Esperoan
Askoren artean
Esperoan
Askoren artean
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
164 orrialde
978-84-17051-97-6
Esperoan
Askoren artean
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
164 orrialde
978-84-17051-97-6
aurkibidea

Aurkibidea

Sar hitza EHAZE

Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola

ETA KARMELE? Samara Velte

GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro

Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga

De kruisafneming Amancay Gaztaņaga

Esperoaren esperoan Oier Guillan

Erosi: 13,30
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Sar hitza EHAZE

Godot, bitan banaturik Beņat Sarasola

ETA KARMELE? Samara Velte

GODOTEKIN SOLASEAN Karlos Linazasoro

Eta inor ez baletor? Mikel Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga

De kruisafneming Amancay Gaztaņaga

Esperoaren esperoan Oier Guillan

 

 

Godotekin solasean

 

Karlos Linazasoro

 

 

(Landa bide bat, zuhaitz batekin.

Isilunea. vladimirrek bat-bateko jauzi bat egiten du aurrera; mutila gezi baten ziztuan irteten da ihesi. Isilunea. Eguzkia ezkutatzen da; ilargia agertzen da. vladimirrek geldi-geldi dirau. Esnatzen da estragon; oinetakoak erantzi, haiek eskuan dituela jaiki, eta antzeztokiaren aurrealdean uzten ditu; gero, vladimirrenganantz doa eta begira geratzen zaio.)

 

estragon: Zer duk?

 

vladimir: Deus ez.

 

estragon: Ni banoak hemendik.

 

vladimir: Ni ere bai.

 

(Isilunea.)

 

estragon: Luzaroan egon al haiz lotan?

 

vladimir: Ez zakiat.

 

(Isilunea.)

 

estragon: Nora joango gaituk?

 

vladimir: Ez urrun.

 

estragon: Bai, bai, goazemak hemendik urrun.

 

vladimir: Ezin diagu.

 

estragon: Zergatik?

 

vladimir: Biharko itzuli egin behar diagu.

 

estragon: Zertarako?

 

vladimir: Godoti itxaroteko.

 

estragon: Egia duk. (Tartea) Ez al da etorri?

 

vladimir: Ez.

 

estragon: Eta honezkero beranduegi duk.

 

vladimir: Bai, gaua duk honezkero.

 

estragon: Eta bertan behera utziko bagenu kontua? (Tartea) Bertan behera utziko bagenu?

 

vladimir: Zigortu egingo gintizkek. (Isilunea. Zuhaitzari so egiten dio) Zuhaitza baino ez zagok hemen bizirik.

 

estragon (zuhaitzari so): Zer da?

 

vladimir: Zuhaitza duk.

 

estragon: Bai, baina zein motatakoa?

 

vladimir: Ez zakiat. Sahatsa.

 

estragon: Hator ikustera. (Herrestan darama vladimir zuhaitzerantz. Geldi-geldi geratzen dira aurrean. Isilunea.) Eta geure buruak zintzilikatuko bagenitu?

 

vladimir: Zerekin?

 

estragon: Ez al duk aldean soka mutur bat?

 

vladimir: Ez.

 

estragon: Orduan ezin diagu.

 

vladimir: Goazemak hemendik.

 

estragon: Hago, nire gerrikoa erabiltzea zeukaagu.

 

vladimir: Laburregia duk.

 

estragon: Hik egingo didak zangoetatik tira.

 

vladimir: Eta nork egingo dit niri?

 

estragon: Egia duk.

 

vladimir: Erakustak, hala ere. (estragonek bere galtzei eusten dien soka askatzen du. Galtzak, nasaiegi baitauzka guztiz, orkatilen pareraino erortzen zaizkio. Sokari begiratzen diote.) Okerrenean agian balia litekek. Baina eutsiko al dio?

 

estragon: Ikusagun. To.

 

(Bakoitzak soka mutur bati heldu, eta tiraka hasten dira. Soka eten egiten da. Ia erortzen dira.)

 

vladimir: Kaka balio dik.

 

(Isilunea.)

 

estragon: Didi.

 

vladimir: Bai.

 

estragon: Ezin diat honela jarraitu.

 

vladimir: Tira.

 

estragon: Eta banatuko bagina? Hobe genikek agian.

 

vladimir: Bihar zintzilikatuko diagu geure burua. (Tartea) Non eta ez den Godot agertzen.

 

estragon: Eta agertzen bada?

 

vladimir: Salbaturik egongo gaituk.

 

(vladimirrek kapelua eranzten du; barruan begiratu, eskua pasatu barnetik, astindu, eta ostera janzten du.)

 

estragon: Zer, martxa?

 

vladimir: Jaso itzak galtzak.

 

estragon: Nola?

 

vladimir: Jasotzeko galtzak.

 

estragon: Galtzak jaso?

 

vladimir: Jasotzeko galtzok gerrira.

 

estragon: Egia.

 

(Galtzak jasotzen ditu. Isilunea.)

 

vladimir: Orduan, martxa?

 

estragon: Goazemak.

 

(Ez dira mugitzen.)

 

vladimir: Goazemak esaten diagu, baina ez gaituk mugitzen.

 

estragon: Mugi gaitezkek?

 

vladimir: Ez zakiat. Heuk esango didak.

 

(Biak hankak mugitzen saiatzen dira, baina ez dituzte mugitzen.)

 

estragon: Ikusten? Ezin diagu.

 

vladimir: Egia. Ezin diagu.

 

estragon: Baina hik jarri dezakek kapelua.

 

vladimir: Eta hik lotu ditzakek zapatak.

 

estragon: Egia.

 

vladimir: Egia.

 

estragon: Eta zer egingo diagu orduan?

 

vladimir: Hor dagoen banku hori ekarriko bagenu antzeztokiaren erdira. Erosoago egotearren, badakik.

 

estragon: Ondo.

 

(Bankua ekartzen saiatzen dira. Ezin dute. Berriro saiatzen dira. Lurrera jausten dira. Azkenean, lortzen dute. Bertan esertzen dira, patxadan.)

 

vladimir: Hemen bai ederki!

 

estragon: Igualeko ederki!

 

vladimir: Lehenago ekarri izan bagenu, Gogo.

 

estragon: Egia. Lo egiteko eta dena balio dik, Didi.

 

vladimir: Egon gaitezen ba puska batean.

 

estragon: Hori, egon gaitezen puska batean.

 

vladimir: Begira, ilargi ederra zagok.

 

estragon: Atzoko bera ote?

 

vladimir: Atzo hemen ote geundean?

 

estragon: Neuk baietz esango nikek. Ez zakiat.

 

vladimir: Ezin diagu geure buruaz beste egin, badakik.

 

estragon: Soka puskatu zaiguk. Ezin diagu, ez.

 

vladimir: Badauzkak kartak, badaukak partxisa, badauzkak damak, badaukak xake-jokoa?

 

(estragonek patriketan begiratzen du. Galtzak kendu eta astindu egiten ditu. Zapatak askatu eta lotu egiten ditu atzera berriro. Ez du ezer aurkitzen.)

 

estragon: Ez zaukaat ezer. Gosea baino ez.

 

vladimir: Eta zerbait jango bagenu?

 

estragon: Itxaroten dugun bitartean, diok?

 

vladimir: Bai ba. Zerbait egiteagatik.

 

estragon: Baina ezin diagu hemendik mugitu. (Berriz saiatzen dira mugitzen; ezin dute)

 

vladimir: Goazemak hemendik.

 

estragon: Ezin diagu.

 

vladimir: Zergatik?

 

estragon: Godoten esperoan gaudek.

 

vladimir: Egia.

 

estragon: Etorriko da?

 

vladimir: Mutikoak baietz esan ziguan. Ez zagok zertan gaizki pentsaturik.

 

estragon: Arrazoi duk. Ez zagok zertan.

 

vladimir: Ezin diagu etsi.

 

estragon: Bazakiat. Baina orduak luze joaten dituk hemen, esperoan.

 

vladimir: Izan litekek ez dakigulako entretenitzen; izan litekek asko atzeratzen ari delako.

 

estragon: Bai, biak izan litezkek.

 

(vladimir bankutik altxatzen da. Bankuaren azpian begiratzen du. Manta bat aurkitzen du bertan. Korrika-saio bat egiten du; gero, arnasestuka, bankuan esertzen da berriro.)

 

vladimir: Begira zer aurkitu dudan, Gogo: manta bat. Honekin bero-bero egongo gaituk.

 

estragon: Etortzen den bitartean.

 

(Biak mantarekin tapatzen dira. Elkar besarkatzen dute.)

 

vladimir: Bai goxo gaudela!

 

estragon: Nork esan behar zian, bai! Hainbeste egunen ondoren!

 

vladimir: Baina ezin diagu etsi.

 

estragon: Ixo! Ez al duk aditu? (Isil-isilik gelditzen dira biak luzaroan, belarriak adi) Hor, zuhaitzaren atzean.

 

vladimir: Sahatsa duk. Uste diat.

 

estragon: Hortxe ba. Ez al dabil hor norbait?

 

vladimir: Nik ez diat ezer entzuten.

 

estragon: Agian birigarro bat izango duk.

 

vladimir: Edo txepetxa.

 

estragon: Edo katu bat bestela.

 

vladimir: Joan gaitezkek ikustera, nahi baduk.

 

estragon: Badakik ezin dugula hemendik mugitu.

 

vladimir: Egia. Orduan zer egin zezakeagu?

 

estragon: Konturatzen haiz, lagun?

 

vladimir: Zertaz?

 

estragon: Igual gu hiltzera etorri den norbait duk.

 

vladimir: Eta zergatik hil behar gaitik ba?

 

estragon: Auskalo. Jende gaiztoa zagok munduan.

 

vladimir: Aurre egingo geniokek, ez larritu.

 

estragon: Badaukak pistolarik, badaukak labanarik, badaukak ztosggmeroterik?

 

vladimir: Ez.

 

estragon: Eta orduan?

 

vladimir: Eskuekin. Ez gaituk mainguak.

 

estragon: Ixo! Entzun duk berriro?

 

vladimir: Hor, sahatsaren atzean?

 

estragon: Hala esango nikek, bai. (Berriro adi-adi jartzen dira)

 

vladimir: Torratxori bat izango duk, segur aski.

 

estragon: Edo zozo zuri bat. Ikusi duk noizbait halakorik?

 

vladimir: Gu gaituk zozo zuriak, Gogo. (Barre egiten dute biek. Manta kentzen dute; manta jartzen dute berriro)

 

estragon: Horiek burutazioak dauzkaanak, Didi. Gu zozo zuriak!

 

vladimir: Gaugiro ederra zagok. Itxaron zezakeagu beste puskatxo batean.

 

estragon: Hemendik ez duk inor pasatzen. Gurdi bat pasatuko balitz sikiera.

 

vladimir: Eta zer egingo genikek guk gurdi batekin?

 

estragon: Jabearekin hitz egin. Godot ikusi duen galdetu.

 

vladimir: Egia. Arrazoi duk.

 

estragon: Ikusagun gurdirik badatorren. (Hara eta hona begiratzen dute bankutik altxa gabe)

 

vladimir: Ez zatorrek inor. Landa-lur hau izugarria duk, izan ere.

 

estragon: Eta behingoagatik joango bagina?

 

vladimir: Hobe diagu bihar arte itxarotea. Oso ilun zagok eta galdu egingo gintuzkek.

 

estragon: Hik uste?

 

vladimir: Baietz uste diat. Oso iluna zagok.

 

estragon: Benetan iluna ere.

 

vladimir: Lo apur bat egin dezagun, besterik ezean.

 

estragon: Bai, lo apur bat.

 

vladimir: Bihar, egun argiarekin, hobeto ikusiko ditiagu gauzak.

 

estragon: Bihar erabakiko diagu zer egin. Zirt edo zart.

 

vladimir: Honezkero ez baita etorriko.

 

estragon: Nor hala?

 

vladimir: Godot.

 

estragon: Egia, Godot. Baina ez zakiagu ziur. Inoiz ez duk jakiten noiz.

 

vladimir: Gainera, mutikoak esan zian.

 

estragon: Hark esan ziguan, bai, laster etorriko zela.

 

vladimir: Mandatu polita egin zian mutikoak.

 

estragon: Ez genioan eskupekorik eman, Vladimir.

 

vladimir: Gaizki egina.

 

estragon: Hurrengoan, azaltzen bada, eskupeko eder bat emango zioagu.

 

vladimir: Ondo esan duk, Estragon. Gizon jatorra haiz.

 

estragon: Bon, lo pixka bat egin behar genikek, ba.

 

vladimir: Tira, on egingo ziguk.

 

(Bankuan etzaten dira. Ez dute posturarik hartzen. Mantak ez ditu biak estaltzen. Berriz saiatzen dira; ez dute postura egokiarekin asmatzen. Manta txikiegia da biontzat. Azkenean, besarkatuta gelditzen dira.)

 

vladimir: Kiratsa darik, lagun.

 

estragon: Nondik, ba?

 

vladimir: Ahotik. Ahotik, batik bat.

 

estragon: Azenarioak jan nituelako. Ez al haiz oroitzen?

 

vladimir: Noiz? Ez diat gogoan.

 

estragon: Aspaldi, uste diat. Hire patrikatik atera hituen.

 

vladimir: Egia. Atzo, herenegun, duela aste pare bat.

 

estragon: Horregatik izanen duk kiratsa, segur aski.

 

vladimir: Eta arropagatik ere bai, Estragon. Aspaldian ez ditiagu garbitu.

 

estragon: Eta gu ere ez gaituk aspaldian garbitu, Vladimir.

 

vladimir: Errekatxo bat balego hemen...

 

(Bankutik altxa eta itzuli txiki batzuk ematen dituzte haren bueltan, behin eta berriz, azpiak eta gainak begiratuz. Gero, lehen zeuden postura berean ipintzen dira, mantaz estaliak.)

 

estragon: Sikiera erreka bat balego hemen.

 

vladimir: Halako lurretan ez duk egoten, normalean.

 

estragon: Non eta.

 

vladimir: Horixe. Non eta.

 

estragon: Tira. Itxi ditzagun begiak. Ea loak harrapatzen gaituen.

 

vladimir: Bihar eta abar eta abar.

 

estragon: Beldurrik ez, Vladimir?

 

vladimir: Zerena? Zeri? Nori?

 

estragon: Piztiei, gizon gaiztoei, ekaitzari. Zain gauden bitartean.

 

vladimir: Batek lo egiten duen bitartean, besteak zaintzaile-lanak egin zitzakek. Zer iruditzen?

 

estragon: Hik uste?

 

vladimir: Hobe, bai. Landa-lur hau oso aparte zagok.

 

estragon: Eta babes bat bilatuko bagenu? Babesleku bat, esan nahi nikek.

 

vladimir: Oraintxe aztertu diagu inguru-minguru guztia. Badakik ez dagoela ezer. Bakarrik gaudek munduan, Estragon.

 

estragon: Bale. Hik badiok.

 

vladimir: Hik egin ezak lo, eta nik egingo diat zaintzaile-lana. Eta gero, alderantziz egingo diagu.

 

estragon: Ez zeukaat logalerik. Beste egun batean egingo diat lo.

 

vladimir: Baina lo egin behar diagu! Bestela flakiak joko gaitik!

 

estragon: Ixo! Entzun duk soinutxo hori? Hor atzean.

 

vladimir: Sahatsa duk. Esango nikek.

 

estragon: Hortxe nonbait. Basakaturen bat akaso. (Adi-adi jartzen dituzte berriz belarriak)

 

vladimir: Irudipenak besterik ez, lagun. Basakaturen bat akaso.

 

estragon: Bai, egia. Egin dezagun lo. Ahal badugu. On egingo ziguk.

 

vladimir: Nik ez zaukaat, ordea. Logalerik, esan nahi diat.

 

estragon: Neuk ere ez.

 

vladimir: Ilargi ederra zagok.

 

estragon: Argi gehiegi egiten dik lokar gaitezen.

 

vladimir: Halako argiarekin ez zagok lo egiterik.

 

estragon: Eta orduan zer egin zezakeagu? Luze joaten dituk hemen orduak.

 

vladimir: Esperoan.

 

estragon (berriz ipintzen ditu belarriak adi-adi): Entzun duk soinutxo hori, Vladimir? Hor atzean norbait zabilek.

 

vladimir: Sahatsa duk. Esango nikek. Ea, ea zerbait entzuten dudan.

 

(Zuhaitzaren atzetik gizaseme bat azaltzen da. Traje beltza eta onddo-kapelu beltza. Herrenka apurņo bat egiten du. godot da. Bankura hurbildu eta onddo-kapelua kentzen du agur gisa.)

 

godot: Gabon, jaunak! Gau ederra dago-eta!

 

vladimir: Gabon, jauna. Nor zaitugu, atrebentziarekin?

 

estragon: Gabon, jauna. Bai, nor zaitugu?

 

godot: Nahiago hika.

 

vladimir: Hika, zuka edo berorika? Guri berdin liguke.

 

godot: Ez, jaunak. Nahiago hika, mesedez.

 

estragon: Guri ere bai, orduan. Egin dezagun hika.

 

godot: Godot nauk.

 

(vladimir eta estragon harri eta zur gelditzen dira. Goitik eta behetik begiratzen diote. Usaindu egiten dute. Gorputza ukitzen diote. Korrika-saioak egiten dituzte. Soinketa apur bat ere bai. Gero, adeitasun handiz, godoti bankuan esertzeko esaten diote. godot eseri egiten da, eta vladimir eta estragon alde banatan esertzen zaizkio poliki-poliki. Mantaz estaltzen dira hirurak.)

 

vladimir: Azkenean etorri haiz!

 

estragon: Egunak eta gauak pasa ditiagu hire zain!

 

godot: Nire zain? Ez nekian ezer.

 

vladimir: Bai ba. Hire zain egoteko agindu zigutean.

 

estragon: Eta halaxe egon gaituk, hire zain, hemendik mugitu ere egin gabe.

 

godot: Bide handia zagok honaino.

 

vladimir: Bai, hau oso aparte zagok.

 

estragon: Landa-lur hau.

 

godot: Eta zergatik hemen? Hiria aproposagoa duk itxaroteko.

 

vladimir: Egia. Aproposagoa.

 

estragon: Humanoagoa.

 

godot: Hemen ez zagok ezer. Hutsa. Hustasun erabatekoa.

 

vladimir: Sahats bat. Gainerakoan, deus ez.

 

godot: Eta orduan?

 

estragon: Orduan zer?

 

godot: Zergatik zaudete hemen?

 

vladimir: Ezin diagu mugitu. Hankak, badakik. Belaunak. Mina orkatiletan.

 

godot: Ezin eragin.

 

estragon: Askotan gertatzen zaiguk. Nahi eta ezin.

 

vladimir: Beraz, salbatuta gaudek, Gogo.

 

estragon: Beraz, salbatuta gaudek, Didi.

 

godot: Nortzuk dira Gogo eta Didi?

 

vladimir: Ni Didi nauk. Batzuetan.

 

estragon: Ni Gogo nauk. Batzuetan.

 

godot: Ni Godot nauk. Plazer bat.

 

vladimir: Baina Godot-Godot?

 

estragon: Hori, hori: Godot-Godot?

 

godot: Bai. Tira, baietz esango nikek. Gauzak ez dituk beti izaten diruditen bezalakoak. Baina, bai, ni beti Godot izan nauk. Etxean eta. Beti Godot. Horrek ez dik esan nahi beste Godotik ez dagoenik munduan, noski. Izanen dituk. Izanen dituk. Izan ere, hainbeste jende bizi gaituk mundu mixerable honetan, ezen...

 

estragon: Ezen.

 

vladimir: Ezen.

 

godot: Beraz, nire zain. Eta orain zer egin behar diagu eremu latz bakarti honetan?

 

estragon: Hotz egiten dik.

 

vladimir: Hotz handia ere esango nikek.

 

godot: Beraz, nire zain.

 

estragon: Godot bahaiz, bai. Bestela, ez.

 

vladimir: Ondo esana, lagun. Baldin bahaiz, bai. Bestela, ez.

 

godot: Zentzua dik esaten duzuenak. Ez baldin banauk, nola izanen nauk?

 

estragon: Gu salbatzera etorria. Ez baldin bahaiz gure Godot, izan haiteke kakabero bat.

 

(godotek irri-karkara egiten du; gero, hirurek.)

 

vladimir: Egin dezagun froga ttiki bat.

 

estragon: Ongi esana, Vladimir.

 

godot: Prest nagok. Jatekorik bai? Gose nauk.

 

vladimir: Deus apurrik ez. Urrun gaudek.

 

estragon: Begira ezak patriketan, Vladimir. Igual oraindik baduk zerbait.

 

(vladimirrek, zutiturik, patrika guztietan begiratzen du. Hiruzpalau aldiz begiratzen du patrika bakoitzean. Tarte oso luzea pasatzen du zereginean. Ez du ezer aurkitzen. Azkenean, patrika batetik, bi porru luze ateratzen ditu. Bat godoti eskaintzen dio, bestea estragoni. Eseri egiten da atzera berriro.)

 

godot: Ondo. Bi porru eder. Baina hiru gaituk.

 

estragon: Egia. Orain hiru gaituk.

 

vladimir: Nik ez zaukaat goserik. Jan lasai.

 

godot: Hori ez duk kontua. Banatu egin beharko genitizkek.

 

estragon: Ondo esana, Godot. Banatu.

 

vladimir: Nik ez zaukaat goserik. Jan lasai.

 

godot: Ez ba! Banatzea lukek egokiena.

 

estragon: Ez zaukaagu labanarik ordea.

 

godot: Orduan ezin diagu.

 

vladimir: Hortzekin. Puskaka. Kolpeka ere bai.

 

estragon (porruak txiki-txiki egiten ditu hortzekin): Hara hor porruak txiki-txiki eginda. Jan ditzagun guztion artean.

 

vladimir (porruak janez hasten dira): Bai goxoak! Porruak ziruditek.

 

godot: Porruak dituk. Jan ditzagun denon artean.

 

estragon: Bai goxoak! Porruak ziruditek! (Porru puska guztiak amaitzen dituzte)

 

vladimir: Oi, penaren handia! Bukatu ditiagu guztiak.

 

estragon: Eta orain zer egingo diagu? Ilargi ederra zagok.

 

godot: Laster argituko dik.

 

vladimir: Eta orduan hobeto ikusiko ditiagu gauzak.

 

estragon: Hemen ez zagok ikusteko handirik.

 

godot: Baina, hala ere.

 

vladimir: Barruko gauzak. Zer egin behar dugun.

 

estragon: Eta orduan hi zertara etorri haiz, Godot?

 

vladimir: Godot baldin bahaiz. Esan nahi nikek, guk espero dugun Godot.

 

godot: Neu nauk Godot, bai. Baina ez akaso zuek espero zenuten hura. Hori ez zagok jakiterik.

 

estragon: Egia.

 

vladimir: Baina hi gu salbatzera etorri haiz, lagun?

 

godot: Ez zakiat. Balitekek. Baina salbamenak aurpegi asko ditik.

 

vladimir: Jakina. Ez gaituk hain tontoak.

 

godot: Eta orduan? Kontu-hartzen ari zarete etorri naizenetik. Aspertu nauk ja.

 

vladimir: Gu bai aspertu garela hire esperoan.

 

estragon: Ia geure buruez beste egin genian atzo.

 

vladimir: Herenegun.

 

estragon: Hortik atera kontuak. Baina ez guri.

 

vladimir: Sokarik ez genuelako. Bestela, akabo.

 

godot: Neuk ere gauza bera egin nahi izan nian atzo edo herenegun. Ikusten zuhaitz hori?

 

vladimir: Sahatsa duk. Ziur aski.

 

godot: Ba hortik zintzilikatu nahi izan nian neurea. Baina sokarik ez.

 

estragon: Zoroak hartzen gaitik batzuetan.

 

(vladimir bankutik altxa, eta hiru korrikaldi egiten ditu eszenategiak daukan zabalera guztian. Gero pinuarena egiten du. Berriro bankuan eseri eta mantaz estaltzen dira hirurak.)

 

estragon: Eskerrak une hauek ere baditugun. Bestela bizitza eramangaitza lukek. Eskerrak une hauek ere bizi ditugun.

 

godot: Ba nik, barkatu atrebentzia, ez zioat batere graziarik ikusten Vladimirrek egin duenari.

 

estragon: Ez? Nolatan ba?

 

godot: Ez nikek azaltzen jakingo. Barkatu.

 

estragon: Tira. Ulertzen diat.

 

godot: Nolanahi ere, eta nire zeren guztien gainetik, oso izan duk barregarria.

 

vladimir (haserre samar): Ez duk barre zipitzik ere egin ba!

 

godot: Barrutik. Eta berriz egitea gustatuko litzaidakek. Ahal balitz, noski.

 

vladimir: Orain ez diat nahi ba!

 

estragon: Mesedez, Didi, egin ezak berriro.

 

godot: Pinuarena, bederen.

 

vladimir: Ezetz esan diat ba! Oso nekagarria duk!

 

estragon: Tira, Didi, behin baino ez. Inork ez dik pinuarena egiten hik bezala.

 

vladimir: Hik uste?

 

estragon: Zalantzarik gabe.

 

(vladimir bankutik jaiki, bankuari lau itzuli eman, eta pinuarena egiten du denbora luzez. Gero, bankuan eseri eta mantaz estaltzen da.)

 

godot: Oi, oi, oi! Zoragarri. Bertikaltasun guztizkoz. Eta hogei minutuz. Inoiz ez nian ikusi halako zirku-ekintza zirraragarririk.

 

vladimir: Mila esker. Egon nintekean denbora luzeagoz, baina ez duk komenigarria: odolez murgiltzen duk garuna.

 

estragon: Oso ondo egin duk, Vladimir. Zorionak.

 

godot: Ondo bezain alferrik, hori lehenago esan dizuet. Eta hala ere zoragarriro.

 

estragon: Eta orain?

 

vladimir: Zer, Gogo?

 

estragon: Nahastua nagok. Hotz zagok. Ez zeukaagu jatekorik. Hementxe gaudek, landa-lur honetan, bakar-bakarrik. Eta ez zakiagu zer egin.

 

vladimir: Lasai, lagun. Etorriko dituk garai hobeak.

 

godot: Ni neu ere hemen nagok, zeuen magalean.

 

vladimir: Beraz, nola edo hala, salbatuta gaudek.

 

estragon: Bai, nola edo hala.

 

godot: Gauza bat aitortu behar dizuet, adiskideok.

 

vladimir: Hobe ilargia desagertzen denean.

 

estragon: Bai, hobe oilaritearekin batera.

 

godot: Ez zakiat eutsi ahal izanen diodan.

 

vladimir: Kanta dezagun bitartean.

 

estragon: Gau-ilun zagok.

 

godot: Egia. Orain ezin diagu. Debekatuta zagok.

 

vladimir: Baina hemen ez zabilek inor.

 

estragon: Igual gurdiren bat pasa litekek halako batean.

 

godot: Zergatik ez. Egia.

 

vladimir: Orduan egin dezagun lo.

 

godot: Baina gutxi falta duk oilariterako.

 

estragon: Merezi du orduan?

 

godot: Ez, ez dik merezi.

 

vladimir: Hala ere, saiatu egin beharko genikek.

 

godot: Arrazoi duk, Vladimir. Saia gaitezen ba.

 

(Bankuan ahalik eta erosoen ipintzen saiatzen dira. Mantak doi-doi estaltzen ditu hirurak. Begiak ixten dituzte. Ez dute posturarik hartzen. Berriz saiatzen dira. Begiak ixten dituzte. Deseroso daude hirurak. Berriz saiatzen dira. Behin eta berriz saiatzen dira.)

 

estragon: Ezinezkoa duk. Mantarengatik duk.

 

godot: Ni ilargiak molestatzen naik.

 

vladimir: Egurra oso gogorra duk.

 

estragon: Eta lurrean etzango bagina?

 

godot: Piztiak.

 

vladimir: Sugeak, onagroak, fitozooak, golemak, izaki kosmogonikoak.

 

godot: Egia. Horiek denak adi-adi ditiagu, Estragon. Lurraren altzoan.

 

estragon: Neuk ez diat gauza horietan sinesten.

 

vladimir: Gaixoa.

 

godot: Errukarria.

 

vladimir: Eta ergeltxoa ere bai, jakina.

 

godot: Zuhaitz horren atzean egon litezkek, atezuan.

 

vladimir: Sahatsa duk, segur aski.

 

estragon: Ba orduan joan gaitezen hemendik.

 

vladimir: Hain erraza balitz.

 

estragon: Baina Godot etorri zaiguk!

 

vladimir: Baina zein Godot, Gogo? Gurea ala beste bat?

 

estragon: Berak esan beharko dik.

 

godot: Neuk esan? Neuk gauza bat baino ez zakiat.

 

estragon: Bota ba.

 

godot: Hona etortzeko agindu zidatean.

 

estragon: Gu salbatzera?

 

godot: Ez zakiat ba! Itxarotera, agian.

 

estragon: Eta nori itxaron behar diok ba hik?

 

godot: Athor delako bati.

 

vladimir: Athor delako bat?

 

godot: Bai. Horixe duk guztia.

 

estragon: Eta ezagutzen duk?

 

godot: Nola ezagutuko diat ba!

 

vladimir: Eta hauxe duk lekua? Itxaroteko lekua, esan nahi diat?

 

godot: Hauxe, bai. Zuhaitz bat zegoela esan zidatean.

 

vladimir: Sahatsa.

 

estragon: Orduan hi ez haiz gure Godot.

 

godot: Eta nik zer zakiat ba!

 

vladimir: Baina guk hire esperoan pasa ditiagu gauak eta egunak!

 

godot: Ba hementxe nagok, agindutako lekuan.

 

vladimir: Baina hi haiz Godot-Godot? Gure Godot, alegia?

 

godot: Eta nolakoa da zuen Godot-Godot?

 

estragon: Ez diagu ezagutzen-eta!

 

godot: Trajeduna da?

 

estragon: Auskalo.

 

godot: Begi urdinak ditu?

 

estragon: Auskalo.

 

godot: Onddo-kapelua darama?

 

estragon: Auskalo?

 

godot: Handia da, txikia da, bizarduna?

 

estragon: Auskalo.

 

godot: Ea ba orain: hanka-paloa da?

 

estragon: Auskalo.

 

godot: Horixe esan behar nizuen oilaritea heltzearekin batera: hanka-paloa naizela. Konturatzen zarete? Godot hanka-palo bakarra nauk munduan. Ez zagok besterik. Horixe duk nire ikur eta ezaugarri nagusia. Esan zizueten zuen Godot hura hanka-paloa zela? Igual neu nauk zuek espero zenuten Godot. Hanka-paloa zen?

 

estragon: Ez zigutean halako argibiderik eman, ez. Soilik esan zigutean egoteko esperoan, azalduko zela halako batean. Sahats honen ondoan itxaroteko.

 

godot: Orduan kasik seguru ez naizela neu itxaroten duzuen Godot. Sentitzen diat.

 

estragon: Zergatik?

 

godot: Ez zakiat. Ez nagok seguru.

 

vladimir: Beraz hi ere itxarotera etorri haiz.

 

godot: Halaxe duk, bai. Athor delako bati.

 

estragon: Eta noiz da etortzekoa?

 

godot: Laster. Bidean behar dik jada.

 

vladimir: Guri ere gauza bera esan zigutean. Eta hara.

 

godot: Mutiko bat etorri zen mandatuarekin?

 

estragon: Bai. Atzo. Herenegun.

 

godot: Orduan ez zagok zertan kezkatu.

 

vladimir: Oso baikor ikusten haut, Godot. Guri gauza bera esan zigutean eta oraindik esperoan gaudek.

 

godot: Noren esperoan?

 

vladimir: Godoten esperoan.

 

estragon: Eta izango balitz ez gaudela Godoten esperoan, Athorren esperoan baizik, Didi?

 

vladimir: Athorren esperoan?

 

estragon: Bai, Godot bezalaxe.

 

vladimir: Hik uste duk ez dugula mandatua ongi ulertu?

 

estragon: Izan litekek. Izan litekek.

 

vladimir: Bai, egia. Izan litekek.

 

estragon: Akaso ez genitian gauzak zuzen ulertu.

 

vladimir: Izan ere gor samarrak gaudek biak ala biak.

 

godot: Adinaren kontuak.

 

vladimir: Beraz, eta oker ez bagaude, orain hiru gaituk esperoan gaudenak.

 

godot: Hala zirudik, bai.

 

estragon: Athorren esperoan, beraz.

 

vladimir: Gauzak berriz gaizki ulertu ez baditugu, behintzat.

 

estragon: Hi seguru hago, Godot?

 

godot: Zertaz?

 

estragon: Eman diaten mandatuaz?

 

godot: Ezinago ziur.

 

vladimir: Orduan kasik segurua duk hi ez haizela gure Godot.

 

godot: Ez, ez nauk. Ni Godot hanka-paloa nauk.

 

estragon: Eta orain?

 

vladimir: Ba itxaron egin beharko diagu puska batean, Gogo.

 

estragon: Ba bien bitartean zapatak askatu eta lotu egingo ditiat. (Horixe egiten du bospasei aldiz)

 

vladimir: Eta hik ez daukak kapelu polit horretan ezer jatekorik, Godot?

 

godot: Ez, jatekorik ez. Lehen bizikleta gordetzen nian, baina hanka moztu zidatenetik ez diat gordetzen.

 

vladimir: Eta zergatik moztu ziaten ba hanka, atrebentziarekin?

 

godot: Gurdi batek harrapatu nindian.

 

vladimir: Pena!

 

estragon: Hemendik ez duk bakar bat ere pasatzen. Oso aparte zagok lur-mutur hau.

 

godot: Ondo moldatzen nauk, hala ere. Mila esker.

 

vladimir: Eta non izan zen?

 

godot: Zer izan, Didi?

 

vladimir: Istripua.

 

godot: Mahats biltzen. Miarritzeko partean.

 

vladimir: Gu ere han ibili gintuan! Ez duk hala, Estragon?

 

estragon: Halaxe duk bai. Ez behin edo bitan, gainera.

 

vladimir: Hirutan eta lautan ere bai, esango nikek.

 

godot: Ba orduan seguru elkar ezagutzen dugula. Nik ere urte asko pasa nitian bertan.

 

vladimir: Miarritzeko partean, mahats biltzen?

 

godot: Bai, bai, bai.

 

estragon: Orduan seguru elkar ezagutzen dugula.

 

godot: Nola izena duzue zuek?

 

vladimir: Nik, Vladimir.

 

estragon: Nik, Estragon.

 

godot: Orduan ez zagok dudarik: elkarrekin ibili gintuan mahats biltzen.

 

estragon: Egia! Orain akordatzen nauk.

 

vladimir: Egia! Orain akordatzen nauk.

 

(Apurka-apurka ilargia desagertu eta eguzkia azaltzen da. Oilar batek kukurruku egiten du urrutian. Bankutik altxatzen dira hirurak. Manta kontu handiz tolesten dute, behin eta berriz, behin eta berriz. estragonek zapatak askatu eta lotzen ditu; godotek hanka-paloa kentzen du eta ume bat balitz bezala besarkatzen du; vladimirrek galtzak erantzi eta buruz behera jartzen ditu ea bertatik jatekorik zerbait erortzen den.)

 

estragon: A zer hiru piura.

 

vladimir: A zer hiru gizajo.

 

godot: A zer hiru dohakabe.

 

estragon: Eta zer egin behar diagu orain?

 

vladimir: Eta zer egin behar genikek, ba?

 

godot: Gauzak oso aldapa gora jartzen ari zaizkiguk.

 

(estragonek zapatak lotzen ditu; godotek hanka-paloa jartzen du; vladimirrek galtzak janzten ditu. Gero, hirurak bankuan esertzen dira.)

 

estragon: Kontaiok hura, Vladimir.

 

vladimir: Zer kontatu behar zioat, Estragon?

 

estragon: Neure burua ibaira bota nuenekoa.

 

vladimir: Zertarako?

 

estragon: Denbora galdu alde, gizona.

 

vladimir: Mahats biltzen genbiltzaan eta halako batean Estragonek bere burua bota zian ibaira. Neuk arrantzatu hindudan uretatik.

 

estragon: Egia. Bestela, akabo.

 

godot: Neuk ere saio bera egin nian. Baina ez han, beste ibai batean baizik.

 

estragon: Zein ibaitan, Godot?

 

godot: Ez zian izenik. Hor zehar zegoen batean.

 

estragon: Eta hi ere arrantzatu egin hinduten.

 

godot: Bai. Bestela, akabo.

 

vladimir: Ez ninduan ni izango hire arrantzalea, ala?

 

godot: Akaso bai. Ez nauk ongi akordatzen. Oso gau iluna zuan.

 

vladimir: Tira, nolanahi ere, kontu zaharrak dituk horiek.

 

estragon: Nire jantziak eguzkitan lehortu zituan.

 

godot: Baita neureak ere.

 

vladimir: Tira, utz diezaiogun tema horri. Hortik ez gaituk inora iritsiko.

 

estragon: Baina ongi zagok tarteka-marteka kontu zaharrak oroitzea.

 

godot: Oroimena gaituk.

 

vladimir: Neurri handi batean.

 

estragon: Horrexegatik zakiagu Athorren zain gaudela.

 

vladimir: Lehen Godot zuan, orain Athor duk.

 

estragon: Eta hauxe ote da lekua?

 

godot: Sahats batean ondoan esan zitean.

 

vladimir: Egia.

 

estragon: Horrek asko lasaitzen naik. Zuek?

 

vladimir: Gu ere lasai gaudek, Gogo.

 

godot: Gu ere lasai gaudek, Gogo.

 

estragon: Baina, eta hala ere hau ez balitz lekua?

 

vladimir: Izango ez duk ba!

 

godot: Izango ez duk ba!

 

vladimir: Ez al zuen mutikoak mandatua ekarri? Hola eta hola eta halako eta halako?

 

estragon: Bai.

 

vladimir: Orduan?

 

godot: Neuri ere gauza bera esan zidaan: hola eta hola eta halako eta halako. Literalki halaxe.

 

estragon: Lasaiago gelditzen nauk orduan.

 

vladimir: Ezin gaitezkek hiru pertsona oker egon, Gogo. Ezinezkoa duk.

 

godot: Guztiz.

 

estragon: Noski. Baina lekua ere ez duk normalena.

 

godot: Zertarako?

 

estragon: Itxaroteko.

 

godot: Makina bat izanen dituk munduan hau baino bitxiagoak.

 

vladimir: Makina bat, bai.

 

estragon: Baina, hala ere.

 

godot: Gainera, hiria jendez gainezka zagok.

 

vladimir: Hau leku ederra duk itxaroteko, Gogo.

 

estragon: Tira, ba itxaron dezagun orduan.

 

(Hirurak elkarri begira gelditzen dira, mutu. Isilune luzea. Hirurak bankutik altxa eta eszenatokia zeharkatzen dute alderik alde, behin eta berriz, pentsakor. Gero, berriz esertzen dira.)

 

estragon: Gauza bat pentsatu diat.

 

godot: Neuk ere bai.

 

vladimir: Eta neuk.

 

estragon: Uste diat hobe nor bere gisa egon izan bagina. Ez gaituk hirurok bide bererako eginak. Ustez.

 

godot: Zer dela eta uste hori?

 

estragon: Ez zakiat. Baina akaso elkarrengandik bananduko bagina.

 

vladimir: Ez duk ziur hori.

 

estragon: Ez duk ziur, ez. Baina probatzearekin.

 

godot: Oker hagoela uste diat, Estragon.

 

estragon: Zergatik?

 

godot: Otsoak.

 

vladimir: Ondo esana, Godot. Otsoak.

 

estragon: Bai.

 

godot: Eta otsoak esaten dudan bezala, esan zezakeat hartzak, basapiztiak, ehiztari maltzurrak. Zerrenda amaigabea lukek.

 

vladimir: Leku bakartia duk hau, Gogo, baina ez horregatik lasaia. Edo alderantziz.

 

estragon: Ulertzen diat.

 

godot: Beraz, hobe diagu elkarrekin egon.

 

vladimir: Konpainia noblean.

 

estragon: Gurdi bat pasako balitz sikiera.

 

vladimir: Bai, tarteka-marteka.

 

godot: Neuk ez diat gurdirik ikusi nahi nire begien bistan. (Negar-hipaka hasten da)

 

estragon: Barkatu, Godot. Ez nauk konturatu.

 

vladimir: Igual neuk txikituko nian hanka.

 

godot: Zergatik diok hori?

 

vladimir: Geu ere mahats biltzen ibili ginelako Miarritzeko partean.

 

godot: Baina hik ez huen gurdirik gidatzen, ala?

 

vladimir: Ez nauk akordatzen. Ezetz esango nikek, baina akaso ibiliko ninduan, bai.

 

godot: Ibili bahintzen, posible duk. Ez bahintzen ibili, ez duk posible.

 

vladimir: Tristea duk gauzez ez akordatzea.

 

estragon: Neu behintzat ez.

 

godot: Zer diok, Gogo?

 

estragon: Neu ez nintzela gurdia gidatzen ibili.

 

godot: Ziur hago?

 

estragon: Bai, bai. Lepoa egingo nikek.

 

vladimir: Pena sokarik ez izatea.

 

estragon: Hik ez duk edukiko?

 

godot: Zer, Gogo?

 

estragon: Soka puska bat. Geure buruez beste egiteko.

 

godot: Ez, ez zaukaat.

 

vladimir: Eta hire hanka-paloarekin nolabait ere…

 

godot: Ezinezkoa duk. Guztiz.

 

estragon: Beraz, hemen jarraitu beharko diagu, hirurok elkarrekin, Athorren esperoan.

 

vladimir: Edo mutikoaren esperoan. Beste mandatu batekin etor litekek.

 

godot: Dena duk posible.

 

vladimir: Egin behar duguna duk ez etsi.

 

godot: Etsiko bagenu, hilda geundekek.

 

vladimir: Ez zagok besterik, itxaron egin beharra zagok.

 

estragon: Bai, baina zenbat denboraz?

 

vladimir: Hori probidentziak esanen dik.

 

godot: Eta mutikoak. Etortzen bada.

 

vladimir: Bestela ez gaituk salbatuko, Gogo.

 

estragon: Tira, ez zakiat.

 

godot: Ongi atsedenduak gaudek, ez gaudek hain gaizki.

 

estragon: Hi geroago etorri haizelako, hara bestea!

 

godot: Baina neu ere ondotxo nekatu nauk honaino etortzen, zer uste duk!

 

vladimir: Hanka-palo, txorimalo!

 

(Bat-batean barrez lehertzen dira hirurak. Sorbaldan jotzen dute elkar, espantu handiak eginez. estragon lurrera botatzen da sabelari eutsiz. godotek hanka-paloa kentzen du eta harekin tronpeta joko balu bezala egiten du. vladimirrek hanka-paloa kendu, eta harekin biolinarena egiten du. godotek hanka ipintzen du berriro eta estragon bankuan esertzen da. Eguzkiak gogor jotzen du orain.)

 

estragon: A zer festa!

 

godot: Umorea behintzat ez dezagula gal.

 

estragon: Kakabizitza honetan behar-beharrezkoa duk umorea.

 

vladimir: Ongi diok, Estragon. Nik uste.

 

godot: Neuk ere baietz uste diat.

 

estragon: Nola ba bestela? Honezkero elkar hil genian.

 

vladimir: Esperoan egoteak gizakiaren ostropikotoak jartzen ditik frogan.

 

godot: Hirurok elkarrekin hobe. Dudarik ez zagok.

 

estragon: Bero zagok, izugarria. Hemen urtu egingo gaituk.

 

vladimir: Ba joan gaitezkek sahatsaren azpira. Itxaroten dugun bitartean.

 

godot: Baina ezin diagu mugitu.

 

estragon: Saia gaitezen gutxienez.

 

(Hirurak bankutik altxa eta mugitzen saiatzen dira, baina ez dira mugitzen. Berriz saiatzen dira, lehen baino indar handiagoz. Alferrik. Ostera bankuan esertzen dira, izerdi patsetan.)

 

vladimir: Bai gauza arraroa. Esango nikek orain gutxi alderik alde ibili garela antzeztoki honetan.

 

estragon: Ziur hago, Didi?

 

vladimir: Ez guztiz, baina baietz esango nikek.

 

godot: Joanak joan. Kontua duk orain ezin dugula sahatsa jo. Eta hemen urtu egingo gaituk, deskuidatuz gero.

 

estragon: Izan ere, beroa.

 

vladimir: Bero handia, bai.

 

godot: Eta manta jarriko bagenu gainetik itzalkin baten gisara?

 

estragon: Ez ezak ergelkeriarik esan, mesedez.

 

godot: Ez duk ergelkeria bat. Saiatzearekin.

 

vladimir: Ez diagu ezer galtzen, Gogo.

 

estragon: Egia.

 

(Manta ipintzen dute hirurek burutik behera. Halaxe gelditzen dira puska luze batean.)

 

godot: Zer moduz horrela?

 

vladimir: Ondo. Hobeto.

 

estragon: Hil egingo gaituk lipotimia batek jota.

 

godot: Hik uste?

 

estragon: Ni behin ia hil ninduan lipotimia batek jota.

 

vladimir: Ez didak halako konturik sekula kontatu, Gogo.

 

estragon: Geroxeago kontatu behar nian. Gau aldera.

 

godot: Eta orduan zer konponbide ematen diguk?

 

estragon: Nik uste onena biluztea dela. Trajeok kentzea.

 

vladimir: Den-dena kentzea.

 

godot: Barruko arropa tarteko.

 

estragon: Zenbat eta biluziago, orduan eta freskoago.

 

vladimir: Axioma zuzena.

 

godot: Eta ez al ziguk lotsarik ematen?

 

estragon: Lotsa, lapurtzeko eta hurkoa hiltzeko.

 

vladimir: Ondo esana, Estragon.

 

godot: Beraz, egin dezagun.

 

vladimir: Bai, egin dezagun.

 

estragon: Noski, egin dezagun.

 

godot: Denak batera, hobe.

 

vladimir: Arrazoi duk, Godot.

 

estragon: Bai, hobe hirurok batera.

 

godot: Eta bitartean norbait azaltzen bada?

 

vladimir: Oi, norbait azaltzen baduk!

 

estragon: Beroz akabatzen ari garela esango zioagu.

 

godot: Nahikoa ote horrekin?

 

vladimir: Ez zakiat. Ez zaidak oso arrazoi indartsua iruditzen.

 

estragon: Esan ziezaiokeagu Athorren zain gaudela, besterik gabe.

 

godot: Sinetsiko ote digu?

 

vladimir: Bai, besterik gabe sinetsiko ote digu Athorren zain gaudela?

 

estragon: Nik baietz esanen nikek. Hain arraroa al da ba?

 

godot: Egia. Ez duk batere arraroa.

 

vladimir: Eta gainera esan ziezaiokeagu ezin dugula sahatsa jo, sahatsaren itzalera hurbildu.

 

estragon: Eta hala ere eragozpenen bat jarriko balu, ba jo-eta hil egin zezakeagu.

 

vladimir: Egia. Inor ez lukek enteratuko.

 

godot: Izan ere, hemendik ez baita inoiz inor pasatzen.

 

estragon: Eta pasako balitz ere, gezurra esan zezakeagu.

 

godot: Athorren zain besterik ez gaudela eguzkipean.

 

vladimir: Biluzik.

 

godot: Horixe, biluzik.

 

estragon: Eta esan ziezaiokeagu, era berean, gurekin gelditu nahi badu, gogo onez eginen diogula lekutxo bat bankuan.

 

vladimir: Zergatik ez.

 

godot: Ondo esana.

 

estragon: Eta ez badu nahi, ba joan dadila etorritako bidetik.

 

vladimir: Noski. Gu ez gaudek jende arimagabea jasateko prest.

 

godot: Nahi badu, ongi; bestela bazakik nondik den bidea.

 

estragon: Tira ba.

 

vladimir: Bai.

 

godot: Has gaitezen.

 

estragon: Ondo esana, Godot.

 

vladimir: Tira ba.

 

godot: Aurreneko gauza horixe duk.

 

estragon: Zer?

 

vladimir: Nik uste manta kendu beharko genukeela gainetik.

 

godot: Aspaldi kendu genian, Vladimir. Hortxe zagok, ondo-ondo tolestua.

 

estragon: Bai bikain tolestua ere!

 

vladimir: Orduan ez zagok beste erremediorik.

 

(Hirurak bankutik altxa eta elkarri begira gelditzen dira, mugitzeke. Gero, itzuli batzuk ematen dituzte bankuaren inguruan, erlojuaren orratzen zentzu berean; gero, alderantziz. Horrela jarduten dute denbora puska batez, berriro bankuan esertzen diren arte.)

 

estragon: Zer egin dugu? Ez gaituk erantzi.

 

vladimir: Bero sapa zagok. Eramanezina.

 

godot: Horrexegatik ba.

 

estragon: Zer, Godot?

 

godot: Erantziz gero, eguzkiak erre egingo gintizkek. Nik uste.

 

vladimir: Eta horrexegatik ez gaituk erantzi, ala?

 

godot: Nik baietz esango nikek.

 

estragon: Baina biluztu egin behar genian; horixe zuan tratua.

 

vladimir: Tratua? Tratua, diok? Hemen ez zagok traturik batere!

 

estragon: Biluztekotan gelditu gintuan, oso oker ez banago.

 

godot: Bai, segur aski. Baina ez ditiagu baldintza guztiak kontuan hartu.

 

vladimir: Erretzekotan, hobe gaudek jantzirik.

 

estragon: Bai, baina deshidratatu egingo gaituk, konturatzerako.

 

godot: Hori ere egia duk. Egia handia gainera. Izan ere, ur pixka bat edan beharko genikek hobeto itxaroteko.

 

vladimir: Begira zezakeagu hor sahatsaren atzean. Akaso errekasto bat zagok hor gure zain.

 

estragon: Ez hadi hain inozoa izan, Didi.

 

vladimir: Barkatu.

 

godot: Gainera, ezin gaitezkek mugitu. Hori ere kontuan hartzeko zera duk, lagunok.

 

vladimir: Eta norbait pasako balitz, gainera.

 

estragon: Hori konpondu diagu lehen. Pasatzen bada, hil zezakeagu.

 

godot: Baina ez diagu labanarik, ez diagu sokarik, ez diagu eskopetarik. Eta orduan, nola?

 

estragon: Hiru gaituk. Ez ezak hori sekula ahantzi.

 

vladimir: Gainera, hemendik ez duk inor inoiz pasatzen. Eremu latza duk hau, nonbait eremu latzik balego.

 

godot: A zer katramila!

 

estragon: A zer bidegurutzea!

 

vladimir: A zer buruhaustea!

 

godot: Eta dena, zergatik?

 

vladimir: Eta dena, zergatik?

 

estragon: Athorren esperoan egoteagatik!

 

godot: Bai ba.

 

vladimir: Nolanahi ere den.

 

estragon: Bota.

 

vladimir: Hasieratik hasi beharko genikek, inondik ere.

 

godot: Hori eztabaidaezina duk.

 

estragon: Noski. Baina non dago hasiera?

 

vladimir: Ea. Ikusagun. Athorren zain gaudek, ez da hala?

 

godot: Halaxe gaudek, bai.

 

vladimir: Beraz, haren esperoan gaudenez, ez dakigunez noiz etorriko den, eta bero sargoria dagoenez, egokiena izango lukek ahalik eta erosoen itxarotea, bai?

 

godot: Ondo esan duk.

 

estragon: Eta?

 

vladimir: Ba orduan aurrena zein den egoerarik erosoena erabaki behar diagu.

 

godot: Itxaroteko.

 

estragon: Ez duk ezer berririk esan, Didi.

 

vladimir: Hik uste?

 

estragon: Dudarik gabe.

 

godot: Askotan kontu zaharrak errepikatu behar izaten dituk zibilizazio handiak martxan jartzeko.

 

estragon: Esadak bat.

 

godot: Orain ez zaidak bat-batean bururatzen, Gogo. Baina izango dituk.

 

estragon: Ez dezagun iparra gal, lagunok.

 

vladimir: Seguru hago, Estragon?

 

estragon: Bizirik nagoen bezalaxe!

 

vladimir: Beraz, gauzak halaxe badira, erosotasunarena ahantzi egin beharko genikek.

 

godot: Ez zakiat.

 

estragon: Zer daukagu eskuartean, laburbilduz?

 

vladimir: Egoera zail bat.

 

godot: Bero sapa jasanezina.

 

estragon: Eta ataka gaizto bat ere bai. Ba, orduan, pentsa dezagun une batez ataka gaizto hori nola gainditu.

 

vladimir: Gainetik edo azpitik, baina gainditu.

 

godot: Ondo esan duk, Vladimir.

 

estragon: Beraz, berandu baino lehen, pentsa dezagun zerbait.

 

(Hirurak Rodinen Pentsalariaren posturan ipintzen dira. Izerdi patsetan daude. Isilune luzea. Urrunean, zozo batek kantatzen du. Luze jarduten dute horrela, elkarri begiratu ere egin gabe. Gero, ohiko posturan esertzen dira, ikusleei begira.)

 

estragon: Bon, eta?

 

vladimir: Nik pentsatzen ari nintzela pentsatu nahi izan diat.

 

godot: Neuri haurtzaroa etorri zaidak burura.

 

estragon: Ba neuk ere ez diat ezer taxuzkorik pentsatu. Zerbait pentsatu beharra neukala baizik ez.

 

vladimir: Presioagatik duk.

 

godot: Posturagatik duk.

 

estragon: Beroagatik duk.

 

vladimir: Baina horrela ez zagok jarraitzerik. Eta abar.

 

godot: Ez zagok jarraitzerik, ez, baina hala jarraituko diagu gizaldi eta gizaldietan.

 

estragon: Non eta Athor ziztuan azaltzen ez den.

 

vladimir: Mutikoak esan zian azalduko zela.

 

godot: Neuri ere gauza bera esan zidaan.

 

estragon: Non eta gezurra esan ez ziguan.

 

godot: Non eta, non eta. Eutsi behar zioagu behingoz zezenari adarretatik.

 

vladimir: Baina ez diagu ezer itxurazkorik pentsatu.

 

estragon: Ba pentsatu egin beharko diagu, ezen inor ez baita etorriko gu laguntzera.

 

godot: Noski.

 

vladimir: Orduan, biluz gaitezen, eguzki gupidagabe honek jo-eta kiskal gaitzan aurretik.

 

estragon: Niri lotsa pixka bat ere ematen zidak, ez pentsa.

 

godot: Eta norbait pasatzen bada?

 

vladimir: Hemendik, gurdirik ere ez.

 

estragon: Nik ez diat ezer pentsatu. Presioagatik.

 

godot: Onena, hemendik alde egitea.

 

vladimir: Eta Athor?

 

godot: Beste lekuren batean bila gaitzakek.

 

vladimir: Eta ez bagaitu aurkitzen? Hil egingo gintuzkek esperoan.

 

godot: Egia. Barkatu. Ez duk berriz gertatuko.

 

estragon: Begira han urrutian.

 

(Hara begira jartzen dira hirurak, esku-babes. Zutitu egiten dira, bi itzuli ematen dituzte bankuaren inguruan, kantari. Atzera berriro eseri egiten dira.)

 

godot: Zer da ba!

 

vladimir: Laino bat zirudik.

 

estragon: Bai. Urrun zagok oraindik baina haizeak honantz jotzen dik. Iritsiko duk, eta euria ekarriko dik.

 

godot: Balitekek.

 

vladimir: Baikorrak izan behar diagu.

 

estragon: Euria egingo balu, askoz ere erosoago itxarongo geniokek Athorri.

 

godot: Biluztu behar izan gabe, esate bateko.

 

vladimir: Eta azalak erre gabe.

 

estragon: Izan gaitezen esperantzatsuak ba. Behin itxaroten jarrita, ordu batzuen gorabeherak ez gintizkek alditxartu behar.

 

godot: Harago.

 

vladimir: Tira, Godot, iritsiko duk.

 

godot: Nor?

 

vladimir: Hodeia ba.

 

godot: Athor baino lehenago ala geroago?

 

vladimir: Hori ez zagok jakiterik.

 

estragon: Ondo egongo lukek biak batera iritsiko balira.

 

godot: Hori bai oparia!

 

vladimir: Hori poza!

 

estragon: Beraz.

 

godot: Itxaron dezagun apurņo batean, bai.

 

vladimir: Bazatorrek, gainera. Lehentxeago muino haren gainean zegoan, eta orain muino honen gainean zagok. Oso oker ez banagok.

 

godot: Arrazoi duk, Didi. Horixe bera esatera nindoan. Muino batetik bestera mugitu duk, argi eta garbi.

 

estragon: Ez da izango irudikeria bat? Badakizue egoera zail eta behartuetan garunak engainatu egin gaitzakeela. Nire irudiko, ez duk batere mugitu.

 

vladimir: Nik baietz esango nikek ba. Erreferentzia hartua neukaan. Muino batetik bestera mugitu duk, Gogo.

 

estragon: Hobe hala bada. Baina ez zakiat.

 

godot: Bejondeiala ba!

 

estragon: Zer nahi duk esatea, Godot; nire irudiko ez duk amiņirik ere mugitu.

 

godot: Guk, aldiz, kontrakoa uste diagu.

 

estragon: Gainera, posible duk hodei horrek batere urik ez botatzea. Ikusi egin behar.

 

godot: Eta zergatik ez du botako ba?

 

estragon: Hara galdera txoroa! Zergatik, zergatik, zergatik! Eta nik zer zakiat! (Haserre-espantuz) Eta zergatik gertatzen dira gauzak? Zergatik gertatzen dira gauza batzuk eta beste batzuk ez? Zergatik botako du euria? Zergatik gaude Athorren esperoan? Eta zergatik ez da behingoagatik azaltzen? Zergatik?

 

godot: Ez hadi horrela jarri, gizona. Galdera bat besterik ez zuan.

 

vladimir: Zergatik?

 

godot: Zergatik zer?

 

vladimir: Zergatik egin duan galdera hori.

 

godot: Besterik gabe.

 

vladimir: Ondo egin duk, orduan.

 

estragon: Zergatik, zergatik, zergatik. Nekatuta nagok oraintxe!

 

godot: Eta zer orduan?

 

vladimir: Neuk biluztearena bazter utziko nikek betiko.

 

godot: Lotsagatik.

 

vladimir: Eta, deskuidatuz gero, gurdi bat eta abar.

 

godot: Eta azala kiskal diezagukeelako, noski.

 

estragon: Ba nik neuk ez diat ezer fundamentuzkorik pentsatu.

 

vladimir: Presioagatik, Gogo.

 

godot: Garunak estutzen ditiagu, eta horrela ez zagok biderik egiterik.

 

estragon: Eta ur pixka bat lortuko bagenu?

 

vladimir: Sahatsaren atzean-edo.

 

godot: Baina ezin diagu mugitu. Hankak gogortu zaizkiguk.

 

vladimir: Hiri, bakarra.

 

godot: Ondo esan duk, lagun. Niri bakarra.

 

estragon: Gurdi madarikatua!

 

godot: Ondo esan duk, lagun.

 

vladimir: Eskerrak guk gidatzen ez genuen.

 

estragon: Han ibili baikinen geu ere mahats biltzen, Miarritzeko partean.

 

godot: Bazakiat, bai. Akordatzen nauk zuekin. Esango nikek.

 

vladimir: Gu ere bai hirekin. Ziur esango nikek.

 

estragon: Han eta hemen. Patua lagun diagu, nolabait esatearren.

 

godot: Patu gaiztoa, batik bat. Lehen leher egin behar lanean; orain Athorren esperoan.

 

vladimir: Ez diagu bizimodu errazik izan, ez.

 

estragon: Begira dezagun aurrera, mesedez.

 

godot: Neuk uste diat azaltzeko zorian behar duela jada.

 

vladimir: Nork, diok?

 

godot: Athorrek.

 

estragon: Gure lainoak baino lehen? Trabesak ere egin genitzakek.

 

godot: Hobe halabeharra bakean uztea, nik uste.

 

estragon: Zerbait egite aldera esan diat, Godot. Ez serioski.

 

godot: Hobe horrela. Halabeharra oso izan litekek makurra bere umetxoekin.

 

(Isilune luzea. vladimir zutitu eta kantari hasten da ozenki.)

 

vladimir:

      Txakur batek behinola

      txistor bat osturik,

      ez zioten barkatu

      hezurrik osorik.

 

      Kanta dezagun hirurok batera. Bakarrik ezin diat. Bat, bi eta hiru.

 

(Hirurek batera kantatzen dute.)

 

hirurek:

      Txakur lagunek zuten

      biz-bizkor ehortzi,

      eta hobi gainean

      hitz hauek idatzi:

      txakur batek behinola

      txistor bat osturik,

      ez zioten barkatu

      hezurrik osorik.

      Txakur lagunek zuten

      biz-bizkor ehortzi…

 

vladimir: Bai ederki!

 

estragon: Hiru ahotsetara!

 

godot: Gogoan diat amaren magalean kantatzen nuela abesti hau.

 

vladimir: Amak kantatuko zian, ez hik.

 

godot: Bai, noski, amak. Barkatu.

 

estragon: Txakur batek behinola txistor bat osturik…

 

vladimir: Begira! Bazatorrek lainoa!

 

estragon: Athor baino lehenago, beraz.

 

godot: Urik botako balu sikiera. Askoz ere hobeto.

 

vladimir: Laster jakinen diagu.

 

(Hirurak, isil-isilik, laino beltz-beltzari begira gelditzen dira. Lainoa euren gainetik pasatzen da ur-tantarik ere bota gabe. Zeruan ez dago beste lainorik.)

 

estragon: Ez, ba.

 

vladimir: Gupida txiki hori ere ez dik zeruak izan gurekin. Madarikatuak gaudek!

 

godot: Ez jarri horrela, Vladimir maitea. Laster azalduko duk Athor, ikusiko duk.

 

vladimir: Ez diat jada ezer ikusi nahi!

 

estragon: Neuk ere ez!

 

vladimir: Bukatu da!

 

estragon: Bai, bukatu da!

 

godot: Ulertzen diat zuen etsimendua eta desesperoa, baina ez zagok beste erremediorik. Ez etsi, lagun kuttunok!

 

vladimir: Zoratzen ari nauk.

 

estragon: Erotzen ari gaituk.

 

vladimir: Honen esperoan, haren esperoan…

 

estragon: Salbatuko bagara…

 

godot: Ez gaituk bakarrak halaxe gaudenak mundu zabal honetan. Hori ere kontuan hartu beharko zenukete.

 

vladimir: Hik uste ez garela bakarrak, Godot?

 

godot: Nola izango gaituk ba bakarrak! Denak gaudek Athor baten esperoan!

 

estragon: Neuk ez diat besterik ezagutzen ba!

 

godot: Mundutik aparte hagoelako! Hara bestea!

 

estragon: Ez zakiat. Neuk ez diat kontua oso argi ikusten, Godot.

 

vladimir: Azken batean, Gogo, leku guztiak dituk txarrak itxaroteko!

 

estragon: Baina guri txarrenetan txarrena tokatu zaiguk! Zer dago hemen ba? Sahats horren atzean herio besterik ez!

 

godot: Joan gaitezkek ikustera.

 

vladimir: Igual errekasto garden bat dago!

 

(godot eta vladimir zutik jarririk, sahatsera hurbiltzen saiatzen dira, baina ez dira mugitzen. Bizpahirutan saiatzen dira, alferrik.)

 

vladimir: Kaka! Orain ere ezin diagu.

 

godot: Duk gauza bitxi bat, garunak gorputzari itzuri eginen balio bezala, ez zakiat nola esplikatu, hankak nahi dik baina buruak ez, gogoak nahi dik baina arimak ez, halako zer edo zer, nik uste.

 

vladimir: Ondo diok, Godot, ondo esan ere.

 

estragon: Akaso gure hobe beharrez duk.

 

vladimir: Izango ahal da!

 

godot: Izango ahal da!

 

estragon: Esan nahi diat akaso hobe dela ez bertaratzea, atzean ezkutuan gordean isilpean ostu-ostuka herio dagoelako nori atzaparrak bota, eta mugitzen ez garen bitartean onik salbu gaudek, eta horrexegatik ez zigutek hankek erantzuten.

 

vladimir: Izan liteke, bai.

 

godot: Ez da teoria batere txarra.

 

estragon: Hipotesia.

 

vladimir: Hipotesia, noski.

 

godot: Baina.

 

estragon: Zer, Godot?

 

godot: Izan litekeela beste aldera ere.

 

vladimir: Alde erantzira?

 

godot: Igual Athor zagok sahatsaren atzean gure zain, eta ezin diagu harengana iritsi.

 

estragon: Baina itxaroteko lekua hau da!

 

vladimir: Egia! Hau, eta ez hura!

 

godot: Bazakiat, bai. Baina akaso gauzak estuegi hartu ditiagu. Total, hamar metroren aldea baino ez zagok!

 

estragon: Eta gutxi al dira hamar metro, Godot? Mesedez!

 

vladimir: Ezin gaituk mugitu, eta ezin gaituk mugitu. Hortxe bukatzen duk kontua.

 

godot: Tira, ba itxaron dezagun orduan.

 

estragon: Hementxe? Gauden lekuan?

 

godot: Bai. Hauxe duk lekua, eta hemen itxarongo diagu.

 

vladimir: Ondo esan duk, Godot: hementxe.

 

(Isilune luzea.)

 

vladimir: Eta bitartean ariketak egingo bagenitu?

 

estragon: Itxaroten dugun bitartean?

 

godot: Zer-nolakoak?

 

vladimir: Mugimenduak.

 

estragon: Arintzeko ariketak.

 

vladimir: Lasaitzeko ariketak.

 

estragon: Jiratzeko ariketak.

 

vladimir: Arnasa hartzekoak.

 

estragon: Berotzeko.

 

vladimir: Hozteko.

 

estragon: Ahanzteko.

 

godot: Ea, ba. Zuek zaituztet maisu.

 

(vladimir saltoka hasten da. estragonek imitatu egiten du.)

 

vladimir: Aski! Aski! (Gelditu egiten da)

 

estragon: Uff! Neka-neka eginda nagok! Hau da izerdia botatzea! (Gelditu egiten da)

 

godot: Onena izanen diagu geldi-geldirik egotea.

 

vladimir: Izan ere, eguzkiak gogor jotzen dik oraindik.

 

estragon: Urik ere ez zeukaagu.

 

godot: Egon gaitezen ba lasai orduan.

 

vladimir: Laster ilunduko dik.

 

estragon: Ez zagok beste lainorik zeruan.

 

godot: Errekasto bat balego sikiera.

 

vladimir: Egarriz hiltzen ari nauk!

 

estragon: Egarriz hilko gaituk!

 

godot: Hor behar dik, hortxe, sahatsaren atzean. Eremu latz lehor lakatz gogor hauetan beti egoten duk errekaņoren bat.

 

vladimir: Hortxe behar dik, bai. Nik lehen entzun diat ur-hotsa.

 

estragon: Miarritzeko partean?

 

vladimir: Oi, ausaz han izango zuan, bai!

 

godot: Berriz saiatu beharko genikek, nik uste.

 

estragon: Zertan?

 

godot: Errekastoa jotzen.

 

estragon: Badakik ezin dugula, Godot.

 

godot: Zer galtzen dugu berriz saiatzearekin?

 

vladimir: Ezer ez genikek galduko, egiatan.

 

estragon: Ixo…! Eta, eta…

 

godot: Zer, Estragon?

 

estragon: Hara beste hipotesi hau: eta deskuiduan erreka joko bagenu, eta bitarte horretan, alegia gu ur-edaten ari garen bitartean, hemen Athor azalduko bahu? Banku honetantxe eseri, eta ez gaudela ikusiko balu, orduan zer gertatuko huke? Ziztuan alde egingo likek eta gu ez gintuzkek salbaturik egongo! Hori ere gerta litekek, ala?

 

godot: Gerta litekek, bai. Ondo esan duk, lagun. Baina joan gaitezkek bi errekara, eta bat geldi litekek hemen, zaindaritza lanetan; edo joan litekek bat errekara, eta bi hemen geldi gaitezkek zerak egiten. Hala, Athor etortzen bada, eta abar.

 

vladimir: Eta nor joango huke errekastora?

 

godot: Egin dezagun kukumikutan.

 

vladimir: Ondo iruditzen zaidak.

 

estragon: Ni ez nagok konforme ba. Uste diat hirurok elkarrekin egon behar dugula denbora guztian.

 

godot: Leku berean itxaroteko, bai, baina horrek ez dik esan nahi hirurok beti elkarrekin egon behar dugunik.

 

estragon: Seguru?

 

godot: Baietz esango nikek, baina orain zalantza sartu zaidak.

 

vladimir: Igual Estragonek arrazoi dik, lagun. Hemen bilarazi gaitik, hemen jarri ziguk hitzordua hiruroi batera, eta bat-batean etorri eta gutako norbait falta dela ikusiko balu, haserretu egingo lukek.

 

godot: Eta dena zapuztuko genikek!

 

estragon: Horrenbeste itxaron ondoren!

 

(Isilunea.)

 

vladimir: Eta orduan?

 

godot: Horixe duk kontua: eta orduan?

 

estragon: Ni nazkatu nauk. Banoak hemendik!

 

vladimir: Itxaron, Gogo. Ondo pentsatu behar ditiagu gauzak.

 

godot: Ondo ziok Vladimirrek, Gogo. Alde egitearekin zer konpontzen diagu, ba?

 

estragon: Eta gelditzearekin? Ni etsiak hartu naik jada.

 

vladimir: Ni ere bai.

 

godot: Eta ni. Baina ez duk beste askorik luzatuko, nik uste.

 

vladimir: Zer?

 

godot: Athorren etorrera.

 

vladimir: Eta sahatsaren atzean badago? Probatzearekin…

 

estragon: Aukera hori baztertua gelditu duk, Vladimir!

 

godot: Bai, hobe hirurok elkarrekin gelditzen bagara hemen bankuan goxo-goxo denak batera badaezpada ere gainera ezin diagu mugitu gainera ni hanka-paloa nauk eta gainera hauxe duk itxaroteko lekua horixe esan zian argi eta garbi mandatuarekin etorri zen mutilak itxaroteko hementxe sahatsaren ondoan laster azalduko zela Athor eta hemendik mugitzen bagara igual ez duk azalduko edo azalduko duk eta ez gaitik bertan aurkituko esperoan eserita goxo-goxo eta orduan ezingo genikek besarkatu ezingo likek gu besarkatu eta dena zapuztu izorratuko genikek… (Arnasa sakon hartzen du.) Horrexegatik beraz hobe hemen gelditzen bagara eutsi diezaiogun beste puskatxo batean goseari egarriari etsimenduari eskura zeukaagu saria aurki zatorrek gaua lo egingo diagu hirurok elkarrekin mantarik ere ez zaiguk falta orain banatzea nork bereari jarraitzea erokeria lukek erokeria galanta gainera atetan gaudek ezin diagu orain dena pikutara bota honaino iritsi ondoren zer inporta dik minutu ordu batzuen gorabeherak gure sinesmena sendoa duk harrizkoa duk eutsi egin behar zioagu beheraldiari tentaldiari bestela ez gaituk inoiz salbatuko alderrai haztaka norarik gabe ibili beharko diagu eternitate santu guztian han ibili ginen bezalaxe Miarritzeko partean itxaron dezagun ba beste puskatxo batean bazatorrek gaua bihar oilaritearekin batera gauzak argiago ederrago beste baikortasun batekin ikusiko ditiagu eta oraindik akaso ilunabarrerako azalduko zaiguk zergatik ez dena duk posible hark bazakik bere esperoan gaudela Athorrek bazakik hori eta bidean duk honantz zatorrek hori gauza segurua duk ez gaitik abandonatuko ezin gaitik abandonatu zakur zikinak bagina bezala gutti falta duk jada beraz hobe hemendik mugitzen ez bagara ez ur bila ez ezertara hauxe duk lekua sahatsaren ondoan…

 

estragon: Jesus, Maria eta Jose! Hori erretolika!

 

vladimir: Hiztun apartekoa haiz, Godot!

 

estragon: Eta total, zer esateko? Kaka zaharra!

 

vladimir: Niri sermoi ederra iruditu zaidak ba, Gogo.

 

estragon: Oraintxe esan duk: sermoia! Hitzontzikeria!

 

vladimir: Gogo! Nire irudiko zuzen aritu duk ba.

 

estragon: Ezer apartekorik ez.

 

vladimir: Eutsi behar diogula, horixe esan dik. Gutxi iruditzen zaik?

 

estragon: Esatea gauza bat duk, eta eutsi ahal izatea beste bat!

 

vladimir: Baikorrak behar diagu izan, Gogo.

 

godot: Horixe zuan mezua, bai: baikorrak izan behar diagu.

 

estragon: Erraz esaten da!

 

vladimir: Zer gelditzen zaiguk bestela, Gogo?

 

estragon: Sokarik bagenu sikiera.

 

vladimir: Badakik ez daukagula.

 

godot: Neu ere saiatu ninduan sokarekin, aspaldi.

 

vladimir: Eta?

 

godot: Puskatu egin zuan. Beraz, pentsatu nian, hobe sahatsaren ondora hurbiltzen banaiz.

 

vladimir: Ez zagok beste erremediorik.

 

estragon: Honek guztiak ez zaukak zera handirik, egia esan.

 

vladimir: Zerk ez dauka zera handirik, Gogo?

 

estragon: Horrela egon beharrak, esperoan. Neuk jada galdu ditiat itxaropen guztiak.

 

godot: Eutsi, Gogo! Eutsi!

 

estragon: Baina zertarako?

 

vladimir: Zer bide gelditzen zaigu bestela, Gogo?

 

estragon: Ez zakiat! Nik zer zakiat!

 

vladimir: Ondotxo dakik, lagun.

 

estragon: Jada ezin diat gehiago, Didi.

 

godot: Animo, lagun, hirurok batera aurrera egingo diagu.

 

vladimir: Elkarren arrimuan, horixe!

 

godot: Bestela badakik zer daukagun!

 

estragon: Bai! Baina zergatik atzeratzen da horrenbeste?

 

godot: Guk horretan ezin diagu sartu, Gogo. Mila arrazoi.

 

estragon: Esadak bat.

 

godot: Ez zakiat ba. Mila.

 

estragon: Esadak bat.

 

godot: Bat, horrela, konkretuki?

 

estragon: Bai. Bat.

 

godot: Inporta al ziok, Estragon?

 

estragon: Bat esateko!

 

godot: Ez nikek bakar bat aukeratzen jakingo. Mila izan litezke!

 

estragon: Bat esateko!

 

vladimir: Tira, Gogo, ez gaitezen orain haserretu!

 

estragon: Ni ez nauk batere haserretu. Erantzun bat besterik ez diat eskatzen. Asko eskatzea da hori?

 

vladimir: Lanpeturik ibiliko duk.

 

estragon: Nor?

 

vladimir: Athor.

 

estragon: Oso lanpeturik, inondik ere. Hain lanpeturik, non gutaz zeharo ahaztu baita!

 

godot: Ez ezak hori esan, Estragon maitea. Azalduko duk, ikusiko duk. Ez hadi horrela jarri.

 

estragon: Inozo hutsak gaituk! Jada ez duk azalduko, bazter-zuloan utzi gaitik eta jada ez gaituk hemendik mugituko!

 

vladimir: Beraz.

 

godot: Beraz.

 

estragon: Joan egin behar dugula hemendik!

 

vladimir: Ezin diagu, badakik.

 

godot: Ezin diagu, Estragon. Hankak hilik zauzkaagu.

 

(Isilunea.)

 

vladimir: Zer duk, Gogo?

 

godot: Oso kolore txarra daukak, egia esatea nahi baduk.

 

estragon: Primeran nagok ba!

 

vladimir: Itotzen ari haiz! Ezin duk arnasarik hartu!

 

godot: Gorri-gorri hago, bai.

 

vladimir: Tira, jaso itzak besoak zerurantz!

 

godot: Ez, hobe bankuan etzaten bada! Tira, etzan hadi!

 

(Estragon bankuan etzaten da. vladimirrek eta godotek besoak mugitzen dizkiote gora eta behera, deskoordinatuki. Zaplaztekoak ere ematen dizkiote, ugari, eta hankak jasotzen dizkiote bularreraino. Behin eta berriz egiten dizkiote mugimenduok, estragonen kexu mingarrien artean.)

 

vladimir: Orain hobeto, Gogo?

 

godot: Nahi duk ahoz ahokoa egitea, lagun?

 

estragon: Kiratsa darik!

 

godot: Azenarioengatik izanen duk.

 

vladimir: Tira, har ezak arnasa sakon.

 

(estragon bankuan esertzen da eta arnasa hartzen du sakon.)

 

estragon: Askoz ere hobeto nagok, dudarik gabe.

 

vladimir: Eskerrak! Ia-ia joan haiz beste mundura!

 

godot: Azkar ibili gaituk, bai! Bestela dagoeneko ez hengoke gure artean, lagun!

 

estragon: Pena!

 

vladimir: Ez ezak esan horrelakorik, Gogo! Bizia salbatu diagu!

 

estragon: Oso ondo. Mila esker.

 

godot: Ez hadi horrelakoa izan, Estragon! Pozik egon beharko huke!

 

estragon: Zergatik?

 

godot: Bizia salbatu diagulako.

 

estragon: A, egia.

 

godot: Esker txarreko gizasemea!

 

estragon: Esan dizuet: mila esker.

 

vladimir: Gogo, hirekin ez zagok asmatzerik!

 

estragon: Nirekin asmatzea oso erraza duk, Didi. Itotzen utzi, eta akabo!

 

vladimir: Badakik ezin genuela hori egin! Laguna haugu!

 

estragon: Horrexegatik.

 

vladimir: Jar hadi geure larruan une llabur batez. Zer egingo huke ni hiltzen ari naizela ikusiko bahu?

 

estragon: Ez zakiat. Pentsatu egin beharko nikek.

 

vladimir: Baina ez zagok pentsatzeko astirik! Zirt edo zart behar du!

 

estragon: Gauden egoeran, hiltzea onena.

 

vladimir: Beraz, hiltzen utziko nindukek.

 

estragon: Baietz uste diat. Segur aski.

 

godot: Eta neu?

 

estragon: Hi ere berdin. Hi ere oso maite haut, Godot.

 

godot: Eta kontzientziaren zama astuna?

 

estragon: Pitokeriak! Geuk honezkero ez zeukaagu ez kontzientziarik ez erru sentimendurik ez arimarik ez ezer!

 

godot: Zer gaituk orduan ba? Basapiztia hutsak?

 

estragon: Heuk esan duk.

 

godot: Tira, Estragon, mesedez!

 

estragon: Itxaronaldiak basapiztia bihurtu gaitik.

 

vladimir: Baina itxaronaldiak besterik ez gaitik salbatuko, hala ere.

 

estragon: Ordain garestiegia, ez duk uste, lagun?

 

vladimir: Beste biderik ez zagok, Gogo.

 

godot: Salbatu haugu behintzat eta hori duk inportanteena.

 

estragon: Ondo egin duzue. Lagun apartekoak zarete.

 

vladimir: Ez ezak izan horretaz duda izpirik ere, Estragon. Bihotz onekoak eta gizaki zintzoak garelako salbatu haugu. Gure ondoan nahi haugulako. Etsiak hartu hau, Gogo.

 

godot: Erabat hartu ere. Athor etorriko duk eta hark salbatuko gaitik. Ikusiko duk.

 

estragon: Ze inozoak zareten! Ze inozoak garen!

 

vladimir: Ezin diagu esperantza galdu, Gogo! Itxaron egin behar diagu!

 

estragon: Baina noiz arte?

 

godot: Bidean duk. Athor jada bidean duk. Lasai hadi, mesedez.

 

vladimir: Ez itzak gauzak bere onetik atera.

 

estragon: Jota nagok jada.

 

vladimir: Eta? Halakoxeak izaten dituk gauzak bizitzan.

 

estragon: Ez beti.

 

vladimir: Gehienetan.

 

godot: Ia beti.

 

vladimir: Begira ezak atzera, Gogo. Noiz izan dituk gauzak errazak guretzat?

 

estragon: Ez nauk akordatzen.

 

vladimir: Horixe akordatzen haizela! Inoiz ez!

 

estragon: Egia. Inoiz ez.

 

godot: Ezta niretzat ere. Baina hala ere hementxe gaudek, hirurok elkarrekin, hurrengo pausoa emateko prest.

 

estragon: Eta etorriko ez balitz?

 

godot: Nor?

 

estragon: Athor.

 

godot: Hori ezinezkoa duk. Agindua jaso genian.

 

estragon: Ezer gutxi duk hori, ala, Godot?

 

godot: Niretzat, nahikoa. Hitza gauza guztien gainetik zagok!

 

estragon: Baina hitza jan egiten diagu askotan!

 

vladimir: Guk ez, Estragon! Sekula ez!

 

estragon: Hori egia duk, bai.

 

vladimir: Egia sakratua!

 

estragon: Beraz, zuek uste duzue…

 

godot: Inolako zalantzarik gabe!

 

vladimir: Heuk badakik gainera beste biderik ez zaigula gelditzen, Gogo. Edo Athor edo ezer ez.

 

godot: Egia.

 

vladimir: Beraz, eser gaitezen berriro, eta itxaron dezagun.

 

godot: Bai, egin dezagun horixe, laster etorriko duk-eta.

 

(Hirurak berriro esertzen dira bankuan. Mantarekin izterrak tapatzen dituzte. vladimirrek patrikatik bi azenario ateratzen ditu; estragonek zapatak askatu, kendu eta berriro ipintzen ditu; godotek sahatsari begiratzen dio. Eguzkia ezkutatzen da eta ilargia agertzen. Hirurek geldi-geldirik diraute, hitzik gurutzatu gabe. Zozo baten kantua entzuten da urrunean. Haize bortitzak bideko hautsak harrotzen ditu. Horrela egoten dira tarte luze batez, loak hartzen dituen arte. Egunsentiaren argiak esnatzen ditu. vladimirrek lau porru ateratzen ditu patrikatik eta denen artean banatzen. Nagiak ateratzen dituzte hirurek. Eguzki ederra dago, biribil-biribila. Isilune luzea. estragonek zapata bat hartu eta harrika botatzen du. godot barrez lehertzen da. Porruak jaten dituzte eta hodeiertzari begira gelditzen dira hirurak, esku-babes. Landa-bidean ez da inor ageri. Halako batean, estragon zutitu egiten da.)

 

estragon: Didi.

 

vladimir: Bai.

 

estragon: Godot.

 

vladimir: Esan.

 

estragon: Ezin diat honela jarraitu.

 

vladimir: Tira.

 

godot: Lasai.

 

estragon: Eta banatuko bagina? Hobe genikek agian.

 

vladimir: Bihar zintzilikatuko diagu geure burua. Non eta ez den Athor azaltzen.

 

godot: Horixe bera egingo diagu bihar, Estragon.

 

estragon: Eta agertzen bada?

 

vladimir: Salbaturik egongo gaituk.

 

godot: Betiko salbaturik.

 

(vladimirrek hiru arbi ateratzen ditu patrikatik eta lagunen artean banatzen. Korrika eta presaka irensten dituzte.)

 

estragon: Zer, martxa?

 

vladimir: Jaso itzak galtzak.

 

estragon: Nola?

 

vladimir: Jasotzeko galtzak.

 

estragon: Galtzak jaso?

 

vladimir: Jasotzeko galtzak gerrira.

 

estragon: Egia.

 

(Galtzak jasotzen ditu. Isilunea.)

 

vladimir: Orduan, martxa?

 

estragon: Goazemak.

 

godot: Tira, goazen.

 

(Ez dira mugitzen.)

 

 

OIHALA

 

2020-03-05