Aurkibidea
Sar hitza EHAZE
Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola
ETA KARMELE? Samara Velte
GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro
Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga
De kruisafneming Amancay Gaztaņaga
Esperoaren esperoan Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza EHAZE
Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola
ETA KARMELE? Samara Velte
GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro
Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga
De kruisafneming Amancay Gaztaņaga
Esperoaren esperoan Oier Guillan
Eta inor ez baletor?
Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga
Jean Paul Sartrek esana da, eta zein gara gu hari kontra egiteko, Samuel Beckettenak direla Bigarren Mundu Gerraz geroztik idatzi diren testurik ederrenak. Guk aurka egin ez arren, bada irlandar dramaturgoa kontrako eztarritik irentsi duenik. Aurki denek dutela haren ifrentzua, alegia. Zertarako denbora galdu sekula helduko ez den Godot horren esperoan? Galdera ez da gurea, Jorge Luis Borgesena baizik. Borgesi gauza aspergarri eta zentzubakoa iruditu zitzaion, nonbait, literatura dramatikoak eman duen koadrorik gogoangarriena. Ezin denak kontent utzi.
Miresmenetik gorrotoraino bide bat dago, ez ezinbestez luzeegia. Mapa bat hartu eta marraz genezake landa-bide bihurri bat, esaterako. Eta landa-bide horren erdian, zuhaitz bat. Zuhaitzaren gerizpean, harri handi bat. Horra leku eroso bat Becketten obrari begiratu lasai eta orekatu bat emateko. Hortxe, landa-bide baten erdian, udako arrasti nare batean, Estragoni lekua kenduta.
Izan ere, leku sosegatu bat talaia ezin hobea da abiada zorabiagarrian mugitzen diren Becketten antzezlanei begiratzeko. Bai, abiada zorabiagarria esan dugu, irakurle. Zertara dator mutur okertu hori? Pertsonaia gutxi mugituko dira Becketten lumak marraztu dituen horiek bezainbeste. Are geldi daudenean ere. Magia ematen du batzuetan, ezin bazterragoan zokoratuta dagoen pertsonaiak nola lortzen duen, ezinezkoa ematen zuenean, bere gogoa, bai eta gorputza ere, beste leku batera eramatea. Pauso sinple batekin, aurretik hamaika aldiz erori bada ere. Hamaika aldiz kale egin badu ere.
Pauso sinple bat. Horra Becketten teatro guztia hiru hitz eta keinu erraldoi batean laburbilduta. Has dezagun bidaia, harri gainetik mugitu gabe.
Hizkuntza bat besterena
Beckett Dublinen jaio zen, diru faltarik ez zeukan familia batean. Urte luzez eskola ospetsuetan ikasteko aukera izan zuen, diru faltarik ez zeukan familia batean jaio baitzen. Baita beste hiri asko bisitatzeko aukera ere. Batez ere Paris, garai hartako Europako lurrikara artistiko eta filosofiko guztien epizentroa.
Ingelesa zuen ama-hizkuntza, baina frantsesez ere moldatzen zen, apur bat traketsago, nolanahi ere. Ez zen gure asmoa horren azkar ekartzea Beckett Euskal Herrira, baina, hara, oharkabean heldu zaigu uste baino lehenago, elebitasunaren trena hartuta. Baina, lasai, joan-etorriko txartelarekin heldu da eta berehala urrunduko zaigu: haren hizkuntza hautuak irizpide linguistiko-filosofikoetan zeukan oinarria.
Obrarik garrantzitsuenak frantsesez idatzi zituen Beckettek, eta gero ekarri ingelesera. Kontu jakina den arren, haren lana aztertzeko orduan, behar baino arreta gutxiago jartzen zaio. Izan ere, ama-hizkuntza baztertu zuen, harentzat pobreagoa zen hizkuntzaren aldeko hautua eginda. Hark esana da ingelesez idazten zuenean poesia ateratzen zitzaiola beti. Estilo hanpatu bat. Estilo jaso bat. Estilo bat, azken beltzean. Frantsesez errazagoa da estilorik gabe idaztea. Hara hor Becketten erantzuna, hautuaren zergatiaz galdetu ziotenean. Radomir Konstantinovic idazle eta filosofo serbiarraren arabera, ama-hizkuntzak automatismora garamatza. Horrenbestez, sinpletasunaren alde egin nahi izango bagenu, hizkuntzarekiko urruntze bat beharko genuke. Hizkuntzatik aldendu, sinpleak eta zehatzak izateko. Konplexutasuna ez baita sakontasunera iristeko bidaide bakarra.
Baina geldi gaitezen, une batez, ifrentzuari begiratzeko, beste behin. Horra hor James Joyce, Becketten herrikidea. Nekez aurkituko dugu konplexutasunaren lagun handiagorik. Bada, bi dublindarrek elkar ezagutu zuten halako batean. Adiskide ere izan ziren Beckett gaztea eta Joyce zaharra, adiskide eta lankide, zenbait ikerketatan lagundu baitzion Joyceri. Are dramaturgoaren aitaginarreba ere izan zen kasik Ulisesen sortzailea. Baina Beckettek Lucia Joyce abandonatu zuen, modu aski zatarrean, eta hantxe hautsi zen bi familien arteko harremana.
Beckettek James Knowlson bere biografoari aitortu zion Joyce idazle eskergaren itzalpean betiko bizitzeko beldur izan zela, harik eta kontrako bideari ekin zion arte. Printzipio joycetarraren arabera, sormena eta mundua kontrolpean izateko modu bakarra gero eta gauza gehiago jakitea da. Bada, maiz gertatu ohi den moduan, txanpon haren ifrentzua aukeratu zuen Beckettek: jakintza oinarrizkoa, galera, utzikeria, erbestea eta porrota.
Bide horri jarraikiz eraiki zituen, beraz, haren pertsonaia eta istoriorik biribilenak. Sinpletasuna, zorroztasuna, kamustasuna. Muturrera eramango bagenu, kasik ezereza. 1920ko hamarkadan ezaguna egin zen Carl Gustav Jung psikologo suitzarrak artatu zuen neskato baten kasu berezia, neskak baieztatzen baitzuen ez zela sekula jaio. Hala sentitzen omen zuen, jaio gabeko biziduna zela. Behinola, Beckettek aitortu zuen kasu hura oinarri hartuta zizelkatzen zituela bere pertsonaiak. Jaio gabeko pertsonak balira bezala. Kasik ezereza. Jaio aurreko istant hori, hitz zehatza idatzi aurreko une hori, non oraindik bide denak irekita dauden, non oraindik edozein pauso den posible. Karin Harrasser ikerlari austriarraren arabera, horrela lortzen zuen Beckettek beti urrats bat aurrerago joatea, ezerezetik milaka aukera sortzea, geldotasunetik mugimendu ia amaiezina.
Honaino helduta sumatzen hasiko zinen, irakurle, Becketten dramaturgiak, iraultzailearen bihotzak nola, mundu bat ez, hamaika mundu berri daramatzala barruan gordeta. Eta gauza jakina da gure kapitalismoak zer egiten duen halako kasuen aurrean: koloretako kamisetak. Antzerkia inori axola balitzaio, arropa denda handien erakusleihoetan Becketten aurpegia daukaten elastikoak jarriko lituzkete, Cheren aurpegidun kamiseten ondoan. Neurri arinagoak hartu zituzten, ordea, esku beltzaren bulego nagusietan: absurdoaren etiketa manaerrazarekin desaktibatuko zuten haren artefaktu dramaturgikoa.
Absurdoraino errepikatu digute, errepikatu digutenez, Beckettek antzerki absurdoa egiten zuela. Absurdoa, hutsa, zentzubakoa. Komedia txiki ulergaitzak. Eta ezkorrak, oso ezkorrak. Baina Becketten absurdoa ez dago bizitzaren absurdotik oso urruti. Haren antzerkia bizitzari behatzeko kaleidoskopio bat da. Begien aurrean jarriko digu irudi bat hainbat zati txikitan moztuta, nahas-mahas. Ikuspegia aldatuko digu (antzerkia, funtsean, ikuspegi aldaketa bat baino ez da), geure existentziaren une ulergaitz, ezkor eta bihurrienez jabetuko da, ia oharkabean, apaingarriz hustuko ditu, kenduko dizkie lumak, azalak, ezkatak, tripak, odolak, hezurrak, haragiak. Eta garen hustasunaren aurrean jarriko gaitu.
Martin Esslin kritikariak asmatu zuen “absurdoaren antzerkia” etiketa, 60ko hamarkadan. Beckettez gain, Eugene Ionesco, Arthur Adamov edo Jean Genet sartu ohi dira zaku berean, eta Antonin Artaudek 1938ko Le théâtre et son double (Antzerkia eta bere ordezkoa) liburuko ideiak zein Bertolt Brecht eta Albert Camusen teoriak dira haren jatorri ideologiko eta kontzeptuala. Izan ere, Becketten absurdoa eta ezkortasuna Albert Camus frantziar idazle eta pentsalari existentzialistaren absurdo eta ezkortasunetik ezin gertuago daude, nahiz eta Beckettek ez daukan zertan absurdoa, ezkorra edo existentzialista izan. Edo bai, nondik begiratzen diogun. Lurralde miresgarriko Humpty Dumpty gogora ekarrita, hitzen (eta etiketen) esanahia ez baitute hitzek (eta etiketek) erabakitzen, baizik eta agintean dagoenak.
Mapetan galdutako mamuak
Baina hitzak (eta etiketak) ezinbestekoak zaizkigu mundua antolatzeko. Eta mundua antolatzeak balio digu… Tira, ez gaitezen bazterreko zidorretatik desbideratu eta segi dezagun bidean aurrera, beste etiketa bati eskutik helduta: antzerki postdramatikoa.
Post garaia da geurea. Postmodernoa, postpandemikoa, postindustriala… Ematen du beti egon nahi dugula apur bat urrunago, apur bat haratago, baina ondo jakin gabe azaltzen non gauden. Beti beste garai baten ondoren, baina sekula inora heldu gabe. Antonio Gramsciren mamuak bihurtu gara, garai zaharrak joan eta berriak etorri bitartean hazten diren mamu beldurgarri horiek. Beharbada, unea da geure buruari aitortzeko, Becketten antzezlan ezagunena ikusten hasi ginen unean bertan ekibokatu ginela, mundua Vladimir edo Estragonen begietatik ikusi nahi izan genuenean, jakin gabe, gu geu ginela beti badatorren, baina inoiz heltzen ez den Godot mamua.
Sikiera, aitortu dezagun, iaioak gara bizi gaituen ezleku honen mapak egiten. Horra hor, esate baterako, Hans-Thies Lehmann ikerlari alemaniarra. Hark marraztu ditu ondoen antzerki postmodernoaren errepide, mendi, ibai, kale eta itsasoak.
Antzerkiaren osagai desberdinen arteko parataxiarekin hasi zen antzerki postmodernoa. Esanahiak garraiatzen dituzten zeinuak biderkatu egin ziren, eta haien sakonera, handitu. Aldi bereko hamaika inputek gobernatzen dute orain taula gaineko eszena. Hau da, bestela esanda, testuaren nagusitasuna atzean geratu zenean amaitu zela antzerki modernoaren aroa. Beste osagaiak haren pare jarri zirenean: espazioa, denbora, gorputzak, irudiak, ahotsak, soinuak. Orain denen artean kontatzen dute istorioa, dimentsio eta plegu sakonagoz betea. Edo are testu baten beharrik gabe ere. Funtsean, mapa bat, norabide ugariz betea.
Nora goazen oso ondo ez dakigun arren, edo, akaso, horregatik, abaila bizian goaz. Modernotasuna gainditzearekin ireki diren autobideak ondo luzeak eta zabalak dira. Ez da erraza esaten noiz hasi ziren dena hankaz gora jartzeko lanak, baina xx. mendearen bigarren erdialdean eman den garapen artistiko orokorra ulertzeko, epealdi horren hasieran arte bisualetan gertatzen ari zen etengabeko performatibitatearen ondorioz sortutako erronkak jarri behar ditugu erdigunean. Erika Fischer-Lichte ikerlariaren arabera, abangoardia artistikoak, izan dadaistak, surrealistak edo baita bazterreragoko situazionistak edo futuristak ere, artearen diziplinaren mugak desegiteko formulen bila aritu ziren jo eta su. Performancearen alorreko artisten bultzadak prozesu hori gailurreraino eraman zuen arte. Bultzada kultural horren ondorioz, artelanak ekitaldi bihurtu ziren, eta behin betiko eraldaketa etorri zen geure mendebaldeko kulturara. Antzerki (eta arte) postdramatikoaren itzulipurdi horri biraketa performatibo etiketa jarri diogu, prozesua bera forma gainditzen hasten den unea.
Beti urrunago joan behar hori. Arte postmodernoak eta antzerki postdramatikoak antzezpen-espazioen desegitea ekarri dute. Miguel Ángel Melgares ikerlariaren arabera, emantzipazio estetikorako espazio berriak sortu dira eta, bertan, diziplinarteko lurralde hibridoen esplorazioa hasi da, lurra txiki geratu eta ilargiraino iritsi nahi izango bagenu bezala. Bizi dugun aro postmodernoan, hortaz, arte eszenikoen laborategiek antzerki postdramatikoan sakontzen jarraitu dute eta, testuaren nagusitasunarekin apurtzeaz gain, espazioaren eta hizkuntza-gorputz fikzionatuaren eta publikoarekiko harremanaren kategoriak ere apurtu dituzte.
Baina gaur, gogoan baduzu, irakurle, bidearen erdian arroka baten gainean atseden hartu eta inguruari begiratzera etorri gara. Korrikaldian eten txiki bat egitera. Begien aurrean daukagun paisaiaren piezak zatitu eta nahastera. Zerbait ulertzera.
Itzul gaitezen une batez Lehmann postdramatikotasunaren kartografoaren mapetara eta bila dezagun Beckett koordenatu zaharberri horietan. Ikerlariak dramaturgoaren hustasuna eta zenbait zeinuren sinpletasuna nabarmentzen du, eta nola, jolas horren bidez, publikoari konpromiso handiagoa eskatzen dion, hutsuneak bete ditzan eta esanahietan sakonago murgil dadin. Izan ere, Becketten lanetan itxuraz gertakari hutsal eta arruntak direnak gertakari hutsal eta arrunt izatetik oso urruti daude, inausketa erradikal baten ondoren, agerian uzten baitute konplexutasunaren sinpletasun guztia, begien aurrean lehen aldiz agertzen zaigun mezu mesianiko baten antzera.
Gehiegi aztertu gabeko iturri-emaria bada ere, Beckett gazteak klasiko modernoen ura ere edan zuen, baina urok modernotasuna gainditu nahi zuen bere garaira egokitzen jakin zuen. Esaterako, ekintza dramatikoa gorputzetik askatu zuen, irratirako sortu zituen antzerki-piezen bidez. Ahotsak, soinuak eta erritmoak gorputzetik banatu ziren eta izaera autonomoa lortu zuten horrela.
Bereziki esanguratsuak dira, nolanahi ere, Beckettek taula gaineko antzerkirako idatzi zituen gorputzak. Infernuko gorputzen kategorian sartu zituen Lehmannek horietako batzuk: gorputz-atalen bat falta dutenak, gurpil-aulkian daudenak…, munduaren akaberako izuen ospitale batean baleude bezala denak ala denak. Nola ez akordatu Hamm itsu eta paralitikoarekin, Clov herrenarekin edo gorpu-zati hil bat besterik ez ziren Hammen guraso Nagg eta Nellekin. Gorputz munstroak, testu-lerro bakar bat ere gabe, mundu munstro bati buruz hainbeste esaten digutenak.
Munstroez ari garela, Beckettek berak esana da, Marcel Prousti buruzko entsegu batean, denbora bi buru dituen munstro bat dela: kondena eta salbazioa. Denbora basatia katu amultsu bihurtzearekin amets egiten du gauero antzerki postdramatikoak. Becketten lanetan, esate baterako, denbora kasik paisaia bat da, izozmendi bat, segundoen, minutuen, egunen iragatea itsaspean ezkutatuta daukan izozmendi hotz bat. Galdetu bestela Estragoni eta Vladimirri.
Baliteke, irakurle, inoiz Becketten antzezlan bat ikusi izana bertatik bertara. Gogoan al duzu? Eta baliteke, balitekeenez, antzezpenaren ondoren zeure buruari esan izana taula gainean ez dela ezer gertatu, ez duzula ekintzarik ikusi, museo batean egotea bezalakoa izan dela esperientzia. Eta horixe da, hain zuzen ere, Becketten fikzio guztiaren engainurik behinena: bizitza osoa gertatu dela istant geldo horretan. Magia ematen du. Baina Beckett da.
Ikusi dituzun eta oraindik ikusi ez dituzun Becketten lanak postdramatikotasun bete-betean kokatuta daude, are antzerki klasikoaren eraldaketa ulertzeko adibide argi, sinple eta zuzenenetako bat dira. Azken batean, irakurle, atsedenaldiaren ia amaieraraino heldu garen honetan despistatu baldin bazara, gogoraraziko dizugu mendebaldeko historian dagoen antzerkigile handienetako bati buruz ari garela hizketan. Eta haren ondotik etorri direnengan neurgaitza dela utzi duen arrasto zuzen eta zeharkakoa.
Usain ezagun hori
Au revoir triunfadoreak! pieza egiten ari ziren garaian, Ander Lipusi ideia bat bururatu zitzaion. Geure herriak eman duen antzerki fabrika berezi eta nabarmenetako baten amaiera gertu zegoen 2005 hartan. Bere eskela bidali nahi zuen Lipusek egunkarietara, eta Jon Gerediagari eskatu zion hura idazteko. Albert Camusek bezala hil nahi zuela kontatu zion Rakel Marin ikerlariari: bigarren mailako errepide batean, autoa arbola baten kontra jota, Eroskira bidean. Tamalez, egitasmoak ez zuen aurrera egin.
Ugariak dira Antzerkiola Imaginarioaren lan askotarikoetan ikus daitezkeen eraginak, baina Camusi egindako erreferentziak zuzenean garamatza eskutik helduta paseatzen diren existentzialismora eta absurdora. Hortik aurrerakoa erraza da: zubia pasa eta hortxe gure Beckett. Agerikoa da haren eragina antzerki-taldearen hasierako lanetan, batez ere 8 Olivetti poetiko edo Mundopolski, erreboltaren ziaboga piezetan. Ekintza edo norabide argirik eza, giro tragikomikoa, ezinegon existentziala edo pertsonaien mugimendu nekezak eta itxuraz zentzubakoak.
Fabrikak ibilitako bide kontzeptual eta estetiko hari jarraitu diote, nola edo hala, Euskal Herriko beste hainbat antzerki-konpainiak, eta, sudurrak ondo irekiz gero, haietan ere nabari daiteke Becketten usaina. Esate baterako, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Miss Karaoke edo Mr. Seņora obra ikonikoetan, dublindarraren absurdo kontzeptualetik oso gertu dauden egoeretan galduta ikusiko dugu geure burua, zalantza egiten, bizitzen. Izan ere, ez genuke ahaztu behar segurtasunek eteten dutela bizitza, eta zalantzek, abiarazten.
Atx Teatroa taldearen zenbait pertsonaiak ere bete-betean eramango gaituzte Becketten imajinarioaren hegietaraino. Arreta berezia eman digu, esate baterako, Balbea bakarrizketaren protagonistaren fisikotasuna zein hurbil dagoen Becketten Hamm zaharrarengandik. Gurpil-aulkian biak, Gregorio eta Hamm, esaldi sinple bezain tolesturaz beteak desarratzen, mugimendu noragabe eta nekezekin, bizitza eldarnioraino biluzten.
Ez genuke harri honetatik alde egin gura geurean ale ederrak utzi dituen komedia absurdoa aipatu gabe, haietako askotan ere oso nabaria delako Becketten eragin zuzena. Izan ere, absurdo existentziala zaldi zoragarri bat da, libre utziz gero, barrearen lurralde harrigarriraino eramango zaituena.
Aipa genitzake, batetik, Anodino Teatroren Zerura eroria, Becketten lana ondo baino hobeto ezagutzen duen Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean ondua. Ia amildegiraino bultzatutako egoera ezinezkoen erakustaldi zoragarri bat. Edo begira geniezaioke, bestetik, Les Bobebobe-k, Metrokoadrokako kideen begiradapean, sortu zuten Txilin hotsak pieza labur absurdoari, zeinu sinpleen indar zoroenaren bidez, esanguren ozeano sakon batera eramaten zaituena. Eta nola ahaztu Gilkitxaroren 25 urteko ibilbide oparo bezain absurdoz betea, hizkuntzaren eta logika onartuaren muga guztiak eztandarazteko gai izan dena. Ez ginateke harrituko eragindako barre horien guztien oihartzuna Pariseko Montparnasseko hilerrira ere heldu izan balitz, Becketten gorpua jan duten zomorroak dantzan jartzeraino.
Egia aitortzera, atsedenaldi luzeagoa beharko genuke baieztatzeko Beckett dela euskal teatro postmodernoan gehien eragin duen nazioarteko egileetako bat. Adibide sorta txiki bat ekarri dugu lerrootara, baina beste hamaika ekar genitzake. Nolanahi ere, gogoan izan, irakurle, landa-bide batean aurkitu dugun harri baten tontorrean eserita gaudela, udako arrasti batean, paisaia beilegiari begira. Bidea laburra izan da, ipurdia minduta daukagu dagoeneko eta ez gaude baieztapen iraultzaileak egiteko bezain eroso. Baina sudurretatik sartzen zaigun usainari kasu eginda, esango dugu, hori bai, Becketten lanak eragin ezeztaezina izan duela euskal antzerkigileen jardunean.
Friedrich Nietzschek esana da, mundu honetan, gauzarik onenek ez dutela deus balio, norbaitek taula gaineko fokupera eramaten ez baditu. Edo bestela esanda, ez dela ezer gertatzen norbaitek zerbait gertatu dela kontatzen duen arte. Altxa eta segi diezaiogun bideari. Zer kontatu asko dago oraindik, Godot etorri bitartean. Baldin badator.