Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Zazpigarren eszena

 

OSTALARIA (eszenatokian barrenean, AMA-ALABAk sartu diren lekuan): Beno, aurrera, aurrera. Eseri nirekin eta has gaitezen. (Mahaian esertzen dira eszenatoki barrenean. Bi mahai daude orain eszenatokian: bat behean, JACQUES eta NAGUSIA dauden lekuan, bestea oholtza gainean.) Markesa datorrenean harritu papera egingo dugu. Baina ez nahastu!

JACQUES (OSTALARIAri oihuka): Ostalari andrea! Emakume hori zakurra da!

OSTALARIA (goiko mahaira eserita, JACQUESi, beheko mahaira eserita dagoenari): Eta Markesa, Jacques jauna, aingerua akaso?

JACQUES: Eta zergatik behar luke aingerua? Gizonak ez al du beste aukerarik, aingerua edo piztiarena ezean? Zentzu gehiago izango zenuke seguruenik, Labana eta Zorroaren kondaira ezagutuko bazenu.

MARKESA (emakumeengana hurbildu eta harrituta batego bezala): Ah... Motestatzera ote natorren ere!

OSTALARIA (honek ere harrituarena eginez): Egia esan... Ez zintugun espero, Markes Jauna...

NAGUSIA: Komeriante halakoak!

OSTALARIA: Baina hemen zauden ezkero, gurekin afalduko duzu.

 

MARKESAk musu eman damei eskuan eta eseri egiten da.

 

JACQUES: Ziur nago ez dizula horrek onik egiten. Bienbitartean, Labana eta Zorroaren kondaira kontatuko dizut.

MARKESA (damen solasaldian partehartuz): Guztiz ados nago zuekin, andreak. Zer dira ba bizitzako atsedenak? Hautsa eta kea. Ba al dakizue zein den gehien miresten dudan gizona?

JACQUES: Ez kasorik egin, Jauna!

MARKESA: Ez al dakizue? Ba, San Simeon Estilita. Nire patroi santua.

JACQUES: Labana eta Zorroaren kondaira, moralen morala eta zientzia guztien oinarria da.

MARKESA: Imaginatu, andreak! Simeon-ek bere bizitzako berrogei urte pasa zituen berrogei metro altuerako zutabe baten gainean Jainkoari erregutuz, kemena eman ziezaion bere bizitzako berrogei urte pasatzeko berrogei metro altuerako zutabe baten gainean Jainkoari erregutuz...

JACQUES: Ez kasorik egin, Jauna!

MARKESA: ...kemena eman ziezaion bere bizitzako berrogei urte pasatzeko berrogei metro altuerako zutabe baten gainean...

JACQUES: Entzun niri! Behin, Labana eta Zorroa sutsuki haserratu ziren. Labanak esaten dio Zorroari: Ene Zorro maitea, ederra urdanga zu, laban desberdinak sartzen dituzu egunero. Eta Zorroak Labanari: Ene Laban maitea, eta zu zerria galanta, zorroz aldatzen duzu egunero.

MARKESA: Imajinatu, andreak! bere bizitzako berrogei urte berrogei metro altuerako zutabe baten gainean!

JACQUES: Haserre hau mahaian hasi zen. Eta Labana eta Zorroaren artean eserita zegoenak hartu zuen hitza: Zorro maitea, eta zu, Laban maitea, ondo egiten duzue labanez eta zorroz aldatzearekin, baina oker handia egin zenuten, ez aldatzeko hitza elkarri eman zeniotenean. Ez al dakizu ba, Labana, Jainkoak zorro bat baino gehiagotan sartzeko egin zintuela?

ALABA: Eta zutabe hura, benetan al zen berrogei metrokoa?

JACQUES: Eta zuk, Zorro, ez al duzu ulertu Jainkoak laban askotarako egin zintuela?

 

NAGUSIAk oholtzara begiratu gabe entzun dio JACQUESi. Azken hitzak ondoren, NAGUSIAk barre egiten du.

 

MARKESA (maitasun samurrez): Bai, ume. Berrogei metrokoa.

ALABA: Simeon ez al zuen zorabioak hartzen?

MARKESA: Ez. Ez zuen zorabioak hartzen. Eta ba al dakizu zergatik, ume?

ALABA: Ez.

MARKESA: Zutabearen goitik ez zuelako sekula behera begiratu. Beti ere Jainkoagana begiratzen zuelako, gora. Eta gora begiratzen duena, ezin du sekula zorabioak hartu.

DAMEK (harrituta): Jakina!

NAGUSIA: Jacques!

JACQUES: Bai.

MARKESA (damak agurtuz): Ohore handia izan da niretzat. (Urrundu egiten da.)

NAGUSIA (alai): Hire kondaira inmorala huen. Baztertu egiten diat, ukatu, eta hutsala eta balio gabea deklaratu.

JACQUES: Gustatu zaizu ordea!

NAGUSIA: Ez da hori kontua! Nori gustatu ez ba holakorik? Horixe gustatu zaidala!

 

Eszenatokian barrenean, morroiek eraman egiten dituzte mahaia eta aulkiak. JACQUESek eta NAGUSIAk berriz begiratzen dute oholtzara. MARKESA OSTALARIArengana doa.