Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

XIMUN FUCHS CASTAGNET
ETA MANEX FUCHS CASTAGNET

 

AXUT! KOLEKTIBOA

 

 

      Elkarrizketa sorta hau Ipar Euskal Herrian hastea erabaki dut. Hego Euskal Herrikoa naizen honek, erakarpena eta ezezagutza sentitzen ditut neurri berean bertako antzerkiarekiko. Euskal antzerkian sarritan aitortzen zaio hango euskal eszenari erreferentzialtasuna eta garrantzia, historikoa neurri handi batean. Nire belaunaldikook ez ditugu, ordea, Antton Lukuren antzezlanak ikusi ahal izan, adibidez. Bai, ordea, haien ikasle izandakoenak.

      Axut! kolektiboa Ximun Fuchs (Larzabale, 1974) eta Manex Fuchs (Larzabale, 1975) anaiek, Arantxa Hirigoienek eta Argi Perurenak osatzen dute. Fuchstarrak kolektiboaren sortzaileak dira, ia bizitza osoa antzerkia eta sorkuntzara dedikatu dutenak; Hirigoienek eta Perurenak, aldiz, euskalgintzan zein kulturgintzan esperientzia zabala dute, eta ekoizpen zein administrazio lanaz arduratzen dira. Kolektiboaren lan-eremua Euskal Herri osoa da, txoko bakoitzetik edan eta txoko denetara iristeko helburuari eutsiz. Fuchs anaiek Le Petit Théâtre du Pain taldearekin hogeita lau urtez Europa osoan bidaiatu ondoren, etxera itzultzeko garaia zela sentitzean sortu zuten Axut!, haien sorlekuan, Nafarroa Beherean.

      Hendaiako kostaldean egin dugu topo, igandeetan azoka egiten den plazatik hurbil dagoen eraikin batean, bertako udalarekin konpainiaren egoiliartasun akordioa diseinatu duten egun berean. Gaurtik aurrera, mugaldean izango dute haien basea.

 

Zuen web orrian irakurri dudanagatik, antzerkigintza eta euskalgintza txanpon beraren bi aldeak dira zuentzat, eta filosofia argi batean oinarritzen zarete: “Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia” duzue helburu.

ximun: Gure lana oso enpirikoa da, artisauak gara: aldi oro saiatzen gara eta hortik ateratzen ditugu gure lanaren ardatz diren printzipioak. Zentzu horretan, gure ikuspuntua ez da dogmatikoa. Halere, baditugu pentsaera orokorrak, zuk aipatu bezala “filosofikoak”: izan ere, ez da kasualitatea filosofia, antzerkia eta demokrazia momentu berean, toki jakin batean asmatu izana, antzinako Grezian. Hiru kontzeptuok zerikusia dute euren artean. Antzerkia testuinguru horretan sortu zen eta guk horrela ulertzen dugu, baina era berean Iparraldetik gatoz, eta bertan antzerkiak oraindik ere badu leku bat, esanahi eta funtzio sozial bat, euskaltasunari oso errotuta dagoena.

            Manexek eta biok hogeita lau urte eman ditugu konpainia frantses batean, eta horrek gure bidea zein den erakutsi digu. Gure eredu propioak eraiki nahi ditugu, besteen kulturak koloniza ez gaitzan, besteen ereduak kopiatuz gero besteen pentsaerak ere kopiatzen baititugu. Badira gauza interesgarri eta on pila bat frantses, gaztelera eta ingeles kulturan, baina guk badaukagu gurea eta badugu zer sortua. Kultura hizkuntza gabe ez da, eta alderantziz. “Antzerkia” eta “teatroa” ez da berdin. Gure hizkuntzak baditu giltza asko: gu ez gara “aktoreak”, gu “antzerkilariak” gara. Hau guztia ez dugu guk asmatu, euskal ikerlari ugariren iritzia da, Antton Luku edo Ibai Iztuetarena, besteak beste. Finean, zera esan nahi du: arteak pentsaerak eta emozioak adierazteko ereduak sortzen ditu, eta ez badugu arte horretara sarbiderik, ezin dugu hizkuntza horretan pentsatu, maitatu… emozioak ukan. Eta hori da euskaldun bezala gertatzen ari zaiguna. Adibidez, jendea haserretzen denean gaztelerara jotzeko joera bat dago. Eskoletara joaten garenean ikasleei zera galdetzen diegu: non ikasi duzu lehen musua ematen? Ez da ikasten ahal, dena kultura delako, zineman edo telebistan transmititua da. Zer hizkuntzatan? Gazteleraz edo frantsesez. Beraz, gauzarik intimoena hizkuntza arrotz batean ikasten dute. Gu horretarako euskarazko ereduak sortzen saiatzen gara eta, era berean, gure istorioa kontatzen. Zeren jende askok kontatzen baitu gure istorioa, edo gure istorioak, anitzak baitira; eta guk gure tresneria, gure hizkuntza eta gure artea baliatzen ditugu istorio horiek kontatzeko, kolektiboki gure motxila, zama eta poz guztiekin zer egin hausnartzeko.

            Helburu hori lortzeko hiru arlotara bideratzen dugu gure lana, bata bestearekin lotuta daude eta elkar elikatzen dute: sorkuntza, hezkuntza eta herrigintza. Sorkuntza diogunean, antzezlanak sortu eta hedatzeaz ari gara. Hezkuntzaren arloak transmisioari egiten dio erreferentzia: eskoletako ikasleekin egiten ditugun tailerrak, adibidez. Herrigintza aipatzean, aldiz, administrazio eta erakunde publiko, batzuetan pribatu, zein politikariekin batera egiten dugun elkarlanaz ari gara, indarrak batuz gure kulturak merezi dituen tresna eta eredu propioak sortzeko ahaleginean. Hendaiako Udalarekin adostu berri dugun egoiliartasuna hortik doa: honek egoitza bat eta diru-partida batzuk zuzendu dizkigu, eta elkarrekin helburu batzuk adostu ditugu, eskualdeko beste herriekin saretu eta gure antzerkiaren bitartez kultura bultzatzeko. Ezin dira egiteko modua eta helburua hainbeste bereizi, biak bat doaz. Hitz potolo pila bat atera ditut, baina hori guztia harremanetan eraikitzen da Euskal Herri osoan zehar. Gure arteaz euskaraz bizi nahi badugu, Euskal Herri osoan zehar ibili behar dugula ohartu gara. Hegoaldea eta Iparraldea bakarrik bereizi ohi dugu, baina ez da berdin Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban lan egitea, Nafarroako iparraldean edo hegoaldean, Zuberoan edo Lapurdin aritzeak zerikusirik ez duen moduan. Euskal Herri horiek guztiak lotzen edo josten irabazi dugu publikoa, ekonomia sendo bat eta proiektu ugariren aukera.

 

Kultura aipatu duzu hainbat aldiz, eta oso kontzeptu zabala da. Ikerketa honen premisa da euskal antzerkiak prestigio falta duela, gizarte mailan ez dela antzerkia behar bezala baloratzen alegia, eta beste jarduera kulturaletako langileen pare, antzerkilariek prekaritatea pairatzen dutela. Zuentzat, zer da kultura?

manex: Kulturaz hitz egiten dugunean, guk behintzat, gure lan-eremu doi bat zehazteko premia dugu. Hizkuntzatik hasten gara: zer da hizkuntza? Berez, hizkuntza espazio bat da: geografia bat, mapa bat. Ikerlari alemaniar batek hala zehaztu zuen: hizkuntza hiri bat da, bere katedralekin, auzo aberats eta baztertuekin, hiria zeharkatzen duen autobiarekin, zabortegiarekin, eta abar. Hau da, hizkuntza tresna bat baino askoz gehiago da: hizkuntza eraikitzen dugun hiri bat da, hiri horrek gu eraikitzen gaituen bezalaxe. Arkitekturak eraikitzen baikaitu. Orduan, guk kultura aipatzen dugunean hizkuntza aipatzen dugu, eta hau geografia bailitzan ulertzen dugu. Ibai Iztueta ikerlariak dioen moduan, herria da hizkuntza hori eramaten duen jende-multzo jakin bat, berez mugagabea dena: hori zabaltzen edo txikitzen joan baitaiteke.

            Hori dela-eta, uste dut guretzat arazoa ez dela hainbeste euskal antzerkiaren prestigio eskasa. Arazo hori errealitate bat izango da beharbada jende askorentzat, baina guretzat ez hainbeste, ez dugulako prestigio eskas hori pairatzen. Gure arazoa edo galdera gehiago da ea nola eraikitzen goazen gure geografia hori, gauza asko eraikitzeke baitaude oraindik. Halere, demagun prestigio eskasa dela gure arazo potoloenetariko bat, jendeak ez duelako benetan baloratzen gure lanaren balioa, bere prezioan, eta abar. Ondorioz, nire galdera litzateke, ea nola alda dezakegun hori. Nola aldatu prestigioa? Niri pixka bat neketsua egiten zait, ez dut batere erraza ikusten nola aldatu hori. Aldiz, nire galdera balitz ea euskarak zer leku duen eremu horretan, errazagoa egiten zait zuzenean presentzia gutxi dagoen toki horretara jotzea. Egia da Iparraldeko egoerak asko baldintzatzen gaituela gure ikusmoldean: euskarak ez du ofizialtasunik. Zentzu horretan, nik arazo bezala ikusten dudana, prestigioa baino gehiago, horixe da: euskarak aurrekontuetan duen leku eskasa. Zer leku daukan euskarak antzokietan, zinemetan, kalean... Orduan, hori zabaltzen baldin bagoaz, gure artea zabalduko dugu. Eta ez badaukagu tokirik, goazen tokia egitera.

 

ximun: Gure arazoa diskriminazioa baldin bada, diskriminazioaren aurrean badira oso tresna zehatzak: horiek exijitu behar dira. Horri diskriminazio positiboa deritzo, sinpleki. Beraz, aurrekontuetan euskara hutsean ari direnek diru gehiago ukan behar dute, bai ala bai: aurrekontu gehiago, langile gehiago. Euskal kulturaren arazoa Euskal Herriaren arazoa da. Hori bezain sinplea da: ez bada herri-proiekturik, ez dago kultura-proiekturik, eta alderantziz. Artista askoren jarrera izan liteke hori politikarien lana dela. Bale, baina zuk, zer egiten duzu? Zer proposatzen duzu, nola inplikatu eta bustitzen zara? Ezin gara beti gauzen gainetik egon, saltsan ere sartu behar da. Orduan, galdera hurrengoa da: nola egin herri proiektu bat, eta euskal kultura proiektu bat?

            Ekonomia garatzeko, sorkuntza nola sustatu ikusi behar da: hedapena; artisten, ekoizleen, teknikarien eta komunikazioan ari diren langileen soldata duinak. Baliabide duinak ukanez gero, orduan nonbait edukiko dute egiazko denbora bat, egiazko indarra eta pentsaera bat, gure arteak merezi duen hori guztia egin ahal izateko. Askotan guri, adibidez, Frantziatik iritsi zaigun kritika kalitate eskasarena da: euskarazko obrek ez omen dute nahikoa kalitaterik, eta kalitate onekoak ez direnez, ez dute dirurik ematen. Eta hori bukle bat da.

 

Kritika horretan prestigio falta nabarmena da, ez duzue uste?

manex: Hori baino gehiago, uste dut berriz ere kultur antolaketa edo kultur ikusmolde ezberdin batzuk talkan daudela. Niri bost haiek nire lanari prestigio bat ematea ala ez. Dagokigun lekua ematea da nik eskatzen dudana. Izan ere, argiki hitz egiteko, gure hizkuntzak ofizialtasunik ez duen momentutik bertatik gure lekua kendu digute. Aipatu duzu prekaritate handia sufritzen duela oro har kulturgintzan lan egiten duen jendeak, eta hala da, baina ez denek modu berean, Iparraldean prekaritatea txikiagoa da antzerkigile profesionalen kasuan. Euskaraz sortzen dugunon artean, eaen edo Nafarroan prekaritatea Iparraldean baino handiagoa da, oro har. Aldiz, Iparraldean, arrakala oso handia da euskal eta frantses sortzaileen artean.

            Dena dela, nire helburua gauza horiek aldatzea bada, nola lortu hori herrigintzatik? Lehenik eta behin, mahai-inguru batean politikariak, sortzaileak, hezkuntza arloko jendea eta publiko edo elkarte ezberdinen partaidetza lortu behar dugu; eta ea bakoitzak zer ekartzen duen mahai gainera. Ondotxo dakit enkontru horretatik ez garela denok oso pozik aterako, adostasun batzuetara iritsiko gara eta beste batzuetara ez, baina saiakeran jarraitu behar dugu. Prestigioaren kontuari berriro helduz, profesionalen arazoa dela uste dut. Guretzat, hizkuntzaren ikuspuntutik aritzen garenez, bada halako Amazonia bat izan beharko lukeen beste eremu bat, mundu amateurra dena. Haiek sortzen dute euskal kultura deitzen diogun horren oxigeno guztia. Eta oxigeno diot metafora bat erabiltzeagatik, baina hori baino askoz gehiago da: jarduera amateur horrek sortzen eta elikatzen du publikoa, agian gero profesionalen antzerkia ikustera joango dena. Euskal antzerkiak prestigio eskasa izan dezake, baina Iparraldean ez dugu hori hainbeste nabaritzen, mundu amateurrak kristoren lekua izan duelako, azken urteetan gainbehera bat izan duen arren. Izan ere, antzerkigintza, zentzurik zabalenean, oso sozializatuta baitago: Iparraldean hamar haurretatik zortzi oholtza gainera igo dira, dantzatzera, antzerkia egitera, pastoralean aritzera, musika jotzera, maskaradan parte hartzera… Horregatik, jendeak badu halako kontsiderazio bat, ezagupen bat ematen dio antzerki obra bat muntatzeak suposatzen duen guztiari: arropak jostea, lan teknikoa... guzti-guztia. Alde horretatik begiratuta, “prestigioaz” baino gehiago, “ezagupenaz” aritu beharko ginateke, zeren, berriro diot, niri bost prestigioa dudan edo ez!

 

ximun: Nik prestigio eskasaz ari direnean ulertzen dut umiliazioaren sentsazio permanenteaz ari direla, eta horregatik horren aurka zerbait egiteko beharraz…

 

manex: Nik, umiliazioaren aurrean ere, ezagupena eskatuko nuke.

 

ximun: Bai, dudarik gabe. Eta, aldi berean, erraza da guk hitz egiten dugun lekutik hitz egitea: laguntzak baditugu, gure lanaz bizi gara, jendeak segitzen gaitu, kazetariek kasu egiten digute, emanaldi pila bat egiten dugu…

 

manex: Gizonak gara, zuriak gara... eta ezaugarri horiek luzatzen ahal dira.

 

ximun: Ateratzen dugun edozein ondorio diagnostiko batetik abiatzen da, eta diagnostikoak beti subjektiboak dira. Lan baldintzen inguruan, adibidez: gure arloan euskaraz arituz lan-baldintza txarrak ditugu, hilabete-sari ez duinak eta, horren ondorioz, euskal antzerkilari langileriak zailtasunak ditu luzaroan lan egiteko, eta hori ere ikasi egiten da: egunean zortzi edo hamar orduz lan egiten ikasi egiten da, zortzi edo bederatzi astez segidan, eta gero zoaz laurogei emanalditako bira bat egitera... fisikoa da, intentsua da, pentsaera bat da, eta hori dena ikasi egiten da.

            Horretaz gain, hiru lurraldeetako administrazioekin lan egiten dugu, eta hori ere arazo bat da: administrazio aniztasuna. Baina gure problema izan beharrean, tresna bihurtzen saiatzen gara, sorkuntzarako eta diru-iturrietarako, eta bai, hiru lurraldeetatik ateratzen dugu dirua. Horrek gure diru-iturria ugaritzeaz gain, gure hedapen-eremua ugaritzen du. Gero, gure ekipoak nola jango duen pentsatzen dugu, non egingo duen lo, entseatzeko espazio bat bilatzen dugu, eta ez ostegun eta ostiral arratsaldeetan erabiltzeko espazio bat, baizik eta aste osoan erabil dezakeguna… Askotan ekipo handia gara. Artedramarekin batera lan egiten dugunean, adibidez, oso ekipo handia osatzen dugu. Horri guztiari alde teknikoa deritzo.

            Hezkuntza munduari dagokionez, zergatik lan egin hezkuntzan? Iparraldean behintzat, hezkuntza delako euskara-gune indartsuena. Indargune hori aberasten eta hortik xurgatzen saiatzen gara: eskoletan tailerrak egiten ditugunez publiko gazteak segitzen gaitu, gurekiko leiala da, eta gazteek beren familiak erakartzen dituzte. Askotan uste dugu alderantziz dela, zaharrek ekartzen dituztela gazteak antzerkira, baina ez, gazteek ekartzen dituzte beren familiak, eta komunitate handiak dira.

            Sorkuntza arloan, lehenago aipatu bezala, ez da berdin frantsesez edo euskaraz sortzea: guk frantsesez sortu izan dugu eta ikusten dugu zer alde dagoen baliabideei dagokienez. Nahiz eta orain nahiko ongi gabiltzan euskaraz arituz, kontziente gara guk euskaraz frantsesez muntatzen ahal den zerbait sortzen badugu partida galdua dugula. Zertarako joango da jendea zerbait euskaraz ikustera frantsesez edo gazteleraz ikusten ahal duenean? Seguruena baliabide gehiagorekin egin dena, kasik hobea... Horregatik, guk euskaraz sortzen duguna euskaraz soilik ikusi ahalko da. Nolabait, jendea gure obra ikustera joango da hor egiatasun bat aurkituko duelako ez duena beste nonbait aurkituko, eta honekin ez dut esan nahi bestea gutxiago denik, baina egiatasun hori ez du beste inon topatuko. Horrek egiten du gure ezinbestekotasunaren parte bat, gure lurraldean, euskararen lurralde horretan.

            Hau guztia errota bereko mekanismo konplexu bat da, etengabe mugitzen dena. Eta, aldi berean, hori dena zehatz bilakatzen dugu, ez gara dogmatismotik ari, pragmatismotik baizik. Izan ere, hainbat gauza ikusi ditugu eta uste dugu batzuk agortuak direla, eta geroz eta tarte estuagoa dugula, zeren nonbait geroz eta zailagoa baita modu askean bizitzea. Hori zioen Sarrionandiak, berriz ere lurraldera garamatzana: “Euskara da gure territorio libre bakarra”. Beraz, antzerkiarekin sortzen dugu lurralde libre bat.

            Askatasun hori eskaintzen saiatzen gara pentsaeran, hizkuntzan, egiteko moldeetan, harreran… Komunikazioa ere zinez euskaraz pentsatua dago, euskaldunei zuzendua, eta hortik saiatzen gara euskal komunikabideekin lan egiten. Horiek guztiak adar asko dira, eta horri esker irauten dugu, bizi gara gure arteaz, eta jende asko bizi da gurekin bat. Halere, horrek ez du kentzen beti dena borroka dela, batailan gaudela eta mespretxu permanente bat jasaten dugula; nire ustez, gure kulturari lotua dagoena, gure arloari baino. Antzerkigintzak beste diziplina batzuen aldean prestigio gutxiago duen bezala, euskarak ere gaztelerarekiko prestigio txikiagoa du. Beraz, pairatzen dugun gutxiespena doblea da. Horri intersekzionalitatea deritzo eta feminismotik aski ikertu eta landu da. Azaldu ditudan estrategia horien guztien bitartez gu gure mundua aldatzen saiatzen gara, oso modu zehatzean. Pentsaeraz bultzatuta baina, batez ere, eginez. Eta askotan, hanka sartzen dugu.

 

Zuen paradigmaren eta lanaren inguruan kontatu duzuen guztiaren ondoren, iruditzen zait antzerkiaren inguruan ezagutza handirik ez daukan norbaiten iruditerian zuen proiektuak antzerki soila gainditzen duela, hau da, antzerkiaren kontzeptu mugatua, gizartearen gehiengoak eduki dezakeena, zuen proiektuak transzenditu egiten duela.

ximun: Ez du inporta. Jendeak ez du zertan jakin. Batzuetan jendeak obra bat ikusi eta esaten du: “Uff, ze lana dagoen hor!”. Eta hori entzuten dugunean, pentsatzen dugu: “Jo, ze pena, ez dugu lortu! Jendeak zerbait ikusi du eta ez da sartu barnean”. Guri inporta zaiguna da jendeak bere egitea gure lanaren parte bat, pintura batekin gerta litekeen bezala: oso konplikatua izan daiteke, ez dakit zenbat erreferentzia eduki ditzake, eta hartzen ahal dugu, hala ere, bihotzean, gorputzean, garunean, sexuan… eta bete-betean sartzen zaigu. Hori da behar duguna.

 

manex: Hala da: nik, adibidez, baratzeaz oso gutxi dakit, baina horrek ez dit kentzen norbaiten baratzea ikustera joan, eta inkluso bere barazkiak jatean, hori guztia baloratzeko gai izatea, nahiz eta prozesuaz ezertxo ere ez jakin. Tipo zahar batek esaten zuen bezala: “Nik ez dut intelektualekin arazorik, intelektualek pentsatu, ikertu eta eraldatu duten hori guztia modu ulergarri eta eraikitzailean eskaintzen baldin badute”.

 

Hogeita bost urtez ibili zarete beste antzerki konpainia batzuetan, erdaraz lan egiten, eta Axut! konpainiarekin zuen proposamen propioa garatu duzue. Nola izan da bilakaera hori? Zer bizi izan duzue honaino iristeko? Bizipen intimoago batetik, zentzu emozionalean, esan nahi dut: hori adierazten duen anekdotaren bat baldin baduzue, inflexio-punturen bat...

manex: Esan duzun moduan, urtetan lan egin izan dut beste geografia batean, beste hizkuntza batean, eta aberasgarria izan da, ez naiz damutzen, gauza asko ikasi dut hortik. Euskara betean —eta ez “hutsean” esan ohi den bezala— ariko ginela erabaki genuenean, hautu horrek nire geografiarat eraman ninduen, nire herriarekin berriz ere bat egite horretarat. Intimoki horrek gauza asko eraldatzen ahal dituela uste dut. Agian berriz ere kanpora joateko, kontua ez baita nire muga horien barnean etsia egotea. Bada honi lotuta gogoratu dudan anekdota berezi bat: hogeita lau urtez beste lagun batzuekin batera talde bat sortu genuen, ez nuke konpainia bat errango zeren eredu ekonomiko-sozial eta politiko berezia genuen, “kolektiboa”, eta frantsesez horrek badu izen bat: “troup” erraten da, eta ez “compagnie”. Urte horietan guztietan beraiekin lan egin ondoren, azken emanaldia genuen, azkenaren azkena, erabakiak hartuak ziren, hilabeteak lehenagotik hitz egin genuen. Frantzia aldean geunden, emanaldia bukatu, afaldu, eta elkar agurtu genuen. Gaua zen, eta anaia eta biok errepidean geunden etxera bidean. Jakingo duzu azeria nahiko ongi ezkutatzen edo gordetzen dela, ez dela erreza ikustea, eta bat-batean guregandik zazpi-hamar metrora azeri potolo bat atera zitzaigun, handia! Azeriak ikusi izan ditugu lehenago, baina txikiagoak, ez dakit zergatik honek halako dimentsioa zeukan, eta zazpi-hamar metrora geldi-geldirik gelditu zen, guri begira. Eta hori ere txundigarria zen: azeriak ikusi izan ditudanetan ziztu-bizian izan da, segundo batzuetan. Ba hori guri begira egon zen, ez dakit, zaila zait neurtzea baina esango nizuke berrogeita hamar segundo izan zela, eta beharbada hogeita hamar besterik ez, baina hala ere asko da, nahikoa anaia eta bion artean hitz egiteko: “Ikusten duzu ikusten ari naizen hau? Bai, bai, nik ere bai. Eta: zer bitxia, ez?”. Ximunek eta biok “Fuchs” abizena daukagu, alemanetik dator eta “azeria” esan nahi du. Ni ez naiz ez mistikoa ez ezertxo ere, baina batzuetan halako seinaleak ikusteko joera izan dezaket, eta momentu horretan… mekaben sos! Artista frantses batek esaten zuena gogoratu nuen, hiru gorputz dauzkagula: lehenik gure lurralde gorputza, izarrei ere lotzen gaituena, bigarrenik gorputz soziala, eta, hirugarrenik, animaliarena. Ba, bat-batean, gure animalia gorputz hori agertu zitzaigun gure gorputz soziala eta lurralde gorputzarekin bat egiteko unean. Horratx nire anekdota.

 

* * *

 

      “Axut egin” espresioak “desafioa egin” esan nahi du: kasu honetan, Euskal Herrian euskal antzerkia eutsi, indartu eta hedatzeko erronka bizi, alegia. Nafarroa Beherean jaiotako ibai honek herri guztiak zeharkatu nahi ditu, haietatik edan, aberastu, azkenik itsaso zabalera iristeko. Ximunek dioen moduan, “etxekoak izateak egiten baikaitu munduko”.