Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mami Lebrun kabareta, amona Kontxa eta metabizitza, Ainara Ortega
Amonen bidetik, Kepa Errasti
2. agerraldia: L’École Kabareta
3. agerraldia: Lehenengo haustura
5. agerraldia: Bigarren haustura
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mami Lebrun kabareta, amona Kontxa eta metabizitza, Ainara Ortega
Amonen bidetik, Kepa Errasti
2. agerraldia: L’École Kabareta
3. agerraldia: Lehenengo haustura
5. agerraldia: Bigarren haustura
6. AGERRALDIA
ERRESISTENTZIA
(Argia piztean, mitxel lurrean dago hankan zauria duela. kontxa sartu eta berarengana hurbilduko da korrika.)
kontxa: Mitxel, baina ze pasetan da?
mitxel: Kontxa, begiratu ea kanpoan norbait baden, eta nitaz galdetzen badizue erran hemen ez dela nehor sartu.
kontxa: Kanpuen ez dau inobe.
mitxel: Ziur zaude?
kontxa: Bai, Mitxel. Zein egon biher da ordu honeittan atzeko kale kantoi horretan?
mitxel: Nire gauzen artean bada botika-kutxa bat. Haria eta jostorratza ere badaude. Zauria josi beharko didazu…
(kontxak kasu egin eta kaxara gerturatuko da mitxelek esandakoaren bila.)
kontxa: Baina nik ez dot sekule holakorik egin.
mitxel: Beste gauza batzuk josi izan dituzu, ez? Ba, berdin-berdin.
(kontxak jostorratza atera eta haria jarriko dio.)
kontxa: Ze pasau jatzu?
mitxel: Horrek orain ez du inportik.
kontxa: Bai, inporta dau. Zaurixe josi eragin gure badustezu, uste dot deretxua dauketela zer pasatu jatzun jakitteko.
mitxel: Tiro bat eman didate.
(kontxa isilik geratuko da une batez; gero, bat-batean, lehenengo puntada emango dio segurtasunez. mitxelek min-oihu bat egingo du minez.)
mitxel: Kasu!
kontxa: Barkatu. Zeinek emun dutzu tirua?
mitxel: Berdin dio.
(kontxak jostorratzetik zakar samar tiratu eta mitxelek oihu egingo du berriz.)
mitxel: Aleman batek! Aleman batek!
kontxa: Zergatik?
mitxel: Ez dakit… Kalean ibilki nintzen eta tiroketa bat egon da…
(kontxak berriro tiratuko du.)
mitxel (minaren minez): Bon, bon, ongi da, ongi da! Nire atzetik zetozten.
kontxa: Zergatik?
(mitxel isilik geratzen da. Jostorratza eskuan, desafioz begiratzen dio kontxak.)
mitxel: Kontrabandoan ibiltzen naiz eta harrapatu egin naute.
kontxa: Zelan kontrabanduan?
mitxel: Gauzak pasatzen harat eta honat.
(kontxak isilik begiratuko dio une batez, harrituta.)
kontxa: Erresistentziakua zara? (mitxelek ez du ezer esango) Horregatik daukotzu radixo hori gordeta, ezta?
mitxel: Bai.
kontxa: Baina Madame Laffitek harrapetan bazaittu…
mitxel: Madame Laffitek badaki. Bere bitartez hasi nintzen hemen lanean. (Harridurak jota begiratuko dio kontxak) Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Bera ere asea da nazi zikin horiekin. Nahi dutenak eta bi egin dituzte Parisen sartu zirenetik. (Zer esan oso ondo ez dakiela, zauria josten jarraituko du kontxak) Leku paregabea da hau haiengandik gertu egoteko. Hemen lasaikerian erortzen dira eta inon baino errazagoa da informazioa ateratzea.
kontxa (seko harrituta): Espiak zarie?
mitxel: Horrela deitu nahi badiozu… Rue Lafont-en dagoen operazio base bateko kideei hemen entzundakoak pasatzen genizkien. Uste dut harrapatu egin dituztela. Ez dakit nola lortu dudan ihes egitea…
kontxa: Baina Mitxel, ezaguketan bazaittue…
mitxel: Ez dut uste ongi ikusi nautenik. Aurpegia erdi estalia neukan.
(kontxak azkeneko puntua emango dio. mitxelek molestia txikiak ditu.)
kontxa (zauriagatik): Uste dot hau ja ondo dauela.
(kontxak alde egiteko imintzioa egingo du, baina mitxelek eutsi eta geldiarazi egingo du.)
mitxel: Mila esker…
(Urduri, kontxa ispilu aurrera itzuliko da botika-kutxa uztera. mitxel zutitu eta begira geratuko zaio.)
mitxel: Kontxa… Kontxa… Ez izan beldurrik, ez da deus pasatzen…
(kontxa mitxelengana korrika joan eta besarkatu egiten du. Argia aldatuko da. Tango baten erritmoan, kontxak eta mitxelek kamerinoko ispilu moduan erabili duten tokadorea hartu eta markoa publikoari begira jarriko dute, kafetegi bateko kristalera irudikatuz. kontxa kanpoan geratuko da eta mitxel barruan. Momentu jakin batean “kristala jo” eta sartzeko keinua egingo dio kontxari. kontxaren mamua kantuan ari da.)
kontxa (mikrofonotik): Harrapau egin nindduzun. Zure gertutasunak, berotasunak eta inguraketan zinttuen misterio haixe horrek txundittuta itxi nindduten. Eta nire bizitzako egunik zoriontsunetakuak pasatu nittuen zure onduan. Ondiokan be amets egitten dot garai hartako Paris eder harekin. Emuten dau momentuko giro petrala nire oroitzapenetako zulo ilunen baten galdu dala. Zure irudixa bakarrik etorten jat burura. Montmartreko gure pasiuak, Montparnasse, Saint-Denis eta Saint-Martin... Gure Youkali partikularra.
(kontxaren mamuak kantuan jarraituko du bikoteak isilpean hitz egiten jarraitzen duen bitartean. Kantua bukatzean ahots gora entzungo da elkarrizketa.)
mitxel: Biziki polita ikusten hiria garai honetan, e! Horrelaxe egongo nintzen bizitza osoan zure alboan. Zu zira nire Youkali partikularra.
kontxa: Zer?
mitxel: Ez duzu kantua ezagutzen?
kontxa: Ez.
mitxel: Kurt Weill.
kontxa: Ez!
mitxel: Alemanek ez dute batere maite. Leku anitzetan debekatu dute. Letrak dio badela ametsetako uharte bat desio guztiak egia bihurtzen direna. Bertan geratzeko moduko leku bat. Paradisua. Eta horrelaxe sentitzen naiz zure alboan. Zu zira nire Youkali.
(kontxak irribarre egingo dio eta musu emango diote elkarri. Bat-batean mitxelen espresioa seriotu egingo da apur bat.)
kontxa: Zer?
mitxel: Fabore bat eskatu behar dizut, Kontxa.
kontxa (txantxan): Ui, hain serixo jarritta, bilddur bat emuten dustezu… (mitxelek denbora hartuko du hitz egin aurretik) Zer?
mitxel: Naziengandik informazio baliotsu bat lortu nahian ibilki naiz, baina inoiz baino kasu handiagoarekin ari dira behar dena baino gehiago hitz egitearekin. (kontxa bera ere serio jarriko da) Egun hauetako batean aliatuak ipar-mendebaldeko kostan lurreratzen saiatuko dira, eta alemanek ere badakite hori. Defentsa prestatzen ari dira. Kontua da ez dakitela segur non izango den lurreratzea, eta haien asmoen berri izan nahi dugu; ustekabean harrapatzeko, ulertzen?
kontxa: Ez, Mitxel. Nik ze ikusteko dauket horrekin?
mitxel: Erresistentzian behar zaitugu…
kontxa (seko harrituta): Zer?
mitxel: Bai! Erresistentzian!
kontxa: Zertarako?
mitxel: Chotlitz jeneralak gustuko zaitu. Seguru zuk errexago aterako diozula informazioa.
(kontxa zalantza txiki bat egingo du.)
kontxa: Ez, ez, ez… (Zutituz) Ezta pentsatu be! Ez naz barriro be txarri zikin horrekin juntatuko.
(Kafetegitik aterako dira biak.)
mitxel: Otoi, Kontxa! Biziki garrantzitsua da! Badakizu nola den egoera eta izugarri baliotsua izan daiteke erraiten dizuna.
kontxa: Esana dauket ez nintzela etorri hona inoren hankarteko kapritxua izateko.
mitxel: Baina ez baduzu nahi, ez duzu deus egin beharrik. Saiatu informazioa ateratzen.
(kontxa bizkarrez geratuko da, pentsakor.)
mitxel: Kontxa… Erresistentzian behar zaitugu...
(kontxak zalantzati begiratuko dio eta agerraldiaren hasierako abestia entzungo da berriro. mitxelek eta kontxak bere lekuan utziko dute tokadorea.)
kontxaren mamua (mikrofonotik): Hura hasieria baino ez zan izen. Ondiokan ez dakitt zuk eskatu nustezulako egin nauen, edo gure burue Paris libre baten ikusi gure nauelako. Bi arrazoiengatik seguru aski.
(kontxa kamerinora sartuko da, serio.)
kontxa: Calaiseko kostara doiez.
mitxel (informazioarekin harrituta): Zer?
kontxa: Chotlitz jeneralak esan dust Calaiseko kostara joan-etorri bat egin biher dauiela. Misiño inportanteren bat ei dauke.
(mitxel zutitu egingo da ezinegonez.)
mitxel: Segur zira?
kontxa: Chotlitzek berak guzurra esan ez badust…
mitxel: Noiz joanen dira?
kontxa: Gaur bertan. Emuten dau prisa haundixa daukola asuntuak. Faltan botako nauela esan ez dust ba higuingarri horrek? Bi aldiz bakarrik egon gare eta zer uste dau? Bere amorantia nazela?
(mitxelek buelta erdia eman eta erreparo pixka batekin hurbilduko da kontxarengana.)
mitxel: Sentitzen dut nahi ez duzun zerbait egin baduzu…
kontxa (irmo): Nik sekule ez dot egitten gure ez doten ezer. (mitxel, isilik, begira geratuko zaio une batez; ondoren, irratia hartuko du) Zer egin biher dozu?
mitxel: Abisua pasatu.
kontxa: Radixotik? Ez, arriskutsua da.
mitxel: Ezin naiz arriskatu informazioa zuzenean ematearekin. Izkina guztietan jarri dituzte zelatariak.
kontxa: Neuk pasauko dutsiet.
mitxel: Ez erran zozokeriarik, Kontxa!
kontxa: Ez nauzu kapaz ikusten ala?
mitxel: Ez didazu entzun leku guztietan jarri dituztela zelatariak?
kontxa: Leku guztitan seguru ezetz.
(Adi begiratuko dio mitxelek.)
kontxa: Konbentuakin inork ez dau sospetxatuko. Informaziñua pasau ahal dutseten norbaitt konbentura etorriko balitz… (Momentuan bururatuz) Eta bestela… moja batekin be, zeinek pentsatu biher dau…
mitxel: Zer erran nahi duzu?
(Argia aldaketa bat egongo da eta kontxaren ahotsa mikrofonotik entzuten den bitartean, mitxelek eta kontxak erresistentzian sartzean egin zituzten ekintzak irudikatuko dituzte koreografia baten bidez. Elkarri mezu sekretu bat pasatuko diote, paskinak botako dituzte zerura, belarrira informazioa pasatuko dio kontxak mitxeli... Ekintza hauez gain, dantza ere egingo dute beren harremanaren momentu politaren adierazle moduan.)
kontxa (mikrofonotik): Kontua da mojaz jantzitta Pariseko kaliak ibili nittuen lehenengo aldi hartan bizi-bizirik sentiru nintzela. Bizirik sentiru arazi nindduzun, bai zuk eta baitta momentuko egoeriak be. Egun mobiruak izan zien 1945eko udarakuak. Aliatuek Normandian lehorreratzia lortu euiela jakin gauenien Pariseko girua bor-borrien jarri zan. Grebak, sabotajiak, erreboltak… Lokalian be alemanak geroz eta gutxiau agerketan zien. Nahikue lan baeukien eurenakin. Mitxel eta bixok baina, ezer pasatuko ez balitz moduen jokaketan saiatu gitzen. Emuten euen bagekixela zer ekarriko euzkun etorkizunak eta denporie aprobetxau guran gebitzela.
(Momentu jakin batean, eszenatik atera eta kontxaren mamua bakarrik geratuko da kantuan. Entzuten den musikaren gainetik “scat” bat egingo du, jazzean erabiltzen den inprobisazio mota bat. Musika jaitsiz joango da eta kontxaren mamua ere, horretaz ohartzean, isiltzen joango da.)
kontxa (mikrofonotik): Eta azkenien ailegatu zan abuztuaren 18a.
(mitxel eta kontxa kalean daude, bata bestearen zain.)
mitxel: Alderdi Komunistak greba orokorra deitu du gaurko. Barrikadak jartzen ari dira naziei bidea trabatzeko. Joanen gira laguntzera?
(mitxelek eta kontxak ispiluaren albo batean behin baino gehiagotan erabili duten egurrezko kaxa handia hartu eta lurretik bultzatuz eszenatokiaren erdira eramango dute.)
kontxa: Mitxel…
mitxel: Egun garrantzitsua da! Aliatuak Pariserat ailegatuko dira eta denen laguntza beharko dute.
kontxa: Bueno… Baina zin egin biher dostazu noizbaitt hiri hau libre geratzen bada, dana ahaztu eta bizitza barri bat hasiko dauela.
mitxel (solemne): Nire hitza ematen dizut! (Muxu ematen dio)
kontxa (barrezka): Niri ez adarrik jo, entzun?
(Borroka txikia egiten dute; azkenean, mitxelek kontxa besarkatu eta musu ematen diote elkarri.)
mitxel: Hiria errekuperatuko dugunean, etxe eder bat bilatuko dugu eta elkarrekin biziko gira, a?
kontxa: Eta lan barriren bat topatuko dogu.
mitxel: Oraingoa ez zaizu gustatzen?
kontxa: Alemanek alde egitten badauie, auskalo zer pasatuko dan leku honekin.
mitxel: Gure kabaret propioa irekiko dugu bertzela. Mami Lebrun eta Simon Burrell.
kontxa: Eta izen hori?
mitxel: Ez dakit, oraintxe bururatu zait.
(Barre egiten dute biek eta konplizitatez jolasean geratuko dira. kontxaren ahotsa entzungo da offean.)
kontxaren mamua (mikrofonotik): Egun hartan kalera irten gitzen. Jente asko ikusten zan, baina tensiñua be haundixe zan. Edozein eskinatan euen liskarren bat alemanekin. Aurreko egunetan metroko langiliek, poliziak eta karteruek eginddako grebak be jentia enbalentonau euien eta egoeriari buelta egitteko sekulako gogue ikusten zan. Saint-Germain kalien euen taldetxo batera hurbilddu gitzen Mitxel eta bixok.
(kontxaren mamuak hitz egin bitartean, kontxa eta mitxel kaxa atzean jarriko dira, publikoari begira. Hemendik aurrera barrikada bat izango da kaxa. Jendearen oihu eta kantuak entzungo dira. Protagonistek ere oihuren bat botako dute. Bat-batean, tiro hots batzuk entzungo dira. mitxelek erreakzionatuko du aurrena eta makurtu egingo da.)
mitxel: Kontxa, Kontxa, makurtu! (kontxari burutik eutsi eta makurraraziz) Alemanak dira. Goazen hemendik! Heldu!
(kontxa eta mitxel korrika hastera doaz, mitxel jiratu egingo da, kontxari pixka bat gehiago kostatuko zaio eta momentu horretan tiro hots bat entzungo da. mitxel ziplo eroriko da lurrera. kontxak sinetsi ezinean begiratuko dio.)
kontxa (mitxelen gorpua beso artean eutsiz): Ez, ez, ez, ez, ez… Mitxel… Mitxel… (Negarrez) Mitxel, bihotza… Mitxel…
(kontxaren mamuak Youkali-ren amaiera abestuko du. Argia itzaltzen joango da mitxel eta kontxaren gainean. Argiak kontxaren mamua bakarrik argiztatuko du kantatzen duen bitartean. mitxel eta kontxa —egoitz eta miren berriz hemendik aurrera— barrikada moduan erabili duten kaxaren gainean eseriko dira.)
egoitz: Oraindik ere kostatu egiten zait nire amona, eta naziak espiatzeko ausardia izan zuen emakume hura, pertsona bera zirela sinestea. Amona Parisen geratu zen zentzu handi batean, Mitxelekin. Uste dut garai hartako Kontxa sekula ez zela Euskal Herrira itzuli. Noizbait L’École kabareta egon zen zokoren batean geratuko zen Mami Lebrunen azalean. Eta horrelaxe gogoraraziko dut nik ere. (Zeremoniatsu) Cabaret l’Écoleko Mami Lebrun!
(Argia iluntzen joango da pixkanaka.)