Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Bigarren eszena
Barrenean, oholtzan, pixkat lehenxeagotik, beste pertsonaia batzu azalduz joan dira. DEMONTRE GAZTEA eskailera-mailan dago eserita, JUSTINE zutik bere aurrean. Beste bikote bat kontrako aldean dago eszenatokian. AGATHE, SAINT-OUENEKO ZALDUNAk ekarri dion aulki batean dago eserita, eta ZALDUNA aldamenean.
SAINT-OUEN (NAGUSIAri deika): Kaixo, lagun!
JACQUES (buelta ematen du, NAGUSIAk ere bai, eta buruarekin AGATHEren alderantz egiten du): Bera al da? (NAGUSIAk baieztatu.) Eta aldamenean daukan gizona, nor da?
NAGUSIA: Lagun bat, Saint-Oueneko Zalduna. Bere bitartez ezagutu nian. (Begiradaz JUSTINE erakutsiz.) Eta beste hango hura, hirea al da?
JACQUES: Bai, baina nik zurea nahiago.
NAGUSIA: Ta nik, hirea. Mardulagoa zegok. Trukatuko al dizkiagu, aproba egiteko?
JACQUES: Lehenago pentsatu behar genuen horretan. Orain beranduegi da.
NAGUSIA (hasperena eginez): Bai, beranduegi. Ta nor da gazte hori?
JACQUES: Demontre, lagun bat. Biok nahi genuen neska. Baina arrazoi ulerkaitzengatik, berak lortu zuen eta ez nik.
NAGUSIA: Nik bezala.
SAINT-OUEN (NAGUSIAri hurbildu zaio oholtza ertzera): Adiskidea, ez duzu zuhurtasunez jokatu. Agatheren gurasoek beldurra diote marmarioei...
NAGUSIA (JACQUESi, haserre): Burges zikinok! Opariz asetzen nuenean neska, ez zuten ardura handirik!
SAINT-OUEN: Et-et-et! Estimatzen zaituzte. Nahi duten bakarra da zuk zure asmoak garbi azaltzea. Bestela, utzi egin beharko diozu beren etxera joateari.
NAGUSIA (haserre, JACQUESi): Eta pentsatu honek sartu ninduela neskaren etxean! Eta animatu! Eta hitza eman, neska, erraza izango zela!
SAINT-OUEN: Lagun, nik, agindu didaten mezua eman baino ez dut egin.
NAGUSIA (SAiNT-OUENi): Oso ondo. (Aurrera egiten du oholtzan:) Nik agintzen dizut esateko, ez dezatela nirekin konta eraztuna behatzean amaitzeko. Eta esan Agatheri
askoz xamurragoa izan beharko duela aurrerantzean, gorde nahi banau. Ez daukat asmorik denbora eta fortuna berarekin galtzeko; biak ere hobeto erabil ditzaket beste damaren batekin.
SAINT-OUENek JACQUESen NAGUSIAren mezua entzun, makurtu eta AGATHEren ondora itzultzen da.
JACQUES: Bejondeizula, Jauna! Holaxe nahi zaitut nik! Ausarta izan zara behingoagatik.
NAGUSIA (JACQUESi, oholtzatik): Batzutan badakit izaten. Utzi egin diot neska ikusteari.
SAINT-OUEN (NAGUSIArenganantz doa buelta-bueltan arkuan): Hitzez hitz igorri dut zure mezua, baina iruditzen zait bihozgabe samarra izan zarela.
JACQUES: Nire Nagusia? Bihozgabea?
SAINT-OUEN (JACQUESi): Hi, morrol, itxizak ahoa! (NAGUSIAri:) Familia osoa izututa dago zure isiltasunarekin. Eta Agathe...
NAGUSIA: Agathe?
SAINT-OUEN: Agathe negarrez.
NAGUSIA: Negarrez.
SAINT-OUEN: Negarrez egun osoan.
NAGUSIA: Hortaz, Saint-Ouen, uste duzu berriro azalduko banintz...?
SAINT-OUEN: Okerrerako litzateke! Ezin duzu atzera egin. Orain itzuliko bazina, akabo guztia. Erakutsi egin behar zaie bizitzen merkatari hauei.
NAGUSIA: Eta ez badidate berriro deitzen?
SAINT-OUEN: Deituko dizute.
NAGUSIA: Eta luze joaten bada?
SAINT-OUEN: Nagusi ala morroi izan nahi duzu?
NAGUSIA: Negar egiten du orduan...
SAINT-OUEN: Hobe hark egitea zuk baino.
NAGUSIA: Eta ez badidate berriro deitzen?
SAINT-OUEN: Deituko dizutela ba. Probetxatu egin behar duzu aukera. Agathek ulertu dezala zu ez zarela bere magalera makurtuko eta saiatu egin behar duela... Baina esaidazu... Lagunak gara horratio! Jarriko al zenuke eskua sutan ez dela inoiz ezer gertatu bera eta zure artean?
NAGUSIA: Ez.
SAINT-OUEN: Zure zuhurtasun horrek goresgarria egiten zaitu.
NAGUSIA: Zoritxarrez, egi-egia baino ez diotsut.
SAINT-OUEN: Nola? Ez al du berak ahuleria une txikienik ere izan?
NAGUSIA: Ez.
SAINT-OUEN: Ez dakit ba ez ote zaren babalore baten moduan portatu. Jende jatorrak horrela portatzeko joera du.
NAGUSIA: Eta zuk, Saint-Ouen, ez al duzu inoiz Agathe gura izan?
SAINT-OUEN: Jakina. Baina zu azaldu, eta ni izpiritu hutsa bilakatu nintzen harentzat. Lagun onak izaten jarraitu diogu, baina besterik ez. Poz-bide bakarra geratzen zait: lagunik onena oheratzen bada berarekin, neu oheratzea bezala izango da. Edozer egingo nuke, sinetsi, zu bere ohera bidaltzearren.
Hitz hauen ondoren, eszenatokian barrenera urruntzen da AGATHErenganantz, oraindik aulkian eserita bait dago.
JACQUES: Ohartu al zara, Jauna, nola aditzen dizudan? Ez dizut behin ere eten. Aintzat hartuko bazenu sikera.
NAGUSIA: Harropuzten haiz ez nauala eteten, zer da, ta eteteko!
JACQUES: Hitza kendu badizut, zeurí gaizki ikasi dizudalako da.
NAGUSIA: Nagusia naizenez, eskubidea daukat neure zerbitzariai-i nahi dudanero eteteko. Baina nire zerbitzariak ez du eskubiderik Nagusiari eteteko.
JACQUES: Jauna, nik ez dizut eteten, hitzegin egiten dut zurekin, zeuk beti nahi izan duzun bezala. Eta pentsatu bezala esango dizut gauza: ez dut batere atsegin zure laguna eta egingo nuke bere laguntxoarekin ezkondu nahi zaituela.
NAGUSIA: Ixo! Ez diat besterik esango! (Oholtzatik jaisten da haserre antzean.)
JACQUES: Nagusi jauna! Mesedez! Jarraitu!
NAGUSIA: Zertarako! Adimen-argi harroputz eta aukera txarreko horrekin, dena dakik eta aurrez!
JACQUES: Arrazoia duzu, Nagusi jauna, baina jarraitu. Igarri dudana, istorioaren hari orokorra da, baina ezin ditut imajinatu ez Saint-Ouenekin izan zenituen solasaldien zehaztasun xarmangarriak eta ezta azpikeriaren kapritxo guztiak ere.
NAGUSIA: Leporaino egin nauk eta ixiltzera niak.
JACQUES: Arren eskatzen dizut.
NAGUSIA: Bakeak egin nahi badituk, kontazak herorrek; nik etengo diat gero nahi dudanean. Jakin egin nahi diat nola galdu huen birjintasuna. Eta hago ziur, hire lehenengo maitasun-festa behin baino gehiagotan etengo dudala.