Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
SARRERA
Zuei guztioi
maite izan edo maite zaituztedanoi
arimaren leizean
ikonoak bezala gordetzen zaituztedanoi
jasotzen dizuet nire bertso bete burezurra
kopa bat ardo bezala toparako.
Gero eta maizago nago
ez ote litzatekeen hobe
bala puntu bat ematea neure buruaren azkenari.
Egun,
badaezpada,
despedidako kontzertua joko dut.
Oroimena!
Bil ezazu zerebroaren aretoan
nire amoranteen multzo zenbagaitza.
Zabal ezazu irria begiz begi.
Apain ezazu gaua eztei iraganez.
Ixuri ezazu alaitasuna gorputzetan.
Inork ezin dezala ahantz gau hau.
Egun xirula joko dut
neure bizkarrezurrean.
-1-
Milaka versta karrika irensten dituzte
neure pausoek.
Nora joan habitatzen nauen infernu honekin!
Zeruko zein Hoffman-ek,
madarikatu alaena, asmatu ote zaitu?!
Karrikak estuegiak zaizkio alaitasun trumoitsu honi.
Festak mozorroak eta mozorroak goitikatzen ditu.
Pentsatu egiten dut,
eta ideiok, odol koaguloak,
gaiztotuak eta gogortuak irteten zaizkit burutik.
Nik,
festa guztietako mago honek,
ez daukat norekin bikote egin.
Uste dut neure burua ere
botako nukeela goitik behera
eta garunak ixuri Nevskiko harrietan!
Birao egin nuen
jainkorik ez dagoela oihukatu nuen,
eta bere labeen sakonduretarik
emakume bat atera du jainkoak
mendia bera ere aztoratu eta ikaratzeko modukoa,
eta agindu du:
maita ezak!
Jainkoa pozik dago.
Zeru ekaiztsuaren azpian,
gizon mindua basokotu eta zakartu egiten da.
Eta jainkoak eskutxoak igurtzi
eta bere artean dio:
Hago, Vladimir!
Berari, berari otu zaio,
aztarrenak ezabatzearren,
zuri benetako senar bat ematea,
eta pianoak giza musikaz jaztea.
Ustegabe logelako atean azalduko banintz
eta gurutzearen zeinua eginen banu
gordetzen zaituzten estalkiaren gainean,
badakit
artile errearen usaina adituko nukeela
eta sufrezko ketan aldeginen lukeela
deabruaren haragiak.
Baina, horrelakorik gabe,
maitatua izatera eraman zaituztelako izutua
etsitua
oihuak zizelkatu ditut bertsoak egiteko,
zilargin zoroa.
Kartetan egin behar nuke!
Ardotan
hezetu behar nuke bihotzaren eztarri zotindua.
Ez zaitut behar!
Ez duzu merezi!
Izan ere,
badakit
laster akatuko naizela.
Egia baldin bada bazarela,
jainkoa,
ene jainkoa,
zeu baldin bazara izarren oihala ehotu duena
egunero handitzen den
oinaze hau
zeuk emandako mindura bada, jauna,
jantz ezazu epailearen lepokoa.
Bisitan joanen natzaizu.
Tenorekoa naiz,
ez naiz egun bakarrean berandutuko.
Entzun
inkisitore nagusia!
Lotuko dut ahoa.
Ez da oihurik aterako
nire ezpain odoltzeraino haginkatuetarik.
Lot nazazu kometa bati
zaldi baten buztanari bezala
eta akuila!
urra dadila gorputz hau izarren hortzetan.
Edo bestela:
nire arima bere egoitza utzita
zure epaimahaian ageriko denean
kopeta ergelki zimurturik,
har ezazu
Via Lactea urkabe
eta zintzilika nazazu kriminal beten antzera.
Egizu nahi duzuna.
Laurdenka nazazu, nahi baduzu.
Neuk garbituko dizkizut eskuak, epaile zuhurra.
Baina ordea
entzun iezadazu!
eramazu hemendik nire maitea egin duzun
madarikatu hori!
Milaka versta karrika irensten dituzte
neure pausoek.
Nora joan habitatzen nauen infernu honekin!
Zeruko zein Hoffman-ek,
madarikatu alaena, asmatu ote zaitu?!
-2-
Eta zerua,
ke artean urdin izaten ahantzia
eta hodeiak, pildetan errefuxiatuak iduri
nire azken maitasunaz argituko ditut
tisikoaren gorridura bezala lehertuta.
Alaitasunez estaliko dut
patxada eta sutondoa zer den ahantzi duten
samalden
orrua.
Entzun,
gizonok!
Irten zaitezte trintxeretarik
amaituko duzue gerra geroago.
Eta, odolez hordirik
eta Bacus bezala zabuka
borrokak jarraitzen badu ere
ez dira atsokeriak izaten maitasun hitzak.
Aleman maiteok!
Badakit
ezpainetan daramazuela
Goetheren Margarita.
Frantsesa
barreka hiltzen da baionetapean,
abiadore eratsia irri batean suntsitzen da
zure ahoaren musua
gogoan badute,
Traviata.
Baina nik ez dut zer egiterik
mendeek murtxikatu duten
ogi arroxa horren mamiarekin.
Egun, beste oinetara makur!
Zuri dizut kantatzen,
ilegorri
apain horri.
Menturaz
baioneta muturrak bezalako egun izugarri hauetarik
mendeak bizarrak urdindutakoan
ez da besterik geldituko
zu
eta ni
hiriz hiri jarraitzen natzaizula.
Itsasoaz bestaldean emaztetzat emana zaude,
gauaren leizean ezkutatzen zara.
Nik musu josiko dizut Londreseko lanbroan barrena
ezpainak kriseilu garretan.
Badaramatzazu zeure karabanak
basamortu kiskalgarrian
lehoiak zain dauden hartan,
eta nik, Saharak,
haizeak harroturiko hautsaren azpian
nire masail erregarria zabalduko nizuke.
Datorkizula irria ezpainetara
torero batere zatar bat
ikusita.
Neu naiz
tendidoak tximista jeloskorrez jotzen dituena
zezenaren begi hilaginarekin.
Ibili aspertuak zubira eramaten zaitu
eta zeure artean:
goxo egonen dela azpi horretan...
Zubipetik ixurian doan Sena
neu naiz,
dei egiten dizut
hortz ustelok ageri.
Inorekin, zaldiak sutuko dituzu
Strielkako edo Skolnikiko parkean,
eta neu naiz, goienean igana,
zure zain paraturiko ilargi txipi biluzia.
Kementsua naiz
menturaz behartuko zaizkit,
agintzen badidate:
«Hil hadi gerran!»
Azkenekoa zure izena
izanen da
obusak leherturiko ezpainotan gatzatua.
Koroatua amaituko ote dudan
ala Santa Elenan,
bizitza ekaiztu baten uhinak zamalkatuz,
berdin nago hautagai
unibertsoaren tronurako
eta
griluetarako.
Enperadore izatea egokitzen bazait
zure begitarteñoa
nire txanponaren eguzki urrean
aginduko nioke populuari
lantzea.
Eta han
mundua tundran difuminatzen den hartan
ibaia ifar haizearekin salerosketan ari den hartan
Lilí izena sarraskatuko nuke katean azkazalaz
eta presondegiko ilunpeetan musukatuko nuke.
Zerua urdina dela ahantzi duzuenok, entzun bada
piztiak iduri
ileak laztuta.
Menturaz
munduko azken maitasuna da
tisikoaren gorridurak sutzen duen hau.
-3-
Ahantziko dut urtea, eguna, data.
Orri zuriaren aurrean itxiko naiz bakarrean.
Sor hadi, oinazeak argituriko
hitzen magia gizagabea!
Egun, zurean sartu orduko
nabaritu dut
ez zegoela onik.
Bazenuen zer edo zer gordea zetazko soinekopean,
eta intzentzu usaina zabaldua zegoen airean.
«Pozik?»
«Oso»
hotz bat.
Lazturak adimenaren harresia pitzatu du.
Sukarti eta sutsu, etsipena metatzen dut.
Entzun,
dena dela
ezin izanen duzu gorpua ezkutatu.
Ixuri iezadazu burura
hitz izugarri horren burdina salda.
Dena dela
zure gihar bakoitzak
ozengailuak bezala
egiten du oihu:
«Hila da, hila da, hila da!».
Ez,
erantzun.
Ez gezurrik esan!
(Nola joan ninteke atzera honela?).
Zure begiek hilobi bana
zulatu dute aurpegian.
Hilobiak sakondu egiten dira.
Ez dute hondorik jotzen.
Eta iruditzen zait
haietan behera amiltzen naizela
neure egunen aldamiotik.
Erroitzaren gainetik arima luzatua daukat
kable baten antzo
eta bertan kulunkatzen naiz hitzen malabarismoan.
Badakit
maitasunak higatu egin duela.
Aztarren mordoan igartzen diot nardari.
Gazte zaitez neure ariman.
Emaiozu bihotzari gorputzaren festa.
Badakit,
emakume bat ordaindu egin behar da.
Zer ajola du
oraingoz behintzat
Pariseko soineko ederretan ez
baina nire tabakoaren kean jazten bazaitut.
Mila eta milaka bidetarik
eramanen dut maitasun hau
behiala apostoluek egiten zuten bezala.
Koroa bat prestatu dizute mendeek
eta koroa horretan nire hitzak
ortzadarra dira hotzikara batean.
Ehun tonako elefanteen jolasak
Pirroren garaitza baieztatzen zuen bezala
mailukatu dut zure burua jeinuaren pausopean.
Alferrik.
Ezin zaitut ekarri.
Alai zaitez,
alai zaitez,
akatu nauzu!
Orain
halako tristurak hartu nau
neure gurari bakarra errekaraino laster egin
eta burua uraren muzinaz larruztatzea baita.
Ezpainak eman zenizkidan.
Zakartu egin zaizkizu.
Arkaitz hotzean landuriko monastegi bat
musukatu uste izan dute ezpain madarikatuok.
Ateak
klaska.
Sartu zen bestea,
karrikako alaitasunak ihintzeztatua.
Ni
erdi bi egin naiz intzirika.
Oihu egin nion:
«Ongi,
baniak,
ongi.
Hiretzat izanen duk.
Ito ezak soinekoz
harro ditzala hegal lotsati horiek zetapean.
Kontu hegan egin ez dagian.
Perlazko lepoko bat lot iezaiok
errotarri!».
A,
gau hori!
Gero eta tinkoago estutu nuen etsipena.
Nire negarrek eta nire algarek
ikaraz okertu zuten gelaren muturra.
Ikustate baten antzera altxa zen
zure begitarte eramana,
eta zure begiek bere oihala dirdiratu zuten
Bialik berri batek irtenarazi bailuan
bere ametsetik
juduen Siongo erregina izarniatsu bat.
Minduraz
itzuli nuenaren aitzinean
belauna eta burua makurtu nituen.
Bere hiri guztiak
errenditu behar izan zituen
Alberto erregeak
urtebetetzeko opariz gain egina dirudi
neure aldean.
Urrezta zaitezte eguzkipean, belar-liliok!
Udaberri zaitezte, bizitzaren indarrok!
Ez dut pozoin hau besterik behar:
bertsoen zurruta, orain eta beti.
Bihotza hustu
guztiaz gabetu
eta arima eldarniotan oinazetu didazun horrek,
onar ezazu eskaintza hau, maitea,
menturaz ez dut inoiz besterik asmatuko.
Orraz ezazu festaz egungo data.
Sor hadi,
gurutziltzaketa bezalako magia.
Ikustazue
paperean nago josia
hitzen iltzez.