Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Laugarren eszena

 

SAINT-OUEN: Ene laguna! Lagun maitea! Zatoz... (Oholtzaren ertzean dago eta besoak luzatzen ditu behean dagoen NAGUSIArengana. NAGUSIA oholtzara igo eta SAINTOUENekin elkartuko da honek besotik heldu eta oholtzaren batetik bestera eramango duelarik, paseatzen ari bailiran.) Ah, bai ederra, lagun maitea, adiskidetasun zintzoa zaion laguna izatea...

NAGUSIA: Bihotza ukitzen didazu, Saint-Ouen.

SAINT-OUEN: Bai, lagun guztien artetik lagunik lagunena zaitut; neu ordea, lagun...

NAGUSIA: Zu? Zu ere bai, lagun guztietatik, lagun, zeu zaitut lagunena.

SAINT-OUEN (burua makurtuz): Beldur naiz ez ote nauzun ezagutzen.

NAGUSIA: Neure burua bezalaxe ezagutzen zaitut!

SAINT-OUEN: Ezagutuko baninduzu, ez nindukezu ezagutu nahiko...

NAGUSIA: Ez esan holakorik.

SAINT-OUEN: Gizon dongea naiz. Bai, ez dago beste hitzik. Ez dut zure aurrean beste izenik merezi: gizon dongea naiz.

NAGUSIA: Ez dizut utziko nire aurrean horrela burumakurtzen!

SAINT-OUEN: Gizon dongea!

NAGUSIA: Ez!

SAINT-OUEN: Gizon dongea!

NAGUSIA (bere aurrean belaunikatuz): Zaude ixilik, lagun. Zure hitzek bihotza urratzen didate. Zerk oinazetzen zaitu? Zer daukazu zeure buruari gaitzesteko?

SAINT-OUEN: Beltzune bat dago nire iraganean. Beltzune bat besterik ez, bai, beltzune bakarra, baina...

NAGUSIA: Ikusten, beltzune bakar bat besterik ez, zer da ba hori?

SAINT-OUEN: Beltzune bakar batek bizitza osoa ilun dezake.

NAGUSIA: Enara batek ez du Udaberria egiten. Beltzune bakar bat, ez da beltzune.

SAINT-OUEN: Ah! Ez. Bat da eta bakarra beltzunea, baina bera izugarria. Nik, nik Saint-Ouenek, behin egin dut traizioa, bai, lagun bati egin diot traizioa!

NAGUSIA: Ene! Eta nola gertatu zen hori?

SAINT-OUEN: Batak eta besteak neska gazte bera kortejatzen genuen. Laguna maiteminduta zegoen neskaz eta neska nitaz. Lagunak entretenitu eta nik ateratzen nion probetxua. Ez diot sekula ausardiarik izan aitortzeko. Baina beharrezkoa dut. Aurkitzen badut, esan egin behar diot guztia, aitortu egin behar diot abailtzen nauen sekretu beldurgarritik libratzeko...

NAGUSIA: Ondo legoke hori, Saint-Ouen.

SAINT-OUEN: Egiteko diostazu?

NAGUSIA: Bai, hala diotsut.

SAINT-OUEN: Eta nola uste duzu hartuko duela lagunak?

NAGUSIA: Hunkitu egingo da zure zintasuna eta damutasunarekin. Besarkadan hartuko zaitu.

SAINT-OUEN: Zuk uste?

NAGUSIA: Jakina.

SAINT-OUEN: Eta zuk, gauza bera egingo al zenuke?

NAGUSIA: Nik? Ziurrenera.

SAINT-OUEN (besoak zabalduz): Lagun, har nazazu besarkadan.

NAGUSIA: Nola?

SAINT-OUEN: Besarka nazazu. Gezurretan aritu izan natzaion laguna zu zara.

NAGUSIA (abailduta): Agathe?

SAINT-OUEN: Bai... Ah! Haserretu egin zara! Ez dizut kontutan hartuko esan duzuna! Bai, bai! Egizu nirekin ondoen deritzozuna. Arrazoia duzu, egin dudanak ez du barkaziorik. Utz nazazu! Abandonatu! Gaitzetsi! Ah, jakingo bazenu zoritxarreko neska horrek zer egin duen naizenaz! Zenbat sufritu dudan jokaraztera behartu nauen paper eskergarekin...