Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

AMAIA GABILONDO JAUREGI

 

GARAION SORGINGUNEA

 

 

      Arabako lautadan, Gasteiztik ordu erdira dago Garaion Sorgingunea, naturaz inguratutako Erdi Aroko etxea. Sorkuntza egoitza interdiziplinario gisa funtzionatzen du, eta ekimen kultural anitzerako espazio zein babesleku izateaz gain, orain dela bost urtetik, Amaia Gabilondoren (Urretxu, 1967) eta Julia Lopezen (Bilbo, 1962) bizilekua ere bada. Gertuen dagoen herria, Ozaeta, kotxez hamar bat minututan bisitatu daiteke. Garaion eremu zabalez inguratua dago, eta isiltasuna da nagusi, haizea ez besterik. Amaiak eta Juliak proiektua kudeatzen dute Miren Beitia eta Alazne Goņirekin batera. Hamahiru urte daramatzate espazioa egokitzen eta ekimena bultzatzen, ametsa bera Amaiaren bihotzean aspaldian jaio zen arren.

 

Egin dezagun hogeita hamar urte atzera, Garaion espazioa sortzeko ideia izan zenuen lehen aldira. Nola gertatu zen?

Momentu hartan Arrasateko euskalgintzan nenbilen, Txatxilipurdi elkartea sortzen, gaur egun handia den elkarte bat. Hilabeteko eszedentzia eskatu nuen lantokian ideia hau lantzeko, oso serio hartu nuen, bene-benetan sinesten bainuen proiektuan, eta asko pentsatu ondoren egun dituen zutabeak ezarri nituen. Hasiera batean zirku eskola edo espazio moduan imajinatu nuen, baina gerora proiektua sorgune interdiziplinario bilakatu zen. Eszedentzia hartan zirriborroa besterik ezin izan nuen osatu, azkenik, horretarako hamabost egun bakarrik eman zizkidatelako. Gainontzekoa lanaren poderioz etorri zen, esaerak dioen moduan: “Inspirazioak lanean aurki zaitzala”.

 

Zer dela-eta izan zenuen proiektua sortzeko ideia hori?

Enpresa bateko gerenteak Garaioneko espazioa erabiltzen utzi zigun, eta berak animatu gintuen espazioari lotutako proiektu bat idaztera. Gerora pertsona hark beti bultzatu izan ninduen pausoak ematera, baina ideia kaxoi batean gelditu zen, handik hamabost urtera berriro ekin nion arte. Orduan ere, gutxi gorabehera antzeko ideiak etorri zitzaizkidan burura.

 

Ideiari berriro ekin zenionean, zer ondorio atera zenituen, nola iritsi zinen ondorio horietara?

Euskalgintzan beti ibiltzen ginen beren ama hizkuntza euskara ez zen ikasleak geure ekimenetara erakartzeko estrategien bila, eta horretarako adibidez malabar eta antzerki tailerrak antolatu ohi genituen. Hauetan hizkuntzaren erabilera naturala oso erraz sortzen zela konturatu nintzen: jendeak sormen prozesuetan parte hartzea giltzarik garrantzitsuena zen euskararen normaltasunean, artea, edo sorkuntza orokorrean, tresna natural bat baita, derrigortasunetik urruntzen gaituena eta berezkotasuna bultzatzen duena.

 

Garai hartan zuk zeuk antzerkia edo zirkua egiten zenuen?

Ez, baina asko gustatzen zait antzerkigintza, eta zirkua ere betidanik iruditu zait oso osasungarria. Txiki-txikitatik jaso nuen kulturarako interesa, nire familia bertsolaritzari oso lotuta egon delako: aita bertso eskolak sortzen ibili zen eta nire bi anaiak bertsolariak ziren… Ni desafinatu egiten nuelako libratu nintzen, kar-kar-kar! Orduan neska bakarra zebilen, Arantzazu Loidi, eta ni bere alboan. Niretzat librada bat izan zen, ez nuelako pertsonaia publikoa izan nahi, oholtza baten gainera igotzean oso gaizki pasatzen bainuen. Bertsoak idazten nituen baina ez nizkion inori erakusten. Gerora konturatu naiz emakume izateak asko baldintzatu nauela, publikoki agertzea edo oholtzaratzea asko mugatzen niolako neure buruari, debeku bat zen ia, izugarrizko lotsa ematen zidan eta ezintasuna sentitzen nuen. Zentzu horretan, gauza batzuk landu ditut eta beste batzuk oraindik lantzeko dauzkat.

      Nire rola produkzioan aurkitu dut gehiago, elkartean antolatzen genituen proiektu txikietan: antzerki ikuskizunak, musikariekin diskoak, eta abar. Batez ere eragitea gustatzen zait, besteei eginaraztea: eginarazteko espazioak, momentuak, baliabideak eta beharrezkoa den guztia lortzea. Milaka gauza ezberdin egiteko zortea izan dut, eta hori euskalgintzari zor diot.

      Arrasateko euskalgintza oso aktiboa izan zen garai batean, ekimen berri pila bat jarri zituzten martxan, eta hori leku bat izan zen gazte askorentzako. Ni Bilbotik etorri berria nintzen, Enpresa ikasketak egitetik, eta herrian txertatzen saiatzen ari nintzen: izugarrizko langabezia zegoen, ez dakit zenbatgarren krisia zen... Eta, egoera horretan, Arrasateko euskalgintzak kristoren eskola eman zidan, aukera paregabea izan zen neure burua horren guztiaren bidez lantzeko, paradisua izan zen! Adibidez, euskarazko herri telebista bat sortzen aritu ginen, ni publizista gisa, lau anuntzio inguru egiten genituen egunean: loradenda bat dela, estanko bat dela… Dendariekin batera asmatzen genituen esaldiak. Pila bat aberastu nuen neure burua. Horrelako proiektuak herri guztietan behar ditugu, bizitza guztian zehar, baina gazteei babesa ematea bereziki garrantzitsua da: gazteei leku bat eman behar zaie izan ahal izateko. Horregatik Garaionen lehentasuna ematen diegu gazteei. Aurten, adibidez, hamalau urteko gasteiztar bat izan dugu egonaldi artistikoa egiten, Unai Rojo, zirkuan krak bat dena. Juliak eta nirekin batera egon da etxean bizitzen, lagun handi bat izango balitz bezala zaindu dugu, bere gurasoekin komunikazioan egon gara... Horrelakoei bere bidea egiten lagundu behar diegu, eta makina bat egongo dira tapa-tapa eginda! Izan ere, etxean dituzun baliabideek eragin handia dute, klaseak baldintzatu dezake goi-mailako artista izango zaren edo ez. Hor badaukagu non jo, eta ateak ireki baliabide gutxiago duen jendeari. Imajinatu, esate baterako, gaur Senegaletik ama bat iristen dela bere alabarekin. Bada, alaba horrek sormen gaitasuna badauka, eta edukiko du, noski, denok daukagun bezala, noiz izango du hori adierazteko aukera? Bere hirugarren biloba jaiotzen denean, akaso, zorte pixka batekin…!

 

Nola ulertzen dituzu zuk kultura eta sorkuntza?

Hasteko, sorkuntza arloko irakasle batek esan zigun moduan, kultura giza eskubide bat da: pertsona guztiok dugu gure sormena kanporatzeko eskubidea. Horrek oinarrizko ideologia behar luke hezkuntza proiektu guztietan. Gero “berritzaile” izan gaitezen nahi dute, eta ahoz aho darabilte hori, baina nola izango gara berritzaile sortzaile ere ez bagara? Ez badugu hori txikitatik landu? Eskoletan “kopiatu eta pegatzen” bakarrik erakusten digute, baina pertsona bakoitzari bere “txinparta” pizten badiozu, eta bere barruan zerbait dakarrela sinetsarazi, denoi emateko zerbait, berdin da zer den, antzerkia, zirkua... edo oso bestelako zereginak ere izan daitezke: teilatua konpontzea, gosaria prestatzea... Hori pizten baduzu pertsonengan, gizarte sortzaile bat piztuko duzu. Hori da geure helburu nagusia, eta honezkero bada Euskal Herriaren garaia!

      Gerraostean Euskal Herria sortu zutenek nola egin zuten? Bada, sortu eta sortu! Orain dela gutxi lagun batek esan zidan talentua gosea pasatzearen ondorioz pizten dela: “Belar motzeko behiek esne gehiago ematen dute”. Eta halaxe da! Kultura hori daukagu gure herrian, baina hala izan behar ote du beti? Izan ere, Estatu Batuetan, dauzkaten baliabide guztiekin, ederki sortzen dute, ezta? Proba dezagun, orduan! Euskal Herria zoragarria da, baina zenbait sinesmen barne-barneraino dauzkagu sartuta. Adibidez, honako hau: “Lehenengo erakutsi nor zaren eta zer egiteko gaitasuna duzun eta gero emango dizut aukera”. Aldiz, zer egiten dute herrialde aberatsetan? Aukerak sortu eta sortu, eta norbaiti beti pizten zaio txinparta. Ez “demostratu, demostratu eta demostratu”, beti gaude lelo horrekin.

 

Eskasiaren kulturan bizi garela esan genezake?

Bai, oso ondo esanda ere. Mentalitate pobrearena, eta aurrez demostratzearen hori beharbada judu-kristautasunetik datorkigu…

 

Esfortzuaren ideia hori: “Lana izerdiarekin egin behar da”.

Hori da: hogei urteren buruan, ez dakit zenbat gauza egin ondoren, orduan, lana aitortzen dizute, baina ia hilzorian zaude. Oteiza eta Txillida hil zirenetik ez daukagu artista famaturik, Esther Ferrer ere ez da ezaguna Euskal Herrian! Gazteek ez dute Esther Ferrer bezalako artista bat ezagutzen. Eskolan maila guztietan bere obra erakutsi beharko lukete, eta gainera... bizirik dago! Eskola guztiak bisitatu ditzake. Euskal Herriko lehenengo sorkuntza eskola berak sortu zuen Elorrion, orain dela hirurogeita hamar urte! Eta Espainiak saritzen duenean, orduan bai, gonbidatuko dugu. Irrigarriak gara!

 

Zer falta zaigu?

Elkarrengan sinestea: zu zoragarria izan ahal zarela sinestea. Zer dago deskonfiantza horren atzean? Ni ez naiz psikologoa, baina beharbada zu ni baino hobea izango zarenaren beldurra, hori ekidin nahia. Ez diogu besteari kulturalki “marabilla” bat izatea opa.

 

Zer da zuretzat euskal kultura? Euskaraz egiten den kultura bakarrik, edo hortik haratago doa?

Niretzat hori baino zabalagoa da. Etimologikoki hitzak aztertzen ipin gaitezke eta abar, baina ni ia berrogei urtez bizi izan naiz Arrasaten etorkinez inguratuta, eta hango kultur nahasketa eta elkarbizitza euskal kultura bezala bizi izan ditut, beste kultura batzuekin ditugun harremanak ere euskal kulturaren parte direla sentitzen dut.

      Esate baterako, galegoen inguruan pila bat ikasi dut, eta haiek gure baserriko elikaduraren inguruan, gai bat aipatzearren, beste hainbeste. Konpartitu egiten genuelako: jana laugarren pisutik lehenengo pisura jaisten zen, edo baita gabonetako abesti bat ere, galegoz, extremeņoz, edo euskaraz. Era berean, euskarazko sormena asko bultzatu behar dela oso argi daukat, niretzat euskara bizi-bizirik egotea oso garrantzitsua baita. Gauza batek ez dio besteari kentzen, gehitu baizik, elkar elikatzen dugu.

 

Zure ustez, zein da euskal kulturaren egoera gaur egun?

Tamalgarria. Ez dugu baloratzen eta ez diogu baliabide duinik eskaini nahi. Euskal kultura aberastu dadin edozein auzotako edozein umek bere gaitasunak bultzatzeko aukerak izan behar ditu, eta ez dugu hori bultzatzen. Egoera aldatzen ari da, bagoaz pauso txikiak ematen... Baina oso poliki! Guk hemen Garaionen hamahiru urte pasatu ditugu prekaritate itzel batean, azken urteotan dirulaguntza batzuk lortu ditugu... Eta horregatik batzuek pentsatuko dute geu garela Euskal Herriko pijak! Bada, Euskal Herriko pijak gu bezala bizi baldin badira, nahiko gaizki bizi dira. Lan pila bat egiten dugu, astelehenetik astelehenera: aurten Julia eta biok hamar opor-egun bakarrik hartu ditugu urte guztian zehar, iaz zortzi hartu genituen… Eta horrela daramat nik azken hamahiru urteetan, hamabost egun segidan jairik hartu gabe. Duinki bizi gara, Garaionen lau langile gara eta hamabi pagatako soldata txiki bat daukagu, ni ez naiz lotsatzen nire soldata 1.500 eurotakoa dela azaltzeagatik, eta hori lortzeko lan pila bat egin behar dugula esateagatik. Hamalau paga izatea oraindik amets bat da...

 

Zuk diozu ez zarela lotsatzen. Beste batzuk lotsatzen al dira edo orokorrean kostatzen al zaigu diruaz hitz egitea?

Bai! Argi eta garbi hitz egitea kostatzen zaigu, eta asko daukanari are gehiago! Hori beti izan da horrela.

 

Disimulatu egiten dugu kultur langileok, zer prekario bizi garen nabaritu ez dadin?

Ez, nik uste dut esan egiten dugula, ez dut jende asko ezagutzen kultur arloan lanean ondo bizi dena. Ezagutzen ditudan gehienak gu bezala dabiltza, justu-justu bizitzen, eta hona etortzen diren goi-mailako artistez ere ari naiz, hori da errealitatea. Ez dakit Esther Ferrer nola bizi den, gaur egun ondo biziko dela espero dut, baina nire zalantzak dauzkat.

 

Salto egingo dugu berriz hogeita hamar urte atzera, zure buruan Garaion izango zenaren lehen zirriborroa imajinatu zenuen momentura: hasieran zirku eskola edo espazio bat bururatu zitzaizun. Zein izan zen momentu hartan egin zenuen proposamenaren harira jaso zenuen erantzuna?

Garai hartan ez zen horrelakorik ikusten, eta zirkuaren kasuan are gutxiago. Kultur arloan 4. mailakotzat hartzen dela esango nuke: lehenago daude literatura, antzerkia... Eta telebista, zer esanik ez! Horren ondoren, dantza, beharbada; eta, azkenik, zirkua. Egon badaude Gasteizen zirkua oso ondo landu duten elkarteak, baina ez dute inolako aitortzarik jasotzen. Autogestioan oinarritutako espazioak dira, izugarrizko lana egin dute inguruko gazteak mobilizatzeko eta haientzako aukerak sortzeko.

 

Orain dela hogeita hamar urte horrelakorik ikusten ez bazen, seguruena txoratuta zeundela esango zizuten…

Bai, pitokeriak zirela! Momentu hartan ez zen usaindu ere egiten.

 

Eta, aldiz, orain dela hamahiru urte egun Garaion bezala ezagutzen dugun proiektua, sorkuntza egoitza, alegia, gorpuztu eta aurrera eraman ahal izan zenuenean, zer jarrera aurkitu zenuen inguruan?

Oso zaila izan zen, hasi ginenean oraindik ez ziren egun dauden sorguneak existitzen. Goi-mailako politikari guztiekin hitz egin genuen, departamentu guztietara jo genuen, ez bakarrik Kulturara. Euskara departamentura, ordea, ez ginen joan, alor horretan nahikoa lan egiten delako eta iruditzen zitzaigulako herri “normalizatu” batean horrelako ekimenak beste departamentu bati lotuta egon beharko liratekeela. Azkenean, kasualitatez, Donostiako Lanbideko zuzendari batek Gasteizko Lanbidera deribatu gintuen, bertatik gure proiektuari kasu egin ziezaioten eskatuz. Bertan, Madrildik dirulaguntza bat jasotzen zuten enplegu tailerrak antolatzeko, baina erabiltzen ez zutenez Madrilera itzultzen zuten. 2006az ari naiz, Euskal Herria une horretan aberatsa zen, kasik eta batzuetan dirua itzultzeraino. Hortaz, diru hori gure proiektura bideratzea erabaki zuten.

 

Zeinen korapilatsua! Edonori ez zitzaion okurrituko finantziazioa lortzeko modu hori...

Hala da, hori lortu baino lehen hiru urte ibili ginen lanean, ni eta neurekin batera beste bi kide: Itziar Bartolome pedagogoa eta Arkaitz Iturrioz arkitektoa: Itziarrek hezkuntza proiektua egin zuen, Arkaitzek proiektu arkitektonikoa, eta nik, berriz, planteamendu orokorra zein bideragarritasun plana. Horrekin joaten ginen atez ate, ehun bileratik gora egin genuen. Goi-mailako karguekin biltzea eskatu eta lortzen genuen, gainera. Azkenean, Lanbideri esker, enplegu-tailer bat sortu eta euskalgintza alorreko jendea gonbidatu genuen parte hartzera, lagunak eta ezagunak. Proiektua eman ziguten dirulaguntzara egokitu behar izan genuen, hau da, tailer formatuan eskaini Garaion proiektuarekin zerikusia zuen gai bat aukeratuz. Tailer hori “natura eta sormen dinamizatzailearen” ingurukoa izan zen. Horrela hasi ginen.

 

Zer iritzi jaso zenuten aukeratutako gaiaren inguruan?

Hilabete eskas batean 1.200 orduko ikastaroa antolatu genuen. Asko ikasi genuen. Gaiari dagokionez… sorgin talde bat ginen! “Hippy horiek” ginen, eta beti izan gara. Jendeak txorakeriak zirela uste zuen, eta oraindik ere hala uste dute askok. Ba beno, txorakeriak egitera dedikatzen gara! Egunen batean psikiatrikoan bukatzen badugu ez litzaidake harrituko, zeren egoera honetan asko sufritzen dugu, gizartearen gutxiespena dela eta… Halere, nik horren argi daukat egiten ari garena beharrezkoa dela! Horregatik daukat nire bizitza hemen jarrita. Bestalde, oso pozik bizi naiz hau egiten, noski, baina gogorra eta zaila ere bada.

 

Mila ate jo zenituzten Garaion proiektua burutu zedin. Imajinatzen dut horrelako lana egiteko bulkada indartsu bat sentitzen zenutela barrenean, hori guztia egitera bultzatzen zintuzten halako motor bat. Zein da motor hori?

Bai, guk argi geneukan gure proiektua beharrezkoa dela eta egin behar zela. Guztiz sinistuta geunden egingo genuela, nola edo hala, bai edo bai. Hemendik edo handik.

 

Zergatik uste duzu dela beharrezkoa?

Pertsona baten garapen osorako beharrezkoa delako arlo sortzailea garatzea. Hori azaltzen duten mila liburu argitaratu dira dagoeneko. Pandemian argi ikusi da: bizipoz eta itxaropen dosiak kulturak eman dizkigu: txoro bat balkoian kantuan jartzen zenean! Hor ikusi da, ikusi nahi bada, noski... Medikuntzan eta lanean ibili diren beste sektore guztien aurrean ere txapela kendu behar dugu, hori hala da, baina kulturari bere tokia aitortu behar zaio, emozioak kudeatzearen rola berea baita. Gure barrenak hobeto izaten eta ekimen kolektiboak burutzen laguntzen digu.

      Orain dela gutxi esperientzia polita izan dugu etorkinekin: ipuin kontalari kolonbiar bat gonbidatu genuen eta kolonbiarrak gonbidatu genituen ikusle... Zoragarria izan zen! Harro sentiarazi zituen bere herriaz, eta Euskal Herrian “norbait” sentitu ziren egun batez. Halako gauzak lortzen ditu kulturak.

      Denok dugu sormen gaitasuna baina batzuek garatuago dute, beharbada hori lantzeko aukera gehiago izan dutelako: “Primero mangare y luego filosofare”. “Filosofare”an bizi izan diren pertsonak horretarako aukera izan dutelako bizi izan dira. Hori ere demostratuta dago historian zehar: zein klasetako emakumeak izan diren idazle eta zeintzuk ez.

 

Ikerketa honetan nire hipotesi nagusia honakoa da: kulturak prestigio sozialik ez daukan bitartean, prekaritatera kondenatuta dago. Ondorioz, egiten dugun irakurketa zera da: ez gara prekario kulturara bideratzeko “dirurik ez dagoelako”, askotan errepikatzen den bezala, baizik eta, besterik gabe, ez delako behar bezala baloratzen, ez da lehentasun bat.

Ados nago. Eta zergatik ez dauka prestigio sozialik? Ez delako interesatzen. Zergatik ez da interesatzen? Horratx nire galdera. Garai batean euskarak ez zuen prestigio sozialik izan, eta ia-ia hil egin zen. Beldur al gara kulturak pentsatzeko beste modu batzuk edo ideologia berriak sor ditzakeelako? Orain imajinatzeko gai ez garen beste amets batzuk sortuko dituelako?

 

Galdera moduan esaten duzun arren, zuk argi daukazu.

Bai, nik ekonomia eta enpresaritza ikasi dut, eta pena bat da berrikuntzaren giltza ezkutuan izatea: gizarte sortzaile bat da gakoa. Badakigu Finlandiako haurrek nola ikasten duten, badakigu teknologia berrien puntan lan egiten dutenek beren haurrei debekatuta dietela mugikorra eta bestelako aparatuak erabiltzea, naturaz inguratuta daudela, eta abar. Hori guztia jakina da! Eta, orduan, zergatik ez dugu beste gizarte eredu bat sortzen, ez dugulako baliabiderik? Ez da egia... ikusi dugu zertan erabiltzen diren kulturarako baliabideak: eraikin itzelak sortzen, eder-ederrak! Eta denak atzerritarren obrez betetzen dituzte. Gure kultura atzerritarrentzat izatea nahi al dugu? Gauza zoragarriak ikusi ditut nik halako tokietan, ez dut kontrakorik esaten, baina eraikin batzuk huts-hutsik daude. Jubilatzen naizenean etxe horien aurrean jarri eta zenbat pertsona sar daitezkeen kontatzen hasiko naiz, eta ea zenbat milioi euro inbertitzen diren bertan. Erakunde pila bat daude, oso handiak, zementuz beteta eta oso parte hartze txikiarekin. Garaionen, aldiz, parte hartze handia daukagu, nahiz eta landa eremuan egon, bazter batean isolatuta.

 

Emadazu eraikin handi horien adibideren bat.

Gasteizen, Artium.

 

Zure ustez, zein da Artium eta antzeko proiektuen helburua? Zergatik inbertitzen dute hainbeste diru horrelako eraikinetan gero ez badauka dimentsio horretako erabilerarik?

Ez dakit, Euskal Herriko hiri guztietan egin dituzte, eta handi bakarrarekin nahikoa izango genuke lurralde guztiarentzat, Euskal Herria txikia baita. Ni aste berean ia probintzia guztietara joan ohi naiz: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba... Lapurdi eta Zuberoa izan ezik. Baina “probintzialismo” asko dago...

 

Ego kontua izan daitekeela uste duzu?

Ez dakit, beharbada pixka bat bai. Diputazioek bateratuago egon beharko lukete, politika osagarriagoak egin. Askotan esan izan didate “instituzioak oso poliki doaz eta, gainera, bakoitzak bere departamentuan soilik eragiten du”, hogeita bost urte daramatzat hori entzuten. Ez dugu aldatu nahi? Ezin gara izan multifuntzionalagoak, irekiagoak, malguagoak...? “Administrazioak ezin du hori egin!”. Zergatik ez? Elkarri gehiago lagundu beharko genioke, Gipuzkoan proiektu bat sortzen bada, adibidez, beste probintzietara zabaltzen lagundu, beste lurralde batzuetan sustatu...

 

Lehen aipatu duzu egiten duzun lanean sufritu egiten duzula. Zergatik?

Nahi eta ezina delako: gauzak lortu nahia eta zailtasunak aurkitzea, bidea harriz betea topatzea. Azkenean, autogestioaren bidez, ahalik eta gehien saiatzen gara gauzak sortu eta haiek saltzen: zurezko egiturak, eskoletan tailerrak, parte-hartze prozesuak, jolas-guneak... Mila gauza. Baina hori ez da nahikoa Garaion bezalako egitura bat mantentzeko. Antolatzen ditugun ekimenetarako ere sarrerak salmentan jartzen ditugu, baina jendeari ordaintzea kostatzen zaio. Nik beti gasolinaren prezioarekin alderatzen dut: egunero doa gora litroaren prezioa eta oso jende gutxi kexatzen da horren kontra, denok ordaintzen dugu isil-isilik. Aldiz, antzerki bat 10-15 eurotan jartzen badizute, “apur bat gehiegi, ez?” esango dizute, hamabost euro jende askok etxetik irten orduko gastatzen dugunean edozein ostiraletan, lehenengo poteetan!

      Hortaz, gizartea kontzientziatzea falta zaigu, eta maila politikoan fundamentuzko babesa eskuratzea: izan ere, oso zaila da dirulaguntzak lortzea, baita eskatzea ere! Kudeaketa ez da batere arina, eta gero autofinantzaketako bidean hasten zarenean ere, gorriak ikus ditzakezu. Orduan, zer da errazena? Funtzionario edo politikari sartzea! Eta gero, denbora librean, horrelako lanak egitea. Kultura bigarren mailan gelditzen da, maila profesionalean bizitzeko traba pila bat izaten ditugulako. Londresen, adibidez, proiektu bat aurkezten baduzu eta dirulaguntza bat ematen badizute, hasieratik ematen dizute % 100a eta, gero, proiektua amaitzean aurkezten dituzu justifikazioak.

 

Normala izan beharko lukeena.

Bai, ea hemendik urte batzuetara hori normalizatuta dagoen, eta dirulaguntza politika fin bat garatzen dugun. Izan ere, “konfiantzaren politikak” dira, eta ez naiz arlo politikoaz bakarrik ari: gizarteari ere, lehen aipatu bezala, pila bat kostatzen zaio kulturari txanpon bat ematea. Kostatzen zaigu literatura, antzerkia, eta abar kontsumitzea... Baina, aldiz, oso aise egiten gara Netflix-eko kide.

 

Ez dugu sinesten eta ez dugu konfiantzarik kulturarengan.

Hala iruditzen zait. Horregatik diot gogorra dela sinesmen eta konfiantzarik gabeko esparru batean jardutea, zeren, azkenean, norbera ere sinesmen barik eta konfiantza eskasarekin gelditzen baita.

 

Bai, baina, aldi berean, bagaudenok sinesmen eta konfiantza handia dugulako gaude, ezta?

Bai, aurrera jarraitzen dugu bizipen polit pila bat ematen digulako: sormen prozesu bat martxan ikusten dudanean, zure adineko neskak hona pentsatzera eta gauza bereziak sortzera etortzen... Niretzat sortzen dugun hori arnasgune bat da. Edo eskola batera joaten garenean hamaika urteko neska-mutilekin lan egitera, eta jolas-gune bat egiten dugunean zumearekin... Hor sortzen den bizipenak ez du preziorik. Horrek berorrek elikatzen gaitu. Egiten ditugun jarduera guztiak, antolatzen ditugun ikuskizunak, haien ondoren egiten ditugun berriketaldiak... Ikustea, adibidez, berriketaldi horietako batean bost urteko neskatila baten adorea, ehun eta berrogeita hamar lagunen aurrean eskua altxatzeko, eta akrobata bati galdetzeko: “Zu zergatik zara hain indartsu?”. Niri horrek negargura ematen dit: gaztetxoak euren ahotsa entzunarazteko adorea hartzen ari dira, eta horrela mundu berri bat sortzen gabiltza poliki-poliki. Edo Barrundiako amonak etortzen direnean dantza garaikidea ikustera: bukatzen denean ez dute askorik galdetzen, baina beren iritzia xume-xume botatzen dute: “Asko gustatu zait zatitxo hau edo hura...”, emakume horiek publikoki hitz egitea eta beren iritzia ematea debekatuta izan dutenean. Gainera, arte-ikuskizun baten inguruan zure iritzia emateko, badirudi Hollywoodeko aktorea edo benetako aditu bat izan behar zarela, eta horrek ez du zertan horrela izan.

      Bizipen horiek guztiek indar handia ematen didate. Araban lankidetza bat mantentzen dugu kultur ekimen autogestionatuen artean, Azala espazioa daukan Idoia Zabaletarekin, Baratza Aretoko Garazi Armentiarekin... Azala, Baratza eta Garaion anai-arrebak gara. Momentu honetan, Idoiak bultzatuta, beste espazio eta pertsona batzuekin ere bagaude lanean. Guztiz osagarriak elkar ikusten dugu, eta batak besteari laguntzen diogu. Bestalde, Garaionera berrogeitik gora konpainia etortzen dira urtero, eta horiekin ere oso konplizitate polita sortu dugu.

 

Idoia ere elkarrizketatuen artean dago, eta berak azaldu zidanez zuen artean ematen den elkartasunak zerikusia dauka Araban kulturarako dirulaguntzek duten gabeziarekin, beste lurraldeen aldean are eskasagoa dena. Halako eremu anker batean indarrak biltzea erabaki omen zenuten.

Bai, Arabako Foru Aldundiak ez digu inolako babesik eskaintzen. Beharra geneukan elkarrekin borrokatzeko, eta hortik abiatuta harreman polit bat sortu dugu.

 

Oraintxe bertan zeintzuk dira Garaionek jasotzen dituen dirulaguntzak?

Sormen-egoitzak bultzatzeko 50.000 euro dauzkagu urtero, Eusko Jaurlaritzaren partetik jasotzen ditugunak. Udalekuetan ere haurrei zerbitzu bat ematea erabaki genuen iaz, ertetik ateratzeko, eta hortik ere diru-kopuru polit bat ateratzen dugu. Hala ere, udako bi hilabete horietan tentuz ibili behar gara ekintza guztiak uztartzeko, taldeek bata besteari enbarazurik ez egiteko. Niri gosariak ematea tokatzen zait eta egunero ibili behar gara jende mordo bati atenditzen, pixka bat zoramena da.

      Bestalde, eskoletan tailerrak egiten ditugu: urtero Debagoienara joaten gara gazteekin euren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera: Lanbide Heziketaren proiektua aurkezten dugu eta aldi berean hausnarketa lan hori egiteko aprobetxatzen dugu: “Zer izan nahi duzu zuk handitan?”. Beste 15-20 bat eskolatan ere zumezko egiturak egiten ditugu. Horretaz gain, artisau merkatu eta feriatara joaten gara zumezko txabola parte-hartzaileak egitera.

      Espazioa alokatu ere egiten dugu, eta bazkari-zerbitzua eskaini: adibidez, Topaketa Feministak izango dira asteburu honetan. Ez dugu publizitate handirik egin orain arte, baina ezagunen bidez iristen zaigu jendea, eta geroz eta gehiago datoz. Alokairua formakuntza eta bestelako ekintzetarako ere eskaintzen dugu: akroyoga eta gisakoak.

      Halere, urtero egonaldi bat eskaintzen diogu elkarteren bati doan, ordaintzeko larri baldin badaude. Horrek ere beste gauza batzuk ematen dizkigulako, finantziazioa ez den arren, nolabait elikatzen gaituena: harreman berriak egin, beste elkarte batzuk ezagutu, geure arteko elkartasuna sustatu...

 

Zuen elkartea kultur elkarte kontsideratzen duzue?

Bai.

 

Ez dituzue batzuetan zailtasunak izaten egiten duzuena azaldu edo zuen identitatea definitzeko?

Hasieratik, nahasketa bat baikara, eta nahasketa oraindik ez baitago oso egonkortuta. Lehen aipatu dudana: departamentu publikoetara joaten garenean batetik bestera bidaltzen gaituzte: “Zu ez zara Kultura, zu Euskara zara. Zu ez zara Euskara, zu Berrikuntza zara. Zu ez zara Berrikuntza...”. Horregatik geure burua definitzeko errazena kultur elkarte bat garela esatea da.

 

Hori ere gizartearen zurruntasunaren erakusgarri da: ez gara batere osagarriak, eta zuen filosofiaren muinean hori dago. Gainera, sorkuntza, zentzu zabalenean, interdiziplinarioa da.

Aurreko astean topaketa bat egin genuen, bioeraikuntzako eta otarregintzako irakasleak elkartu eta bi alor horiek nahastuz natur elementuekin osatutako jolas-guneak diseinatu ditugu. Izugarria izan da! Gerora konturatu gara nola historikoki hori beti elkartuta egon den, otarregintza eta bioeraikuntza parez pare ibili dira.

      Aldiz, interdiziplina oso ohikoa da goi-teknologiako guneetan, ikertegi handietan: mikrotxipa eta elektronika eta ez dakit zer elkartzea... Baina badaude gizartean beste gauza pila bat nahastu behar ditugunak! Azken finean, gu ere ikerlariak gara! Sorkuntza prozesuetan, antzerkian adibidez, geroz eta ohikoagoak dira sorkuntza-prozesu horizontalagoak, eta antolakuntza-eredu berri horiek oso interesgarriak dira bestelako eremu batzuetara eramateko. Horri “teknologia biguna” deitzen zaio. Herrigintzak gauza pila bat erakutsi digu, eta hori balioan jarriko bagenu beste herri batzuei erakusteko gauza asko izango genituzke.

      2008an Londresen izan nintzen “sorkuntzaren industriak” ikasten, eta hemen apenas hasi gara horretaz hizketan. Bada, Londresen etorkinak eta bertakoak bizikidetzan “nahastu” ahal izateko auzo-komunikabideak erabiltzen ari ziren... Eta nik pentsatu: “Baina hori guk badaukagu gure herrian!”. Jakinduria natural pila bat dago oraindik bizirik Euskal Herrian, badakigu gauza batzuk nola egin, baina ez dugu jaso, ez diogu garrantzirik ematen. Aldiz, bakardade handia dago gizarte honetan: bakardadea sentitzen dute haurrek, gazteek, helduek, adinekoek... bakardadea geure bizimoduaren jabe egiten ari da. Eta euskal kulturan badauzkazu egiteko modu politak, naturalizatu egin direnak: kantu bat, jai bat berreskuratu... Gauza pila bat berreskuratu ditugu, eta hori guztia balioan jarri beharko litzateke. Arriskua dago herrigintza hori berriro ere galtzeko, hiri handietan batez ere.

      Pandemian, adibidez, agerian jarri da zenbat pertsonak ez duen zaintza sarerik: nola agure bat bakarrik bizi den eta ez daukan inor laguntza eskain diezaiokeenik. Eta hirietan, are gehiago. Nola kudea genezake hori, gizarte ekimenik gabe? Hori egiteko gure kulturan sinistu behar dugu, eta gure kulturak ematen dizkigun tresnetan, oraindik ere baditugulako, eta bizirik daudelako!

 

Lehenago aipatu didazu bizipen polit ugarik ematen dizutela itxaropena eta aurrera jarraitzeko indarra. Gogoratzen duzu anekdota edo adibide bereziren bat?

Pila bat etortzen zait burura... Adibidez, behin, herriko jendearekin ekonomato bat muntatu genuen. Gerora ekonomato asko sortu dira Euskal Herrian, baina lehenengoa gurea izan zen! Eta gogoratzen dut denda ireki genuen egunean nola haurtxo bat jarri genuen dendako leihoan adarra —instrumentua— jotzen, eta jende guztia hari begira, hunkituta.

      Gauza garaikideagoak egin izan ditugu, adibidez, Italiako funanbulista batzuk izan genituen hemen, eta hilabete bat egon ziren sormenean. Herriko haurrei kablean ibiltzen erakutsi zieten, udaleku berezi bat antolatu genuelako beraiekin batera. Haiek euskaraz ikasi zuten pixka bat, eta azkenik ikuskizuna egin zuten. Oso testu gutxi zutenez, euskaratu egin genuen eta italiarrek ere euskaraz egin zuten. Euskaraz ulertzen ez zuten aitona-amonak etorri ziren haurrekin batera, baina, hala ere, ikuskizun horren ondoren, txapela pasatu eta zortziehunetik gora euro lortu genituen, Ozaeta bezalako herrixka batean. Hori bai dela eragitea! Italiarrengan izan duzu eragina, herriko gazteengan, aitona-amonak ere erakarri dituzu... Eta, gainera, poltsikoa hustu dute! Italiarrak txundituta zeuden, lehenengo aldia zen horrenbeste diru jasotzen zutena txapelaren bidez.

 

Elkarrizketaren amaierara iritsi gara. Gogoz gelditu zara zerbait gehitzeko?

Denon artean aldatu behar dugun zerbait da kultura: nik ez dut esaten politikarien kontua denik soilik, elkarrekin egin behar dugu, burua pixka bat zabaldu eta gauzak beste modu batera begiratzen ikasi. Bada, egin dezagun: kulturari duintasuna eman. Euskal Herria izan dadila gazteentzako toki bat, non lasai bizi zaitezkeen zure dohainak kanporatzeko aukera daukazulako. Hori desio dut nik.

 

* * *

 

      Ez da solasaldi honetako lerro artean agertzen, baina Amaiaren ahotik entzun dut gaztetan autonomoa izateko eta ekonomikoki bere bizitza sostengatzeko hezi zutela, hori baitzen etxekoentzat lehentasuna, eta beharbada horregatik arte eta kultur sorkuntzan ez duela bere burua lehen lerroan kokatu, eragile baizik, besteen sorkuntzaren bultzatzaile. Ondoren azpimarratzen duen moduan, genero bereizketak ere izan du zerikusirik, emakumeek ez baitute edo ez baitzuten plaza hartzeko baimenik sentitzen. Ildo horretatik, garrantzi berezia ematen dio klase baldintzapenari, baita gaia edozein hezkuntza proiektutan txikitatik lantzeari ere. Eskasiaren mentalitatearen aurrean, konfiantza izan eta kulturan baliabide gehiago inbertitzearen beharra ikusten du. Berak izan ez zituen aukerak datozen belaunaldiek izan ditzaten, akaso.