Poema antologia
Poema antologia
Vladimir Maiakovski
itzulpena: Koldo Izagirre
1993, poesia
282 orrialde
84-86766-51-6
Vladimir Maiakovski
1893-1930
 
 

Arrabita urduritu egin zen otoika

eta ustegabean negarrari eman zion gogor

danborrak onartu ez duen

ume batek bezala

«On, on, on!»

Eta berez nekatu zen

ez zuen amaieraino entzun arrabitaren hitzaldia

Kuznetzki gorritura ixuri

eta aldegin zuen.

Orkestrak harrituta behatzen zuen

arrabita bere malurak negarka

hitzik gabe

konpasik gabe,

eta bakarrik nonbait

platilo inozoa

kriskitinka:

«Zer da hori?»

«Zertaz hori?»

Eta helikoia

kobre mutur

izerditan

oihuka:

«Ergel alaena,

negarlea,

lehor hadi!»

Altxa nintzen

zabuka igan nintzen notetan barrena

izuaren pean kukutzen ziren atriletan zehar,

orru egin nuen, ez dakit zergatik:

«Jainko Jauna!»

Zurezko lepoari heldu nion:

«Ez dakizu zer esan nahi dudan, arrabita?

Izugarri antzekoak gara:

nik ere zuk bezala egiten dut

oihu

eta ezin dut ezer frogatu!»

Musikariek irri egiten dute:

«Zelako mozkorra!

Zurezko andregaia ikustera etorri da!

Buru hori!»

Eta niri -axola zait bost!

Ni ona naiz.

«Ez dakizu zer esan nahi dudan, arrabita?

Goazen,

goazen elkarrekin bizitzera!

E?»