Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Hirugarren eszena
Zalaparta handia eta oihuak entzuten dira. Jendea zalapartan doa oraindik besarkatuta dauden NAGUSIA eta AGATHErenganantz; jendartean, AGATHEren ama azpikogonarekin eta poliziako komisario bat.
KOMISARIOA: Jaun-andreok, ixo! Okerra agirikoa da! Gizona saltsaren erdian harrapatua izan da. Nik dakidanez, aristokrata da eta gizon jatorra. Okerra bere borondatez konpontzea espero dut legeak horretara behartu baino lehen.
JACQUES: Jainko maitea, Jauna, harrapatu egin zaituzte.
KOMISARIOA (ALABA jo nahi duen AMAri gogor eutsiz): Uztazu. Dena konponduko da ahalik eta ondoen...
AGATHEREN AMA (JACQUESen NAGUSIAri): Itxura jator horrekin, zeinek esan kapaza izango zinenik...
KOMISARIOA (bienbitartean zutitu egin den JACQUESen NAGUSIAri): Jarraituidazu, Jauna.
NAGUSIA: Nora eraman asmo nauzu?
KOMISARIOA (NAGUSIA daramala): Gartzelara.
JACQUES (ahozabalik): Gartzelara?
NAGUSIA (JACQUESi). Bai, Jacques maitea, gartzelara... (KOMISARIOA urrundu egiten da. Osatu den taldetxoa desagertu egiten da. NAGUSIA bakarrik geratzen da oholtzan. SAINT-OUEN beregana doa bizi.)
SAINT-OUEN: Lagun, ene laguna! Iguingarria da! Zu, gartzelan! Nolatan ordea? Agatheren etxean izan naiz; bere gurasoek ez zidaten hitzegin ere egin nahi; badakite nire lagun bakarra zarela eta beren zoritxarraren erruduna izatea leporatu didate. Agathek ia atera dizkit begiak. Ulertuko duzu ziurrenera...
NAGUSIA: Baina, Saint-Ouen, zure esku dago ni saltsa hontatik ateratzea.
SAINT-OUEN: Nola?
NAGUSIA: Nola? Gauzak diren bezala esanda.
SAINT-OUEN: Bai, mehatxu egin diot horrekin Agatheri. Baina ezin dut egin. Pentsa ezazu ze itxura emango genukeen... Gainera, zure errua da!
NAGUSIA: Nire errua?
SAINT-OUEN: Bai, zure errua. Nik esandako zikinkeriatxoa onartu izan bazenu, Agathe bi gizonekin harrapatuko zuten eta guzti hau txantxan amaituko zen. Baina oso zeurekoia izan zara, lagun! Bakarrik gozatu nahi zenuen!
NAGUSIA: Saint-Ouen!
SAINT-OUEN: Hala da, lagun. Zeurekoikeriaren zigorra da hori.
NAGUSIA (gaitzetsiz): Lagun!
SAINT-OUENek buelta eman eta irten egiten da azkar.
JACQUES (NAGUSIAri oihuka): Jainkoaren izenean! Noiz utziko diozu lagun deitzeari? Guztien begibistakoa da berak tranpa jarri eta salatu zaituela, baina zu itsua izango zara beti! Eta ni, denen barregarri, nire nagusia ergela delako!