Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

7

 

Londreserako trenak, abiadura handian, Parisko eta Normandiako lur lauak aztoratu zituen. Isilik ziharduten. Montparnassen nortasun agiriarekiko duda-muda zela kausaz hausnar okaztagarrian ihalozka zihoan Sigma, kopetatik kotera hotzak isurtzen zitzaizkiola. Gogoeta nahas zebilkion: Bartzelonatik ekarri ezagunaren argazkia xerkatu zuen esku-zakuan, debalde. Ordez, izenik gabeko mugako hiri batean behin onarturiko larru joaldi baten ankerrak izpiritua ito zion: Mega edana zen eta amodioa egin desira zuen, nahiz eta hastapenean Sigmak ezezko borobila fermuki bermatu. Kidea tehenta zebilen:

        — Nahi dut, gaur.

        — Ezin duzu. Alde egitekoa naiz.

        — Arren...

        Mihia sartu zion aho zokoan ezpata lanpustuaren antzera. Gorputz zurbila hedatu zen gelako argi ahularen azpian. Megak Sigmaren eskuak tinkatu eta haragi beroetan zehar gidatu zituen. Auhenez ari zen. Ardo pitzatuaren urrina zeukan haren hatsak. Sigma disgustatuak aitzina jo zuen ordea, Megaren adiskidantza galtzeko asmorik ez zuelako. Ideia horrekin behatzak hezetasun gorderaino iritsi zitzaizkion. Garrasika libratu zen eta, bat-batean, deus gehiagorik eskatzen ez bailuen, bizkarrez bihurtu zitzaion, mutur. Une zehatz hartan Sigmak bazekien ez zuela segurtatu, hutsean ibili zela, batez ere herri hura abandonatu zuenean, autoan Springsteenen Reno entzutean: alabaina gertatutakoa ez ziezaiokeen Lamdari konta.

        — Ez dago hasierarik...

        Posaren ahotsa ozendu zen:

        — Zer derasazu?

        — Ezer ez.

        — Zerbait baduzu: arrangura zaude.

        — Maitasunaren zero gradua ukigarri zitzaidan arratsa zital dabilkit muinetan. Perfekzioa ez da mundu honetakoa: amodioa eta besta-kidea biak hegaldatu zitzaizkidan, amore ematen baldin banuen zainduko nituela ustez. Kontsolatzen naiz, bizitza, betetasunik baimentzen ez duen askatasunaren eremua dela errepikatuz.

        — Ez zaitu horrek sosegatzen.

        — Aperentziarik ere ez. Frontera lakarrean agitutakoak kurruskatzen nauen oroz, bonba atomikoak erraustu lubakia naiz.

        Posak pertsona gisako dolamen iturria ebaki zion:

        — Ez zaitezela kezka. Pentsatzean berean ahalkea borobiltzen diguten ekintzetan galtzen gara noiztenka. Ez dizut erran, baina El Ejidoko negutegietan lanean ari izan nintzen garaian aspaldiko partez larrua jo nuen, haserrea eta ahalkea hagun.

        — El Ejido? Ez didazu sekula horrelakorik aipatu.

        — Alaina. Hiru aste eraman nituen bertan langile marokoar paper gabeekin tomate, lursagar eta uraza biltzen, izerdi trukean. Plastikoz eta kartoiez eraikiriko txabola zikinetan aterpetzen ginen. Ur eta elektrikarik ez zen. Almeria eskualdean goraipatzen den mirakulu ekonomikoa klandestinoen bizkar errotzen dela ba al dakizu? Afrikatik etorriak baraztegietan metatzen ginen eta kooperatibetan ekialdekoak ziren nagusi. Profeituak naski ez du legerik... Unean uneko agiriak ebatsi zizkidan amodioa egin zidanak, eta ihes joateaz beste erremediorik ez neukan.

        Kanpora begira plantatu zen Sigma.

        Burdinbide hegiko pazoien pasaldi sinkronizatuek, Megaren espektro hezurkoia eta biloa saltsara erortzen bailitzan, Posak gogoan txertatu zion El Ejidorekiko agerpen mikatzak ezabatzen zizkieten. Mancha azpiko tunelaren aldera ari zirela konturatzean lainoak miresten zituen.

        — Sangatte.

        — Zer da hori?

        — Lampedusa eta Alacant bezala, migranteen babeslekua zen Sangatte, botere zentralak itxi arte, klandestinoen Ariadnaren haria hausteko. Omnipotenteak dira: errazu hitz bat eta geldituko naiz. Bizkitartean arrazoia dute buruzagi nazional-liberalek, borroka gehientsuak diskurtso manipulatuei esker irabazten direlako. Europako hauteskunde kanpainetan Turkiaren sarreraren aurka eta emigrazioa gogor kontrolatzeaz baino ez ziren solastatu, arimarik ere zilegitzen ez dieten salbaien balizko erasoen beldurra populu bahituen buruetan barreiatuz. Bazauzu?

        Posak doinu trufakor txistukaria sumatzen zion.

        Monologoan zerraikan:

        — Krisiaren karietara, afera-lagunak salbatu eta herritarrak duintasunez biluziz, uztarripean garamatzatenek amets obsezional bat badute, gauza bera da mundu osoan, estatuak mafiak edo camorrak beraien eskualdeak kudeatzen dituzten moldean eramatea, ezagutu duzun El Ejido sufrituko edo Scampioko workshopetakoen maneran lanean hiltzea onartu dezaguntzat. Errumaniarrak eta txinatarrak dauzkate eredu. Klientelismoa eta biolentzia banatzen dute egunero zortzietako berri-sailetan. Bereziki bortizkeria. Hau dute zinez altxor: bortizkeria mutua. Halatan aski da Sangatte giltzarrapoz zerratu dela telebistan azaltzea, estatua trabeskatzen duen Ingalaterrarako migrazio ohituren urkatzeko: ez da gehiago nehor pasatzen. Sozial alorrean diharduen Poppy adiskidea izutzen du biolentzia subliminal horrek, gerla zibil bat martxan dela dio, mintzaldietan, gertakarietan, ebazpenetan, harreman sentimentalak kutsatzea lortzen duen gatazka ukatu bat.

        Poppy besarkatzen dut erabat hauts ez dakidan...

        — Zer diozu?

        — Ez dakit. Uhertzen ari naiz.

        — Edo ez. Zure eratorri mentalaren logika duzu segitzen. Ceutako sokorritzaileen egoitzara heldu ginenean hogeita lau kideetarik zazpik Ingalaterra zuen helburu. Hamaika gau iragan genituen nora ez, barkua urperatzear, gizonak, emakumeak, ume bi. Paperak eman zizkiguten eta lehen trenean urtu ginen denak, sasiak, mortuak, lokatz idorrezko hiriak, Almeriako negutegiak, ontzi herdoilduekiko kosta harritsuak, Lleidako fabrika kimikoak, Europako xendrak aztalkatzeko hots, Londreseraino. Maliar eta marokoar haboroxienak Andaluzian eta Katalunian ohatzen ziren, habietarik hurbilago zeudelako nolabait. Sambarekiko hitzordua nuen nik San Pancrasen. Gaztaroko promesa. Ene aldia da orain. Zuri esker...

        Sigma buruz zoratzear zegoen:

        — Niri esker? Baina mundua belauniko menperatzea eta xurgatzea xede duen eskualde oparoenetakoa naiz. Kontzientzia txarra dut. Hemen nago langabetu berria naizelako eta Lamda Mexikora hegaldatu zaidalako. Egia da Posa, agian zuregatik, ahoa irekitzen duen segundo bakoitzean lardaskatzen gaituen zurrunbilo neoliberal nazkagarri horrek erraien sakonean zer duen ulertzen hasia naizela. Lantokian, askara ura milikalapatzera joan nahi ez zuen astoaren pare nintzen: inadaptatua, gaitzetsia, mandotua, hogei urtez alta ez nuelarik teknika sotil eta erritmo zirikalariei egokitzeko arazorik izan; ez naiz zaharra, kalitate apurrak ditut, baina diskurtso orokorra jasanezin zitzaidan, horixe da bai, diskurtsoa jasanezin zitzaidan. Lizentziatu ninduten amen batean. Eta ez ni bakarrik, aspalditik haizatzekoak zituzten ehun bat inadaptatu sozial baikinen. Aitzakia zitzaien falta.

        — Zer eginen duzu?

        — Bidaiatuko, Londresera berehala eta segidan Mexikora. Datozen hilabeteetan teatroa ere ikasiko dut. Uste dut gizarte performatibo batean irauten dugula, antzerki jokoaren hertzeetan zer dabilen jakin gabe. Zaldarez hantu korbeen maldan marrakaz atxikitzen gaituzte, zorionaren eskala barne-ekoizpen-brutoak mailakatzen digu eta, auzoa etsai dugula diotenez, handi-mandiek eskaini komedia lanzinantea piltzarrontzat tragediaz apaintzen da.

        Sangatte.

        Gurutze Gorriaren zentroak afrikar izenen doinua zuen. Benetan. Bertan afrikarrez bestalde gerla malatsetan zebiltzan eremuetarik eskapatu gazteak metatzen ziren, Ingalaterrara trenez edo kamioiz pasatzea xede. 2001az geroztik, Bushek kudeatu amerikar armadek bonbardatu Afganistan edo Iraketik etortzen ziren saldoan, ekialde ohiko erresumetako gosaio eta aurkari politikoak, ukraniarrak, bielorrusiarrak, moldaviarrak, kurduak, txetxeniarrak, kanbodiarrak, birmaniarrak, kosovoarrak, guztiek Italia eta Frantzia kuku-gordeka aztalkatzen zutela. Ibai zabalak zeharkatzen zituzten arrantza ontzietan, sardinen eta txiripitxeruen azpian. Arrain usaina larruari lotzen zitzaien, bakartasunarena bezain azkar eta luzekiro. Zenbaitek frigorifikoak zeuzkaten aizolbe. Mugazainek hil zorian hormatuak uztatzen zituzten. Sustut emazteak. Pasaialariek paper faltsuak konfiskatzen zizkieten, bortxatzen zituzten, saltzen, mutilatzen, truke txanpon gisa erabiltzen esklabo-merkatuen garai atzeratuenetan nola.

        — Roma Ostiense geltokiko sotoetan bildurikoek bizar-labanaz ezabatzen dituzte eri puntetako nortasun marrak...

        — Hauek ere Ingalaterra behar.

        Posaren bekokia distiraz soleitu zen.

        Emigrazio oldeak lurra ziliportatu zituen betidanik: migraziorik gabe populaketa ezberdindu zein progreso kulturalik ez zitekeen. Ezinbestekoa zen. Euskaldunentzat barne, Ameriketara, ipar, erdi ala hegora bost axola, lehiatzen zirela. Irlandarrak, galegoak eta higanot saldoak San Bartolomeko gau odoltsutik landa, lau mende zuela. Jendeak ez ziren samurrak arrotzekiko, baina noizbait Afganistandik eskapaturiko Mirwais bat plazaratzen zen Madonnaren Ray of light kantua izar soinuz hornitzeko, eta inork ez zuen deus erratekorik. Familien ohorea ahantziz, azkenean onartzen zen ume ez desiratuaren antzekoa zen migrantea: gorrotoz larrutu kanpotarrak, bozak irabazteko politikarien zaunkak ahultzean, jendarte osotasunaren premiazko zati bilakatzen ziren.

        Posaren soa gatibatu zuen Sigmak: bihotzean tsunami bat zukeen, ikara bizkarrean gora, uholde latza sexu aldean, magma isurketa sabelaren urrakotik, eta Lamda erran zuen.

        — Ba al dakigu zer den amodioa?

        — Sigma...

        — Ez naiz amodio domestikoaz ari; badakizu: etxea, piszina eta elkarrekin adosturiko zahartasunerako aurrezki eta ehorzketa plangintzak, bakarrik ez hiltzeko estakuruaz, beldur horren aurkako amodio hezia, gogaitua, perpausez zekendua...

        — Tunkaranke bat bezala mintzo zatzaizkit.

        — Baia?

        Algaraz edertu ziren. Sigmak hausnar tzarraren ildoa abandonatu zuen bagoian kontrolatzailea sartu zenean. Langilearen esku-makinaren xlix-xlax xugunak oihar zebiltzan, ordenadoreen zurrungek totelduriko izaki isilen —ziberisilarazien?— erditik. Grazioski agurtu eta billeteak itzultzean erantsi zien:

        — Bidaia on.

        Jendea bata bestearekin gisakoa eta eztia agertzea zinez azpimarragarria zen. Gehienetan, ahulenekin, edozeinekin oro har, bat bederak bazuen oinarrizko herramin bat, eta burkidea aiherkundez neurtzen zen, jazartzear, mendekatzear, negu minetik mihi sardetsuarekiko suge gorria bailitzan.

        — Gerla batean gaude.

        Posaren belarri zuloa Sigmaren hatsaz epeldu zen:

        — Eta gu gara galtzaileak.

        Sangatte berriz.

        — Badu bost urte Sangatte zerratu zela, eta badira oraino egunero herriko lurretan eratorrian dabiltzan lauzpabost ehun migratzaile, Ingalaterrara jauzi egiteko gertu, suertez lagunduko dien kamioiaren edo batelaren zain. Itsaso gainetik edo tunelaren azpitik, aterabideak oro egoki zaizkie. Herriko oihanetan higatzen dituzte orduak, portuko infraegitura herdoilduetan debalde, mugetako Poliziak maiz atxilotzen dituela erretentzio etxe mukurutuetan setiatzeko. Migratzaileak, diotenez, eguerdi aldera Moselako kaira zuzentzen dira, Izar Eder elkarteak bazkariak eta artamenduak banatzen dituelako hor.

        — Nadorren ere horrela zen.

        Posa interesatua zen.

        Sigmak ahapez beti:

        — Migratzaileak goxatzen dituen Mireio deitu andere bat bada. Berrogeita hamabost urte ditu, hamaika haurren ama eta hamabosten amona da. Klandestinoen xendretan eraiki oztopoak zerrendatzerakoan asaldatzen da Mireio eta egoera irregularrean dagoen atzerritarren aterpetzeagatik legez kanpo geratzeko arriskuan dabil. Legeak alabaina urtetik urtera astuntzen dituzte. Aski duzu jada eri ttittila higitzea ilegalitatean sartzeko...

        — Zu ere nirekin ilegala zara.

        — Ez da berdin. Klandestinoa naiz ni zurekin. Lamdaz eta Aliasez aparte nehork ez du gure balentriaren berririk. Mireio aldiz guztiek ezagutzen dute, prentsak eta sareko ezkerreko blogariek. Hargatik ez da bakarrik, ezen hamar bat migratzaileri hegatsa eskaintzen dieten hogei familia baitira Sangatten. Sagar Urrearen karrikan demagun. Eta hemengo abenduak Germinal-etik iradokitzen direla jakizu! Mireiok behin hamasei urteko mutiko beltz bat aurkitu zuen, dolorez oihuka, belarretan oinutsik, zangoak eta eskuak karroindurik. Orduko arduragabedun politiko bati deblauki arrabokatu zitzaion ez zenez zer edo zer obratzen ahal umetzar honen laguntzeko galdatuz.

        — Baina funtsean zer da Sangatte?

        Sangatte zer zen eska zitekeen. Arrazoi zuen Posak.

        Zortziehun arima eta zortzi mila metroko are xehezko hondartza zuriarekiko Mancha hegiko herria zen, Bleriot hegazkilariaren espantuz ohoratua, hortik hegazkinez hogeita hamar kilometrotan dauden Ingalaterrako lehorrak uki zituelako. Horrela azaldurik, postal baten itxura zekarren Sangattek: hara jo zitekeen familian udako oporretan, Mokor Beltzen arteko basa landetan edo Sudur Zuri Muturrean oinez ibiltzeko.

        1997az geroztik ordea, igandariei Kosovoko errefuxiatuak gehitu zitzaizkien. Tribu kolpatuak. Handik bi urtera Gurutze Gorriak kanpalekua eraiki zuen, Elkartasunaren eta Enpleguaren Ministeriotik etorri diruarekin. Eurostarra gelditzen zen 1985eko hirugarren saioan zulatu tunelaren atzeko geltokian. Muga hor zetzan. Calaisera zihoazen kamioien gas karbonikoa kontrolatzea estakuruz, poliziek errota eta ardatzetan klandestinorik bazenez ikertzen zuten ardura.

        Sangattetik jalgitzean kanpalekua zegoen, The jungle alegia, biketuriko paperezko teilatu eta tinta ilunez perdukatu oihalezko ttattolez osatua, iheslari bilduei ordea barrakia gorakoiak autopistara hupatzea debekatzen zietela. Sigma oroitu zen, lau urte zuela, menditik zebilela, Iratiko aterpean Omi medikua solastaturik:

        — Menturazaleen patologia bereziak sendatzen ditugu Sangatteko kontsultan. Burua galtzen dute. Izua. Trafikoak. Xantaiak. Promiskuitatea. Leinuen arteko pataskak. Klandestinoek alanbre arrantzek eragin sarraski ugari dauzkate gorputzean, aurpegietan, ahurretan. Bihozkatzen naiz min horiek ikustean, artatzeaz beste egin ez dezakedala dakidan arren.

        Omi isiltzen zen. Haizeak euria ekarri zuen Iratiko gailurra bustiz, eta goizeko hirurak aldera amiamoko kriazierrek gaua urratu zuten.

        Trena gelditu zen. Sangatte. Bi minutu.

        Aduanakoak miaketari segitu zuen, Posa, jargian kuzkurtuz, ezer ez bilakatzeraino. Sigmaren dildila. Zintzurra idor zeukan: bazekien lokomotoraren pausaz balia, hamaika migrantek bagoietara jauzi egiten zutela, istripu arriskua ekidinez, itzal piztiak bailiren.

        Mugazainak taldean zebiltzan. Sigmak eskuan zeraman botilako uretik hurrupa bat edan zuen. Trena berriz abiatu zenean elkarri so tentetu ziren ufff etsitua laxatuz.

        — Pasatuko gara.

        — Uste dut baietz. Laster Londresen izango gaituzu.

        — Hobe.

        Umeki moduan zetzan Posa. Sigmaren marmara gailendu zen: hirurogeita hemezortzi mila errefuxiatu emokatzen ziren oraindik Sangatteko lokatzezko baratzeetan. Aste oroz sei ehun bat migratzaileek igarotzen zuten Mancha, Frantziaren neutraltasunaz balia, Parisek bere lurretan sustraitu zitezen begi onez ez zekusalako. Hemen, erantsi zuen berekiko Sigmak, gizatasuna desagertzen eta ezabatzen da, alta giza eskubideena sartaldekoen leitmotiva delarik hegoaldeko erresumei kolonialismo usaina darien diru-laguntzak ematea erabakitzean.

        Posaren itxindua harrotu zuen:

        — Badakizu Frantziak eta Erresuma Batuak Sangatteko protokoloa izenpetu zutela Bruselan, emigrante oldeak muturretakoaz hats gabetu asmoz. Zentroa epea baino hamar egun lehenago giltzatu zen. Presatuak ziren. Egoitzak desmuntatu zituzten agudo. Errefuxiatuak jagoitik barranda dabiltza, Mireio eta bere sarekideen etxeetan edo Calaisko elizetan arratseko getaria aurkitzen dutela. Herritarrek agiri xenofoboak plazaratzen dituzte eta, lehendakarituko zen orduko Barne ministroak biztanle arrunton auhenak aditu zituen.

        Arazoa konpondu gabe, noski.

        Tuneletik ateratzean, Ingalaterra hegoaldeko baserri guneak hedatzen ziren alderik alde. Behiak. Ilea haizetan airatzen zitzaizkien ardi bakartiak. Txirlingak, zerupe lainotsuetan. San Pancrasen zeuden ziztuan.

        Posak bizkar zaku meharra sorbaldaratzean Sigmari xuxurlatu zion:

        — Espero dut Samba aiduru dukedala.

        — Deitu diozu?

        — Bai, barda, zure telefonotik.

        — Eta?

        — Bai, han zegokeela berretsi zidan.

        — Dena ongi dabil beraz.

        Itseskatu ziren, mugikorren berraktibatze soinuak hauteman zituzten, eztulak, zazpi urtzintz, doministiku, oihuak, ordenadoreak hiltzeko txintxil hots partikularrak, perpausak, ingelesez eta frantsesez, Londresera iristen zirelako iragarkiak.

        Arratsaldeko bostak eta hamabost ziren. Trena paratu eta ibiltariak herronkan jaitsi ziren, prestu-prestuak, aferagileak eta asteburua shopping egitera zetozenak. Posa, atabal txikia; eta Sigma, ilegala.

        — Londres.

        — Geltoki guztiak antzekoak dira. Erromako Termini, Berlingo Hauptbanhof, Vienako Westbanhof, Austerlitz eta Baiona.

        Posak, urduri, Sigmaren zerrenda neketsua hautsi zuen:

        — Ez da arras egia. Honek enetzat Samba aurkitzea eta beharbada egunerokotasun berriaren oihala iruten hastea erran nahi duelako. Ez dakit nola esplika.

        Posa, ez esplika ezer.

        Zamaz lehertuen artetik zihoazen, mutu, kalipua ez gastatzeko bezala. Posaren bihotzaren banbakoak igar zitzakeen Sigmak. Artega zegoen. Samba bilatzen zuen, ninika dir-dir eta hatsa labur: Afrika eta Europa trabeskatu zituen paper faltsuekiko klandestinoa zen oraino.

        Hara non kaiaren puntan, soinalde txiki, beltz eta ile kizkur gorritsua zehaztu zuten biek. Pigmeoak korrika egin zuen:

        — Samba!

        —Posa Ngaka, musikari neurea!

        Mundua muxarratu ote zuten bata bestearen besoetara erortzeko?

        Bizitzea ere zilegi zen.