Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mami Lebrun kabareta, amona Kontxa eta metabizitza, Ainara Ortega
Amonen bidetik, Kepa Errasti
2. agerraldia: L’École Kabareta
3. agerraldia: Lehenengo haustura
5. agerraldia: Bigarren haustura
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mami Lebrun kabareta, amona Kontxa eta metabizitza, Ainara Ortega
Amonen bidetik, Kepa Errasti
2. agerraldia: L’École Kabareta
3. agerraldia: Lehenengo haustura
5. agerraldia: Bigarren haustura
Amonen bidetik
Kepa Errasti
Beti pentsatu izan dut Mami Lebrun antzezlana bertsolariek bertsoak sortu ohi dituzten moduan sortu zela; amaieratik. Kabaret bat egiten ari den aktore batek norbaiten errautsak eszenatoki gainean botatzearen ideia izan nuen. Oso polita iruditzen zitzaidan maite dugun norbait hain modu alaian agurtzea; heriotzak ezinbestean sortzen digun tristurari irribarre batekin begiratzea.
Denbora askoan egon nintzen ideia horri ze forma eman asmatu ezinik, eta bat-batean, gure amona hil eta hilabete gutxira, argi ikusi nuen guztia. Galera hark sortu zidan zurrunbilo emozionalaz aparte, beste galdera bat etorri zitzaidan burura: ze erreakzio izango genuke, gure familiakoa den norbaiten sekreturen baten berri izango bagenu? Gure amonak, amak, aitak, izebak… beste dimentsio bat hartu, eta figura familiar hori baino haratago dagoen pertsona ezagutuko bagenu? Horixe gertatzen zaio Egoitzi istorio honetan. Amonaren iraganeko pasarte sekretu bat jakinda, beste “amona” bat ezagutuko du, eta inork ezagutzen ez zuen istorio hori kontatuta eman nahiko dio bere agur propioa.
Gidoia irakurtzen hasi eta berehala jabetuko zarete, euskalki ezberdinak erabili ditugula testuan zehar. Bi arrazoi nagusi egon ziren euskalkia erabiltzeko. Bata, erabat emozionala, nik nire amonarekin neukan jarduteko modua horixe zelako, eta bestea, teknikoagoa, euskarak ematen zizkigun aukerak aprobetxatu, eta hizkuntza bera tresna dramaturgiko bezala erabiltzea oso joko polita iruditzen zitzaigulako, pertsonaia aldaketak markatzeko; polita eta aberasgarria. Hau horrela, beraien artean oso ezberdinak diren bi euskalki (lapurtera eta Gipuzkoa mendebaldeko bizkaiera; Aretxabaletakoa zehatzago esanda) eta batua erabiltzen ditugu istorioan zehar.
Hiru pertsonaia daude: alde batetik, Miren eta Egoitz antzoki batean, antzezlan labur bat entseatzen. Antzezlan horretan Mitxel eta Kontxaren pertsonaiak jokatzen dituzte. Eta beste aldetik, Kontxaren mamua, Egoitzek hasieratik ikusiko duen presentzia bat, baina Mirenek ez. Egoitzek Gipuzkoa mendebaldeko bizkaieran hitz egingo du, Mirenek batuan eta hauek biak Mitxel eta Kontxa antzezten ari direnean, Mitxelek lapurteraz eta Kontxak bizkaieran. Era berean, Kontxaren mamuak ere, amonaren figura irudikatzen duenez, bizkaiera erabiliko du. Honetaz gain, badaude Egoitzek narratzaile moduan egiten dituen bizpahiru bakarrizketa, eta hauek ere batuan egin ditugu.
Zalantzak izan genituen ahots gora esateko zerbait paperera nola pasatu, baina iruditzen zitzaigun obraren beraren izaera mantendu eta hizkuntzaren trataeraren hautua erakusteko, egokia zela idatzizko testua esateko erabili genuen modu horretara ahalik eta gehien hurbiltzea. Bizkaieraren kasuan, eta aditz formak batez ere batutik urrunago egonda, Badihardugu euskara elkarteak 2005ean martxan jarritako proiektu baten baitan kaleratutako “Aretxabaleta-Eskoriatza-Leintz Gatzaga (Debagoieneko aditz-taulak)” artxibora jo dugu, bertan azaltzen diren aditz formak erabiltzeko (http://www.badihardugu.com/argitalpenak/aditz_taulak/leintz_aditza.pdf loturan aurkitu dezakezue informazio osatuagoa).
Guk euskalki/azpi-euskalki hauek erabili ditugu emozionalki gertuago geratzen zitzaizkigulako, baina polita izango litzateke noizbait norbaitek testu hau hartu eta berriz zutik jarri nahiko balu, beste euskalkiren batera moldatzea.
Mami Lebrunek erakutsi digun beste gauza bat talde lanaren garrantzia izan da. Hasierako ideia nirea izan bazen ere, taldeko partaide bakoitzak egindako ekarpenei esker hartu zuen egun duen forma, eta beti eskertuko diedan zerbait izango da, horrek egin baitzuen, inolako zalantzarik gabe, lana bere osotasunean borobilago.
Bukatzeko eta antzezlanarekin berarekin egin genuen moduan, argitalpen hau ere gure amona guztiei eskaini nahiko nieke, beraiek eman diguten maitasun horri esker sortu baita, eta bihotzetik sortu izan horrek egiten baitu lan hau hain berezi.
Eta nire kasuan, eta saltsa honen artifize nagusia izanik, Maritxu Aldai Elorzari. Askok galdetu izan didate zenbateraino duen egiatik obra honetan kontatzen dugunak. Hori irakurle bakoitzaren irudimenaren esku utziko dut.
Nik, nire aldetik, amonari berari eta hainbeste maite ditudan taldekideei gauza bakarra esatea besterik ez zait geratzen: eskerrik asko, Mari Oilasko!!!