Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Bigarren eszena
OSTALARIA azken erantzuna ematen ari zela, MARKESA atzetik sartu da oholtzara; aulki bat dakar, aurrean kokatu eta eseri egingo da hankazabal eta nagiro, asper-usainean.
OSTALARIA (MARKESAri): Ene laguna...
AHOTS BAT (eskenatoki atzetik): Etxekoandre!
OSTALARIA (bastidoreetara): Zer da?
AHOTSA (eskenatoki atzetik): Jakitokiko giltza!
OSTALARIA: Iltzean dago... (MARKESAri.) Lagun, ametsetan egiten duzu...
Oholtzara igo eta MARKESAri hurbiltzen zaio.
MARKESA: Baita zuk ere, Markesa.
OSTALARIA: Egia da, eta goibelgarri gainera.
MARKESA: Zer duzu ba, Markesa?
OSTALARIA: Ezer ez.
MARKESA (ahozabalka): Ez da hori egia! Ea, Markesa, kontatu zer den. Besterik ezean, ez aspertzeko behintzat balioko digu.
OSTALARIA: Aspertu egiten al zara?
MARKESA: Ez, ez... Baina badira egunak... ba...
OSTALARIA: Ba elkarrekin aspertzen garenak...
MARKESA: Ez! Oker zaude bihotza... Baina badira egunak... Jainkoak daki zergatik...
OSTALARIA: Lagun maitea, denbora pixkat bada gauza bat esan nahi dizudala. Baina beldur naiz atsekabetuko ote zaitudan.
MARKESA: Ni atsekabetu, zuk?
OSTALARIA: Jainkoak badaki ezer gutxi egingo dizudala nik.
AHOTSA (bastidore artetik): Etxekoandre!
OSTALARIA (bastidoreetara bueltatuz): Jean, lehenxeago esan diat bakean uzteko! Deitu nagusiari!
AHOTSA: Ez dago!
OSTALARIA: Ta ze kristo nahi duk nik egitea?
AHOTSA: Lasto saltzailea da.
OSTALARIA: Pagaiok eta doala... (MARKESAri.) Bai, Markes, akordatzerako gertatu zen eta neu nago nahigabetuta. Gauez, neure buruari galdetzen diot: Ez al da Markesa, lehen hainbestean, amodio merezidun? Ba al diot nik gaitzestekorik ezer? Infidela ote? Ez! Orduan zergatik nire bihotza aldatu da, bereak berdin jarraitzen badu? Orain ez dut lehengo egonezinik berandu datorrela-ta, eta ezta emozio gozorik ere datorrenean.
MARKESA (pozik): Benetan?
OSTALARIA (begiak eskuekin tapatuz): Ai, Markes, gorde nazazu gogor hartzetik... Edo hobeto ez, ez gorde ezertatik. Merezia dut... Baina ezkutatu egin behar al nizun guzti hori? Neu naiz aldatu dena, ez zu. Horregatik estimatzen zaitut sekula baino gehiago. Uko egiten diot neure buruari gezurra esateari. Maitasuna joan egin da nire bihotzetik. Beldurgarria da aurkikuntza baina, ez horregatik gezurra.
MARKESA (belaunikatu egiten zaio pozik): Xarmangarria zara, denetan xarmangarriena. Hau poza eman didazuna! Zure zintasunak lotsatu egiten nau. Zein nire gainetik zauden! Txikia naizela zure ondoan! Zeren zure bihotzean gertatu dena, berdin berdina gertatu da nirean. Baina nik, ez dut hitzegiteko adorerik izan.
OSTALARIA: Egitan?
MARKESA: Ez dago egia handiagorik eta orain ez zaigu geratzen poztea besterik elkartzen gintuen sentimentu apurkor eta iruzurti hori aldi berean galdu dugulako.
OSTALARIA: Hala da, a ze zoritxarra batek oraindik maitatzea besteak maite ez duenean.
MARKESA: Une honetan bezain ederra ez zatzaizkit sekula iruditu. Esperientziak zentzudun egin ez banindu, esango nizuke gainera inoiz baino gehiago maite zaitudala.
OSTALARIA: Eta, Markes, zer egin behar dugu?
MARKESA: Ez dugu sekula elkar engainatu ez gezurrik esan. Eskubidea duzu nire estimazio osoa izateko eta ez dut uste zurea erabat galduko nuenik. Lagunik onenak izan gaitezke. Amodiozko jokotan iraungo diogu. Eta nork jakin egunen batean zer gertatuko den...
JACQUES: Halafede, nork jakin?
MARKESA: Agian...
AHOTSA (eszenatoki atzetik): Non sartu da gure andre hori?
OSTALARIA (haserre, bastidoreetara bueltatuz): Zer duzu orain?
AHOTSA (eszenatoki atzetik): Ezer ez!
OSTALARIA (JACQUES eta NAGUSIAri): Jaunak, erotzeko modukoa da! Norberak uste duenean behingoz lasai dagoela galdutako txoko honetan, denak lo daudev garaian, gizonak deitu behar. Haria galdu erazi dit, larru karkail horrek.
Jaitsi egiten da oholtzatik. Jaunak, izan erruki nitaz...