Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
...RI ZUZENDURIKO ESKAERA MESEDEZ, ALKIMISTA TOBARITXA, BETE EZAZU ZEUK!
Arka arribatu da.
Izpiak hona!
Kaia.
E!
bota estatxa!
Eta berehala
bizkarrok nabaritu dute
atalarriaren zama.
Eguzkiak
zopernaren gaua idortu du bere suaz.
Leihotik hurbil,
sukar batean, eguna agurtzen dut.
Kilimanjaro mundumapan baino ez dago.
Afrikako kartan Kenia.
Buru soildu bat bezala mundumapa.
Hurbildu natzaionean
oinazeak bizkarrezurra makurtu dit
Oinaze hauen guztien erdian
mundua
besarkatu nahi nuke
mendien bularrak atzaparrokin estutzeko.
Poloetarik
etxe guztietara
hel dadin
laba erregarri eta legarrizko bat,
eta honenbestez
zotinka hasteko gogoak hartzen nau ni,
hartz komunista.
Aita jatorra nuen
leinuduna,
azal leuna daukat eskuetan.
Menturaz
bertsoak eginez amaituko dut
nire egunen zopa,
langilearen tornua ezagutu gabe.
Baina nire arnas osoaz,
nire bihotzaren taupadaz,
ahotsaz,
beldurrak lazturiko
ile punta bakoitzaz,
nire sudur leihoez,
nire begien iltzez,
nire hortzez,
denak karraskan oihu basati batean,
nire azalaren oiloipurdiaz,
nire bekain haserretuen pleguez,
nire poroen trilioiaz
hitzez hitz
nire poro guztiez,
udazken
negu
udaberri
uda
egunez
lotan
ukatzen dut
gorroto dut
hori guztia.
Esklabotzako iraganak
gugan txertatu duen
guztia,
xuhurkeriazko eultze batek
eguneroko bizitzan,
baita gure
bandera gorriko errejimenean ere,
ixuri digun
guztia.
Ez diot inori emanen
betetzen nauen indarra
nik neuk itzaltzearen poza.
Ez duzue hain erraz kantatuko
nire talentuaren requiema.
Karrika zokoren batean
lasaitzen ahal naute
labana batekin.
Ez diot utziko ezein D'Anthesi
nire kopeta kanoitzen.
Lau bider zahartzen banaiz
lau bider naiz gaztetuko
hilobira baino lehen.
Nonahi hiltzen naizela,
kantari hilen naiz.
Botako nauten zuloan ere
badakit
duin izanen naizela
bandera gorriaren azpian
dautzanen ondoan etzateko.
Baina nolanahi etzanda ere
heriotza heriotza da.
Izugarria ezin maitatua,
ikaragarria ezin ausartua.
Denentzat bala
denentzat labana.
Eta ni, noizko?
eta ni, nola?
Nire haurtzaroaren
hondoenean
ozta aurkituko dut
dozenaren bat egun eramangarri.
Nik baneuka
besteek dutena!
Baina ez daukat,
garbi asko dago,
ez daukat!
Haratagoan sinetsi!
Erraza da frogazko ibilaldia.
Aski da
eskua luzatzea
balak
berehala marraztuko du
bide burrunbari bat
munduosteko bizitza baterantz.
Baina zer egiten ahal dut
nik,
osorik,
nire bihotzaren neurri betean
bizitza
honi
baldin badiot fede,
mundu
honi
baldin badiot sinesmen.
Esperoak nahi beste luzatuta ere
garbi ikusten dut,
eromeneraino garbi.
Hainbesteraino non
badirudien
puntua aurkitzen dudalarik
bizitza miresgarri batean
sartzen ahal naizela
bertsoan barrena.
Nik galdetu behar ote dut
honelakoa
ala bestelakoa?
Ikusten dut,
mendreeneraino ikusten dut.
Airez airekoa,
harria harriaren gainean bezala,
lizunak eta hondamenak ezin joa,
distiratsu
mendeen erdian jaiki da
giza berpizkundeen atelierra.
Hona hemen
alkimista lasai
kopeta zabal
entseguaren aurrean zimur kopeta.
«Lur osoa»
liburuan
izen bat bilatzen du.
Hogeigarren mendea.
Nor berpiztu?
- Maiakovski...
Bila dezagun irtenagoko zerbait,
poeta hori ez da aski ederra.
Eta nik
orroa eginen dut
egun den orrialdetik:
- Ez itzul orrialdea!
Berpiz nazazu!
Txerta iezadazu bihotz bat!
Odolez betea
azken zaineraino.
Sor ezazu berriz pentsamendua buruan!
Ez dut nire bizi zorra bete.
Lurrean
ez dut zor nuen adina maitatu.
Sazhenbete banintzen luzean.
Zertarako ordea sazhenbete?
Lan honetarako mamutx bat aski zen.
Auhen eragiten nion lumari
gelatxo batean itxita,
betaurrekoak bezain zapaldua gelaren zorroan.
Dohainik eginen dut nahi duzuen guztia,
garbitu,
zuritu,
zaindu,
erratzatu.
Atezain ere
hartzen ahal nauzue!
Atezainik baduzue?
Alaia nintzen,
baina zer zentzu du alaitasunak
ezin bada ibili gure oinazean barrena?
Egun
hortzak erakusten badira
haginka
edo karraska egiteko baino ez da.
Badago beti
gauza mingarriren bat...
Dei iezadazue!
Aurkituko dute lanik neure zorakeriek.
Bertsotan barregarri alaituko zaituztet
asmazioz
hiperbolez
alegiez.
Maitatu izan dut...
Ez du merezi iragana harrotzeak.
Min ematen duela?
Ba!...
bizi liteke mina maitatuz.
Piztiak ere maite ditut
ba al duzue
piztietxerik?
Utz iezadazue piztien zaindari.
Nik ere maite ditut piztiak.
Zakur gaixo bat aurkitzen dudalarik
okindegiaren ondoko hori bezalakoa
dena soildua,
gibela ere
aterako nuke:
Pozik ematen diat, lagun,
jan ezak!
Menturaz
egunen batez
zoorako bidean
- berak ere
maite zituen piztiak -
lorategian sartuko da,
irribarrez,
mahaigaineko
argazkia bezala.
Ederra da,
berpiztuko dute noski.
Zuen
hogeita hamargarren mendeak
gaindituko du
bihotza urratzen duten
xuhurkerien saldoa.
Egungo maitasun eza
gau zenbagaitzen izarniaduraz
beteko dugu.
Berpiz nazazu,
besterik ez bada,
ni, poeta,
zain nengoelako
eguneroko gezakeria ukatuz!
Berpiz nazazu -
horregatik besterik ez bada ere!
Berpiz nazazu -
azkeneraino bete nahi dut neure bizi zorra!
Eta maitasuna ez bedi izan haboro morrontza,
ezkontza
ez afera likits
eta harraskakoa.
Oheak madarikatuz
etzangiak utziz
bihoa maitasuna mundu osoan barrena.
Ez bitez eskean hartu behar
oinazeak zahartu egiten zaituzten egunak.
Aurreneko oihuan
«tobaritx!»
betor
lur osoa.
Bizi ahal izan bedi
etxezuloetan higatu gabe.
Gurasoak
bitez
gaurgero
aita
mundua bederik
ama
lurra bederik.