Aurkibidea
Sar hitza EHAZE
Godot, bitan banaturik Beñat Sarasola
ETA KARMELE? Samara Velte
GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro
Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga
De kruisafneming Amancay Gaztañaga
Esperoaren esperoan Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza EHAZE
Godot, bitan banaturik Beñat Sarasola
ETA KARMELE? Samara Velte
GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro
Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga
De kruisafneming Amancay Gaztañaga
Esperoaren esperoan Oier Guillan
Esperoaren esperoan
Oier Guillan
“Gure sozietate modernoek uxatu nahi duten
inseguritatea da antzerkia”.
Antton Luku, Libertitzeaz
Zer nolako harremana izan du euskal teatroak Godoten esperoan lanarekin? Agian euskal teatroa Godoten esperoanen antzezpenaren zain dagoen teatro bat da? Historia idatziaren arabera, ez da egon haren taularatze ofizialik. Kuriosoa da, xx. mendearen bigarren erdialdeko antzerki konpainiek munduko oholtzak kolpatzen zituzten egile garrantzitsuak antzeztu zituztelako; Jarrai taldeak berak Albert Camus eta Eugene Ionesco eraman zituen, adibidez, taula gainera... baina, oro har, Godoten arrastorik ez. Liburu formatuan, Godoten esperoan antzezlana 2001. urtean ekarri zuen Juan Garziak euskarara. Ez da iritsi, ordea, oholtzara. Ez, behintzat, osorik.
Agian komunitate oro, garai oro, are, pertsona oro dago zerbaiten esperoan? Garik Esperantzara kondenatuak gaudela kantatu zuen, Jose Luis Padronen hitzekin, Negu Gorriak taldeak mantra elektrikoa egin zuen Itxoiten ditugun gauzak zerrendatuz. Garaian garaikoa. Kantuen bazka da esperoa, modu batera edo bestera, ohorezko lekua du jendarte gaitegian. Zeren esperoan dago, gaur, euskal jendartea? Esperoaren neurriak ematen digu, agian, komunitate baten koiuntura politiko eta emozionalaren tamaina. Esperoa eta itxarotearen erroetatik datozkigu, halaber, esperantza eta itxaropena. Esperantza daukanak orainean presente egoteko motiboa dauka; esperantzarik ez daukanak, zer espero du orainaz?
Hitzak husten hasita, hala ere, ez ote da esperoa itxarotea baino teatralagoa, gordinagoa, errealagoa?
Oholtzaratzerik izan ez arren, Godotek euskal teatroko obra asko zeharkatzen ditu. Samara Veltek idatzi eta Ttak Teatroak taularatutako Eta Karmele? izan daiteke adibide argi bat, nola balio duen Godoten kodeak antzerkiak egungo gaiak bere gain hartzeko. Ez da, berez, Godoten esperoan taularatu zutena, baina hari aitortu zioten hezurdura eta abiapuntua. Obra honetan genero irakurketaren azalera txertatu zuten, esperoaren gordinkeria zentzurik gabekoan. Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek Euskal Herriko plaza ugarietara eraman zuten obra, arrakasta handiz. Nabarmendu beharreko beste kasu bat da Mairu taldearena. Ez kasualitatez, 2001ean Juan Garziak Godoten esperoan lanaren itzulpena kaleratu zuenean Alberdaniarekin, Mairu antzerki taldekoek obrako zati bat antzeztu zuten, Oiartzunen 2001eko apirilaren 25ean. Beckett eta Godoten eragina aipatu behar litzateke Gaizka Sarasolaren osteko teatroan, Urak ttiki dire eta Txoriak eta zauriak obretan, adibidez. Lehena Gilkitxaro taldeak eraman zuen oholtzara, bigarrena Mairu taldeak, Sarasolaren obra ia guztiak bezala. Batean zein bestean, esperoa da obretako ardatzetako bat. Agus Perez kritikariak berak, bi obren arteko lotura eta Godoten esperoan ekarri zituen gogora, bigarrenaren kritikan:
“Gaizka Sarasolaren lehen notizia 2013an izan genuen, Bilboko Pabellón 6 aretoan haren Urak ttiki dire estreinatu zenean, (...) emanaldi hark Samuel Becketten Godoten esperoan-en zapore nabarmena utzi zigun, egoera distopikoa lagun eta Willy pertsonaia inoiz ez datorren norbaiten zain egote haren ondorioz. Orduko hartan, euskal ariman errotuta dauden naturaren balioak irteerarik gabeko matxinadarekin kontrajartzen ziren, baina oraingo Txoriak eta zauriak-en memoria historikoaren auzia planteatu digu egileak” (Berria, 2018ko otsailaren 27an).
Gaizka Sarasolaren teatroan, esperoak ezin hobeto marrazten ditu euskal jendartearen zauriak eta kontraesan politikoak. Honatx Urak ttiki dire (Edo!, 2016) obraren hasieran topatu dezakegun pasarte aski esanguratsua:
ilargi (hankak erakutsiz): Hankak freskatu eta garbitzera etortzen naiz honat.
willi: Urak ttiki dire inor garbitzeko.
(Isilunea.)
ilargi: Aspaldi honetan, denetarako dire ur ttikiegiak. (Isilunea) Eta zu? Zer zabiltza hemen?
willi: Bueltaxka bat egiten.
ilargi: Hemen? Bero honekin?... Eta gabardinarekin?!
willi: Inoiz ez dakigu noiz eginen duen euria.
ilargi: Noski! Horregatik gure erreka idortuak eta iturri agortuak; edozein momentutan euria egiten duelako!
willi: Noizbait ere eginen du berriz, eta ordurako prest egon behar.
(Isilunea.)
ilargi: Beno.
willi: Beno.
ilargi: Ba… Agur!
willi: Agur.
(Biak geldirik, elkarri begira. Isilunea.)
ilargi: Hemen geldituko zara?
willi: Ez dakit. Eta zu?
ilargi: Baliteke. Zergatik?
willi: Pssss…. Zergatik?
ilargi: Nola, zergatik?
willi: Bai. Zergatik?
ilargi: Zergatik zer!
willi: Zergatik geldituko zaren!
(Isilunea.)
ilargi: Oraindik ez dut bainua bukatu.
willi: A! Etxekoak ez dituzu zain?
ilargi: Etxean, denbora gehiegi daramagu zain.
(txirrindulari bat pasatzen da, goxokiak banatzen, ereserki moduko bat entzuten den bitartean. willik aurpegia ezkutatzen du.)
Txirrindularia. Honatx antzerkiak egiten digun keinu ezustekoa: Godot izenaren iturburuan egon daitekeenaz galde, txirrindulari bati loturikoa izan da, historikoki, azalpen posibleetako bat. Itxuraz, Beckettek ikusle talde bat topatu zuen behinola, “Nous attendons Godot” adierazi ziotenak, Godot izeneko korrikalariaren zain omen zeudela. Ez da, hala ere, azalpen posible bakarra; eta ez da ere, azalpena izatea garrantzitsuena.
Herri antzerkia da Mairu taldearen poetikaren ezaugarri nagusietako bat. Beckettek obra askotan marraztu zuen estetika pobrearen, bazterrekoaren dinamika. Zer da bestela, egun, sustraietan errotutako barrunbe astinduen ahotsa, arte eszenikoen zirkuitu agor eta herrenean? Gertu dabiltza Mairuren obrak ideia horretatik, La Zaranda bezalako talde baten estetika gogoan. Bada lekurik dramaturgia propioentzat euskal programazioen bazterrotan? Sarasolaren obretan, espazio poetikoa definiziorik-ez batean datza askotan, denboraren linboan harrapaturik dauden pertsonaiak dira sarri, orainaren barrunbeetan beren burua erantzunik gabe itauntzen duten ahots paradigmatikoak protagonista. Espazioaren erabilera horrekin Godot etortzen ahal da, beste behin ere, burura. Honela mintzo zaizkigu Txoriak eta zauriak (Ganbila, 2021) obrako pertsonaiak:
txoria: Zer?
juan: Egiatan ez al duk gogoratzen noiztik gauden elkarrekin?
txoria: Betitik?
juan: Betitik ez.
txoria: Ez?
juan: Ez.
(Isilunea.)
txoria: Eta ez gaituk hemen betitik?
juan: Ez.
(Isilunea.)
txoria: Ba… niri horrela iruditzen zaidak.
Kurioski, antzezlan hauetako espazioen definizio-ezak, edo definizio denboran izoztuak, oihartzun egiten du Euskal Herrian bertan horrelako lanek taularatuak izateko duten zailtasunekin. Espazio publikoak espaziorik gabe uzten ditu espazio poetikoak?
Segur aski, erdarazkoa da azken garaietan Euskal Herriko eszenan egon den Godoten moldaketarik konpletoena eta inpaktanteena. 2014an Pabellón 6ek ekoiztuta, euskal teatroko sortzaile ugarik bat egin zuten Godoten esperoan lanaren taularatzean: Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean, Pako Revueltas eta Aitor Fernandino izan ziren Vladimir eta Estragon, Patricia Urrutia izan zen Pozzo eta Jon Zumelaga Lucky. Enriqueta Vegaren estetikak ezusteko moduan markaturik, puristenak urduri jarriko zituen interpretazioa eskaini zuten: Vladimir eta Estragonek Toy Story-ko pertsonaiez karakterizaturik hartzen zuten oholtza. Testuari oso fidelak izan ziren bertsio hartan, eta berbak abiadura, dinamismo eta energia frenetiko batekin gorpuzten zituzten. Hala ere, honela aurkeztu zuten obra: “Hau da klasikoaren gure bertsioa. Ez baduzue gustuko, badugu beste bat”. Irakurketa garaikidea ironiaz eta egungo teatrogintzak—akaso— eskatzen zuen probokazio kitsch batez lagunduta bazetorren ere, testuak gorde egiten zuen bere zentzu guztia. Gogora ekartzekoa da Pasaian hainbat urtez egon zen “Eroen itsasontzia”n eskaini zuten emanaldia, barkutik puntarik puntara korri eginez, publikoak lehorrean jarritako aulkietatik begiratzen zuen bitartean. Obra honekin ikusi ahal izan zen Godoten esperoan obrak, estetika orotatik haratago, gordetzen duen plastikotasun harrigarria.
Absurdoaren teatroa mundu osoko eszenan errotu egin den teatro mota bilakatu da. Historiak dio batez ere Albert Camusek idatzitako L’Étranger eta Le Mythe de Sisyphe liburuekin abiatu zela etiketa. Camusen nobelak ez zuen geruza topatuko dugu, ordea, Becketten obretan: umorea. Umore beltza nahi baldin bada, iluna, etsitua, baina umorea den heinean, era berean, aktiboa. Pailazoak ekarri zituen Beckettek literatura kanonikora, existentzialismoaren pisuak bazterrak astintzen zituen une historikoan. Beckett zine mutuaren eta Marx anaien zalea omen zen, eta ez da harritzekoa. Euskaraz badugu Marx anaien kodea abilezia handiz maneiatzen duenik, Patxo Telleriaren eta Galder Perezen esku abilak horren lekuko dira, baina Marx anaien dialogoetan gehiegi esaten da: akzio narratiboa sarritan apurtu arren, haren barruan daude, oraindik ere. Beckettek, funtsean, ezohiko umore bati leku egin zion umoreak lekurik ez zuen garai eta testuinguru batean. Oraindik ere, gutxitan barkatu ohi zaio idazle bati, literatura kanonen kanonean sartu nahi badu, bederen, pailazokeria, umoreari lupaz begiratzen zaio literatura “serioaren” ingurumarietan.
Absurdoak, azkenean, bide ugari hartu ditu xx. mendetik, batzuetan, agian, efektu probokatzailea galtzeraino. Edozerk ez duelako balio, absurdoa izateko. Absurdoa zentzuaren ezina da, diskurtsoaren galera, baina diskurtsoaren hutsunearen barrutik. Absurdoa existitzen ez den etiketa bat da, absurdoa delako absurdoaren definizioa bera. Baina absurdoaren ildoak biderkatu egiten dira arlo eszenikoan, ulertu ezin denak sortzen duen ezinegonak bezala. Agian, absurdotik abiatuta egun bada muturrerago eraman daitekeen umore aldaera bat: erridikuluan oinarritutakoa. Erridikuluari beldurrak pizten ditu, egun, diskurtsoaren adarkatze hipermediatizatuetan, pentsamendu pisutsuaren defendatzaileen amesgaiztoak. Ezer ez dago publikoki bere burua agertzen duen inork erridikulua egiten duen sentsazioa baino gauza artegagarriagorik. Diskurtsoaren eta pentsamenduaren ildotik, agian erridikuluaren teatro batek pitza dezake, egun, diskurtsoaren kanon monolitikoa. Helburua ez delako erridikulua “egitea” bera, arrisku hori bere gain hartzeko auto-baimena baizik. Belaunaldi berrietan begirada jarrita, Formol Laborategiaren Album antzezlana bezalako proiektu bat aipatuko nuke. Bertan ez zaio muzin egiten erridikuluaren ahal probokatzaileari, belaunaldi arteko transmisioaren porrotari, eta esperoak “motxila” baten itxura hartzen du, oinordetzan jaso duten zama historikoaren adierazle. Godot motxila batean kabitzen ahal da, eta liberazioari itxoiten egotea, norberak eta ez beste inork bere gain hartu duen zamaz askatzea izan daiteke.
Baina pailazoa dioenak, bufoia ere esan lezake. Familia berekoak izan arren, pailazoak ez duen intentzionalitate politikoa du bufoiak. Zirtoa. Egun errazegia da nahastea zirtoa eta iseka. Bufoiak edozeri buruz eztena sartzea baimentzen dion maskara du bere gain, baina bere burua jartzen du halaber, zirtoaren erdigunean. Bufoia bera da bere zirtoari ihes egin ezin dion lehena. Bestela ez baita zirtoa, zinismoa baizik. Edozer izan daiteke, gaiaren ikuspegitik, bufoigarria. Edozerk izan behar luke bufoigarri. Baina, teatroan hain ohikoa den jarrera ezinbesteko horrek, nahasmendua eta ezinegona sortzen ditu teatrotik at. Irribarre hautsien testuinguru honetan ere, Godotek eman ematen ditu espresiorako baliabideak.
Godot ez da existentzialista, baina existentzialismoarekin dialogatzen du. Godot ez da absurdoaren teatroa, baina absurdoarekin dialogatzen du. Godot ez da postdramatikoa, baina eszena postdramatikoarekin dialogatzen du. Godot literatura da, baina literaturatik urruntzen diren dramaturgia berriekin dialogatzen du. Edo, izan gaitezen zintzoak, agian existentzialismoak, absurdoak, eszena postdramatikoak, literaturatik urruntzen diren dramaturgia berriak dira Godotekin dialogatzen dutenak. Godot ez dagoelako hemen, inorekin dialogatzeko. Horrela, bada, kartzela batean antzezten baduzu, nor da Godot? Emakume aktoreekin antzezten baduzu, zer da Godot? Afrikan antzezten baduzu, zergatik da Godot? Talde amateur batek antzezten badu, zeren esperoan da?
1993an, Susan Sontagek Sarajevo setiatuan eraman zuen Godoten esperoan oholtzara. Esperientziaren kronikan idatzia utzi zuen bezala, “Kultura, kultura serioa, giza duintasunaren adierazle da”. Hain zen beharrezkoa testuinguru hartan ekimena, ez zela gai izan soilik lau aktorerekin osatzeko dramaturgia. Biderkatu egin zituen Vladimir eta Estragon pertsonaia nagusiak, hiru bikotetan: bi gizonezko, bi emakumezko, gizonezko bat eta emakumezko bat.
“Sexuaren araberako errepartoa saihestea nahi nuen, hauxe delako horrelako hautu batek zentzua izan dezakeen obra bakanetakoa, pertsonaiak figura errepresentatiboak, are, alegorikoak diren heinean. Kaleko gizonak (gizonari dagokion sexu markarekin adierazia) benetan guztiok ordezkatzen bagaitu —emakumeoi beti esaten zaigun moduan— orduan kaleko gizona ez da zertan gizonezko batek interpretatua izan”.
Muntaia hartan parte hartu zutenentzat Godot kandelapean muntatzea, uraren bila frankotiratzaileetatik ezkutuka ibili ostean, duintasun ekintza bat izan zen. Zer eta, besteak beste, Amerikako Estatu Batuen interbentzioaren esperoan zeudenean. Godot muntatzeko motiboak Godotek bezainbeste hitz egiten du haren absentziaz.
Teatroa orain eta hemen dagoen artea da. Akzioa egoera batetik abiatzen da, ez halabeharrez aurreraka garatu beharreko argumentu batetik. Lekutik mugitu gabe, borobilean egin dezake, nolabait, aurrera dramak. Eta, antzerkian, egoera hori beti bikoitza da: alde batetik dago pertsonaiaren egoera, fikzioak hastapen gisa markatzen duena. Bestetik dago aktorearen egoera, emanaldi oro porrot egin dezakeen beharginarena; funtsean, beste pertsonaia bat, aldiroko ahaleginaren oinarrian beste istorio bat dagoen heinean. Antzerki konpainia ere porrot egin dezakeen pertsonaia bat da: fikzioan agertu ala ez, antzezpenari eta dramaturgiari eragiten dion informazio bat da obraren azpitik doana. Narrazio batek, idazle batek, porrot egin dezake paperean, liburu batean, baina idazleak ez du balizko porrot hori gorputzean bizi irakurle bakoitzak liburua zabaltzen duen bakoitzean. Godot bakoitzaren oinarrian absentziari, hutsuneari, esperoari forma bat eman nahi dion ahalegin bat dago; eta, hala ez bada, Godoten muntaia horrek porrot egingo du. Hori da obra honen lorpen handienetako bat, etengabe ekarri egiten duela oholtzara obraren azpian dagoen idatzi gabeko istorioa, eta interpreteek Godoti ematen dioten zentzua, edo zentzurik-ez mota. Pertsonaia eta aktorea, biak daude orain eta hemen. Biek egin dezakete porrot aldi bakoitzean.
Zerk egiten du literatura lan bat antzerkiaren baitakoa? Godoten kasuan, erantzun posible bat da honakoa: isiltasunak. Isiltasunaren kontrolak, lerroarteko esanahi totelen pausak, pentsamendua ahozko erregistrora ekartzeak sortzen duen dardarak, komunikazioaren galerak, akzioaren ezinak. Paradoxikoa bada ere, akziora eramaten den akzioaren ezina. Antzerkiak gorputzarekin osatu behar du hitzak dioena, ez luke sekula hitzak dioena ilustratu edo errepikatu behar; horretarako, idazleak lekua utzi behar dio gorputzari hitzen artean. Lanerako espazioa utzi behar du, aktore sormenerako eremu bat, ahots propioa garatzeko espazio huts bat. Agian jakin gabe, agian teatro kodeez kontziente izan gabe, baina Beckettek, ezinak hartara beharturik, hizkuntzaren eta diskurtsoaren sinpletze eta depurazio etsi batetik, lekua utzi zion teatroari bere testuetan.
Beckettek ingelesa alboratu eta frantsesez idazteari ekin zion bere ibilbideko une batean, nahiz eta ez zuen ingelesa sekula guztiz bazter utzi. Datu hori ulergaitza izan daiteke, ezerosoa, euskaraz idazteko hautua egiten dutenen testuinguruan. Begirada zabalduta, ordea, zentzu betea izan lezake kontuak. Lerro hauek idazten dituenak Godoten eraginpean idatzitako bi testurekin egin izan du lan, taldean. Haietan, dialogoak idazterakoan, zailtasunen kontzientzia artegagarria suertatu zen: euskaraz ahozkotasunera modu sinesgarri batean iristeko taldekideon zailtasuna. Alfonso Sastrek hainbestetan aldarrikatutako “parlatura” propio baten behar asegabea. Talde honen kasuan, kultur sustraiak erdal jatorriko erreferentzietan izanik, euskaraz idazteko hautua politikoa izan zen. Baina, ostera, euskaraz erdaraz ez besteko zailtasunekin idazteak, hizkuntza depuratzera, idazterakoan dramaturgiaren ikuspegitik bestelako hautuak egitera bideratu gintuen. Gutako askorentzat euskara bera zen Becketten frantsesa. Euskaraz idazteko zailtasunak ahots propioen bilaketan lagundu gintuen, argitu egiten zelako zein zen trabes estetikoa, hizkuntza ikusezina eta kargarik gabea den materia neutro bat izateari uzten ziolako. Zentzu horretan, lan horiei aurre egiterakoan, bi izan ziren inspirazio iturriak: batetik, kurioski, nobela bat, Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, zeinak abiapuntu-egoera argi bat zuen: Agirrek kartzelen barrura egiten ditu “ihesaldiak”. Irudi kontundente bakar batekin erdiesten zuen istorioak zentzuz beteriko absurdoa. Bestea, Godoten esperoanen elementuak izan ziren: ezina esaldien laburrera ekarria, erritmoaren eta musikaltasunaren frenesia, diskurtso egituratuetatik liberatu ahal izatea, dialogoak eta gorputzak guztia esan eta kontatu behar duten hitzetatik askatu ahal izatea, espazio ez naturalistetara zilegitasun osoz jotzea; pertsonaien anbiguetatetik haratago joanda, genero difuminazio baterako bidea hartu ahal izatea. Ezintasuna estetika, estilo eta dramaturgia bilakatzen ikasi genuen Godotekin, edo, bederen, horretan saiatzeko bidea. Izan ere, ez al da Godot Ulisesez hustutako odisea bat?
Gutxitan gertatzen da antzezlan idatzi batek hain ondo menderatzea antzerkiak behar dituen kodeak. Antzerkilariek egun kontuan hartzen dute Becketten obra, aitortzen diote ezinbestekotasuna, antzerki narratiboenetik esperimentalenera. Godot xx. mendeko antzerki korronteen giltzarri modukoa izan da. xxi. mendean oraindik eragiten du horrek, edozein ate eszeniko zabaltzean. Agian ate eszenikoez mintzatu behar ginateke egun, eta ez arte eszenikoez.
xx. mendeko mugimendu eta olatuen eragina ez dugu, oraindik ere, gainetik kendu. Neurri handi batean xx. mendean gaude oraindik ere, kreatiboki: Antonin Artaud, Tadeusz Kantor, Pina Bausch, John Cage, itzal luzeko sortzaileak dira egungo eszenarik, ustez, berritzaileenean. Jose A. Sanchezen Dramaturgias de la imagen edo Hans-Thies Lehmann-en Postdramatisches Theater bezalako azterketa erreferentzialak ikusi besterik ez dago, etengabe topatuko dira bertan Becketti egindako erreferentziak. Segur aski, xx. mendeko mugimenduen itzalean isilaraziak, itzalaraziak geratutako izenak berreskuratzea, berrirakurtzea, berrinterpretatzea da tradiziorik berrienak berrasmatzeko bide bakanetako bat. Dadaismoko emakume sortzaile andanaren ekarpena berreskuratzea, kasu. Dadaismoarekin —eta, osteko situazionismoaren— zuzenean dialogatzen du performancearen munduko parte handi batek, dadaismoaren oihartzunak topa litezke, baita ere, Ez Dok Amairutik etorritako hainbat lanetan (Laboaren Lekeitioak, Artzerik esperimentalena...). Ez ote ziren izan XX. mende erdialdeko apurketak mende hasieran gertatutakoen garapen helduagoa, gerren ondorioz emandako inozentzia kreatiboaren galeraren ildotik? Galdera batzuen balizko erantzunak ere, Godot dira. Egun kezkagarria da apurketak sortzeko ezina? Agian ez da nahikoa mundu gerrarik gertatu espero berririk ekartzeko? Edo, agian, komunitate batek bere zaurietan sartzen asmatu beharko luke adierazpen moduen baitan astinduak topatzeko? Edo, bada aski zauri, genero gatazketan kasu, baina ez da gertatzen ari dena dramaturgia bilakatu ahal izateko moduan irakurtzen?
Federico Leon idazle eta zuzendari argentinarrak ikastaroa eskaini zuen duela urte batzuk Bilbon, Muelle-6 zeritzon gune jada desagertuan. Leonek badauka liburu bat argitaratua, Registros: teatro reunido (Adriana Hidalgo Editora, 2005), zeinean honako hau aipatzen duen, teatro garaikideari begira: “Godot orain sartu behar litzateke. Godotek orain sartu beharko luke”. Nago, euskal antzerkigintzak ez ote duen lehenbizi Godoten esperoan, gorputz osoz, luze, egon behar, haren itzuleraren beharra erraietan sentitu ahal izateko. Karlos Linazasoro Godot bueltan ekartzen ausartu da, eta ezer gertatu ez delako gertatu da gertatu beharrekoa. Ala ez. Garrantzitsuena ez baita Godot. Garrantzitsuena ez baita Beckettek pertsonaia sortzean buruan zuena. Garrantzitsuena garaiak obra irakurtzean sortzen duen Godot hori baita.