eta materiala eskuragarri. Halakoetan tratua eskertzen dut, baina ohikoa izan beharko luke! Lau paper, lau arkatz, edo lau oihal ematen digutelako eskertuta egoteari utzi beharko genioke. Eskertzea ondo dago, noski, baina eskolak emateko beharrak zaintzeak gure lanarekiko duintasuna eta errespetu minimoa adierazten ditu; pixka bat makal gaude alde horretatik. Pentsatu nahi dut egongo direla tokiak espazio egokia, materiala eta musika jartzeko aparatu bat eskaintzen dutenak, ez naiz beste munduko ezer eskatzen ari... Normalean espazio huts bat besterik ez didate eskaintzen.
Nolakoak izan ohi dira uzten dizkizuten espazio horiek?
Eskola gehienetan “denerako” balio duen ikasgelaren bat uzten didate. Aulkiak eta mahaiak baztertu ditzaket, baina, ea: haurrek dagoeneko mahai eta aulki horiek eskolarekin lotzen dituzte, ez daude sormen espazio ezberdin batean, eskolan jarraitzen dute. Hori dela eta, espazioari garrantzia eman behar zaio, espazioak beste unibertso batean sartzen gaituelako. Hortik abiatuta, ondo lan egin dezakegu.
Beraz, orain arte kontratatu zaituzteten antzerki konpainiekin egin duzu lan aktore moduan, eta bestalde antzerki klaseak ematen eskola edo erakunde ezberdinen bidez.
Hori da. Garai batean autonomoa izan nintzen, baina baja eman behar izan nuen ezin nituelako kuotak ordaindu. Ez du logikarik: hilabetero diru pila bat ordaindu behar da, eta ez da proportzionala irabazten duzunarekin. Batzuetan ezin izan dut proiektu batzuetan lanik egin ezin izan nautelako kontratatu, autonomoa izan nadin eskatzen didatelako. Konpainietan berdina gertatzen da, antzerki konpainiak ere autonomoak direlako. Aktore batzuk autonomoak dira eta beste batzuk ez, hori ere ez dago erregulatuta, eta zaila da nondik tira egin jakitea ez dagoenean biderik. Edo ez, behintzat, bide aproposik.
Gogoan daukazu momentu gakoren bat, non, zeure buruari esan diozun: “Hau horrela ez”?
Bai, urtero pasatzen dut krisi momenturen bat edo beste. Askotan haserretu izan naiz egoerarekin, oso zaila delako, eta gutxietsita sentitu naizelako. Ikastaroak emateaz ekain aldean bukatzen dut, eta irailera arte ez dut jakiten klaseak ematen jarraitu ahalko dudan, edo zenbat klase izango ditudan. Ziurgabetasun hori urtero pasatzen dut. Eta, noski, hasieran, egutegia egonkortu arte, izugarrizko antsietatea daukat; urtero antsietate hori bizi behar izatea ez zait bidezkoa iruditzen. Beste lan batzuetan ez da hori gertatzen. Gauzak beste modu batera antolatuta egongo balira, ezberdina litzateke. Adibidez, autonomoen kuota baxuagoa izango balitz antzezpen ezberdinak sor nitzake eta urtean zehar saldu. Edota, antzerki irakasle moduan nire lana gehiago baloratuko balute, zentro berean hamabost urtez lanean aritu ondoren, baldintza hobeak izango nituzke. Inoiz soldata igo izan badidate eskatu izan dudalako da; eta, hala ere, ez didate ordaindu beharko lidaketena ordaindu.
Galdetu diezazuket zenbat ordaindu dizuten ordua eta, igo badizute, noraino igo dizuten?
Bai, ordua gutxien ordaindu didaten tokian hamasei euro kobratu izan dut, eta hemezortzi eurotara igo izan didate. Egun dagoeneko ez dut bertan lan egiten, orain dela gutxi utzi bainuen. Baloratzen nauten lekuetan, aldiz, kontratu on bat daukat, eta ordua behar den moduan ordaintzen didate: hor ikusten da nork ematen dion benetan garrantzia antzerkiari eta nork uste duen une atsegin bat pasatzeko besterik ez duela balio.
Zure esperientziaren arabera, ondo ordainduta dagoen ordua zenbatean baloratua dago?
Hogeita bost eta hogeita hamar euro bitartean. Kontuan hartu behar da gu ezin garela egunero zortzi orduz klaseak ematen ibili, lan horrek energia asko eskatzen duelako eta, zentzu horretan, ezin dugu beste ordutegi eta soldatekin alderatu. Gainera, saio bakoitzak aurretiazko prestakuntza bat eskatzen du: ordu horiek guztiak etxean sartzen ditut eta ez dizkit inork ordaintzen. Baina orduko soldata on bat baldin badaukazu, konpentsa liteke pixka bat.
Eta zein da hemezortzi euro ordaintzen zizuten tokia?
Ez dizut izenik esango, baina ikastetxe kontzertatu bat da, antzerkia eskolaz kanpoko ekintza gisa duena. Jangelako zaindariek zuten kontratu bera neukan, “jangelako zerbitzua” jartzen zuena. Pixka bat kostatzen zait hau esatea, onartzea bera nahiko irrigarria delako...
Hortaz, ofizioarekiko gutxiespen handiena ikastetxeetan ematen dela ondoriozta genezake, hau da, hezkuntza formalean…
Hori esango nuke, bai. Beran, nire herrian, salbuespena ematen da: herriko hiru eskolak —publikoa, kontzertatua eta ikastola— proiektu baten parte dira: udalak dirulaguntza bat eskatzen du zentro horietan guztietan eskola-orduetan antzerki klaseak eskaini ahal izateko.
Ez da batere ohikoa eskola-orduetan —hau da, curriculumaren barne– antzerki-klaseak eskaintzea.
Ez. Agian herri txikietan errazagoa da horrelako gauzak kudeatzea, nahiz eta orain Iruņeko ikastetxe batzuetan ere eskola-orduetan lan egiten dudan, Nafarroako Antzerki Eskolaren ekimenez. Ikastetxeetakoa beste mundu bat da, irakasle bakoitzak antzerkiarekiko ikuspuntu propioa daukalako. Saio guztietan ikasgelako tutoreak presente egon behar du, hala antolatu delako, eta batzuetan ez da erraza izaten haiekin lan egitea. Guztiak ez dira gaiarekiko irekiak agertzen eta gehienek ez dute antzerki askorik ikusi izan, baina, halere, batzuek asko dakitela uste dute. Niri Matematikako irakaslea etortzen bazait ez diot esango 1+1= 4 dela, nik hori entzun dudalako bakarrik, ez diot planteatzen nik ez dakidan zerbait, ez dudalako esparru hori kontrolatzen. Zentzu horretan, irakasle batzuek umiltasun gehiago adierazi behar lukete, profesionalak geu garela onartu eta lan egiten utzi.
Hori aipatzen duzu irakasle batzuek zure lana zalantzan jarri dutelako?
Bai. Adibidez, askotan galdetzen dute zergatik egiten ditudan ariketa mota jakin batzuk. Nik asko lantzen dut alde emozionala, garrantzitsua baita haurrek norbere buruarekin eta emozioekin konektatu ahal izatea. Edota, eszenografiari lotutako komentarioak. Behin beharbada emanaldia eszenografiarik gabe egingo genuela komentatu nuen, eta irakasle batek erantzun: “Nola? Ez ditugu zuhaitz batzuk jarriko?”. Ja, ja, ja! Ez, ez dugu zuhaitzik jarriko.
Ez duzu uste horrek zure lanarekiko mesfidantza adierazten duela?
Bai, edo gauza berriak ezagutzeko beldurra, zurruntasuna… Beharbada nahiago dute aspalditik egon diren estrukturei eutsi.
Beste profesional batzuk ez ditugu kuestionatzen: fisikaria, medikua, abokatua...
Bai, eta gero nire proposamena argi ez zuten zerbaitek funtzionatzen duela edo ondo ateratzen dela ikustean, harritu egiten dira, hara! Bestalde, pedagogiari dagokionez, badago joera bat haurrei beti istorio “positiboak” kontatzekoa; eta haurrak ez dira ergelak, kontatu diezazkiekegu hain positiboak ez diren gauzak. Goazen errealitatea erakustera. Askotan antzerkiaren bidez gauza asko kamuflatzen dizkiegula iruditzen zait: bai beraiek protagonista direnean, eta bai guk, helduok, haiei zuzenduta antzezten dugunean. Beraien unibertsotik, beraiek ulertzeko moduan baina errealitatetik gertuago dauden istorioak konta ditzakegula uste dut, bere argi eta ilunekin.
Haurrak infantilizatzen ditugulako infantilizatzen da haur-antzerkia… Eta gaineratuko nuke: erridikulizatzen da.
Erabat ados. Eta hor ere antzerki kontsumistaren ildotik goaz: “Benga, igo horra eta egin keinu tonto bat!”. Tira, “keinu tontoak” funtzionatzen du, haurrek barre egiten baitute, baina nik hori nahi dut? Ez, hori ez da antzezleon lana: antzezleon lana ez da jendea dibertiaraztea —bakarrik—, hausnarketara gonbidatzea baizik. Egoera edo errealitate ezberdinak planteatzea, enpatia garatzeko. Izan ere, elkar ulertzeko gaitasuna garatu baitezakegu antzerkiaren bidez, bizitza ikusteko modu ezberdinak erakusten dizkigulako. Eta irekiera hori garrantzitsua da. Zergatik itxiko diegu mundua haurrei? Haiek irekiak dira, goazen mundu eta unibertso irekiak erakustera.
Nafarroako Antzerki Eskolan irakasle diharduzu egun, besteak beste. Baldintza hobeak dituzu bertan?
Bai, guztiz. Soldata duina eskaintzen didate. Espazio egokia daukat klasea emateko, material pila bat eskuragarri, eta zerbait behar izanez gero eskatu eta erosi egiten dute. Horretaz gain, bilerak egiten ditugu irakasleon artean, programazioa adosten dugu, klaseen jarraipena egin... Hots, garrantzia ematen zaio lanari. Ez naiz bakarrik sentitzen klaseak ematen: zenbait dinamikak funtzionatzen ez badute, hor ditut lankideak proposamen berriak egiteko, beti laguntzeko prest.
* * *
Erregularizazio ezaren ondorioz, “jangelako zerbitzu”rako kontratua, soldata irrigarriak, autonomo egin beharra, ziurgabetasun etengabea… Adierazgarria da oso Monika, ofizioari adierazten dion maitasuna edukita ere, urtero-urtero haren lanbidea eta bizimodua zalantzan jartzen dituen krisi batetik pasatu behar izatea.
Institutuan izan nituen irakasleak gogoratu ditut. Antzerkia egiten dugun gure belaunaldiko askok, haiengatik izan ez balitz, ez genukeen antzerkiarekin topo egingo. Baina ezagutzatik haratago haien transmisioarekiko maitasuna dut gogoan, horrelako irakasleengan badagoelako sarri konpartitzeko eta inplikatzeko modu oso pertsonal bat, ikaslearen esperientzian eragiten duena bete-betean. Nik neuk ez daukat dudarik: nire ibilbide artistikoa abiatzeko orduan pertsonak izan dira gakoa. Hori kontuan harturik, bereziki kaltegarria da hezkuntza formalean antzerkiari egiten zaion harrera eskasa. Oso ohikoa da irakasleak lan baldintzen inguruko gatazkengatik denbora batera lana uzten ikustea.
Bestetik, Hego Euskal Herriko produkzioen sorkuntza-prozesuak Iparrekoak baino askoz laburragoak direla aipatu dit lehenago Marise Urrutik, eta antzerkilari nafarrak ere argi adierazi digu zergatia: antzerki komertzialak horrela funtzionatzen duelako, arrazoi ekonomikoak direla medio. “Antzerkia espazioa eta denbora da, eta denbora ahaztu egin zaigu”. Ahaztu egin zaigun bezala, antzerkia entretenimendu hutsetik askoz haratago doala: istorio bat kontatzetik munduaren zabaltasuna adieraztera, eta horrekin batera, elkar ulertzeko gaitasuna areagotzera.