Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

5

 

Mexikotik iparraldera ateratzea zerbait zen. Jendeak mentsa bezala gidatzen zuen, esku batez takoak klikatu eta besteaz telefonoan solasean. Berina uherrekiko kamionetaren bolantea nork bada zuen atxikitzen? Misterioa zeritzon Sigmari, Iztarekin gibelean zegoela, Zitaren bi umeen aldean. Coatlik gidatzen zuen, Lamda saihetsean. Bizpahiru eguneko bidaiarako ura, janariak eta maletak metatzen ziren kofrean. Goiz baketsua zen, partikulazki Sigmarentzat gaua Iztarekin amodio eta amesgaiztoz irauli zuelako.

        Iztak jarraikarazten zuen mariachi giroko abestiekiko konpaktua autoko irakurgailuan sakatu zuten. Eguraldi hauta zeukaten. Psili eta Zei Omiasainduko panpina-piztiekin ausatzen zirela, Coatlik Lamdarekin eleka zerraikan eta Iztak noiztenka amultsutasun keinuak bidaltzen zizkion Sigmari. Un mundo raro marmaratzen zuketen, bazterrei beha eta bakoitza bere pentsamenduetan ihalozka.

        Tu l'aimes ou tu la quittes.

        Y que nunca he llorado.

        — Pueblara noanean —artekatu zuen Iztak— gustatzen zait Iztaccihuatl eta Popocatepetl sumendien mirestea. Autopistaren hegian geratzen naiz, beti leku berean, eta begira nagokie, urrunean bermatzen dela Malinchearen tontorra. Gatibatzen naute osorik. Badakit orduan arima bat badudala.

        — Nik ere baditut horrelako flashak —Iztaren aitorrari Sigmak lañoki erreferatuz—, Hendaian nagoenean demagun. Euri ala ateri, maite dut Abadiaren funtsak oinezkatzea eta gero Loiara zut-zuta jaistea, iragan neguan lurtatze itzelek xendra moztu ziguten arren. Mendeak mendetegi nagitu ninteke han, itsasoa burkide, sutzen doan eguzki leinuruak txorien uhartea kilikatzen duela. Edo Santa Ana puntako harkaitz gorrietarik Dunbarrietara zulatzen dut. Isiltasuna ukigarria zait eta ez nuke hortik sekula kantitu nahi.

        — Xoxokeriak dira —Lamdaren ebazpen zorrotza.

        Lagun ohiaren zinominokengatik, Sigmak jarraitu zuen Iztari zehazki zuzenduz:

        — Ilbarritzeko holtz eta harri kolore aniztunak kuttun zaizkit: zuriak, beltzak, buztintsuak, burdin arrosazko zainekin, laranjak, urdin turkesak, berde esmeraldak. Ortzadar antzo. Posa Ngakarekin aztalezkatu nituen eta jada ez dezaket olatuen kolpeka pigmeoak orrazi musikalaz sortzen zuen soinutik bereiz. Ozeanoa gure baitako primitibotasunarekin uztartzen da, amontzi minbera, arrangurak, penak eta pozak oro bahetuz, bizitza aldizka mehatxatuz eta zilegituz.

        Psili eta Zei lo ziren. Sigmak, konturatu gabe, Iztaren ahurra zetxikan. Potosi hirian oraindik ere, meategien espainiar nagusien, batzuk euskaldunak, azote ukaldien pean odoleraino zaurituriko indioen oihu eta garrasiak oihartzen ziren. Iquitos eskualdeko Maranon ibaiaren ertzetan Peruko Armadak kalituriko ehun bat indigenen hondar marrakak hauteman zitzakeen halaber, jendeak ez bailiran garinpeiro eta egur trafikanteek metodikoki erailtzen zituzten Amazoniakoenak, hala uste zuen behintzat, Alfajarinetik Londresera itxuraldatu eta Teotihuacanen pulquea irentsiz geroztik, humanitatearekiko oihal meharra irun zezakeen. Aditz analitikoetan behaztopatzen zen baina galtzekorik ezer ez zeukan.

        Lamdak ordenagailu eramangarria pizturik zaraman. Makina altxatu zuen, pantailan agertzen zena ikus zezaten.

        — Kalifornia Behereko estatuko uretan filmatu baleak dituzue hor. Batel bat alokatu genuen eta hurbil-hurbildu gintzaizkien. Uhina okertzen zihoan, ontzia uzkailtzear eta gu, kuzkur, hormatuak. Ez nuen nehoiz balearik hain hurranetik kukuzkatu. Buklean dakuskit. Ez naiz aspertzen.

        So etsiaren samurra.

        — Ugaztunen dantzaz horditzen da, mihiseen hezetasuna ahanzteraino. Egia da nardatzen nauela. Agian ohe-kide berri bat bilatu beharko nuke.

        — Zaude isilik, Coatli, horrelakorik ez.

        Gurutzune batean, konputerra plegaturik, Lamdak karta xeheki aztertu eta Zacatecas-Durango erakutsi zuen hatzaz, urguiluz, egundainoko kopiloturik trebeena bailitzan.

        — Ez goaz Ciudad Juareztik?

        Iztaren eskaera kezkatua.

        Sigma anartean, balea abisalen intziriak belarrimen, Lamdarekin amodioa zegien arratsaldeez ameslari lerratu zitekeen. Noski, iragana zen, linburra bezain arina. Lamdaren larruaren leuna, gorputzaren bihurria, ilediaren salbaitasuna hazta eta hau guztia bukatu da zerrasan furfuriarik gabe. Haserrerik ez. Erresuminik ez. Are gutxiago bozkario faltsurik. Egunerokoa zen, eraiki eta hauts, isildu eta mintza, batera, bakarka.

        Durango: ordubete.

        Irri aingerukoia marraztu zuen: munduan izen bereko hiru herri bazeuden, eta Euskal Herrikoan baino hogei urte lehenago egona zen Coloradokoan. Jadanik albino koloreko biloekiko Perdita Durango bat baizik ez zitekeen eta Lamdaren behakoan amildu zen. Psili egarri eta Zei gose iratzartu, eta ur botila eta ogitartekoen ihalozkak hasi ziren. Sabela zetxikala handienak pixagalea zeukala jakinarazi zien, menperaezina alegia.

        Geldi leku oparora bihurtu zen Coatli:

        — Paratu gaitezen.

        — Delicados bat erreko dut —erantsi zuen aharrausika eta hezurrak estiratuz Iztak. Sigmaren gerrian ezarri zuen besondoa. Eletrika zebilkion zainetan.

        Hargatik Lamda eta Sigma Galaxia dendaratu ziren. Segurtasunezko distantzia mantenduz. Isilik. Hausnarrean.

        Kontuarrak gidari gihartsuz mukuru zeuden. Familiek takoak manatzen zituzten. Haurrak orroaz zebiltzan, amerikar musika melenga zerien bozgorailuei amore emanarazteraino. Ar urrina. Izerdiarena. Lanarena. Lamdak bere betekizun biologikoa konpliturik, makina zurrungatsuen maldan eskuak garbitzen eta lehortzen zituela, Sigmari deblauki galdatu zion:

        — Haserre ala?

        — Ez, batere. Ez dut hizketarako gutiziarik.

        — Coatlirekin naizelako?

        — Iztarekin nintzen barda. Ez daukat zureganako sentimendurik. Geltokietako nobela eskasaren orrialdeak xehekatu ditut azkenean.

        — Gurea eleberri txarra baitzen?

        — Amodioak bukaera bat baduela eta kordoka egokiro kudeatzen ikasten da denborarekin. Bereziki Amerika hauetan. Ez dea hala?

        Torra. Torra. Torra. Mirailean begitarte mentsa jarri zitzaiola konturatu zen Sigma. Besarkada batez estutu zuen Lamda, ezkel, kopeta izerditsuan pott herabea pausatuz.

        — Harritzen nauzu.

        Zer beste zezakeen ahozka?

        Bekokia makur tematu zen gainerakoek beilatzen zuten chevroleteraino. Damu ote zuen? Zer zen Lamdari kolkoan kurruska zebilkion har hura? Musumina? Sigmak ez zion deus eskatu, ez barkamenik, ez eta eskermenik. Izta han zegoen, Coatli eta haurrekin. Ederra zen, azkarra, elekaria, urduria noizbehinka.

        — Goazen. Astirik ez dugu. Nogalesko Paloma Negra Motelean igurikatzen gaituzte iluntzean. Ganbarak erreserbatu ditut zuek gasolina ordaintzen zenuten artean. Lauzpabost orduko bidaia daukagu.

        — Pazifikoaren hegitik joango gara?

        Autobusek eta garraiolariek partitzean altxatu errautsetarik salbaturiko Sigmaren boza zen, itxaropen, kemen eta kalipu. Jauzi bakarrean kotxean entzerratu eta txikiek liburuak hartu zituzten, Lamdak giderra. Coatlik kuluxka bat eginen zuela iragarri zien. Izta Sigmaren ondo-ondoan kokatu zen.

        Pazifikoa. Pazifikatua. Pazifaeren parpailak.

        Amerikar zeruen handitasun naifak berazten zuen Sigma. Irratian Kaliforniako KSTR katetik erautsiriko technomex soinua hegalda zetorren, erritmo tektonikoa, ranchera apurra, country aire amiñi bat, norbaitek trikia Joseba Tapiak bezain maisuki jotzen zuela argi zegoela.

        Durango probintziako Mazatlan sarrerako peajean Nogaleserako norantza hobetsi zuten. Hermosillon afaltzea erabaki zuen Lamdak, oren bat eta erdi geroago hotelean izateko. Psiliren eta Zeiren tripa zolak betetzekoak zituzten. Iztaren iloben karbek ezinegon garratza finkatzen zuten:

        — Noiz helduko gara?

        — Laster, laster...

        Iztaren arrapostuak baketzen zituen doi-doia. Coatlicue suge lumadunaren ipuina kontatzeari uztartu zitzaion, Chalco txabolerrian telebistetako kolorezko istorio sotilagoen irensteko ohitura zeukatela bazekien arren. Amaren aterpearen pareko familiak, zakarrak salduz, pantaila numerikoa erosi zuen. Halaz bertaratzen ziren karrika xinitratu hartako mukizuak, saldoan, marrazki bizidunak, telesailak eta MTVko emanaldiak xurgatzeko eskolatik landa. Ikastetxea eraiki baitzuten gizonek, zeregin ebanjelikoz harroturiko apez indigenen planoak egiaztatuz.

        Iztarentzat eskola jendetasunerako lehen urratsa zen. Sinesmen hutsala zela ere ohartzen zen, europar zurien eredu unibertsalak zituela alabaina kasko zokoan iltzatuak, jakitatearen partekatzeko mila ehun eta bi molde bazirelako globoan zehar, ez batak besteak baino hobeak, toki bakoitzean eraginkorrak baino. Funtsean Chalcon ez zegoen antolaketa edo presentzia publikorik. Auzotegi bat arriskutsua bihurtzean edo adinen piramidearen arabera haranak zahartzean zerbitzuak desagertzen ziren, banan-banan, ezer ez zuena are gabetuagoki ihardokitzera kondenatuz.

        — Coatlicuek lagundu ditzala...

        Iztaren boza entzuten zuen Sigmak. Bihurgune gorakoietarik Pazifikoa ageri zen eta Lamdari berehala gelditzea otoiztu zion. Kalifornia Behereko lur-muturrak ortzaizea purruskatzen zien:

        — Guerrero Negron eguna baleak ikertzen iragan eta gauez paipai zein kumeiai leinukideen kontakizunak biltzen genituen.

        — Indioak orain —artekatu zen Izta— San Jose sudurra baino urrunago doaz arrantzara, Estatu Batuek Colorado ibaiaren delta lehortzea lortu dutelako. New deal-aren garaian barrakia eraiki zuten eta dagoeneko uholderik ez dator bazter hauen bustitzera. Katastrofe ekologiko bat ari da gertatzen. Aberatsek ura pribatizatzen dute. Nekea eta gosea sozializatzen. Datozen hamarkadetako gerla-muskila.

        Sigma ausartu zen, soraio:

        — Betiko historia. Irabazle eta galtzaileena.

        — Eiki. Baina galtzaileek dute izadia bultzarazten, asaldatzen direnean, atzerritarrek dagiten eran, mespretxu guztien gainetik beraien indarra lekuko gizalde geldotuen genoma-kulturaletan txertatzen dutenean.

        — Mugimenduan sinesten duzu, Izta?

        — Monotoniaren iraultzan. Ihesaren higikortasun itsuan. Urrikiaren biribilketa samurrean. Sigma...

        Behatzak ebatsi zizkion.

        — Pazifikoari beha nago.

        — Arrazoi bat gehiago.

        Iluna zetorrela, olatuetarik argitasun iluminatua pizten zekusan. Halakorik balitz, arrastiri borealak imajinatzen zituen Iztaren ahurraren epela haztatzean. Patagonia xuxurlatu zuen, Ushuaia, Porto Alegre, Valparaiso, Asuncion, Manaus, Pernambuco, La Paz, Arequipa, Lima, Bogota, Caracas, Paramaribo, Panama eta letania iraulgarria bukatu zuen, hasperenez:

        — Iratiko oihana... Bagargiko lepoa, pagoen larrualde zilarrak eta biharamuneko laino gris trinkoak. Itsumandoka noa Ezterenzubiraino Irauko xendratik: ez nau izutzen, ez erortzeak, ez eta eratorrian ibiltzeak. Zoriontasun bulta horietan, mundua naizela sentitzen dut, ez partaide, ez etsai, ez zati, mundua, bere osotasunean.

        Nogales: hogei kilometro.

        Iratiko freskuraren aipatzeak ikara hazi zion. Gogoa zirurikan zebilkion jagoitik: Santiago auhenkatu zuen, Montevideo, Iquique, Cuzco, Quito, Medellin, Panama, hatsa hartzeko gelditu eta San Jose, Managua, Tegucigalpa, Guatemala, El Salvador, Belmopan... eta Iztaren soin malguaren liluraz betazalak altxatzean, zeru espektralean ke beltza lurretik ernatzen begimen zeukan:

        — Zer da hori?

        — Sonora desertuaren mugetan gaude. Gurpila zaharkituak erretzen dituzte, erabil ez ditzaketenak. Baliagarriak konpontzen eta iparramerikarrei saltzen dizkiete, kamioitaraka.

        Coatli zen azalpen emaile.

        Psili eta Zei zutoinaz jabetu zirenean, daldarak eraman zituen. Telesailetan hainbestetan agertzen zitzaien begirik bako ziklonaren presentzia susmatzen zuketen. Iztak Psili gerizatu zuen eta Sigmak Zei. Ahultasuna ikur. Egoera biguna zen. Zutaberantz ari ziren. Hargatik ezker jo zuten, keak setiatuko zituelako beldurrez.

        Lamdak karkailaz apurtu zuen kotxeko malgorra. Haurrak abilki ausatu zituen, errepide hegian herronkatu supermerkatuak aurkeztuz, jantegi merkeak, ostatuak, hotelak, arropa magasinak, markekikoak, arruntak, drive-in zinema-gelak, bankuak, garajeak, auto-saltegiak eta ingurumenean bakarrik sustraituriko kapera xumeak.

        Coatlik orduan:

        — Pornografia hutsa zait, kontsumo derrigorrezkoarena hain zuzen. Ez da iganderik, hordimenezko astelehenak baizik; begira ezazue hiriak hiperdendetan nola diren kordelatzen, norbanakoaren askatasuna erosketetan finkatzen bailitzan eta modelo hori genuke, garapenaren izenean, lurralde guztietako bidonville likitsetako sargietan errotu nahi, ultraliberalismoaren ebanjelio berria irents dezaten... Eta gu agorafobikoak gara, solas izpirik ez dugu iruten, nehorekin, are gutxiago ordain-kutxetako mozkote panpoxekin. Kreditu txartela trukaketa mutua eta kito. Ez agurrik. Ez eskerrik.

        Chiriqui, Guanacaste, Juticalpa, Matagalpa, Ahuachapan, Zacatecoluca, Quetzaltenango, Izabal: nondik jazartzen zitzaion ez zekien izen uhar batek ito zuen Sigmaren zerebroa. Hiri bateko sarrerako seinaleetan Nogales leitu eta Amerikak bere baitan kolpeka ari zitzaizkiolakoaz segur zegoen.

        — Alea jacta est.

        Gauerdi zen Paloma Negra Moteleko harreran plantatu zirenean. Hamabost orenen buruan erabat akituak ziren. Psili eta Zei bereziki. Indio aurpegiarekiko adinekoak bi geletako giltzak eskaini zizkien:

        — Tako saltzaile bat daukazue, hor, eskuinetara. Noizdanik ez duzue jan zuek?

        — Urrundik gatoz —zehaztu zion Coatlik, elez zuhur, zer gerta ere.

        — Lehen estaian daude ganbarak. Zarata pixka bat bada, dakikezuenez Ipar Ameriketako fronteratik hiru kilometrotan baino ez gara. Kamioilariak badira, asko. Klandestinoak. Polloeroak. Koioteak. Guretzat ordea ez da mugarik, hangoak eta hemengoak gara. Hala ere kontuz ibili.

        Algara gizenaz haiatu zituen.

        Sukalderatu zen, konkor eta urintsu. Irratiak ranchera doinua barreiatzen zuen. Lanpara artifizialek, partikulazki neonezkoek, ilunpeak soleitzen zituzten. Chevrolet urdinak, cadillac gorriak eta harley davidson zoharrak lerrokatzen ziren tatuaturiko itzalak lerratzen zihoazen aparkalekuan.

        Coatlik gidarena zegien:

        — Nogalesen aurkitzen da Beta taldea. Mexikar polizia oldeak, paper gabeak botitzen eta eritzen direnean artatzen ditu. Zentro bat daukate. Hondurastik, Guatemalatik, Nikaraguatik, El Salvadorretik, Perutik eta Mexikotik datozen migranteak dabiltza droga eta prostituzio korridoreetan, nora ez, zauri fisiko eta psikiko larriekin. Udaran flyers batzuek gune lanjerosak non diren azaltzen dizkiete. Zortziehun pesoren trukean —Mexiko DFrako autobusaldiaren prezioa da— aspaldi hasi trek north larriari uko dagiote bakarrek, ez beraien borondatez naski.

        — Hegoa iparraren harresietan joka dabil.

        Trek north eta dougouma sira.

        Izta Sigmarengana makurtu zen. Psili eta Zei eskutik zituen. Ahapez mintzo zitzaien. Coatli eta Lamda lo gelan sartzear zebiltzan. Beribil azantzak eta gizon mozkortuen heiagorak entzuten zituen Sigmak, lagunaren zintzurrots kezkatuaz jabetu zen arte:

        — Ez dugu aipatu, baina zuk Estatu Batuetan sartzeko baimena baduzu.

        — Baimena? Zertako? Europarra naiz.

        — Arazo larria edukiko dugu bihar fronteran.

        Malinchea ohoratzen zuena gontzetarik erauzi zen:

        — Ez da egia, ez dezaket sinets. Setiatzen gaituzten klandestino horien pare zabiltza. Ezin da! Zer daukazu buruan?

        — Mexikon ez dute bisarik galdatzen...

        — Ez, noski. Baina Osaba Samen erresuman bai.

        Puskilak ohe gainera aurtiki zituen, artega eta kexu. Sigmaren amateurismo kaskarina gaitzesteko aski aditzik ez zeukan. Posa Ngakarekin Londresera joatean, epez gainditutako nortasun agiria Parisko metroan kontrolatu ziotelakoaz gogoratu zen. Posaren paper faltsuek balio zuten hargatik. Ingalaterratik Baionaratzean, suprefetura joko zuela erabaki zuen. Zeregin dorpeetan larrantzirik garrantzitsuena erabat ahaztu zitzaion.

        Ateka gaitzetik ez zen salbatuko.

        Nogalesen halaz migrante larruz zebilen. Latzena zetorkiokeen: oren segida astunez muga-zainek chevroleta miazkatzen eta blokatzen, Psili eta Zei malkotan deika, izua, herresta arruntak bailiran atzera bidalketa hiritar plantakoen so epailez setiaturik, orduan zinez akabo Amerikak.

        Sigmak Iztarenetan arpurutu zituen ninikak:

        — Ez dut aukerarik.

        — Ez duzu nehoiz aukerarik, zuk. Edo Mexikora itzultzen zara autobusez edo...

        — Badakit.

        — Igerika ikasi zenuen arauz?

        — Zergatik?

        — Rio Bravo aiduru daukazulako.