Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Hamargarren eszena

 

JACQUESen azken hitzekin batera, OSTALARIA oholtzatik jeitsi da eta JACQUESen NAGUSIA dagoen mahaira eseri da; NAGUSIAk gerritik heldu dio eta berarekin edaten du...

 

NAGUSIA: Jacques, ez zaidak gustatzen nola amaitu duan kontu hau! Neska horrek ez zian merezi markesa bilakatzerik! Agathe gogorarazten zidak izugarri! Egundoko iruzurtiak biak!

JACQUES: Oker zaude, Jauna!

NAGUSIA: Nola! Ni oker?!

JACQUES: Guztiz oker gainera.

NAGUSIA: Jacques delako batek esan behar ote dit orain neri, bere nagusiari, oker nagoen ala ez?!

 

JACQUESek ALABA uzten du eta hau erretiratu egingo da elkarrizketa aurrera doan heinean; hura oholtzatik jaisten da salto batez:

 

JACQUES: Ni ez naiz Jacques delako bat. Gogorotu zaitez lagun ere deitu didazula.

NAGUSIA (OSTALARIArekin jostari.) Lagun deitu nahi diadanean, laguna izango haut. Eta Jacques delakoa deitutakoan, Jacques delakoa izango haiz. Zeren han goian, badakik non, han goian! hire kanpitainak esango lukeen bezala, idatzita zegok han goian hire nagusia naizela. Eta agintzen diat gustatzen ez zaidan kontu honen amaiera baztertzeko, Madame de la Pommeraye-ri ere gustatzen ez zaion bezala, nik gurtzen dudana berau (OSTALARIA besarkatuz), ipurdi ospatsua duen dama noblea baita...

JACQUES: Benetan uste duzu, Nagusi, kontatu duena bazter dezakeela Jacquesek?

NAGUSIA: Nagusiak nahi badu, Jacquesek baztertu egin behar!

JACQUES: Gustora ikusiko nuke hori, Jauna!

NAGUSIA (Oraindik OSTALARIArekin jostari.) Jacquesek setati jarraitzen badu, nagusiak ikuilura bidaliko du ahuntzekin lo egitero!

JACQUES: Ez naiz joango!

NAGUSIA (OSTALARIA besarkatuz.) Joango haiz.

JACQUES: Ez naiz joango.

NAGUSIA (Oihuka): Joango haiz!

OSTALARIA: Jauna, egingo al duzu gauza bat besarkatu duzun damagatik?

NAGUSIA: Dama horrek nahi duena.

OSTALARIA: Bukatu liskarrak zure zerbitzariarekin. Aitortu behar dut petral samarra dela, baina holakoxe mirabea behar duzula deritzot. Idatzita dago han goian ezin duzuela bata bestea gabe pasa.

NAGUSIA (JACQUESi): Entzun duk, mirabe. Madame de la Pommeraye-k esan dik ez naizela sekula higandik libratuko.

JACQUES: Libratuko zara nigandik, Nagusi jauna, ikuilura noa eta ahuntzekin lo egitero.

NAGUSIA (jeikitzen ari dela): Ez haiz joango!

JACQUES: Banoa! (Badoa poliki.)

NAGUSIA: Ez haiz joango!

JACQUES: Banoa!

NAGUSIA: Jacques! (JACQUES badoa poliki, gero eta polikiago.) Ene Jacques maitea! (JACQUES badoa...) Ene lagun Jacques maitea... (NAGUSIA korrika doakio atzetik, besotik heltzen dio.) Baina, ez al duk entzun? Zer egingo nikek nik hi gabe?

JACQUES: Beno. Baina beste liskarrik ez izateko, ados jarri beharko genuke behin betirako printzipio batzutan.

NAGUSIA: Konforme.

JACQUES: Erabaki dezagun! Kontuan izanik idatzita dagoela han goian ezinbestekoa zaitudala, abusatu egingo dut aukera dudanero.

NAGUSIA: Hori ez zegok han goian idatzita!

JACQUES: Guzti hau erabakiaz joan zen nagusiak gu sortu ahala. Berak erabaki zuen zuk itxura eta nik mamia izango genuela. Zuk emango zenituela aginduak, baina nik aukeratu zeintzu. Zuk izango zenuela boterea, eta nik eragina.

NAGUSIA: Ba hala bada, alda dezagun, hire lekua hartuko diat.

JACQUES. Ez zenuke ezer onik aterako. Itxura galdu eta mamia irabazi ez egingo zenuke. Boterea galduko zenuke eta eraginik lortu ez. Jarraitu, Jauna, zaren zarenean. Nagusi ona bazara, nagusi esanekoa, ez duzu gaizki ezer aurkituko.

OSTALARIA: Amen. Gau berandua da eta idatzita dago han goian asko edan dugula eta oheratu egingo garela.

 

TELOIA