Esperoan
Askoren artean
Esperoan
Askoren artean
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
164 orrialde
978-84-17051-97-6
Esperoan
Askoren artean
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
164 orrialde
978-84-17051-97-6
aurkibidea

Aurkibidea

Sar hitza EHAZE

Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola

ETA KARMELE? Samara Velte

GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro

Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga

De kruisafneming Amancay Gaztaņaga

Esperoaren esperoan Oier Guillan

Erosi: 13,30
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Sar hitza EHAZE

Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola

ETA KARMELE? Samara Velte

GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro

Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga

De kruisafneming Amancay Gaztaņaga

Esperoaren esperoan Oier Guillan

 

 

Eta Karmele?

 

Samara Velte

 

 

 

Eta Karmele? 2008ko azaroaren 25ean estreinatu zen Zarauzko Euskalduna tabernan, Kafe Torerok Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatuta. Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek antzeztu zuten.

 

Pertsonaiak:

      emakume 1: Iraia Elias

      emakume 2: Ainhoa Alberdi

 

 

 

(Bi emakume sartuko dira, bakoitza bulegoko besaulki altu bati bultzaka, jirabiraka, elkar joka, kolpe bakoitzean harrituta publikoari begiratuz. Musikak lagunduko ditu sarrerako mugimenduak. Besaulkietako baten gainean kotxe bateko bolante bat egongo da. Musika amaitzean, di-da elkartuko dituzte aulkiak, eta haietan eseriko dira, emakume 2k bolantea eskuan duela. Kotxe baten barruan daude, geldirik.)

 

emakume 1: Ederki.

 

emakume 2: Ederki, bai.

 

(Isilunea.)

 

emakume 1: Ni gustura nagon.

 

emakume 2: Ni ere bai.

 

emakume 1: Inora joateko presarik ba al zaukanagu?

 

emakume 2: Ez.

 

emakume 1: Eta zer egiten dinagu kotxe baten barruan, geldirik?

 

emakume 2: Egon. Arazorik?

 

emakume 1: Batere ez. Horretarako zauden kotxeak.

 

emakume 2: Eta oinak.

 

emakume 1: Ai!

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Esandako horrek gogorarazten zidan Karmelek behin esan zidala ibiltzeko eman zitzaizkigula oinak.

 

emakume 2: Eta ipurmasailak, esertzeko, ezta?

 

emakume 1: Tira, arlo biologikotik begiratuta, ipurmasailak muskuluak ditun, ibiltzerakoan zangoak errazago mugitu ahal izateko. Beraz, ipurmasailak ibiltzeko eman zitzaizkigunan.

 

emakume 2: Eman, nork?

 

emakume 1: Nola nork? Norbaitek eman zizkigula uste dun, ala? (Barrez lehertzen) Txoro halakoa! Norbaitek hankak eman omen zizkigunan! Hori dun hori, umorea!

 

emakume 2 (lotsatuta): Aizan, ba Karmelek hori esan zinan.

 

emakume 1: Bai neska, baina Karmelek gauza asko esaten ditin. Karmeleren ustez, oraindik biziko dinagu beste mundu gerra bat! Eta guk ez omen dinagu jakingo bizirauten orduan jakin zuten bezala. Ez horixe, guztiok hilko garela esaten din Karmelek, pinpirinegiak izateagatik.

 

emakume 2 (beldurtuta): Zer dion baina?!

 

emakume 1: Hi lasai egon hadi, esan dinat-eta Karmele ahobero bat dela. (Txantxetan) Gogoratzen al haiz behin nola esan zuen tsunami batek Euskal Herriko kosta osoa hondatuko zuela? A ze ateraldia, e, Maritxu?

 

emakume 2 (lasaiago, irribarre ttiki batekin): Bai, egia dun. Karmelek gauza asko esaten ditin, eta nahiko arraroak, gainera.

 

(Isilunea. emakume 2 pentsakor dago. emakume 1ek albotik begiratzen dio, zer pentsatzen ari ote den asmatu nahian, lehengo ikarak itzuliko ote zaizkion beldurrez.)

 

emakume 2: Bueno, baina azkenaldian gauza gutxiago esaten ditin.

 

emakume 1: Azkenaldian batere ez.

 

emakume 2: Ezpaina handituta ekarri zuenetik, ia ezer ez.

 

(Isilunea. Serio daude.)

 

emakume 1: Bueno, gauza bat bai: aurrekoan esan zinan oinak ibiltzeko eman zitzaizkigula.

emakume 2: Goazen, orduan.

emakume 1: Goazen ba!

 

(Geldirik jarraituko dute, isilik. emakume 1 ezpainak margotzen hasiko da, eta emakume 2 euliren bati begira.)

 

emakume 1: Portzierto, nora joan dun?

 

emakume 2: Nor?

 

emakume 1: Karmele.

 

emakume 2: Gure Karmele?

 

emakume 1 (ironiaz): Ez, bosgarren pisuko Karmele.

 

emakume 2 (ironia harrapatu gabe): A.

 

(Isilunea.)

 

emakume 2: Ba al dakin gizonak eta emakumeak ez direla berdin suizidatzen?

 

emakume 1: Zer?

 

emakume 2: Inoiz entzun al dun emakume batek tiro egin diola bere buruari? Edo gizon batek bere zainak moztu dituela?

 

emakume 1: Non entzun dun hori?

 

emakume 2: Aldizkari batean.

 

emakume 1: Aldizkari batean entzun dun?

 

emakume 2: Zer nahi dun, telebistan irakurri dudala esatea?

 

emakume 1: Ez, ez.

 

emakume 2: Bueno ba.

 

emakume 1 (pentsakor): Ba nik egingo nionan tiro neure buruari.

 

emakume 2: Bai, Karmelek ere horixe esan zinan. Portzierto, etxera joan dun.

 

emakume 1: Nor joan dun etxera?

 

emakume 2: Karmele.

 

emakume 1: Gure Karmele?

 

emakume 2: Gure Karmele.

 

emakume 1: Benetan?

 

emakume 2: Benetan, zer?

 

emakume 1: Etxera joan dela.

 

emakume 2: Etxera joan dela nor?

 

emakume 1: Karmele!

 

emakume 2: Gure Karmele?

 

emakume 1: Gure Karmele!

 

(Isilunea. emakume 1ek hasperen egingo du, erdi haserre, eta emakume 2k harrituta begiratuko dio.)

 

emakume 1: Etxera joan dun, orduan?

 

emakume 2 (pazientzia berreskuratu nahian): Bai.

 

emakume 1: Ziur?

 

emakume 2: Ez, ziur ez.

 

emakume 1: Orduan, zergatik esan didan?

 

emakume 2 (haserre): Ez zakinat! Hik jakin nahi huen-eta!

 

emakume 1 (larritzen hasita, lagunak ulertzen ez duelako): Baina, baina... Baina horrek ez zaukan zentzurik!

 

emakume 2 (harrituta): Zerk ez zaukan zentzurik?

 

emakume 1: Karmele etxera joan izanak.

 

emakume 2: Baina zer dion? Zergatik ez zaukan zentzurik?

 

emakume 1: Ba, Karmeleren etxea ja ez delako bere etxea. Horrexegatik.

 

emakume 2: Egia dun, Karmele ja ez dun bere etxean bizi.

 

emakume 1: Bizi ez, Karmele bere etxean hil egiten dun.

 

emakume 2: Gauero hiltzen dun.

 

(Isiltasuna.)

 

emakume 1: Maritxu...

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Zertan ari haiz pentsatzen?

 

emakume 2: Ezertan ez.

 

emakume 1: Hori ez dun posible, ezin dun ezer ez pentsatu!

 

emakume 2: Ba ni ez naun ezer pentsatzen ari!

 

emakume 1: Baina zerbait pentsatu beharko dun ba! Seguru, konturatu gabe, milaka gauza ari zaizkinala burutik pasatzen.

 

emakume 2: Ezetz ba, ez naizela ezer pentsatzen ari!

 

emakume 1: Baina hori ez dun posible!

 

emakume 2 (haserre): Eta zergatik pentsatu behar dinat zerbait, e? Orain pentsatzera ere behartuta al nagon? Laster zer pentsatu behar dudan ere aginduko didazue!

 

(Isiltasuna. emakume 1ek irratia piztuko du. Euskadi Gaztea entzungo da:)

 

off (irratia): Gaztea bazara, hau da zure irratia. Irrati hau entzuten ari bazara, gaztea zara.

 

emakume 2: Kendu ezan hori! Begira, kanal hau hobea dun.

 

(Aldatu egingo du. Sintonizaziorik gabeko burrunba entzungo da.)

 

emakume 1: Maritxu! Gure kanta dun!

 

emakume 2: Egia. Gogoratzen al haiz?

 

emakume 1: Noski! Otxentaiotxoko Santa Klarak!

 

(Kantatzen hasiko dira.)

 

emakume 1 eta emakume 2: Eeeeeetzuela nahi, etzuela nahi, atian atzian etzuela nahi. Ganbaran bai, ganbaran baaaai. Ta jo niyon, ta jo niyon, atian atzian jo niyon! Ta jo niyon, ta jo niyon, atian atzian jo niyon! Ganbaran baaaai, ganbaran baaaai!

 

(emakume 1ek, mugimendu teatral batez, abestia eteteko keinua egingo du, baina emakume 2k kantuan jarraituko du.)

 

emakume 2: Etzuela nahi, etzuela nahi, atian atzian etzu...

 

(emakume 1ek errepikatu egingo du keinua, eta bat-batean isilduko da. emakume 2, lotsatuta. Berehala helduko diote berriketari berriz.)

 

emakume 2: Joe, otxentaiotxoko Santa Klarak... horiek ditun horiek, oroitzapenak! Gogoratzen al haiz gau hartaz?

 

emakume 1: Gogoratuko ez naun ba! Zeinen gazteak ginen! Eta zenbat ligatzen genuen!

 

emakume 2: Bai, bai! Karmelek batez ere!

 

emakume 1: Gogoan dinat, bai. Gau berean bi mutilekin oheratu zunan!

 

emakume 2: Bai, bai! Aurrena... nola zunan bere izena? Iņigo? Iņaki? I-rekin hasten zela uste dinat.

 

(Biak pentsakor geldituko dira, gogoratu nahian: “I... I... I...”. Halako batean emakume 1ek oihu egingo du:)

 

emakume 1: Gotzon!

 

emakume 2: A bai, Gotzon! Ze mutil majua!

 

emakume 1: Gaixoarekin gau batean oheratu, eta ez zinan gehiago ikusi.

 

(Biak barrez. Halako batean seriotu egingo dira.)

 

emakume 2: Ez, nahiago izan zinan Josu.

 

emakume 1: Gau berean hura ere.

 

emakume 2 (serioago): Jakingo balu hark nola bukatuko zuen...

 

(Isilunea. Azkenean irratia kendu egingo dute, oroitzapenek nazkatuta. Dezenteko tartea emango dute isilik, eta euren aurpegietan aldaketak ikusi ahal izango dira: nazka, Josuren oroitzapenagatik; pixkanaka, hasperen baten bidez-edo, amore ematea, eta, azkenik, irribarre bat margotuko dute aurpegian.)

 

emakume 1: Maritxu...

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Oroitzen al haiz nolakoa zen Karmele?

 

emakume 2: Bai. Neska ederra zunan.

 

emakume 1: Oso. Eta oso kritikoa.

 

emakume 2: Bai, bai. Oso kritikoa. Beti pentsatzen zuena esaten zinan.

 

emakume 1: Bai. Eta esaten zuena, pentsatu egiten zinan.

 

emakume 2: Ez al dun gauza bera?

 

emakume 1: Inola ere ez! Gauza bera al dun “jaten dudana ikusten dinat” esatea, edo “ikusten dudana jaten dinat” esatea?

 

emakume 2: A ez, ez. Jendeak ere esaten din jaten duguna garela, baina inork ez, garena jaten dugula.

 

emakume 1: Horrek ez daukalako zentzurik. Nola esango diten garena jaten dugula? Zer gaitun ba?

 

emakume 2: Zer gaitun gu? A! Bazakinat! Emakumeak gaitun!

 

emakume 1: Eta emakumeak jan egiten al ditinagu?

 

emakume 2: Ez ba, horregatik ez din inork esaten garena jaten dugula.

 

emakume 1: Tira, horrek logika pixka bat bazaukan. Baina nik, hala ere, ez ninan esango naizena jaten dudala.

 

emakume 2: Ez, ez, nik ere ez.

 

(Isilunea.)

 

emakume 1 (nahastuta): Zertaz ari gintunan?

 

emakume 2: Ez naun gogoratzen.

 

(Isilune luzeagoa. emakume 1 urduritzen hasiko da.)

 

emakume 1: Maritxu! Esadan zerbait!

 

emakume 2: Itxoin, zertaz ari ginen gogoratu nahian ari naun!

 

emakume 1: Ja, baina gogoratu nahian pentsatzen hasten haizenean hitz egitea ahazten zain!

 

emakume 2: A! Bazakinat! Karmelez ari gintunan.

 

emakume 1: A, bai, egia.

 

(Isilunea.)

 

emakume 1: Eta zer esan dinagu Karmeleri buruz?

 

emakume 2: Beti pentsatzen zuena esaten zuela.

 

emakume 1: Esaten zuena pentsatzen zuela esan nahiko dun.

 

emakume 2: Ez, ez, nik esan nahi dudana esaten dinat, eta esaten dudana esan nahi dinat. Ulertzen dun?

 

(emakume 1ek ez du ulertu, baina, sorbaldekin keinu bat egin ondoren, isilik egotea erabakiko du. Beste isilune bat.)

 

emakume 1 (aspertuta): Maritxu.

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Mugi gaitezen pixka bat.

 

emakume 2: Nola? Kotxea geldirik zagon.

 

emakume 1: Ba mugi gaitezen gu.

 

emakume 2: Kotxea hemen utzita? Agian mugitu egingo dun, edo joan.

 

emakume 1: Egia.

 

(Isiltasuna.)

 

emakume 1: Maritxu.

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Ba orduan, alda dezagun lekua.

 

emakume 2: Bale ba.

 

emakume 1: Goazen.

 

(Geldirik jarraitzen dute.)

 

emakume 2: Goazen ba!

 

(Bat-batean gogoratu izan balira bezala, jaiki eta bestearen eserlekuaren alboan geldituko dira, zutik.)

 

emakume 2: Orain hobeto?

 

emakume 1: Orain hobeto, zer?

 

emakume 2: Hi.

 

emakume 1: Ni?

 

emakume 2 (ironiaz): Ez, hire aldamenekoa.

 

emakume 1 (ez du harrapatu): A...

 

(Isilunea. emakume 1ek bere bi alboetara begiratuko du.)

 

emakume 1: Baina nire aldamenean ez zagon inor!

 

emakume 2: Ez? Orduan, norekin ari nindunan?

 

emakume 1: Nirekin!

 

emakume 2: Eta zer esan behar ninan?

 

emakume 1: Zer moduz hagoen.

 

emakume 2: A. Ba ni ondo. Eta hi?

 

emakume 1: Ederki.

 

emakume 2: Ederki ba.

 

(Kotxetik irten dira eta giltzak barruan utzi dituzte.)

 

emakume 2: Tira, hauek bai bista ederrak.

 

emakume 1: Bai, bai, alde ederra zagon kotxe barrutik kotxe kanpora.

 

emakume 2: Aizan...

 

emakume 1: Zer?

 

emakume 2: Eta nola sartuko gaitun? Ez zaukanagu giltzarik.

 

emakume 1: Oraintxe atera gaitun-eta! Zertarako nahi dun berriz sartu?

 

emakume 2: Ba, gero joan ahal izateko... Kaka! Giltzarik gabe gauden!

 

(Amorratuta, kotxeko ateari joka hasiko da emakume 2.)

 

emakume 1: Alferrik dun atea jotzea. Atearen alde berean gauden biok.

 

emakume 2: Eta zer egingo dinat sartu ahal izateko?

 

emakume 1: Atea jotzeak izan lezake zentzu pixka bat... atea gu bion artean egongo balitz. Adibidez, hi barruan bahengo, atea jo hezakeen, eta nik ireki egingo ninake. Baina biok alde berean gaudenez, ba, ezin dinat sartzen utzi. Sentitzen dinat.

 

emakume 2 (larritzen hasita): Eta zer egingo dinagu?

 

emakume 1 (lasai asko, arnasa hartuz, meditatzen ari denaren antzera): Ba ni hementxe egongo naun gaur, bihar eta, agian, etzi ere bai.

 

emakume 2 (haserre): Baina bilatu beharko dinagu ba kotxean sartzeko moduren bat!

 

emakume 1: Ba nik ez dinat sartu nahi. Hementxe geratuko naun gaur bihar eta, agian, etzi ere bai.

 

emakume 2 (amore emanda): Tira, tira, ez din merezi hirekin haserretzea.

 

(Kotxeko atea arazorik gabe irekiko dute, eta sartu egingo dira berriz.)

 

emakume 1: Maritxu!

 

emakume 2 (pazientzia galduta): Zer?

 

emakume 1: Ai... déjā vu bat edukitzen ari naun...! Ja ez.

 

emakume 2 (harrituta): Zer?

 

emakume 1: Bai, déjā vu bat. Zerbait ja bizi duzula sentitzea!

 

emakume 2: Ez nindukenan harrituko elkarrizketa hau dagoeneko izan bagenu, hemen daramagun denbora guztian... Non sartu ote dun Karmele?

 

emakume 1: Gertu ibiliko dun honezkero.

 

emakume 2: Nondik gertu?

 

emakume 1: Ba, hemendik.

 

emakume 2: Eta nola dakin hori?

 

emakume 1: Ba etxetik joan bada, etxetik urruti egongo dun. Eta gu biok ere etxetik urruti gauden. Alegia, hirurok etxetik urruti gaudela. Beraz, elkarrengandik gertu egon beharko geniken.

 

emakume 2: A, klaro.

 

(Isilunea.)

 

emakume 1: Bueno, eta Karmele?

 

emakume 2: Karmele, zer?

 

emakume 1: Nola Karmele zer? Non dagoen?!

 

emakume 2: Ba ez zakinat... egon pixka batean!

 

(emakume 2k mapa bat aterako du, eta hari begira geldituko da, noizbehinka mapari buelta emanez, gora eta behera begira. emakume 1 urduritzen hasiko da.)

 

emakume 1: Zer, topatu al dun? Zein bide hartu behar dinagu?

 

emakume 2: Ba, segun.

 

emakume 1: Segun, zer?

 

emakume 2: Segun non bilatu nahi dugun.

 

emakume 1: Berdin zaidan non bilatu!

 

emakume 2: Ba orduan ez din axola zein bide hartu behar dugun.

 

emakume 1: Betiere nonbaitera iristekotan, esan nahi ninan.

 

emakume 2: A, hori seguru! Nahikoa ibiltzen bagara, iritsiko gaitun norabait.

 

emakume 1: Tira, tira, esadan ba hemen inguruan zein herri edo dauden.

 

emakume 2: Ba, aurrera jarraituz, Napari izeneko herrixka bat. Ezkerrera eginez, Idokorri mendia. Atzera, Ugarra baseliza, eta eskuinera, Berroia, Murillo eta, pixka bat harago, Murillo izeneko beste herri bat.

 

emakume 1: Eta zer uste dun egin behar dugula?

 

emakume 2: Tira, kontuan hartuta Karmele edozein norabidetan egon daitekeela, eta norabide guztiek puntu jakin komun bat dutela...

 

emakume 1: Zein puntu?

 

emakume 2: Hauxe bera. Puntu guztiek hemen egiten diten bat.

 

emakume 1: Beraz, Karmele hona etorriko dun! Hemen itxaron besterik ez dinagu egin behar!

 

(Isilunea. Halako batean, zerbaitek harrituko du emakume 2, eta kotxetik irtengo da urrutira begira. emakume 1ek ez du ezer ikusi, baina, harrituta, lagunari jarraituko dio norabide berean begiratuz.)

 

emakume 2: Nik uste dinat horko hori dela.

 

emakume 1: Han atzeko zuhaixka hori?

 

emakume 2: Ez, aldameneko mantxa beltza.

 

emakume 1: Eta zer dun ba?

 

emakume 2: Ba, mantxa beltz bat. Ez dun ikusten, ala?

 

emakume 1: Eta Karmele?

 

emakume 2: Karmelek, auskalo, agian ikusi din mantxa.

 

emakume 1: Hik ikusi al dun?

 

emakume 2: Mantxa?

 

emakume 1: Karmele.

 

emakume 2: Gure Karmele?

 

emakume 1: Bai.

 

emakume 2: Ez. Nondik zabilen ba?

 

emakume 1: Agian handik ibiliko dun.

 

emakume 2: Orduan ikusiko zinan mantxa beltza.

 

emakume 1: Joan egingo zunan.

 

emakume 2: Hik uste?

 

emakume 1: Ez zakinat.

 

emakume 2: Uste dinat norbaitek esan didala etxera joan dela.

 

emakume 1: Bai? Nondik atera dun hori?

 

emakume 2: Ba... Hemen nagoenetik hirekin bakarrik hitz egin dinat, ez?

 

emakume 1: Bai.

 

emakume 2: Ba, orduan hik esan didan.

 

emakume 1: Baina nik ez zakinat etxera joan den.

 

emakume 2: Orduan ezin izan didan ezer esan. Barkatu, nahastu egin naun.

 

emakume 1: Bai, neska. Ez dun ezer.

 

(Isilunea. Bat-batean, emakume 1 izutu egingo da.)

 

emakume 1: Maritxu! Eta mantxa gugana badator?

 

emakume 2: E? Zer?

 

emakume 1: Mantxa! Zer gertatuko dun gugana etortzen bada, gure atzetik abiatzen bada?

 

emakume 2: Ez zakinat...

 

emakume 1 (histeriko): Ai ama, hau beldurra!

 

emakume 2 (are histerikoago): Beldur haiz!?

 

emakume 1: Beldur naun!

 

emakume 2: Eta nork babestuko hau?

 

emakume 1: Hik?!

 

emakume 2: Baina ni ere beldur naun!

 

emakume 1: Hi ere beldur haiz?

 

emakume 2: Bai! Zer egingo dinagu?

 

emakume 1 (bat-batean gogoratuko da Karmelez): Hi! Karmele babestu!

 

emakume 2: Karmele?

 

emakume 1: Bai, bera gu baino bakarrago zagon! Babestu egin behar dinagu, mantxa bere atzetik abiatu ez dadin!

 

emakume 2: Egia dun, gu behintzat bi gaitun, mantxa soltero hori baino gehiago!

 

emakume 1: Hi, baina... non zagon ba Karmele?

 

(Isilik geldituko dira, zain. emakume 2 kukubilko jarriko da eta, emeki-emeki, aurrera eta atzera kulunkatuko da. Halako batean, emakume 1 kantuan hasiko da, poliki-poliki, silaba bakoitza ondo ahoskatuz.)

 

emakume 1: Sagu txiki, sagu maite, zulotxoan gorde zaite.

 

emakume 1 eta emakume 2: Xapik ikusten bazaitu, kris-kraus eginda jango zaitu.

 

emakume 1 (kantuan, sufrituz bezala eta astiro ahoskatuz): Ez nau jangoooo...

 

emakume 2 (hizketan, ahots serioz): Jango zaitu.

 

emakume 1 (kasurik egin gabe, kantuan, sufrituz bezala eta astiro ahoskatuz): Ez nau jangoooo...

 

emakume 2 (are serioago): Jango zaitu.

 

emakume 1 (haserretzen hasita, lagunari begira, hizketan, kontuak argi eta garbi esan nahi balizkio bezala): Ez nau jango.

 

emakume 2: Jango zaitu.

 

emakume 1 (erantzun azkarragoa): Ez nau jango.

 

emakume 2 (jaiki eta parez pare jarriko zaio emakume 1i): Jango zaitu.

 

(Horrela hasiko dira, haurrak bezalaxe, elkarri erantzuteko denborarik eman gabe. emakume 1ek “ez nau jango, ez nau jango, ez nau jango!”, eta emakume 2k “jango zaitu, jango zaitu, jango zaitu”. Azkenean, biak umeen gisa builaka hasiko dira eta kotxearen inguruan korrika amaituko dute, batek saguarena eta besteak katuarena egiten. Azkenik, biak batera, serio-serio, euren lekuetan eseriko dira berriz. Isilunea.)

 

emakume 1: Etorriko al dun? Denbora asko zaramanagu zain.

 

emakume 2: Bai. Ordu erdi bat, minimo.

 

emakume 1: Hiru ordu laurden ere izango zitunan.

 

emakume 2: Ez, ez, ordu erdi.

 

emakume 1: Ezetz ba: hiru ordu laurden.

 

emakume 2: Inposible. Ordu erditxo bat izan dun.

 

emakume 1: Agian bai. Niri denbora oso luzea egiten zaidan.

 

emakume 2: Beti izan haiz negatibo samarra, bai.

 

emakume 1: Bai, familian denok gaitun negatiboak. Esaterako, bazaukanat 83 urteko osaba bat. Hari andrea hil zitzaionan, eta ez zaukan seme-alabarik.

 

emakume 2: Negatibo izatearen ondorioz?

 

emakume 1: Ez, baina diru asko zaukan. Aizan, hik zuzenbidea edo horrelako zerbait ikasi huen, ezta?

 

emakume 2: Fisika.

 

emakume 1: Orduan jakingo ditun legeak. Osabaren dirutza norentzat dun?

 

emakume 2: Ba, segun.

 

emakume 1: Segun zer?

 

emakume 2: Segun testamentua egin duen.

 

emakume 1: Eta egin badu?

 

emakume 2: Testamentuan agertzen denarentzat.

 

emakume 1: Eta bestela?

 

emakume 2: Senideentzat, uste dinat, gertuenetik hasita. Edo mojentzat. Edo...

 

emakume 1: Edo?

 

emakume 2: Oso berekoia al dun zuen osaba?

 

emakume 1: Bai.

 

emakume 2: Ba igual bere ondasunak berekin batera enterratzeko eskatuko din testamentuan, faraoiek bezala. Auskalo.

 

emakume 1: Ondasunak?

 

emakume 2: Diruak-eta.

 

emakume 1: Ba! Horiek gutxi izango ditun, enterratuko dituzten esperientzien alboan.

 

emakume 2: Egia dun. Esaten diten zahar bat hiltzen den bakoitzean liburutegi bat erretzen dela. Kasu honetan, enterratu.

 

emakume 1: Bueno.

 

emakume 2: Bueno?

 

emakume 1: Ondasunak atera daitezken gero lur azpitik.

 

emakume 2: Atera daitezken, bai.

 

emakume 1: Baina esperientziak ez.

 

emakume 2: Ez, horiek ateratzen, nahiko lan. Hil baino lehenago atera behar. Diruak-eta atera daitezken geroago ere.

 

emakume 1: Hemendik urte batzuetara.

 

emakume 2: Hemendik urte askotara.

 

emakume 1: Faraoienak bezala.

 

emakume 2: Non egongo ote gaitun gu orduan?!

 

emakume 1: Ni, osabaren aldamenean, familiako panteoia zaukanagu eta.

 

emakume 2: Ederki ba.

 

emakume 1: Ederki, bai.

 

emakume 2: Ba, badakin zer esaten zinan beti gure osabak?

 

emakume 1: Diru gehiago nahi zuela.

 

emakume 2: Ez. Edo bai. Baina ez dinat hori esan nahi. Pentsatzeak betetzen ziola existentzia.

 

emakume 1: Hori txorakeria bat dun.

 

emakume 2: Ba Descartesek halaxe esaten zinan: “Pentsatzen dut; beraz, banaiz”.

 

emakume 1: Eta zuhaitzak?

 

emakume 2: Zuhaitzak zer?

 

emakume 1: Zuhaitzek pentsatzen al dute? Zeren ez badute pentsatzen, ez baitira existitzen. Ezta?

 

emakume 2: Ba ez zakinat, pentsatuko diten zerbait.

 

emakume 1: Nola pentsatuko du zuhaitz batek? E? Zer uste dun pentsatuko duela bi mila urteko olibondo batek?

 

(Isilik geldituko dira, nazka aurpegiz, zuhaitzak zer pentsatuko lukeen pentsatzen.)

 

emakume 1: Buf... Nik ez niken olibondo bat izan nahiko.

 

emakume 2: Ez, nik ere ez.

 

(Isilunea. emakume 1, pentsakor.)

 

emakume 1: Egia esan, gure historia emozioak pizteko gai diren gorputzez gabetua zagon.

 

emakume 2: E?

 

emakume 1: Zergatik esaten zuen Descartesek hori? Deskartez, beste ezerk ere balio ez ziolako? Zergatik ez zuen esaten, “maite dut; beraz, banaiz”, edo “ukitzen dut; beraz, banaiz”?

 

(Dantzan hasiko dira, ukimenarekin jolasean. Hasieran musika goxoa izango da, eta laztanak egingo dizkiote elkarri, musikarekin bat. Baina, bat-batean, argi gorriak edo flash batek argiztatuko ditu, eta, musika gaiztotzen doan neurrian, pertsonaien mugimenduak ere zakartzen joango dira, borrokan, biolentziazko eszena bihurtu arte. Bat-batean, musika bukatutakoan, pertsonaiak ere gelditu egingo dira, euren aulkietan esertzeko.)

 

emakume 2: Hara!

 

emakume 1: Zer?

 

(emakume 2 isilik geldituko da. Dagoeneko ahaztu zaio zer esan behar zuen.)

 

emakume 1: Hara, zer?

 

emakume 2: Hara zer, zer?

 

emakume 1: Zergatik esan dun “hara”?

 

emakume 2: Eta nik zer zakinat! Ez iezadan builarik egin!

 

(emakume 1ek hasperen egingo du, bere buruari “ez din merezi” esanez bezala, eta isilik geldituko dira berriz.)

 

emakume 2: Hara!

 

emakume 1 (erdi histeriko): Zer? Zer da? E?!

 

emakume 2: Han atzeko mantxa beltza aldatu egin dun.

 

emakume 1: Jakina ba, ez zelako zuhaitz bat!

 

emakume 2: Baina hori ez dun posible.

 

emakume 1: Zer ez da posible?

 

emakume 2: Gauzak aldatzea.

 

emakume 1: Nola ez dela posible? Eta gu, zer, ja hamar enpasterekin jaio ginen, edo zer?

 

emakume 2: Ba Karmelek beti esaten zinan badena badela, eta ezin dela ez izan.

 

emakume 1: “Badena badun, eta ez dun besterik”, esan nahiko dun.

 

emakume 2: Hori esan nahi izango banu, hori esango nikenan, eta ez besterik. Ez dun uste?

 

emakume 1 (nahastuta): Baina orduan, zer arraio esan nahi huen?

 

emakume 2: Ba existitzen dena beti existituko dela.

 

emakume 1: Baina horrek ez zaukan ez hanka eta ez bururik.

 

emakume 2: Baietz ba! Begira hor aurreko itzal horri, adibidez. Duela gutxi, zuhaitz baten forma zeukanan, orain pertsona bat zirudin. Orain pertsona bat bada, zer gertatu dun lehengo zuhaitzarekin? Eta orain ikusten dugun pertsona, lehen ez zunan existitzen. Nola sortu daiteke zerbait ezerezetik?

 

emakume 1: Ba ez zakinat, gauzak aldatu egiten ditun.

 

emakume 2: Tira, hori ere egia dun. Karmele bezala.

 

emakume 1: Hi, Karmele ez dun aldatu, e.

 

emakume 2: Ez, Karmele aldatu egin diten.

 

emakume 1: Aldatu egin din.

 

emakume 2 (hasperen triste bat eginez): Ai, Maritxu. Batzuetan, zilarrezko bandeja batean eskaintzen dinagu gure burua.

 

emakume 1: Karmele gaixoa. Burdinazko bandeja batean bizi zunan.

 

(Isilunea.)

 

emakume 1: Maritxu, polita al nagon?

 

emakume 2: Ez hago polita, hi polita haiz.

 

emakume 1: Ez zakinat ba... Lehentxeago ispiluan ikusi naun, eta itsusi nengoela iruditu zaidan.

 

emakume 2: Ba orduan, ispiluak engainatu egin hau.

 

emakume 1: Inbidiatan egongo zunan.

 

emakume 2: Inoiz pentsatu al dun garai batean jendea bere aurpegia nolakoa zen jakin gabe hiltzen zela?

 

emakume 1: Bueno, uretan edo ikus zezaketenan.

 

emakume 2: Baina uretako islak ere ez ditun argi eta garbi ikusten. Marrazki bidez igual...

 

emakume 1: Tira, guk geuk ere ez zakinagu, argi eta garbi, nolakoa den gure aurpegia.

 

emakume 2: Hik jakin beharko huke, egun osoa ispiluaren aurrean ematen dun eta.

 

emakume 1: Hala ere. Hik askoz ere hobeto ezagutzen dun nire aurpegia nik neuk baino, ziur nagon, ze hiri erakutsitako aurpegiak eta nire buruari ispilu aurrean erakutsitakoak ez ditun berdinak. Adibidez, hau (aurpegi arraro bat jarriko du) egiten dudanean, nik imajinatu bakarrik egin zezakenat hi zer ari haizen ikusten. Eta, seguruenik, ikusten ari haizena guztiz desberdina dun.

 

emakume 2: Bai horixe, ispiluek engainatuta bizi gaitun.

 

emakume 1: Ez, Maritxu. Gure imajinazioak engainatzen gaitin.

 

(Bat-batean emakume 1 asaldatu egingo da.)

 

emakume 1: Hi, hi!

 

(emakume 1 kotxetik aterako da. emakume 2k jarraitu egingo dio.)

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Ikusi al dun hori?

 

emakume 2: Zer?

 

emakume 1: Zapelatz bat pasatu dun han atzetik!

 

emakume 2: Zapelatz bat?

 

emakume 1: Ez al dun ikusi?

 

emakume 2: Ez, joe, ez ditinat betaurrekoak ekarri.

 

(emakume 1 berriz asaldatuko da.)

 

emakume 1: Hi, hi! Ikusi al dun hori?

 

emakume 2: Ikusi, zer?

 

emakume 1: Untxi bat sartu dun hango sastraketan! (emakume 2ri zerbait aurpegiratu nahian bezala) Hori ere ez al dun ikusi?

 

emakume 2 (lotsatzen hasita): E, ba ez... Esan dinat ez ditudala betaurrekoak ekarri...

 

(emakume 1 berriz asaldatuko da.)

 

emakume 1: Hi, hi! Ez al dun ikusi...?

 

emakume 2 (ikusi ez badu ere, argi eta garbi erantzungo dio, gaizki ez gelditzearren): Bai, oraingoan bai, ikusi dinat.

 

emakume 1: Eta, ikusi badun, zergatik zapaldu dun kaka-mokordo hori?

 

emakume 2 (hanketara begiratuko du): E? Aj, kaka!

 

(emakume 2 makurtu egingo da zapata garbitzera, eta gutun bat topatuko du hari itsatsita.)

 

emakume 2: Hara! Hi, begira zer topatu dudan!

 

emakume 1: Zer dun?

 

emakume 2: Ba, gutun bat! (Maleziaz, mendekuz) Ez al dun ikusi edo?

 

emakume 1: Ea, ea, irakur ezan!

 

(Kotxean sartuko dira, eta gutuna irakurriko du emakume 2k.)

 

emakume 2: Biziraun hitzak heroismo-kutsua du. Biziraun duen emakume bat, zera da: bere bizitza arrisku batetik salbatzea lortu duena.

            Niretzat hitz tristea da bizirautea. Benetan bizi ez naizela sentiarazten didalako. Biziraun egin dudala, hiri erdian zementu artean landatutako zuhaitza banintz bezala, sustraiak hazteko lekurik gabe, argi eta haize freskorik gabe.

            Bizirauten dugunok gure beharrak mugatzen ditugu, eta gero eta gutxiagora ohitzen gara, bizitzaren fotokopia txar bat baino ez bagina bezala.

            Guztiok behar ditugu maitasun-harremanak, nolabait esateko, eguneko hiru maitasun-platerkada. Baina bizirauten dugunok koilarakada bakarrarekin konformatzen gara.

            Bizirauten dugunok baditugu gure defentsarako mekanismoak; adibidez, geure buruari ipintzen diogun anestesia moduko bat, sufrimendutik deskonektatu eta mina lurperatzen duena, aurrera egin ahal izateko. Nahiago izaten dugu gure bizitzari kanpotik begiratu, pelikula txar bat baino ez balitz bezala.

            Biziraute umiliagarri honek haztea eragozten digu, atrofiatuta uzten dizkigu poz, alaitasun eta satisfakzioak.

            Ez zara gai ikusteko behartuta zauden etorkizun hau berez ez dela zuri dagokizuna. Zeure burua gorrotatzen duzu, behar duzun maitasuna zure buruari emateko gai ere ez zarelako, eta beste inork ere ezingo dizula eman sinestera iristen zarelako.

            Ni ere bizirautera ohitu naiz, eta jada ez dakit bizitzen, errutinak eta pasibitateak ez didate bidea ikusten uzten. Min, dezepzio eta konfiantza faltazko baso batek irentsi nau.

            Baina badakit badagoela hau baino bizitza hoberik. Non, ez dakit, baina seguru zugandik urruti dela. Nola bilatu ere ez dakit, baina hobeto nabil bakarrik, zure atzetik baino.

            Inoizko existentziarik higuingarriena opa dizut, maitea.

 

      Sinatua, K.

 

emakume 1: K?

 

emakume 2: Bai, K batez sinatzen din.

 

emakume 1 eta emakume 2 (K-rekin hasten diren izenen bila hasiko dira): K... K... K...

 

emakume 1: K... K... K... Kaka! Ez zaidan inor ezagunik burura etortzen!

 

(Horretan arituko dira pixka batean. Bat-batean urrutira begiratuko dute, mugimenduren bat antzemanda.)

 

emakume 1: Hi, hi! Ikusten al dun emakume hori? Korrika guregana datorrena?

 

emakume 2: Bai. Nor dun?

 

emakume 1: Ez zakinat.

 

emakume 2: Seguru gure buruak engainatu egin gaituela.

 

emakume 1: Ez dun inor izango.

 

(Belarria zorrozten dute.)

 

emakume 2: Zerbait esaten ari dun. Zer dio?

 

emakume 1 (entzuteko keinu eginez): “Karmele naiz”, uste dinat.

 

emakume 2: Karmele? Nor dun Karmele?

 

emakume 1: Ez zakinat, ez dinat Karmelerik ezagutzen.

 

emakume 2: Bat bai, gure Karmele.

 

emakume 1: Ostras, Maritxu! Harekin geldituta gauden gainera. Eta berandu dun.

 

emakume 2: Goazen ba!

 

emakume 1: Eta hor aurreko andre ero hori?

 

emakume 2: Ba! Joan dadila antzarak ferratzera. Orain Karmelek behar din gure laguntza.

 

(Kotxea zarata handiarekin martxan jarri eta joan egingo dira.)

 

amaiera