Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

7

 

Goiz partea inarrosi zion beldurraz a posteriori hausnarrean zebilen Sigma Hozho Moteleko gelan. Hezurrak klaskari zituen oraino, Fermin Muguruza eta Manu Chao Heletan elkarrekin abesten aditzean bezala yeah yeah yeah!

        Alabaina, Iztak, Coatlik, Lamdak eta umeek luze eman zuten Dineh Bar-era heltzen. Denbora dorpea, haluzinatua, arriskutsua suertatu zitzaion. Ostatuko indioekin geratu zen, kafe amerikar txepelak irensten eta telebistako pantaila karrankalarian biribilkatzen ziren irudi tribalei beha. Itxaronaldiak ez zuen ordea iraun behar, dolar gutxi zeukalako moltsan.

        Country eta musika herrikoia zetorren irratietarik. Izaki apatikoak, bekokiak errauts eta keinu eztiak marraztuz, azantzei elkor, solas hautsika higatzen ziren. Kabalak eta aziendak zeuzkaten aipagai, eguneroko traholak, karkaila ozenegiek marmara zurruna noiztenka nahasten zutela. Laborariek Tucson aldeko basamortuetan alharazten zituzten artaldeak, sage-brush eta kaktusez ttakatu eremu gazituak eskaini hoberenaren lehiaz.

        Kideak agertzen ez zirenez, burutaziotan txunditzen zihoan Sigma. Arrapaladaz oroitu zen askazietarik bat Arizonaratu zela mende hasieran artzaintzara, bi mila bururekin, desertu honetako Sigmaren zidor berdinak urratuz. Amak kontatu zionez, baina ez zekien arras egia zenez, Leizarragaren bibliaren ale purtzilikatua zekarren puskila apurrekin batera.

        Ameriketan sei-zazpi hilabeterentzat joaten zen mendira, Sigmak euskaraz bikoizturik irentsiriko Brokeback filmeko gailurretan ibilia zitekeen, zergatik ez, sugeak eta indioak doilorrarazten zituen, riflea ahurrean edonorekin pataskatzen zen, indigenak etsai zituen, soberakin, ardiak elikatzen zizkion lurrak europarren konkista aurretik, Utenak, Hopienak, Zunienak, Navajoenak zirela ez zukeen sekula onetsi.

        Nola ulertuko zuen bada, amerikar ametsa, Long Islandeko berrogeitegian lau astez sufriturik amesgaizto zitzaiona, deportazio, sakrifizio eta krimenaren pentoketan bermatzen zela? Amerikar izateko saria larrutik ordaindua zuela zerasan, eta pasaia trabatzen ziona arma arraiki altxa eta tirokatzen zuen:

        — Fuckin' natives...

        Kontuarraren puntako izaki konkortua soaz iltzatu zuen:

        — Arbasoen ezjakinkeria bortitzaren arduradunak gara. Kalitu ditugu, eho ditugu, indartsuenak hauen desagerrarazten lagundu ditugu. Alta hauek digute erakutsiko nola ekin, lehiaketa ekonomikoak debalde omen ziren populuen suntsitzea justifikatu genuen moduan, herresta gohaigarri egiten gaituelarik. Gatazkatzen zirelako, biolentotzat hartzen ziren; gurutzerik edo erregerik ez zutelako infernura kondenatzen zituzten. Gaitzetsi guztiengana bedera keria bageneukan: ezaguna zen fanatismoa euskaraz mintzo zela, alferkeria korsikeraz eta oskurantismoa behe-bretoieraz.

        Some one must save us all.

        Tracy Chapmanen kanta berriak Dineh Bar-a bete zuen. Non ziren besteak? Zerbait gertatu zitzaien ? Ez zen normala. Iztaren telefono zenbakia bihikatzean, ihardesgailua jartzen zitzaion aldi oroz.

        Otso-urratsez hurbilduriko adinduak hitza harilkatu zion:

        — Bernie naiz. Eratorrian datozkigunak iragartzen ditut. Badakit nora ez zabiltzala. Nondik zatoz?

        — Euskal Herritik... Attattaren anaia Arizonan zendu zen. Rattle snakearen ausikiek edo indio herratsu baten bala zehatzek eho zuten, ez dakit.

        — Zalantza zikoitza duzu hor.

        — Bai. Eta nolakoa.

        — Barre eginen dukezu jakitean euskal jatorrizko emazte zaharkitu bat badugula wash hegian. Tom Eagleyes deritzon tribuko buruzagiarekin ezkondu zen, JFK Dallasen erail zuten egun berean.

        — ...

        — Sei haur kasko gogor ukan zituzten. Denak Kalifornian bizi dira jagoitik. Ostiral arratsetan Tucsonera zetorren Tom, Dineh Bar honetara, eta bizilagunaren kopeta salatzen zigun, whiskiak udalatu ildotik tekila ausarki zintzurreratzen zuela. Negar anpuluka itotzen zen, baina bagenekien minak akabatzerik ez zukeela, Maiaz erabat maitemindua zelako, edozein baldintzatan. Taberna herstean, bezero urrikaltsu batek pickupaz eramaten zuen bere hoganera, hordi bezain etsitua.

        — Ipuin jatorra da, Bernie.

        — Zurea, orain.

        — Ezin dut.

        Tu l'aimes.

        Flagstaffeko Hozko Moteleko dutxako ur hotza gorputzean zipriztintzen zitzaion. Mentsa bailitzan torratzen zuen larrua, bezperako lotsaren kentzeko, gertakarien puzzlea berrosatuz, gerla xenderan ikasiak eta ikusiekin errangarria zitekeen kondaira propioa antolatzen saiatuz. Kanpoan kamioilariek bata bestea kitzikatzen zuten, airoski. Garbitu ondoan haiengana jotzea erabaki zuen Sigmak. Hogei minutuz egon zen zirristaren meneko.

        Bernie graziosoaren figurak neuronak harrotu zizkion. Ez zezakeen konpreni zergatik indioaren galderari ezezkoa eman zion, beharbada orduan besteak zehaztu zituelako Dineh Bar-eko leiho zikinetik, azkenean zoriontsu.

        — Adiskideak iritsi zaizkit.

        — Istorio bat zor didazu. Harri zulo bat bila eta daramazun sekretua xuxurla iezaiozu. Adi egonen natzaio.

        — Astirik ez dut.

        — Ez ote dizu norbaitek irakatsi denbora gehiegi oparitua izan zaizula? Ez duzula molde egokian baliatzen? Ba al dakizu denbora preseski bere handitasun umilenean kontsideratzen?

        Eskakizun zaparrada jasan zuen.

        Dineh Bar-etik jalgi zen Sigma, kontuarrean lazerituen aurpegiak lerroan berina likitsetan itsatsi zirela.

        Iztaren besoetara erori zen:

        — Ez dut lorik egin. Ikara nenbilen. Border patrol kotxe anitz gurutzatu dugu. Haietarik batean zeundela imajinatzen nuen.

        — Suzie Beeren trebetasunari esker naiz onik atera.

        — Mugak ezabatzeko dira...

        — ...Paper eta gerorik gabe ahalaz. Hargatik ez nintzen fida. Ez zen txantxetarakoa.

        Irriz lehertu ziren. Psili eta Zei hurreratu zitzaizkien. Coatlik gasolinaz galkatu zuen chevroleta. Lamdaren aldarte haserretua begimendu zuen berehala eta segidan haren erasia olde galanta jaso:

        — Baduzu burutik! Ameriketara zatoz eta ez duzu bisarik! Bazauzu? Lanjerrean ezarri gaituzu. Inkontzientzia hutsa da!

        — Hemen nago. Xarmanki iragan da. Zer nahi duzu?

        — Ez zara konturatzen ala? Bi haur baditugu gurekin... Bistan da, ez duzu deusen axolarik. Zure pertsona txiki eta bekaitzaz baizik. Borderline bat zara.

        — Lamda, otoi...

        — Zer otoi eta motoi?

        — Kexuan ihaulauska hautemanen gaituzte eta zerbait oker doakigula sumatuko dute. Poliziari deituko diote, eta aharra hau Tucson Countyko kartzelan bukatuko zaigu. Edo hango hilerrian... Hala baldin bada ehortz nazatela Monique Wittigen hobiaren hirugarren hilkutxan! Hauxe da nire azken borondatea.

        — Gohaitzen nau daramazun arraileria zozoak.

        — Goazen...

        Coatlik ordulariaren orratzak plegatu zizkien. Sigma beribilean kantitu gabe egon zen, mukizu, bekokia mindua eta bekatoros. Iztaren esku-ukaldia amoinatu zuen, baina ez zion so egin ere. Psili eta Zeiekin zebilen, jokolari, umeen arduradun betekizunetan kokotseraino sarturik.

        Sigma Ameriketan zen, pozik, pasaporte balirik ez zuelako atxilotzen ahal zuten arren. Kotxekideak hari zoharraren orekan zebiltzan, kontrolatuak baldin baziren, klandestino egoista baten garraiatzea leporaturik ziega lausoetan aurki zitezkeelako. Egoera zaila zen. Tucsondik Flagstafferako highwayean Sigma isilik geratu zen, katastrofe berririk ez sustatzeko.

        Goizeko gertakariekiko arraboka mentalen maldetan linburtu zen, sumin: sortzetik kasik, oinpean metatzen zihoakion lokatza usnatzen zuen: zizare pikatzaileetarik zen, auher urrintsuetarik, baliatzaileetarik. Ondikoz kartzelatua. Betidanik mugetan laketzen eta ausartzen zelako mehatxatua. Nehork zinez laguntzen ez zuena.

        Uraren zoharraz gozatzean erantsi zuen:

        — Arto klikarien sendikoek destino berdina dugu, batzuk izarbel urdinaren zati aberatsetan haziak izanagatik. Erroekiko funtsezko ahalkea hurkoen begitarteetara aurtikitzen dugu, hurkoak sosegatzen direla, ez baitute gutaz besterik pentsatzen. Nortasunik ez dugu. Doi-doia jendeak gara. Wash idor, haran berde, barranco gorri edo mendikate ubelezko zedarriak ditu planetak. Mamutzarrak egarriz daude Afrikan eta arto bihiak transgenikoaz kutsatuak Ameriketan. Eta gu, zoritxar kongenitalaren zorionaren babesle.

        Krisketaren hots ikaragarria.

        Itzulikatu zen hisiaz eta sexu bustiaren biluztasuna gordez. Dutxaren oihal uhargietarik, ohe kantoian norbait zerbaiten bila kukuzkatu zuen. Hormatu zen. Ttattit. Itzalak erorarazten zituen txanponen azantzak entzun zitzakeen. Antsiak kateztatu zuen.

        Bainutegitik jalgi zen, Hozho Motel izena brodaturik zekarren xukadera lakarraz troxaturik eta eskuan komun zuloaren karrakatzeko erratza harturik. Ezezaguna poltsa harrotzen zebilen. Sigmak borta bulkatu zuen, banpez, harrabotsen iturria identifikatzeko.

        Harritu zen, bereziki bere izialduraz:

        — Izta? Zertan zabiltza?

        — Zitaren telefonoa xerkatzen dut. Linea berdea pasatu dugula erranen diot, bihar arratsean Berkeleyn izanen garela, ez palpitatzeko.

        — Beldurtu nauzu.

        — Nik?

        — Dutxapetik harramantza metalikoen misterioak, barda Suzie Beerekin Mexikotik Estatu Batuetara zirristatzean baino laztura hoziagoa eragin dit. Psikosiak joa nago.

        — Imajinazio galgarria duzulako.

        — Oilo larrua daukat...

        — Amodioa egingo dugu gaur?

        Sigmak Iztaren desira neurtu zuen.

        Ganbaratik alde eginez Zitaren zenbakiarekin, girgila indiarrak saltzen zituen txosna maingukariaren maldan jarri zen Izta. Solasean hauteman zituen. Dena ongi dabil xuxurlatu eta agudo jantzirik, Sigma moteleko aparkalekuan barna abiatu zen, sukarrolde gaitzetik doi-doia sendatuaren antzera haztamuka, amerikar airearen errauts mineral usainak birikak labaintzen eta askatzen zizkiola. Navajoak hara-hona zebiltzan, urrats mantsoz, jestu bakoitza sakon bilbatzen eta intimoki sentitzen bailuten.

        Arduradun neoliberalek, eleak eta ihakinak urri zeuzkaten indigenak historiaren orrialdeetarik desterratzen zituzten, produkzioaren zein errentabilitatearen borrokarako ezinduak zirelako, ez baitziren aberastearen aldeko korrikan sekula garaile agertuko, are gutxiago krisia emendatzen zihoanean, bankeroek eta politikariek our trash for your cash ekimena modu zinikoan josten zigutela. Indigenei galtzailearen eredua aplikatzen zieten, adibide eta kontradibide. Ttattardunak irabazleak ziren noski, rolex, ray bans eta urriza polikromatikoak saihetsean; nola ez bada, boterearen egartsu guztiak diru falanga horren jainkoaren gurtzeko belaunikatzen zitezkeen, ahoak zabalik, larderiatsu, gehiengoa kulpabilizatu eta autosakrifikatzera deituz, leku askirik ez eta bestelako aukerarik ez omen zelako. Ziotenez behintzat. Irabazleen saldoa laurdentegiko laurdenaren laurdena zen kopuruz, Frantzian hamalau mila familia, berrogeita hamabost milioi hiritar hauen zerbitzuko, erdiak pikarraitu sozialak.

        Hatsa bahitu zitzaion.

        Polizia tribalaren bulegoaren eskuinetik lerratu zen museo etnologikorantz. Erreserbako hesien haraindian lurrutsaren hedapena miretsi zuen. Harri gorrizko holtzak. Ibar zabalak. Errauts zutabeak biribilka. Haizeak ileak nahasten zizkion. Hori zena bizitza? Debaldetasunaren garrantzia? Aditzaren tai gabeko bihurrikeria, alde, aurka, abururik ez. Esplikazioa. Justifikazioa. Manipulazioa. Ezer ez izan.

        Erakustetxe sarrerako gizonari txartela erosi zion. Aterpe eskaseko patioetan alfertu zen. Grand Canyon eskualdeko indioen buruki lumadunak miretsi zituen, zeremonia arropa koloretsuak, sukaldeko tresnak, wigan eta tepee-tako lan-tresna sotilak, murruan zintzilikatu Edward Curtisen argazki zuri-beltz sepiatsuak, gerlariak, familiak, ume alegerak, begitarte artegak, emakume ezinduak, zahar kuskuilatuak, suntsipen segituaren egunerokotasunaren lekukoak, hots.

        Oldar barnekoiaren erasoa jasan zuen. Antonioniren film baten parean, Izaro uhartearen atzealdean edo Ogella zein Lapatxetako haitzetan bailitzan. Izenik ere ez zeukan amodio oldean ihalozka, bat-batean, Iztaren beso artean nahiko zukeen. Psili, Zei, Izta, Coatli eta Lamda goraki mintzo ziren ondoko aizolbeetan. Bozkariotsu ziruditen. Jabaldu zen Sigma. Erraiak sutzen zizkion sentipena haiekin partekatzeko xedeak zaroan.

        Iztarengana presatu zen, belarrira buhatzen ziola:

        — Badakizu maite zaitudala.

        — Zalantzarik ez dut. Bidaia jarraituko dugu? Haurrak Zitaren gomendioan utzi eta sortalderantz zuzenduko gara. Bazatoz nirekin?

        — New Yorkera?

        — Bai.

        — Friscoko kontsulatuan bisa eginaraziko dut, arazorik ukan ez dezagun. Langabezian nago eta gutxirekin dirauket. Bakarrik, hilabete oroz internetez polemploi-ren zibergunean apuntatu beharra daukat. Egiten ez baldin badut sos jauzia ebakitzen didate.

        — Europarra izatea zer den bestenaz!

        Indioetan jolasten zebiltzan Psili eta Zei zeuzkan ikusmiran. Alaina Iztaren oharra onartu zuen, gaizki plazatu minberatasunik gabe. Posa Ngakak halaber hainbatetan gauza bera errepikatzen zion. Multzoan zetozen turistei beha, erantsi zuen berekiko:

        — Zerbait da kideen kritika, gogoeta aurkari edo ebazpenek zauritzen ez gaituztela sentitzea eta etsai ez dagokigun bisean bisekoa gureek behin betiko zitzikatuko ez dutelakoaz segur izatea. Horretaz bederen jabetu naiz.

        Hiruzpalau autobus gelditu ziren. Ipar amerikar zuriak, beltzak eta europarrak burrustatzen ziren. Navajoen, Uten, Hopien eta Zunien ohiturak argitzen zituzten tokiak herronkan bisitatuko zituzten, nostalgiarik gabe, jalgitzean gero indioen txirotasuna, alkoholari, auherreziari edo suerte txarri egotziz. Ez ziren egundaino populu horien egoera larriaren hobendun sentituko, desjabetasun horren eta beraien okikeriaren artean ez zutelako loturarik egiten, Bob Dylanek sudurkatzen zuen jainkoa alde zutelako.

        Coatli eta Lamda hurbildu zitzaizkion. Benedikatzearen xendraren nondik norakoak bihikatzen zizkion bitrinari xerrent zegokion. Sorbalda ukitu zion Lamdak:

        — Bakea nahi dut.

        — Barkatzen didazu beraz?

        — Amore eman dezaket noiztenka. Linea berdea wetback soilaren plantan zeharkatu duzun manera baietsezina zitzaidan goizean; eta orain gurekin zaude, deus ez bailitzan, bakarti.

        Sigmak bazekien ez zela wetback arrunta. Lanean ari zen batzuetan, eta ari ez zenean langabezia sakelara zezakeen. Diru anitzik ez zuen sekula ukan, ez zen aberastuko, nehoiz. Ez diruz bederen. Printzipio bakunak zeuzkan. Gainera ardit gutxiko familia batekoa zen, gurasoak Donapauleko merkatura hamar libera patrikan zotükatzen jarraitu zituen, bildotsak, ahateak, arrautzak saltzeko. Ez zuen berak ere benetako zilarrik eskuztatu beltzean ez zen ofizio batean zinpurtzen hasi zeneraino.

        Alfer famak edukiagatik, etxe gabeko ondorengo gehienek hilabete-sari finkoz amets zegiten, geriza sozial premiatsuz, herritik joateaz, Amerikak jadanik debekatuak zitzaizkienez, Parisen, Bordelen edo Pauen sustraitzeaz. Belaunaldi osoek partikatzen zuten desira zen. Sorterrien osagarri demografikoa urratzeraino. Sigma menturaz, mundu gerren artean, hogei urteetara heldu baldin bazen, Charles Hiriart garaztar tratulantaren lauhazkaz, Ameriketara jinen zen, Nevadan, Idahon, Arizonan edo Kalifornian errotu euskaldunengana. Baratzezain. Real estate bulegoetako idazkari. Castroko dendetan, fruta exotiko biologiko saltzaile.

        Flagstaff.

        Museoko telebistako itxuretan txamana jauzika ari zen: ei-eio-ha-ah-eio-ei orroatuz. Gorputza ikaratzen zitzaion, jatz mitikoaz hauts gorria altxarazten zuela. Distiratsuki apainduriko tribu-kideak harmonia berreskuratzekotan zetzan neskatxa borobilaren erdian zetxikaten. Txamanari erantzunez ei-eio-ha-ah-eio-ei aldarrikatzen zuten noizbehinka. Erritmoan. Korrokari. Pow wow-ko andregaiaren amak lastozkaturiko hontza inarrosten zuen, izebak zozo eta beleen ikurrak dantzarazten zituelarik, historia pertsonalen dolamena laburtzen bailuten.

        — Ei-eio-ha-ah-eio-ei...

        — Ia-ta-ieh.

        Sigmak Izta tinkatu zuen.

        Erreserbako alanbrezko sasiak troxatzen zituen ilunpeak. Eki arrasalariaren balakaz bush, wash eta harriak beilegi urre jazartzen ziren. Erakustetxetik aldendu ziren. Airearen mineraltasunak zafratzen zizkieten bekokiak. Kumulus saldoak zetozen ordea iparraldetik, beltz-beltzak, lurraldearen edertasuna azpimarratuz.

        — Euria eginen du.

        Izta zuhur zebilen. Psili eta Zei zeramatzatela, Coatli eta Lamda aterpetik alde egiten kukuzkatu zituzten. Afaria aiduru zeukaten. Harritzar geldo bihurtu zen Sigma: Txuxka mendien gibelean eguzkia gordetzen zihoan, gailur zorrotzak odolaren kolorez tindatuz. Ortzaizean errauts adarra zurkaizten zen. Artzain navajo bat zitekeen pickupez ardiak korraleratzen, edo ziuntaz zetorren Jim Chee polizia tribala.

        — I did my best, it wasn't much.

        Sigma, ondare pikor bat zen.