Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

4

 

Chalcoratzean, gauerdi pasatuxean, lotan zeuden denak, lurras. Roma auzoko cantina batean auhaldu ziren. Tekila burrustan isurtzen zen, mariachi saldo gotorrak Jose Alfredo Jimenez handiaren hitzekiko Serenata huasteca edo Un mundo raro harilkatzen zituela. Sigmak ez zuen uste kitsch-keria zerien melodiek, goldeak bailiran, barna urra zezaketenik. Izta pottoloaz maitemintzen ari zena eta vice-versa? Jada munduan soberakin sentitzen ez zela sinesten zuelako ote? Soinu alegerek humanitatearen tragedia betikotzen zuten Kepa Junkeraren trikiak hain gurea zen Iruten ari nuzu epikotzen zuen eran: derrigorrezko!

        Gela bakarraren kantoian elkar biluzi zuten, isilik eta plazerezko intziriak gordez. Eskuak, alkoholak birrindu haragi borobilaren hamalau izkinatan zebiltzan, horrelakorik balitz, ezpainak ezpainei. Kikizai estofatuak oihar, errautsean hedatu mantaren eremuan etzan ziren, bata bestearen baitan. Une batez Ipsilo Teotihuacaneko sasitzarretako indiarren txosnetan pulque bila berriz zirudikan Sigmak: taxilariaren eskaintzari ezezkorik ez eta goiti egitear geratu zen. Piko esnearen edo esperma ziliportatuaren eiteko edariak disgustua ematen zion. Melekaki lerratzen zitzaion urdaileraino.

        — Pulque curadoa da, magaye landare irrikatsuaz ondua. Noiztenka mezcal delakoa ere proposatzen dute hemengo laborariek.

        — Etxeko hautinaren lehen emaitzaren gustu berdina dauka, kiratsa, zakarra, presenta ezina, ahalkegarria, mahasti jorran eta estekan akitzen ziren nekazien antzekoa. Kaktusak halaz, bihotzak eta gogoak amaina ditzake.

        Txabolako adineko kurrunkalaria mugitu zen. Bizkitartean ahurren baladak ezti ziren ezintasun alaiak menderaturiko soinaldeetan, barna, zehar, trabes. Ez zen nehor iratzartu hargatik.

        Sigmak, ahapez:

        — Hainbat zintudan desiratzen...

        — Ez nekien libre zinela. Atzo dut ulertu, Lamda Coatlirekin partitzen ikusi dudanean. Nirea zara...

        — Ainintza beti gaur bezain libre!

        Iztaren desiraren izerdi usainak sudur zuloak kilikatzen zizkiola, Sigmak museo arkeologikotik jalgitzean Ipsilori erran zionaz gomutatu zen:

        — Badakizu hobesten dituzkedala diskurtso normatzaileek beraien zirkuluetarik haizatzen dituzten gauzak, hala nola apaletsiriko itsusiak, herrestak, beltzeriak, erleak, listafinak, euri etengabeak, baleak, amodio debekatuak eta jagoitik kaktusak.

        Ipsilo ametsetarik belhitu zen:

        — Egia da, baldintzarik gogorrenetan irauten duten loreek izen poetikoak dituztela, agave demagun, edo nopal, saguaro, edo oraino roca viva. Zure atseginerako baizik ez balitz lista emenda genezake. Gandhi liburu-dendatik pasatuko gara.

        — Musua emadazu.

        Iztaren hatsa ileetan bare zebilkion Nunca volveré xuxurlari.

        Tuak nahasten zitzaizkien eta mihiak txirikordatzen, belarrietan, larru arteketan, gerriko gantzetan. Izpirituak argi zituzten. Sekulakoz.

        — Ez dakigu sekulan zuzen zer edo nor garen. Hitzez mugatzen dugun ele bakoitzak mugagabetzen gaitu, briu-brau. Ni naiz diot eta agudo ni ez naiz haren zurrungak uhertzen nau, bakunak eta anitzak garelako nolabait. Jiteak zehazten, baztertzen eta bizihazten dituen egitura soziala ez dut laket, batere ez, ereduak finkatzen dituelako populazioen borrokatzeko, eta kontrolatzeko, eta manipulatzeko, eta sufrantza haziak ereiteko eta... eta... eta... hala ere, eredu horiek beraiek urrunago joatera bultzatzen gaituzte, zakutik edo zorotik, hauturik ez daukagulako.

        Iztaren hurbila, Sigma!

        Guadalupeko basilikan abandonatu zituen Ipsilok, San Cristobalgo lomasetako aferagile bat aireportura eraman behar zuelako. Aberastegiak han aurkitzen ziren, egoitza erraldoi, fortifikatu eta kamera zein borta-kodigoz segurtatuak.

        — Bezeroak bizkar-zainekin garraiatzen ditugu —zerasan taxilariak—, segituak eta bahituak izateko beldurra dutelako, batzuetan imajinatzen dut jaunkillot politikoak eta kaid-ak daramazkidala. Maioriak pobreziaren neurriaren azpian datxizkaten herrialdeetako gutxiengoaren altxorra da izua, eta menturaz —horrela bukatu zuen—, finantza krisiarekin lotsa areagotuko zaie, azken finean gerla zibila atitxatuz.

        Riots indeed.

        Iztak maitekorki musukatuko zuen Sigma, bota zion behakoaren samurtasuna kontuan edukiz gero. Baina ez zen higitu. Belaunak ustekabean juntatu zitzaizkien. Ipsilok solasean zerraikan:

        — Neplanta arima erratuarekiko new mestizetarik zarenez, erakuts iezaiozu basilika, halaber gurutzearen seinalea mexikar erara marrazten. Hamalau aldiz eta zalu-zalua. Orotan egiten dugu, bereziki hegazkinak lurra uzten duenean...

        Irriz lehertu zen taxilaria, pesetero batek ibilera trabatzen ziolako tuta arrabiatsuz zinpurtzen zela. Sigmaren sabelean pulquearen desmasiaz ozen zebiltzan, kurruska eta bor-bor. Papaia bat klikatu zuen. Fruta zukudunaren jusa barreiatu zitzaion aho sabaian eta hobera zihoan pirta-pirtaka. Iztaren ahurraren epela sentitu zuen sorbaldan. Indar berritzaile. Gaitzeko fleitean zen ondorioz Guadalupeko katedralaren maldatik, oihu, kanta, txaranga aire eta dantza herrikoi, peregrinajez doi-doia heltzen ziren fededun koloretsu bezain agerroien erditik sartu zirenean.

        Mirakulua zen.

        — Potta... Otoi.

        Garrasi salbaiak urratu zuen gaua. Tiro hotsak entzun ziren. Ez zekien nola eta nondik, baina Sigmak desertua hazta eta ura falta zuen. Haizea bazen, hotza, ezpata adina labainkor, eta orduan, mortuak odola bezain gorri zekuskien. Guadalupeko ama beltzaranaren potretaren oinetako tapiza ibiltarian ez zen geratzen. Zaindariek larderiaz haiatzen zituzten erregutan ausatzen zirenak. Negarrez ari ziren batzuk, besteak fabore amoinatzen, gehienak so bustiaz birjinari begira, eguneroko esplika ezinezko kakatik ahalik lasterren atera zitzan eskatzen. Dama nahuazteka izarrez, lau arto liliz, suge bihurrikariez, arrantzez eta eki arraroz ederrestua zen.

        Zigarreta piztean lur ikara sumatu zuen, burrunba elkorra eta ilunpean zakur gosetuaren zaunka, herioari uhuruka, non ez zen otso edo koiotearena? Zerbait zartatu zen, hogei urte lehenago gas-hodia Pachucan bezala. Malko bat beharbada, Juan Diego indioaren niniketan. Elizaren atarian indigena inbalier gaztea auhenez zegoen. Paralitiko aulkian potikoa botilari tiraka ari zela, beraztu zen Sigma, bere basilika propio afruntagarriaz gain ez zuelako leku sakratuetan errotzeko ohiturarik: ohaideak eta lagunak nardatzen zituen; pentsa jainkoa, are gehiago. Bat-batean Iztaren besartean zetzan:

        — Tonantzin!

        Mendeetako oldartze mineralaren lekuko, adarka igotzen zen magma agerian zaraman arraildura ireki zitzaien zango pean. Jauzi egin zuten. Beren buruak bederen salbatzekoak zituzten, horren funtsaz arras segur ez ziren arren. Basalto purruska eta ilainezko lantzerrak estali zituen zelaiak, amiltzen zirela ttanttaka, agerrindearen men: haurrideak, gurasoak, herritarrak, askaziak eta adiskide apurrak irudikatzean bazekiten maluraren urkatzeko ezer ez zezaketela obra. Borondatea ahul zihoakien, suntsigarri. Hautsartu zuten.

        Altzairuzko ahotsa oldartu zitzaien:

        — Urrikal zaitezte. Parteka itzazue taloa eta pulquea. Ez aberastu, non ez den hurko intzirikariaren debaldeko opariaz.

        Solas sibilinoak ziren Delfosko pitiarenak bezainbat.

        Ortzaizea garbitu zen. Indar telurikoaren oldeek erraiak inarrosten zizkion, larraitz zurbilean nahikundearen aurka zihoala ohartu zen, bozari erantzuten bailuen, biziraulea naiz, I am a survivor, soy superviviente, überlebe ich marmaratzen zuela, hizkuntzak nahasiz.

        — Egarri naiz.

        Ihausteriak durrundatu zuen zeru sabai urdin-urdinean. Urratsa urratsari ari zen Sigma, gibelera so ea Izta zetorrenez, sukar hilgarria jasan eta ohetik altxatzen zebilenaren hanka-manka durduzatian. Antsiaren erasoa ez zuen ekidin.

        Alfa eta omega.

        — Gozaraz nazazu!

        Kontinente mutuaren izkinan zutoin ikaratia zekusan.

        Posa Ngakak Londreserakoan jotzen zuen orrazi musikalaren nota xeheak ezagutu zituen. Korrikaz hurreratu zitzaion.

        Tinkatu ziren arraiki:

        — Non dira besteak?

        — Zein beste? Alderik alde gabiltza eta ez dugu inor gurutzatzen.

        Posaren agerpena ez zen sosegagarria. Nehondik.

        Basaltoz azpatu lehorrean jarri ziren. Elerik ez zuten trukatu. Sigmak Posaren soinaren beroa estimatu zuen, hilotzen erresumatik aurtiki izate argamasa zela zirudiolako eta banpez maita zezakeen Izta bera desagertu zitzaiolako. Azantz metalikoak aditzen ziren. Handik at, gerlariak hurreratu zitzaizkien, amerikar soldaduen hondarrekin jantzi eta burtsetan kotatu enpresek ezkutuan kudeatu armen merkatu klandestinoetan erosi kalaxnikov eta P38 pistolaz astindu amazona bulargabeak. Lanjerraren zerbitzari bekatorosak bailiran, ihesari eman ziren. Itsumandoka. Behaztopaka. Erori eta altxa. Altxa eta erori. Kanta zaharraren haritik.

        Bolada karroinduek hegaldarazten zituzten hondarrezko hedoiak hertzean, Tenerekoaren pareko arbola herbalaren azpian kukubilkatu itzal zardaia begimendu zuten. Ezkel zegoen. Boz erlastuaz agurtu zituen, herabeki:

        — Modou naiz. Modou Keita.

        Malitik Europara zihoan, Niger, Aljeria eta Marokon gaindi. Nadorreko poliziek haietarik berrogei kamioietan sakatu eta Saharako desertuan laxatu zituzten. Barrez ari zen, txadarrek, boliarrek, kamerundarrek, ginearrek, senegaldarrek, chairman batek kudeatzen zuen Ben Youneseko errepublika asmatu zutela deklaratzean, Afrika idealaren mihisea irunez, tranquilos deituriko ghettoekin, hostoz, abarrez eta plastikozko aterpeetan. Istoria ezaguna zitzaien.

        — Ipar orratzik ez geneukan, gosea pasa eta zenbait egunetara ura eskastu zitzaigun. Ahulenak hiltzen zirenean sablean ehorzten genituen, otoitz laburrak murdukatuz. Pasaporteak biltzen genizkien gero familiei igortzeko. Gogoan daukat gizonez apainduriko Ghanako emakumea. Ez genuen deus susmatu azkenera heldu zeneraino. Errabiaz geunden orduan, tristura latzez kordoka. Koleraz. Bi hilabetez nora ez ibilirik, Bamakora iristean, eratorria kontatzen nienean, gazteak trenputxartzen ziren, baina ez zituen horrek partitzetik gibelarazten. Ez zezaketen sinets huts egin nuela, gurasoen etxera itzul ez zitekeen siranrofin bat bihurtu nintzela. Ba al dakizue Ceuta eta Melillan hamar urtez kasik hamar mila bizitza hondatu zirela?

        Soldado algarroien orroak.

        Posa Ngakak Modouren lepoan pausatu zuen kopeta, maleziarik gabe. Murruak altxatzen ziren eta murruen atzealdean, murruak oraino, murru ugariago beti, errusiar panpinen gisara. Horma arteketan no woman's land desolatuak zabaltzen ziren droga, hiesa, bakartasuna eta eromena setiatzeko. Behatzetako nortasun hatzak ezabatzen zituzten bizar-labanarekin eta heroina txertoak egiten zizkieten elkarri gasolinarik ez baldin badugu aitzina ez gaitezke erranez. Murruak bermarazteko arrazoiak ernatzen ziren, Palestinan, Ulsterren, Espainian, Estatu Batuetan. Bidaia bakoitza infernurakoa zen eta migrazioen turismo bulegoetan Virgilio edo Manastabalen bulegoak eternitaterako zarratuak ziren.

        Non zegoen Izta?

        Itsasoak gorpuak zitzikatzen zituen, pentokak bidonvillez perdukatzen ziren, Iraketik, Irandik eta Afganistandik eskapaturiko errefuxiatuak berrogei egunez zetxizkaten Sydneyko berrogeialdi zentroetan, galdezkatuak eta inkomunikatuak. Dregger kurduak udako oporrak Patmos, Lesbos eta Samosko uharteetan iragaten zituen berea ere zen Turkiaren perfume bereziaz hantzeko. Kora portuko ostatuetan kafe turkiarra manatzen zuen, Le Monde irakurtzen ari zitzaion laguna burlari zegokiola. Exilioaren xendra lakarra dastatu genuen guztiek, baserriaren kitatzea eta hitz egiteko modutik beretik arrotz ezjakin trufatua bihurtzea:

        — Izugarria da partitzea.

        — Badakit.

        Hobitik norbait asaldatu zitzaion. Sigma urduri zebilen. Hamar urtez galanki loditu harrak soinaldetik barreiatzen zituela, amaren irria handitu zen, saihetsean kanpatzen zuen armada kupidagabeen balentriak ahantzaraziz. Lurraren trenpua izugarria zen.

        — Ama? Non xinen?

        — Nizan lekuak ez din izenik. Nola bizi hiz?

        — Posa eta Iztarekin nabilaxu, hara eta honara, presentatuko dauzkitxut, xato...

        Azken bidaiarako jantzi igandeetako arropekiko andere konkorra segika zetorkion. Sigma harro zen, ikusmena irauli zioten lagunak amari aurkeztuko zizkion, nehoiz ez bezala, luzaz aski diskretua egon zelako bere harreman intimoekiko. Bi eztul idorrez garbitu zuen zintzurra:

        Jeder für sich und Gott gegen alle.

        — Glosolaliak jo xitu ala?

        — Ez hadila bakarrik egon. Ene penarik handiena lukeen.

        — Bena ama? Zer dioxu?

        Agerrindea ekaitzak eraman zuen.

        Erasoaren tenorea zitekeen.

        Amaren zoritxarrezko malkoen erruduna ote zen Sigma? Lehertua zen. Harritua eta hinki-hanka basaltikoaz aitzina zegien, etsipenez itoa. Zaharrak desolatzen eta gazteak aspertzen, besterik ez dut egiten, zioen, ama bigarren aldiz zentzean dolamena are garratzagoa zukeela konturatzean. Dolorez plegatu zen leize hegiaren desorekan. Min zuen, min, min, sobera min.

        Monologo bitxian zimurtu zen:

        — Statu quo bortitza, errestauratze urrin zizkolatsuarekiko haustura ideologikoa, aurrerapen eta modernitatetzat hartzen ziren, baina nor zen desjabetuetan desjabetuenak ziren Owen navajoaz edo Endo aborigenaz axolatzen? Otzi, Tumai eta Luziaren oinordekoak ziren. Ezinegona zuten. Higitzen ziren, baleak, erleak, lili errautsak, aberatsak salbu, sosa geldoaren inpunitatean baizik ez baitzitekeen meta. Gainerakoei bekokietara tu egiten zitzaien, euskaraz aritzea eta lurrera kerrukatzea debekatua zen errepubliketan eta kale hezeetan zafratzen ziren ipurdiaren balantza susmagarriegia zeukatelako.

        Izta. Ama. Posa. Amerika.

        Galerna ernatu zen. Urrutitik zetozen orrazi musikalaren oihartzunetan dilindatu zuen izpiritua, hauts zurbilezko lumak besotik kentzean:

        — Non dago Manastabal, ene gida?

        — Nola dakiket.

        Begiak ireki zituen. Noren arrapostua zen? Burtzoroa jasan zuen, Wittig dut bilatzen zioela melengaki, laztanez uhartu zitzaizkion bizkarrezurraren makurdura. Amodio nahikundearen larrantzia. Kuskutik jazarri pinpirin dorpea bailitzan, hegalak oker, Iztaren aurpegi kezkatua neurtu zuen:

        — Nor da Wittig?

        — Mendekuaren ingumak eroan nau. Kafea behar dut, berehala, edo hilen naiz.

        — Idor-idorra zaude.

        Ohantzetik zutitu zen Izta.

        Horma itsurik, hauts tenpestarik eta bulargabeko armada espektralik ez zeukan txabola karratua pegartegiraino aztalezkatu zuen, sentsualki. Makinaren korroka. Familia kanpoan zegoen jadanik, eguerdiko talo apailatzen. Kikera dudakorra ekarriz, Iztak behialako galdea lelori bai leloritu zion, jeloskeriaz elkor:

        — Nor da Wittig?

        — Arizonako Tucsonen zendu frantses idazlea.

        — Arranguratu nauzu: ez zara gelditu!

        — Amesgaiztoa zen.

        Eriak ileetan iltzatu zituen. Pulquearen eragin fisikoaz, barneko samindura metatuaz ala Posa Ngakaren soinu tresna minimalaren nostalgiaz ote zitzaizkion figura fantasmatikoak oro kaskoan oldartu? Finaren finean ongi oroitzen zen hiletarik berpiztu amari fence jumper nizate zin zegion uneaz.

        — Coatli eta Lamda chevrolet batekin etorriko zaizkigu. Jaikitzeko ordua dugu. Zei eta Psili iturrira urketa lagundu ditzagun...

        Manastabal, ene gida.

        Tucson. Haritz ona.