Mami Lebrun
Mami Lebrun
Kepa Errasti
Azaleko irudia: Ane Pikaza
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
94 orrialde
978-84-17051-45-7
Kepa Errasti
1981, Aretxabaleta
 
 

 

Sar Hitza

 

ehaze

 

      Antzerkiak momentuko berehalakotasun besterenezina du bereizgarrietako bat. Antzokiko ilunean sua piztu eta itzali egiten da, eta sugarrak emanaldiak irauten duena irauten du. Taula gainekoan gauzatzen da antzerkia bere osotasun errepikaezinean. Gerora, momentuan piztutako zirrara edota gogoetaren arrastoa geratuko da memorian. Antzokiko liturgia intransferiblea dela jakinda, Ganbila antzerki bildumak osotasun horren zaporea eta mamia gorde nahi ditu liburu forma duen kutxatxo mota honetan; zapore eta mami horren transmisioa baitugu erronketako bat. Zapore eta Mami... Lebrun oraingo honetan, ondorengo orriotan.

      Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren beste adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Izandako harrera onaren adierazle izan daiteke 2018ko martxoan XVIII. Donostia Antzerki Saria jaso izana.

      Traiektoria luzeko antzerki konpainia handien eta azken urteetako korronte berritzaileen arteko eremu batean kokatu daitekeen Kepa Errasti antzerkigileak gaztetasuna eta eskarmentua biltzen ditu bere baitan. Aspaldian euskal antzerkiaren munduan barrena abiatua, barru-barrutik ezagutzen ditu arloak bizi dituen gazi eta gozoak; ez testu egile moduan bakarrik, beste esparru ezberdinetan ere garatu baitu bere orain arteko ibilbidea, aktore edota zuzendari laguntzaile moduan egindako lanak aipa daitezke, besteak beste. Ahaztu gabe, telebistarako eta zinemarako gidoigintzan egindako lanak, Aitona mantangorri laburmetraia, kasu. Antzerkian, Mami Lebrun lanaz gain, eszenatokia ezagutu duten beste bi antzezlanen egilea da, Lur (Xake Produkzioak, 2018) eta Erlauntza (Vaivén Producciones, 2018). Aipatutako kasu guztietan, barne bultzada edo emozio pertsonal batetik abiatuta, kezka eta esanahi kolektiboak biltzen dituen istorio bat planteatzen digu Kepak bere lanetan, transexualitatea, genero ikuspegia, amatasuna, edota heriotza eta belaunaldien arteko transmisioa izanda abiagunea; pertsonala kolektiboa ere badela frogatuz berriro ere. Eta kolektiboa pertsonala. Azkenean, pertsonala-kolektiboa dialektika dugu antzerkiaren funtsezko zutabea.

      Mami Lebrun antzezlanaren kasuan amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz. Neurri handi batean, azken urteotako euskal antzerkigintzan errepikatzen den gertuko eta ez hain gertuko memoriaren gaia presente dago testuan. Ezin da kasualitatea izan, hain bide ezberdinetatik, galdera berberen bueltan ibiltzea. Nor garen… Zer garen… Nondik gatozen… Nora goazen… Antzerkia gure jendartean dagoen beharrizan baten termometroa izaten ari dela esango genuke. Baina hori da antzerkiaren beste funtzioetako bat.

      Hasieran esan moduan, antzokiko ilunean pizten den sugarra Ganbilak ezin dizu eman. Oholtzaren gaineko zaporea eta Mami... Lebrun antzezlanaren testua, bai, hurrengo orriotan.