Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

3

 

Posa Ngaka sukaldeko aulki mainguan zegoen, nagi. Kafe makinara zuzendu zen egun on-ka Sigma aharrausika. Pigmeoa aspaldian iratzarria zen. Pistolarekin jostari zebilen. Izuak kateztatu zuen itseskatzen zihoana.

        — Zertan ari zara?

        — Har ezazu ene arma. Ez da lagun txarra.

        — Ez, alaina, ene bahitzeko erabili zenuen. Hori gabe nehoiz ez zinen goiz honetan Baionan esnatuko.

        — Damu duzu ala? So egiozu: plastikozkoa da.

        — Emadazu arren.

        — Ez dut horren beharrik.

        Sigmak sagu-muturrarekiko tresna eskuetaratu zuen. Beltza zen baina ez astuna. Alegiazkoa zen benetan. Argi zirrinta hartako lehen karkazail zaintsua askatu zuen. Sinestezina zitzaion. Egia zen, bestalde, Posa pistolaz baliatu ez balitz, Sigmak ez zuela sekula pigmeoa muga zeharkatzen lagunduko. Zergatik ibiliko zen normalean baztertzen zituen arazoetan barna, klandestino batekin beribilean, asfaltoak izerdi zirauen bitartean? Alfajarineko autopistako aparkalekuan sentitu lotsaz ernari zen oraino:

        — Zertako ni neu?

        — Erran dizut. Kafea zerbitzatzen diguzu!

        — Beltz-beltza da.

        — Ni bezala.

        — Eta beroa.

        Anartean, sukaldeko mugimenduek harroturik, Lamda ohantzetik erori bezala zen, alegrantzia orokorrean parte hartu nahi bailuen. Alta isilik dutxaratu zen, agur apurrak banatu eta bainugelako atea giltzatuz. Sigmak, kikara ahurrean, musikagailua piztu zuen, gorputz etenduak astintzeko Lesbians on ecstasy taldearen KDa hain zuzen. Posak, lehen aldia bailitzan, arrapaladan hustu zuen katilua. Azken xortara heltzean berriz luzatu zion Sigmari, arradatu zekion.

        — Zer eginen duzu egun?

        — Gorderik geratu behar dudala erran didazu. Eta zuk?

        — Langabezia bulegora noa. Duela bi aste lanetik kanporatu ninduten, gintuzten funtsean, oihal fabrikako ehun eta lau kide, adin batekoak oroz bat, denak fuera, denak inutilak, denak debalde badakizu. Lizentziamendu gutuna postaz bidali ziguten, postaria bera hits zegoela. Nagusia Txinara doa, oinarrian benefizio ahalik handienak desiratzen dituelako aitzakia ezkutatzearren, goraki diolarik hemen guztia, bereziki langilegoa, garestiegi ateratzen zaiola. Pentsa ezazu prentsak eta gainerakoek bere biktima-hitz xifrituak gureak baino agudoago errepikatzen dituztela!

        — Eta lanik gabe zer bilakatuko zara?

        — Asko ere ez genuen irabazten, baina gaurko mendean bizitzeko minimoak sakelaratzea sakrilegio gisa aurkezten duen gizartean gabiltza. Aberatsenek SMIC hura pribilegio bat dela deiadartzen dute. Zoaz zu zerbaiten ulertzera...

        Posa beha zegokion, pigmeoarentzat aberats okituetarik baitzen Sigma. Musu trukean ibilia zen Brazzavilletik Baionarako kalbarioko hamalau estazioetan: Doualan, N'Djamenan, Niamein, Bamakon, Nuakchoten, Tangerren, Andaluzian eta Katalunian. Malagako Gurutze Gorriaren egoitzan ekiaren ausiki gaziez sendatzen zutenean ikasi zuen Costa del Soleko lehorreko Motril hiriaren bahian desagertutzat eman zirela Marokoko harkaitzetarik fortunazko ontzietan abiaturiko hogei bat klandestino: Kongokoak ziren, anai-arrebak, Senegalgoak, Nigerrekoak, irriz ari ziren galernaren erdian, herioa uxa asmoz. Itsasoak hilotz ilun muskerrak aurtiki zituela zekusan geroago telebistan. Ordurako Ebro deltako baserri erraldoi batean irrisa landatzen ari zen, ase eta lo trukean. Ez zeukan Ingalaterrara edozein moldez heltzeaz beste iraunerarik.

        — Karga bat nintzateke zuretzat, ezta?

        — Ez, konponduko gara. Gutxirekin ihardukitzen irakatsiko didazu eta, astia dudanez, harrak zerebroaren meandroetan kurruskari uzteko ordez Londresera eramango zaitut.

        Ogitik lastora bereber marmaratu zuen:

        — Herrialde honetako nagusi eta politikariek ez dute bakerik izango harik eta langileak astean berrogeita zortzi orenez ari araz eta hilabetean hirurehun euro ordaintzeraino. Errumaniarrak eta, Dassault zaharraren arabera, txinatarrak dituzte eredu sozial. Baina berdin dio, ez gara horregatik desesperatuko, eta larunbatean Sohon izanen gara.

        Lamdak biloak orrazten zituen. Sigma maite zuenari so geratu zitzaion lainoz gatibaturiko haran trinkoetako erreka ezpondetako azti uhergarria bailitzan: bat baizik ez eta hura zuen bihotzaren susta harri, zutoin eta minarri. Ogellako harritzarra zitekeen amodioa, lakarra, meharra, naharra, zakarra, izarra.

        This the way that we live and love.

        — Garbitzera noa.

        Posa Ngakak Sigmaren ametsa hautsi zuen.

        Anartean Lamda ordenadorearekin teman zebilen distrito federaletik etorri mezuei boleran ihardesten. Sei-zazpi hilabete pasatuko zituen Mexikon, zioen urguiluz, natura gerizatzeko nazioarteko gobernuz kanpoko elkartekide gisa. Itsasoa, baleak eta kutsaduraren ondorioak jorratuko zituen. Erleak ere baiki, Yucataneko oihanetan multzo eder burrunbariak bazebiltzalako baobab zaharren abar gorakoietan.

        E bella la vita.

        Sigmari hizkuntza arrotzak mustupilkaz jazartzen zitzaizkion. Posa halaber noizean behin bere mintzairaren menera lerratzen zen. Halako batean Sigma oroitu zen Bartzelonako begi berdea nola burlatzen zitzaion El Ravaleko karriketan:

        «Harrigarria da zenbat eledi ezagutzen duzun! Bartzelonan geratzen bazina, katalana ikas zenezake».

        «Menturaz bai. Eta badakizu zergatik? Ama-mintzoaz biluzi haurra naizelako. Mutuarazi nindutelako mukizu hotza nintzenean, ahalkez hezi ninduen erdaraz aparteko adiztegi guztiek fazinatzen naute, denak jakin nahi nituzke».

        «Eroa zara».

        «Bigarren abizena, horrelakorik banu, Babel izatea nahiko nuke. Isila naiz, burua hargatik aurrizkiz, atzizkiz, deklinabidez, lexikoz eta gramatika ezberdinez toteltzen zait».

        «Patologikoa da nolabait».

        «Kali nikta kamarada».

        Sigmak itzala urtzen ikusi zuen Rambla animatuen gauean. Saltegietako txorien txioak aditzen zituela, ahurrean zeraman begi berdeak oparituriko argazkia, atzean lau telefono zenbakiekin. Posa Ngakak Alfajarineko aparkalekuan potretari begira kukuzkatu zuen, iheserako aukera lagungarria zitekeela iritzi bitartean. Pigmeoak, Allande Oihenarten moduan errateko, Sigmaren ahul bulta amoriotsua baliatu zuela aitor zezakeen espantuz.

        Langelatik Lamdaren oihua jazarri zen:

        — Etzi aireporturatzeko zurekin konta dezaket?

        — Bai, bihotz.

        — Ez al duzu jada ANPEra behar?

        — Hamarretan dut hitzordua. Posaz axolatuko zara? Sarri aterako gara. Eta itzultzerakoan arratseko mahaietarik iraganen gara.

        — Ez dut konprenitzen nola sartu zaizun supituki, langabezian zaudenetik, humanitatearen aldeko amultsutasun iragankoi hori! Betidanik erran duzu urrikiarekin ez zela ezer konpontzen, justiziarekin baino.

        —Hori diogu justizia pixka baten alde borroka daitekeelarik. Justizia ongi ikusia delarik. Orain mundu osoan, egitura egokitze egitarauen biktimatzat jo daitekeen gehiengoaren buruetan justiziaren oihal gerizagarriaren urratzea lortu dute eskuineko politikari zein kazetari neoliberalek, justizia luxu zaie, eta dagoeneko urrikiaz baizik ez da petaxatzen ahal hondatzera doan eroen ontzi soziala. Pobrezia goberna tresna abantailatsua da, langabezia halaber.

        Borta banbarazi zuen.

        Langabezia bulegoa hiriaren hegoaldean zegoen, urrun, zer gerta ere. Karrikan bizidun presatuak bazebiltzan, adinekoak sustut, aizinantak, lehendakariak urguiluz itotzen zituen goizik jaikitzen zirenak, berrogei urtez lanean zinpurturikoak, erretreta ongi merezia zutela ziotenak gazte alferrenganako mendeku airez. Botere kontserbadoreak zituzten igortzen gobernutegietara, errestaurazio urrina zerien haustura iragarriak txalotuz eta Herria herritarrentzat zainduz. Aberastea hitz ematen zitzaien bozka-kanpaina zurrunbilotsuetan baina krisiak engoitik bazterrak geldotu zituen: ez zen gehiago metaliteratura neutrala kometitzeko tenorea, ideologia pornografikoen kontrako krimen zeken eta itsuak baino.

        Atzerritarrek, aitarik gabeko umeen ama bakartiek, homosexualek, ezkertiarrek, grebalariek, funtzionarioek, idazle sarituek, hiru urteko haurrek, laborariek, artista tunanteek, paganoek, erretzaileek, lodiek, darwinzaleek, autogaitzesleek, langabetuek eta RMIstek larrutik edo zorrotik kario paga zezaten zuen desiratzen azkenean aurpegi leunarekiko auzo plaxentak. Etsaiak zituen denak, kalitzekoak. Errentagarritasunaren malenkonia eta dolua garatzen zuten debaldeko izateek pentsalari egokien agresibitatea merezi zuketen, lurraren pean behin betiko satortu zitezen: irabazleek bakea eta segurtasuna zuten galdatzen.

        Eskaleak marrumaz ari ziren, kokotsetarik tua zeriela. Lan-zerbitzuaren barnean, deboilamendu sozialaren ezpataren lehen motzaldiaren emaitzatzat aurkeztu zitezkeen desjabetuak zeuden herronkan, mutur: harro izatekorik ez genuen alaina. Sigma ez zen pleinitzen, lanean hilabete sari ona eskuratu zuenez, bi urtez bederen horren ehuneko hirurogeita hamarra sakelaratuko zuela jakinarazi ziolako aholkulari xarmantak. Hiru enplegu-aukera bidaliko zizkioten eta hirugarrena onartzekoa zuen derrigorrez, langabetze-diruaren koteraren jarraipena erdiesteko.

        Laurogei zenbakia zekarren papertxoa ahurrean bere aldiaren aiduru, egoeraren larritasunaz konturatu zen Sigma: ASSEDIC eta CAFaren bortetan belaunikatzen ziren herrestak. Zerbitzu publikoen maldan. Besoa luzatzen zuten, politeziaren heina zainduz: egun on bat pasa ezazu hala ere zioten, kukusoz perlatutako lau egunetako bizarrak ferekatuz edo akote ezkelak ozkan ezarriz. Gizonezko bezainbat emakumezko bazen petirisantzen gurtzaileetan, Sigmak askotan baimen zezakeenez, bizitza osoa lanean zitzikatu eta hondar zatia amoinari bukatzen zutela. Ikusgarriak ez zien esperantza handirik zilegitzen gaurko lantegietan errausten zirenei, sosdunak airos zebiltzala, geroaren jabe.

        Sigma gardostu zen.

        Posa Ngakaz ments.

        Bulegoko gela argitu zuen afrikar basamortuetako jantziz apaindu beltz zardai batek. Arropa urdin brodatua zeraman soinean. Nigertarra edo maliarra zitekeen. Herrialde txiroak biak. Afrika hiltzear zegoen, Afrika, Afrika, Afrika, jendetasunaren sehaska, hizkuntzen arragoa, lurraren bularra, zirikatua, zikiratua, eritua, gosetua, menperatua, europar eta amerikar egitura sozio-politikoek xurgatzen zerraitena, txinatarren azuzkuluen ausikiaren zain kolonialismoaren garairik hoberenetan bezala. Kanpoko botereek sustaturiko gatazketan, populuak bata bestearen kontra oldartzen ziren Ruandan edo Darfurren, elkar masakratzen zuten, frantses soldaduen nahiz UNOko indarren begirune auherraz. Gerla etnikoetarako jaidura genoman zeukatela zioten ahuntz ahots karkaralariaz Afrikaz mintzo ziren zuriek.

        Ontasun mineral hutsak bailiran, umeak ebasten zitzaizkien mediku operazio humanitario faltsuen aitzakiaz, Europako familien haur falangak sosegatzeko. Pigmeoez, gabondarrez, ghanarrez, benindarrez, maliarrez edo nigertarrez kargatu batelak eratortzen ziren Mediterraneoan zehar Malagako lehorretan edo Lampedusako basalto puloetan xirtxikatzeko. Bezperan horrelako boat people bat setiatu zuen Espainiako Armadak, berrogei bat jendeetarik hamabost itsasora boteak izan zirelarik, gehienak primaderako florian kanta zaharrek lerraketenez.

        Telebistetan salbaturiko emakume eta gizonen soak ikaraz hertzear zebiltzan, artatu eta ez ote zituzten berriz beraien zelai biluzietara bidaliko galdezka. Espainiako lehen ministroak deklaratu zuen Sahara aldeko Afrikaren eremu horrentzat zerbait egin behar zela derrigor, Italiar herritarrak migranteak salatzera animatzeko legea erraz pasarazten zuela cavaliere-ak, Europar Parlamentuan frantses lehendakariak klandestinoen eta urak zeharkatzen zituztenen kontra bere amorru irribarretsua aurtikitzen zuen artean.

        Maliarra Sigmaren parean jarri zen. Zilarrezko gurutze bat bazuen papoan eta hatzak eraztunez hornituak. Langabetutako griot bat zela imajinatu zuen, Posa Ngakaren kantak memoria iraultzen ziola. Apartamentuan zetzana ere bere herrialdeko abeslaria zen, poeta agian, erritual zehatzen egiaztatzailea, agertu zionaz behintzat. Ez zen, are gutxiago maliarra, hemeretzigarren mendean zientzialari progresista zurbilek finkatu salbaien ereduetan sartzen: etnologia ikasia zuen Brazzavillen, oihanera itzultzen zen maiz, janari eskasak eta menturaz amodioak Londresera bultzatu zueneraino.

        Europako laborarien antzera, afrikarrak orokorki jende ezjakintzat hartzen ziren, irakurtzen doi-doia zekitela uste genuen gure hizkuntzen idazkeran baizik zirelarik ez-trebe —nola gintezke gu banbara, swahili, wolof edo akaz-ez aritzera bortxatuak bagina?—, eta geronen zuritasun handikoi zurrunaren gailurretik gutxiesten genituen, esklabotzen, baztertzen, edo hoberenera jendetasunaren mugagabetasuna ukatzen zuen paternalismo zizkolatsuaz pozoitzen. Bat batean, sortaldekoek kontzebituriko zibilizazioa nazkagarri zitzaion: non idatzi zen Yahve zuria zela?

        Ikerketa xehe eta luzetik landa langabetu estatutua lortzeko baimen papera izenpetu zuen Sigmak. Besteek bezala zegikeen diru apurra poltsaratuz formakuntza eta bidaiak eginez. Denak berdin ari ziren, estatua kritikatzen zuten bere ezagun aberezaleak barne. Zer zen bada lanik gabe inor ez zela ustezko konplexu likits hori, heziketa euskaldun-fededunaren emaitza dorpeetarik bat ala? Euskaldunak langilea izatearen fama zeukan eta esklabo izaterainoko langilekeria laudatzen zen prediku aulkietan edo igandeetako familia bilkuretan, sekulan proletarizatu gabeko izeba zaharrak biltzean bereziki.

        Behingoz baliatuko zituen sosa eta denbora. Hilabetea bazen kasik lizentziamendu gutuna izenpetu zuela eta opor bailitzan desplegatu zitzaion ordutegi libre berria, Bartzelonan lau egun, Bilbon bi eta Arlesen astea pasatuz. ANPEtik jalgi zenean, maliarra zur eta lur zegoen, ez zen kantitzen. Leihotik iraiztu eguzki-leinurua larruaren belztasunarekin keinukari zebilela ohartu zen Sigma eta, hor, zehazki munduaren oreka zehatza laburbiltzen zuen graziazko une baten lekuko zela pentsatu zuen.

        Zanpa-zanpa itzuli zen hiri erdira. Nahi zion Posari goizean begimendurikoa xeheki kontatu, nola lehen Lamdari sekretuak ereiten zizkion. Jadaneko Lamda ez zen ardura Baionan, alderik alde ibiltzen zelako. Globoaren arazo globalen uholdeek gainditu zituzten bikotearen kezka existentzial minberatsuak. Baina ez zen gaizkiago, horrela bakoitzak berea zeramalako, bestearekiko zor barik. Gulf stream hura salbatzean bikotea eta jabetasun sentimentala purruskatzen ziren... hainbat hobe.

        Bosgarren estairaino eskailerak lasterka igo zituen. Zoriontsu zen giltza zirrikituan sakatu zuenean. Posa Ngaka egongelan zen, liburu bat belaunen gainean. Pigmeoak ez zuen bekokirik mugitu. Liluratua zen:

        — Zer irakurtzen duzu?

        — Italiar trecento pinturekiko obra lodi hau hartu dut zure bibliotekan. Zu joanez geroztik urdin eta urre koloreak nahasten zituzten maisuen konpainian nago. Taula txukun hauetan beltz askorik ez dagoen arren.

        — Hori egia da. Alta Erroman baziren esklabo beltzak enperadoreen zerbitzuan. Orain denetan badira beltzak, baina ez dira mass medietan ageri, ez eta artisten margoetan. Badakizu duela bi urte tele-kate pribatu batean berrien aurkezle aldaketaren karietara, aburu ikerketa bat izan zen eta jendearen gehiengoak erantzun zuen kazetari beltzik ez zuela jasanen arratseko zortzietako prime time horretan. Rap edo R&B kantari eta kirolari beltzak ugari dira, baina ez ditugu onartzen pantailetan afaltzera goazenean...

        Sigmaren logorreari muzin egin zion Posak, urduri:

        — Noiz goaz paper horien eginaraztera?

        — Sarri. Artean zaude hemen prestu-prestua... Lamda etorriko da. Ordu biak aldera.

        Adostasun samurra azaldu zion Posak. Irri zegien baina negarrez ari zela ematen zuen. Bozkarioa batzuetan tristezia sakonarekin ezkontzen zen: eleak isilduz norberaz aritzeko manera xumeak ziren malkoak eta matelen zirrimarrak. Noiztenka hitza maskara bat baino ez zela hausnarrean oraino, Baiona Txiki karroitua trabeskatuz ibai ertzera jo zuen Sigmak. Izaki mozkoteak zebiltzan taldean edo banaka, ostatuetan metatuak edo magazinen bitrinen milikari tentel. Aturri hegiko Gambetta plazatxora iritsi zen.

        Ezponda erretzen zukeen eguzkiaren iraizturaz iluminatu zen. Marea behera zihoan Santizpirituko zazpi zutoinak lehortuz. Itsas usaina hegaldatzen zen bazterretako belar malgor epeletarik. Zubi gainean banderak zafla-zafla ari ziren. Mundua bertan juntatzen zen, eta erantsi zuen, kirets: nonbaitetik ere Afrika beltzeko oihalik ez dago.

        Aho sabaiko idorreria irentsi zuen.

        Kopetarik gehiago ez zutenak ezagutu zituen, lankide ohiak zenbait. Bat-batean, Santizpiritu zubiaren maldan Bob Dylanen abesti ahantzi baten errepikak zohartu zizkion neuronak chimes of freedom flashing eta ernatu zen. Erritmoak sustatzen zion kemena. Ez zen damutuko alajainkoa, ez eta Alfajarin aurreko egoera pertsonalera nehoiz itzuliko. Loustau Hotelaren saihetsetik ezker bihurtu zen, geltokira. Merkantzia tren batek, anakonda kulunkaria bailitzan, aiduru-gelak daldarazi zituen. Kaialdea betea zen. Bidaiariz. Poliziaz. Zinpeko zaindariz. Eta bi eskale gurintsu baziren berina automatikoekin jolasten, haurturik.

        Herrestak oro alabaina, hiri-bihotz opulantean lekurik ez zitzaielako zilegitzen, Santizpiritu zubiaren inguruetan bipiltzen ziren, ardo botila mikatzak behatz pean, nagitasunaren baldeko dantza eskaintzeko. Lauzpabostek kartoi zikinez troxaturik pasatzen zuten gau hotza ibai hegiko banku beilegietako zakartegien eskuinaldean eta goiztirietan haien ez iratzarrarazteko ahalik isilen iragaitea zen Sigmaren ohizko erronka. Ile lakarrak zituzten eta talde amilduetarik urrin kakatsuak eskapatzen ziren. Haur gaixoen izpiritu ahulak eta jada orokorturiko moral neoliberala ez kolpatzeko, eskaleak zentroetan ez ziren patitzen ahal, eta polizia munizipalek zakur alimaleekin desiragaitzak errekaz bestaldera haizatzen zituzten, batzuetan ezti, besteetan bortitz.

        Musika memeloa irentsi zuen, trenen orduak kordelatzen zituen andere birtualaren boz azukretua eta maleten lerratze asotsa. Billeteak saltzen zituen makinaren parean gotorturiko lerroan landatu zen, desertuko lore.