Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
I
READING KARTZELAKO BALADA
Hantxe nengoen, oroitzen naiz.
Ongi zegoen, argi zegoen.
Eta horrek
orduan
Neva zuen izena.
(MAIAKOVSKI. Gizona)
Baladarena ez da oso jenero berria,
baina hitzek min badute
eta hitzek badiote min dutela
baladen jeneroa ere berritzen ahal da.
Lubianski hiribidea.
Vodopiani karrika.
Horra
aurkintza.
Horra
gertalekua.
Neska ohean dago.
Etzana dago.
Mutila.
Mahaian telefonoa.
«Neska» eta «mutila» nire balada.
Ez naiz izugarri berria.
Izugarriena da
«mutila» ni naizela
eta «neska»
neurea dela.
Zergatik kartzela bat?
Eguberri.
Harat-hunatak.
Burdinarik gabeko leihoak!
Ez zaizue axola.
Esan dizuet - kartzela bat.
Mahaia.
Mahaiaren gainean haria.
Anpulutan puztu zitzaidan larrua ukitu hutsean.
Entzungailua eskuetarik erori zait.
Fabrikako ikurraren
bi gezi gorriek
tximistez bete dute telefonoa.
Aldameneko gela.
Eta bertarik ahots
logure bat:
- Noiz izan da?
Nondik sortu da xerrikume hori?
Erredurek txirrinari eragiten diote,
tresna gori dago.
Gaixo dago!
Ohean dago!
Zoaz!
Arin!
Orain!
Haragia ketan estutu dut goritasuna.
Tximista batek jotzen du nire gorputza tanpez.
Milioika boltioko indar bat estutu dut.
Telefono baten labaldian itsatsi dut ezpaina.
Zuloak
eginez
etxean,
Miastnitskaia
karrika
landuz,
haria
urratuz,
zenbakiak
bala bat iduri
egiten du hegan
telefonariarengana.
Andereño honek begi nekatu bat jaso du
festa bezperetan lan doblea izaten da.
Berriro argitu du lanpara gorriak.
Dei egiten du!
Argia itzali da.
Eta tanpez
a zer zoramena lanparetan
telefono sareak zapart egin du nonahitik
67-10
Linea!
Agudo!
Vodopiani karrika
eta buila gutiago!
Hots!
Kontu argindarrari,
gutik egin du Eguberriz
airean
lehertu ez bagara
etxearekin
telefono etxearekin.
Miastnitskaia karrikan jaun zahar bat bizi zen
ehun urte lehenago,
eta ehun urte geroago
ez zien honetaz besterik hitz egiten
umeei.
Larunbata zen...
igande bezpera...
Urdaiazpiko apur bat...
merketik nahi nuen...
Eta bapatean izu bat
lurrikara bat...
Erre egiten du zangopean...
Haziak zoratu egin dira!...
Haurrek ez zuten uste
honelakorik
hemen.
Lurrikara?
Neguan?
Postetxearen ondoan?
Hari mehean barrena mingarri ixuriz
entzungailu ahozabalduaren adartxoraino,
isiltasuna hautsiz zintzarri progom batean,
telefonoak goitikoz bota du bere laba girgila.
Zera
marrakari
eta
burrunbari hark
paretetan jo zuen
zapart eragin nahirik.
Zintzarritxoek
hormetan
egiten zuten punpa,
firrilka egiten zuten
aulki
eta ohepeetan.
Sabaitik zintzarri hots handi bat
erori zen zola gainera.
Eta berriro
maskuri soinudun baten gisan
sabairaino hegaldatu da lur jo ondoren,
gero kuxka txipitan hedatu da.
Beira guztiak,
zartaginen ate guztiak
dena
hasi zen
telefonoarekin batera joka.
Arranbera etxea
bere giderretik
inarrosiz,
telefonoak zintzarri uholde batean ito behar zuen.
Begien ertzak
lo errean
ozta ikusgarri,
masail sukartuak zilakatzen ditu.
Neskamea nagi jaiki da,
hasperenka eta eztulka
dator.
Sagar egosi bat guztiz.
Pentsamenduek bekokia zimurtzen diote.
- Nor?
A,
Vladim Vladimitx!
Eta oinetakoak arrastaka aldegiten du.
Badoa.
Duelo baten lekukoak bezala
neurtzen ditu urratsak.
Urratsak urrundu dira...
ozta entzuten dira...
Munduaren gainerakoa norabait baztertua izan da,
entzungailutik kanoitzen nauena besterik ez dago.
Txostengileak isildu egin dira biltzar guztietan,
ezin dituzte burutu hasiriko zeinuak.
Zeuden bezala,
ahoa zabalik,
Eguberrietan Eguberriena
ikusten dute.
Bizi guztia
azken kezkaraino,
etxea,
eguneroko lokatz mardulean.
Beren buruari bezala
behatzen didate niri,
maitasun hilgarriaren dueloaren zain.
Tutuen ulua izoztu da.
Zalapartak ez die laguntzen ez gurpilei
ez urratsei.
Dueloaren eremua besterik ez dago
eta mediku jaun denbora
heriotza sendagarriaren benda kaburik gabearekin.
Mosku
Moskuren gibelean zelaiak mututu egin dira.
Itsasoak
itsasoen gibelean mendi zutak.
Unibertsoa
osorik
betandigarri batetik ikusia bezala
betandigarri gaitz batetik (baina atzekoz aurrera)
horizontea
estekatu egin da.
Xingola.
Soka tinkatu bat.
Mutur bat
neu naiz gelan
zeu zeurean bestea.
Eta gure artean
amestu baino are ederragoa,
bere soineko zuri berrian harro,
unibertsoan barrena
luzatzen da Miastnitskaia karrika,
bolizko ñimiñokeria.
Argitasuna.
Argitasunik trasparenteenaren mindura.
Eta Miastnitskaia karrikan,
dotoreziarik landuenaren detailea,
kable bat,
mehea oso,
hari hutsa!
Eta dena
hari horrek eutsia.
Bat!
Entzulea kanoipean.
Utz itzazu
esperantzak oro.
Bi!
Dardararik gabe
kanoitzen
nau
otoitz batean itsuturiko
begien artean.
Oihu egin nahi diot
emakume baratxegi honi:
- Zergatik berandutu?
Izan zaitez D'Anthes!
Arinago, erre nazazu lehen bait lehen harian
nahi duzun kalibre pozoitsuko
balaz.
Balak baino izugarriago,
behe hartarik
zuzen etorria,
neskameari ihes egina bi aharrausiren artean
piton suge baten sabelean irentsitako
untxia bezala,
harian
dakusat
Hitza datorrela.
Hitzak baino izugarriago,
antzinate goienetik etorria,
gizonek emea
matelezurka irabazten zuten hartarik
sortu da
haritik
trogloditen aroko munstroa
jeloskeria arramazkariaren munstroa.
Baina menturaz...
Agian bai!
inor ez da sartu telefonoan,
ezein mutur trogloditarik.
Neu naiz.
Metalean islatzen naiz.
Batzorde Exekutiboak igortzen ahal dizkio agiriak!
Neur ezazu bada hau guztia
Erfurt-eko programa arau hartuta.
Lehen oinazean barrena,
basa,
bortitz,
garunen garaile,
piztiak bere bidea ebakitzen du.
Itxura ederra.
Tobaritxok!
Beha ongi!
Poeta batek,
Izvestia-ko kolaboratzaile agurgarria bera,
udan Parisera joana turne batean,
aulkia urratzen du
bere oinetakotik ateratako atzaparrarekin.
Atzo gizon,
tanpez
hartzarena hartu dut itxura: haginez betea,
zarpatsu.
Atorrak artilea dirudi.
Hara bestea!?
Telefonoa hartu nahi du!?
Doala beretarretara!
Artiko-ko itsasoetara!
Hartz
heriotzaraino haserretua
daukat
bularrean
telefono etsaiaren kontra.
Eta bihotza
sardeetan sartzen da.
Gainez egiten du.
Tupiki gorri erreka gaitzak.
Orroak eta odola.
Milika ezak, ilunpe!
Nik ez dakit
hartzek
negar egiten duten,
baina negar egiten badute,
honela izanen da noski.
Honela:
gezur itxura xamurrik gabe
intziri egiten dute,
desfile bat bezalako hots luze batekin.
Hartzek egiten duten bezala Balxin auzoa ere,
intziriak iratzarria,
kexatu egiten da paretaren ostean.
Honela egiten dute noski hartzek:
geldirik,
muturra goiti
orroa,
mozkor guztia orroatu
gero bere gordegian etzan
ohatzea hogei atzamarrez urratuz.
Hosto bat erori da.
Luizi bat.
Larritu egiten da,
pinuetako orratzak
ez ote zaizkion baioneta gisa oldartuko.
Hau dena ezin sor liteke hartz buru batean baino
malkoak eta begiak
zirtzikatzen dituen larruaren artetik.
Ohe bat.
Burdinak.
Estalkien anabasa.
Etzana ageri da burdinen ostean.
Dena dago bare, hila.
Hona non ikara batek
apalak astintzen dituen.
Izarek klaska eta palasta.
Uraren hotzak zangoak milika.
Nondik ur hau?
Hainbeste ur?
Bere negarra.
Marrutia.
Blai.
Gezurra,
ezin da hainbeste negar egin.
Bainu arraioa!
Ura hazi egin da besaulki ondoan
mahaipean,
armarioen atzean.
Besaulkitik,
urak eramana,
leihorantz boiatu da maleta.
Tximinia...
Zigarro muxikin bat...
Neuk jaurtia.
Itzali egin behar da.
Gandorra gorri du.
Arriskutsua da.
Nora?
Zein sutondotara jo?
Versta bete barru.
Eta buruan erreka osoa sutan.
Urak dena eraman du,
gozo, betegarri,
sukaldetik
beti etortzen den
aza usaina ere.
Ibaia.
Bazterrak urrun.
Zer hustasuna!
Ladogako haizeak ulu dagi nire bizkarrean.
Ibaia.
Zabala ibaia.
Handia hotza.
Harro ibaia.
Erdian nago.
Hartz zuria,
izotz mokor batean igan naiz,
boiatuan noa neure izotz-burukian.
Bazterrak badoaz.
Aurkintzek ihes.
Azpian burukiaren izotza.
Haizeak Ladogatik zakar.
Urak ixuri.
Buruki-txalupak laster.
Arraun.
Sukartu egiten naiz izotz-burukiaren gainean.
Susmo bat urak ezin erratzatua:
iragan beharra naizela
edo ohe baten uztaipetik
edo
zubiperen batetik.
Honela geunden:
haizea eta biok.
Baina ibai hau!...
Ez da bera.
Beste bat.
Ez baina, ez beste bat!
honela
zutik ni.
Distira jario.
Orain oroitzen naiz.
Hazi egin zait gogoa.
Ez naiz jabe.
Atzera!
Baina urak ez du txalupa uzten.
Gero eta argiago dakusat...
gero eta garbiago...
Orain hala beharko du...
Bera!
Horra!
Uhinek altzairuzko zutabeak milikatzen dizkiote.
Geldirik,
izugarri,
nire etsipenak sorturiko
hiriburuaren
saihetsean oinarritua
hantxe dago
ehun solairutako zutabeen gainean.
Aireko torlojuz eho du zerua.
Altzairuzko sorginkeria batean zutitu da uretarik.
Gora
eta gorago jasotzen ditut begiak...
Horra!
Horra
zubi bazterrean jarria...
Barka, Neva!
Ez du barkatzen
aitzinago jotzen du.
Erruki!
Lasterka zoroak ez du errukirik.
Bera!
Bera
zeru sutuan zutik,
nik loturiko gizona.
Hantxe dago.
Ileak, luze, noranahi harrotuak.
Hertsatzen ditut belarriak.
Alferrik!
Entzun egiten dut
ahotsa,
neure ahotsa.
Ahots horren labanak atzaparrak moztu dizkit.
Neure ahotsa
otoika,
erreguka:
- Vladimir!
Egon!
Ez ni utzi!
Zergatik ez didazu utzi
jauzi egiten!
Bihotza zutabeen kontra lehertzen!?
Badira zazpi urte nagoela hemen
ur honi beha,
bertsoen estekek bazterrari lotua.
Badira zazpi urte
ez ditudala urok begietarik kendu.
Noiz,
noiz helduko da askatzeko ordua?
Hauen kastakoa egin ote zara?
Musu?
Jan?
Sabela gizendu?
Zirrikituren bat egin ote duzu
zuk ere
beren ohituretan sartzeko,
beren sutondoko patxadan!?
Ezta pentsatu ere!
Zubipeko zurrunbilora
egiten du mehatxu
zakar.
- Etzazula pentsa ihes egiterik!
Neuk
deitu zaitut.
Bilatuko zaitut
aurkituko zaitut
harrapatuko zaitut.
Txikituko zaitut!
Han,
hirian,
festa dute.
Entzuten diot trumoia.
Ongi!
Esaiezue datozela hona.
Eraman ezazu Batzorde Exekutiboaren erabakia.
Konfiska dezatela, ezezta dezatela
oinaze hau
nire mindura hau.
Neva
sakon honetarik
maitasun salbatzailea
ez datorren artean
zu ere alderrai ibiliko zara
eta inork ez zaitu maitatuko.
Arraun!
Etxeen harriek irents zaitzatela!
Geldi, buruki hori!
Alferrik ahaleginak.
Arraun txarra
atzaparra arraun.
Zubia hertsatu egin da.
Nevaren lasterrak
beti aitzinago
narama.
Hona berehala urrun.
Nire zubigaineko itzalagandik
egun bete barru
ausaz.
Baina bere ahotsaren trumoiak ez nau uzten.
Mehatxuen zakurketak belak puztu ditu.
Uste duzu ahantzi ahalko duzula
Neva-ren edertasuna!?
Ordezkatu!?
Zertaz!
Hilobiraino oroituko zara
«Gizona» jotzen zuten zirimola haietaz.
Karraxi egin nahi nuen.
Baina egin al liteke ozenago!?
Ekaitzaren baxu ahotsak
gain hartuko dit beti.
Hel! Hel! Hel! Hel!
Han
Nevaren
zubipean
gizon bat dago!