Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

2

 

Taxiak bidonville-aren sarreran aurtiki zituen.

        — Urrunago ezin —esku etsia mugituz murmurikatu zien.

        — Baina?

        — Lanjerosa da. Ez dakizue non zaudeten ala? Ebasleak, beharrunantak, zorrizakuak, trastuak eta inutilak hor bizi dira. Ez dut hiru atzerritar leku hauetan zitzikatuak izan zirelako ardura eraman nahi. Hirurehun peso.

        Coatlik ordaindu zuen. Txoferraren kokotsean beldurra irakurtzen zen. Beso gaineko ileak eguzkitan zut-zuta zeuzkan. Burua ezker-eskuin balantzatzen zukeen.

        — Kontuz ibili.

        — Norbait etorriko zaigu!

        Lamdaren arrapostuari muzin eginez errautsaren ziuntaz eskapaturiko taxilaria ez zen deusez segur: toki galgarria zen Chalco, fama txarrekoa. Hirukote trauskilaren destino latza ahantzi zuen, auto zuri-gorriko irrati kraskalarian Benito Juarez aireportura norbaiten xerka ernatzeko deiarekin, ez baitzuen larrugarri lekizkiokeen burutazioetan emokatzeko astirik.

        Batere ez.

        Txabolerriko bortan zeuden. Coatliren lehengusua hurbilduko zitzaien, hala espero zuten behintzat. Hausnarrean zebiltzan. Chalco, horma grisaz setiatua, xeila metalikoaren bestaldean garatzen zen beraz. Karrika zikin batek behineko herrialdea erdiz erdi urratzen zuen. Haur korrokak gehiegizkoak ziren, bai eta amen larderiazko orroak eta Delicados zigarreta merkeak hortzetan, egoitza doien maldetan kuzkurtu gizonen karkara gordinak.

        IMFren eufemiaz ari zen Sigma berekiko:

        — Mundua teilatu sail anonimo kulunkariz, sasi tzarrez, xendra likitsez eta bidegabeko mugaz estalia da. Prekarietatean oinarritzen da naski, multzo txiki eta aberatsak bizimolde oparoaren betikotasuna zein unibertsaltasunaren eredua mediatizatzen duen bitartean. Ondorioz, txaboletan amesten da ultraliberalismoak finkatu nonahikotasuna. Zor infinituaren hesietan amildurik gagozkie.

        Erantsi zuen:

        — Noiz uko egingo diozu bada ura ezpataz ebakitzeari?

        Arroztasunak erraiak erretzen zizkion. Fonda El Refugio jatetxeko elesailak oroitzean uhertasuna txertatu zitzaion sabelaldean. Ez zekien zuzen nor zen, baina funts gabean eta zalantzak uxatuz Coatlik hitza harilkatu zuen:

        — Ez da erraza naizena izatea sortzez chicanoa izanik. Guadalupeko ama beltzarenak ez baldin bagara, Templo Mayorko sarraskitik landa Cortes odoltsua Tenochtitlanen konkista garaian, nahuatlezko idatziak gaztelerara itzultzen lagundu zion Malinche haren haziko higuingarriak gara. Traidoreak. Salba ezinak.

        — Gaueko ekintzetarik sano etxeratzen den gudariaren bakea sustatzeko gaude, orokorrean, haurrak sainduki eta herritarki hezteko, sukaldeaz axolatzeko. Gizarteak hipersexualizatuak dira, lantokietako goizetako trikaldietan ez da sexuaz besterik aipatzen, komertzio emankorra da eta, noski, generoak nahasten baldin badira, bakartasuna eta lotsa barreiatzen zaizkigu. Bego gizona gizon diote, eta labankatzen dute: abereen arimarik ez bekigu arrima.

        — Sigma... Otoi.

        — Ez dea hala? Lamda, zer uste duzu zuk? Erraza edo zaila delako ezkutatzen duela batek, demagun, bere sexuera? Ghettoetan salbu, eta eskerrak ghettoak badirela Miarritzen, Donibane Lohizunen, Donostian edo Bilbon bizitza bizigarriak iruteko; gure kenteetakoak ikusezinak dira. Nor da plazara jazartzen zinezko identitate malgua argiki aitzinatuz, literaturan eman dezagun, edo musikan? Bihi bat ez. Bazaizue?

        — Harritzen nauzu, Sigma —artekatu zuen Lamdak—. Badu jada urtebete elkarrekin garela, eta ez zara sekula gai horretaz hain gardenki mintzatu. Generoekiko neutraltasuna aldarrikatzen, alderantziz, bai. Neutroaren goresteak sexu-harremanen ukapena dakar, eta horretan ez nator bat zurekin. Badakizu. Ez dut konprenitzen zerk bultzatzen zaituen, gaur, bestalde interesatzen ez zaizun alor horren jorratzera.

        — Tekila hurrupatzearen emaitzetarik bat da.

        — Pulquea sabairatuko duzunean orduan, datorren pridean parte hartuko duzula iragarriko diguzu?

        Coatli Sigmaz trufatzen zen samurki. Zintzurrean gora xinaurri herronkak bailiran igotzen susmatu zituen elesailen hotsek harritzen zuten. Sigmak haritik harira jarraitu zuen mentalki: Europako edo Ameriketako leku zenbaitetako posibilitatea zen alabaina oinarrizko nortasunaren deklinatzea, eta oraino ez toki guztietakoa. Baina zoaz zu Indian, Senegalen, Iraken, Katangan, Iranen, Txinan perpausa azaltzera; itzelezkoa da, joak, mutilatuak, hiltzera kondenatuak eta mehatxatuak baitira heterosexismoaren elge balizatuetarik kanpo dihardutenak. Larrualdiaren eredu ezberdinaren aldeko jihad astunetan zebiltzan Fahir, Parvis, Leila nahiz Burhan.

        — Hitzek ez naute izutzen.

        Coatli komuneratu zenean, Lamda eta Sigma bekoz beko aurkitu ziren.

        — Sigma, barkatu, bukatu da gurea.

        — Horrela?

        — Bi hilabeteotan gauza franko agitu da. Coatlirekin ibili naiz Yucatango itsasoetan balea urdinen ildoetarik eta gero Guerrero Negron Kalifornia Behereko lehorretan. Londresen zinen Posa Ngakarekin. NDH ostatuko zoramenetik at, Fahirrekiko gau galanta txirikordatu zenuela jakin dut. Garesti ordaindu espioiak baditut zure kukuzkatzeko. Ez zaitezela goibeldu. Onartu iezadazu Coatli. Damu dut zu honaino jinarazirik.

        — Konponduko naiz. Ongi nago Mexikon... mila tekila xortekin.

        — Eta datorkizun pulquearen gustuarekin?

        — Prefosta.... Ba al dakizu zenbatetaraino pozten nauen noizbait bederen ezinbesteko maitasunaren berotasuna zurekin preziatu izanak, hamabi hilabete baino iraun ez duen arren?

        Ehizaturiko baleak askatuko zukeen ur xirripa indartsuaren pareko buhako bi aireratu ziren Sigmaren mateletarik, batetik Coatli Fonda El Refugioko jangelara itzuli zelarik eta bestetik Chalcoko kihilaratu zirenean. Bihozkadak gaizki bukatzen zirela zioen erdal leloaz gogoratu zen: les histoires d'amour finissent mal en général... hasperen bikoitza.

        — En général...

        Astotik idira jauzika zihoan Sigma. Arintasun sentsazioaz hantu zen Lamdaren aitorretik lekora. Libre zen, libre, libre. Eta txabolerriaren atarian alde orotara barrandaz zegoen, solei: tripak hantuz orgak bultzatzen zituzten gizonezkoek burdinazko zarrailua irekitzen zuten. Coatlik eiki bazekien zertan zinpurtzen ziren:

        — Zakarrak eta trapuak bilduko dituzte. Oraindik irensgarriak diren jatekoak. Plastikozko botilak. Edari kanetak. Egur puskak. Arropa zaharrak. Hautatu, zenbatu, garbitu eta birlandurik saltzeko, merkatuan sartzeko eta horrela peso apurrak sakelaratzeko. Pueblan nintzela, unibertsitatean hitzaldia eman eta afaldurik hotelera nentorrela, ilunkiak segika sumatzen nituen. Jakizue ez nintzela fida, baina zatarlariak zirela ohartu nintzen. Hogeita lau orduz zabalik zegoen Sandborn's dendaren aldameneko zikin-ontzien edukia aztertzen, baztertzen eta karriotetan kargatzen begimendu nituen zoraturik.

        Indioak. Mestizoak. Aborigenak. Baserritarrak.

        Bombay. Kampala. Sydney. Rio de Janeiro. Addis Abeba.

        Lamda soineratu zitzaion. Inguruak miazkatzen zituen, betondoak zimur. Sigmak Coatliren xehetasunak liseritu zituen, behiala Reformako aingeruaren borobilean, taxia helatzear zeudela, bien arteko ahapezko elkarrizketaren bihikak bezala:

        — Erran diozu? Nola erantzun du?

        — Ahalik hobekien. Sigma tristaraz dezakegu, baina ez da zoritxar desesperatuaren aztaparretara eroriko. Hondar urteotan ez bederen. Errealitatearekiko halako axolagabetasun batek darama. Batzuetan ametsetarik doa, eta besteetan banpez erabakitzen du egitekoa, Posa Ngaka pigmeoa klandestinoki Londreseraino eramatea bezala, han infidelitatearen kartak mahaira deblauki botaz. Galerna barnakoiek ez dukete ukitzen, kolpatzen, purruskatzen. Betidanik dabil horrela, etsipena esperantzaz josia eta vice-versa, ez dut sekula zinkurinka aditu, aitzakia balukeelarik alta...

        — Chalcon gustura biziko da. Antzekoak dira gure jendeak, ez dira pleinitzen, ez dute amore ematen, gosetea, pobrezia eta biolentziak pairatuagatik.

        Haraindiko puntan Cuauhtemocen tailuak perspektiba mozten zien.

        Sigmak bere lehen mexikar taxia geldiarazi zuen. Txoferrak gurutzearen seinalea egin zuen, Coatlik Chalco ahoskatu zionean. Behatz dardaratiaz ferekatu zituen atzikusgailuan zintzilik zaramatzan eta omiasaindukari ahuspekatzen ziren giza-eskeleto zurgatuak.

        Ez zen isiltzen:

        — Mexikoko zirkulazioa? Planetako hiririk handiena da. Nolanahika ibiltzen dira kamioiak eta berina keztatuekiko droga, bahiketak eta migrazioak maneiatzen dituzten mafietako kaiden 4x4ak. Istripuak badira, hilak, haserreak. Zainetan gabiltza beti. Lan honen premia daukat: bi haur baditut unibertsitatean, alabak kazetaritza ikasten duela eta semeak biologia molekularra. Eta zuek nongoak zarete? Europarrak ezta?

        — Bai.

        — Eta Chalcora zoazte? —ikaratu zen gizona.

        Sigmarekiko arazo sentimentala arazorik gabe konpondu berri zutenak ez ziren eleant. New Yorkeko chicanoak lehengusuarekiko hitzordua finkatzen zerraikan, noiztenka kirrikatzen zion mugikorrarekin tematuz, ahorita hemendik, ahorita handik: Coatli ez zen kantitzen.

        — Agian Izta bertan izango da. Ez dakit bestela nola eginen dugun. Ixo: hara bai... ordu erdi baten buruan... Ixtapalucarantz goaz... itxoingo zaitugu, bai, bistan dena....

        Zelularra zaplastatu zuen «lauhazka bat oihartzean, zaldia bila ezazu eta ez zebra» zioen Jack Malone edo Lili Rushen manera deliberatu berdinean. Dudak bazituzten hargatik. Sigmak orbaina zirrimarkatu zuen:

        — Eta zertara goaz hain toki lanjerosera?

        — Coatlik kusia badu Chalcon —zehaztu zion Lamdak—. Askaziekin geratu nahi du, eta uste dut Berkeleyra joateko dugun aitzakiaz betekizun bereziaz apaindu behar gaituztela. Taldean ibiliko omen gara. Abenturaren ezpal oso izanen zara zu ere.

        Aski zuten biek horretaz axolatzea. Ez zioten bada muina hagunduko betekizun bereziaren xede madarikatu horrekin:

        — Bihar, bostehun pesoren truke Teotihuacan bisitatuko dut Ipsilorekin. Ez naiz Mexikotik sobera urrunduko.

        — Hiritik hamabost kilometrotan baino ez dago Chalco.

        Lamda arranguraz zebilen:

        — Izta etorriko da?

        — Bai, han dukegu, zain.

        Coatlik kezkak jabaldu zituen. Sigmari kuriositate falangatsua zebilkion zirikari. Maitalea joan zitzaiokeen, baina ahosabaira, hurrupa, aztalka, idatz eta ikastekoak oro eskumenean zeuzkan Mexikon: Teotihuacan, Chapultepeceko museo arkeologikoa, azteken egutegi izugarria, amerika-latindar dorrearen kaskoa, taxia har eta Coyoacanetik Zocalorainoko etorbidea gauez, Diego Riveraren freskoak Palacio Nacionalean eta Frida Kahloren etxe urdina. Aukera bakarra ez zuen saihestuko.

        Taxilariaren arrasta ukaldi bortitzak hautsi zituen Sigmaren ateraldi detseen zerrendak. Chalcon zeuden, infernuaren holtz hegian, Iztaren aiduru. Galderaz mukuru. Berandu zebilen ala? Ez ziren arauz txabolerriko meandroetan itots-emailerik gabe ausartuko? Hiru europar, bat chicanoa izanagatik, erokeria zen, eta bat-batean, ez jakin nondik baina egoeraren obszenitateaz jabetu ziren: diruz okituak ziren, urreak ez bazituen lehertzen ere, banku txartelak eta pasaporteak bazituzten, eta halaz europarrik tristantena, Chalcoko paracaidos haien aldean, hamabost aldiz zilardunagoa zen.

        Ahalke mikatzezko soak makurtu ziren. Heia ozenka zetorren Iztaren agertzeak hirukotea deboilatik hastandu zuen. Bozkariatu zen Coatli, Lamda ukondotik zetxikala. Sigma atzetik zetorkien, nagi. Aurkezpenen kutxa ireki zuten: Izta nahuatla zen, Coatliren New Yorkeko baleen nazioarteko ikerketa zentroko kidea. Oporretan amarengana bildu ohi zen.

        — Gurasoek Tlaxcalako altiplanoa abandonatu zuten sortu nintzenean. Duela lau hamarkada gertatuaz ari naiz. Nezahualcoyotlen finkatu ziren, baina txabolerria zementu eta harri gogorrez eraiki zenean, dirurik aski ez zutenez, hutsetik ttarrotzen zihoan Chalcoko eskualde honetara ekarri zituzten puskilak. Ama bizi da oraindik. Berkeleyn sehi dagoen Zitaren bi umeez axolatzen da auzoko emazteekin. Aitak azken hatsa eman zuen tekilaz hordi. Arraila ikusi dut egundaino. Ez dakit adimena nehoiz argitu ote zitzaion Tlaxcalako kaktusez eta errauts zuriz hanpatu lurra utziz geroztik. Mozkortzen zelarik, gehienetan, Tlaxcalara zihoan imajinazioz, ardiak, astoak, pulquea egiteko mageyak eta haize hotzak bermarazten zituen hauts zutoinak goraipatuz. Tlaxcalara noalarik malkoak jazartzen zaizkit halaber, Iztaccihuatl eta Popocatepetl sumendiak ezkerrean eta Orizabaren tontor zurbila eskuinean zehatz ditzakedanean. Izta deitu ninduten mineralezko muino etzanaren ohorez.

        Betazalak heze zeuzkan Sigmak: Iztaren lekukotasuna irentsi zuen epairik gabe. Guztiok exilio, exodio rural eta migrazio ipuin berak geneuzkan kontatzeko: ukigarria zen partitzearen korrokaren oiharra edonongoen zintzurretan, itsumandoka abia eta hel. Parisera lanera joateko Baionan trena hartu zuen irailaren zazpi eguzkitsua haragian betirako txertatu zitzaion Sigmari. Artoak elgeetan kraskari ziren, haize hegoak buruak hasperenez betetzen zituen, errefuxiatu ekonomiko arruntenaren pare bi hilabeteko haurra amarekin etxeko sukaldean laga zuen.

        Parisen egoteko lekurik ez eta, euria jaits ahala ari zela, Austerlitz geltokian kukutzen saiatu zen, baina zakurrekiko poliziek eskaleak haizatu zituzten, Sigma barne. Saint Marcel karrikan gora berriz atrebitzean, Terminus Hoteleko harreran jakinarazi zioten gela bat libratu zela:

        — Hirurehun libera.

        — Bai.

        — Kasu egizu ganbaran... Bihar iratzarraraziko zaitugu?

        — Zazpietan. Bederatzietan Montreuilen behar dut.

        Horma beilegiekilako lotegian lohil urrina lerratzen zen, gohaigarri. Arropa bustiak erantzi eta eri punta gurintsuek tatxatu mirailak itxura haluzinatua eskaini zion: gero hobearen menturan hazi ur xortola gelberak ziren eta istantean dena ezabatu zitzaion, ukimena, dastamena, entzumena, mintzamena, ikusmena, maitamena... mineraldu zen, Iztaccihuatleko edo Iparlako harlauza arrosa bihurtzeraino.

        Iztaren galerna antzeko zerbait pasatzen ari zen Sigmaren baitan: aspaldian ehortzi irudi intimoak asaldari zihoazkion eta Chalcon ez zeukan haien haizatzeko kuraiarik. Ahul eta biluz zen, eguna lau mila metrotan oinez ahitu bailuen. Lo kuma dorpetik esnatu zuen Iztaren ahots zohargiak:

        — Andere eta jabe dago Mexiko, errekuperaziozko materialez moldatu txabola eskasetan, karrika lohitsuak algaraka zeharkatzen dituzten mukizuen lasterretan, aizolbeetarik jalgitzen diren emazte koloretsuen niniketan, pertz zulatuak bizkarrean daramatzatenen sorbaldetan, Mexiko hiriaren soinalde unatua, errenditua, bere gaurkotasun burbuilatsuan, mundua kudeatzen duten merkatarien arabera etorkizunik gabea. Chalcon irekitzen den espazio libre apurrena kliska batez betetzen da...

        Nahuatlaren lasaitasun ederrak gatibu zetxizkan.

        — Chalcacihuacuitcatl abestian Chalcoko pegarlariak goresten dira. Entzun ezazue Miguel Leon-Portilla idazleak kopiatu eresi luzea: yectli yan xochitl, manocpac xochiuh ma ic ninapan, in noxochiuh, ni chalcatl, ni cihuatl, Chalcokoa naiz, Iztaccihuatl naiz.

        — Ez dut deus ulertzen, baina kantaren mamia neuregana dezaket.

        — Sigma, Iztacciuatl eta Popocatpetl sumendiak erakutsiko dizkizut etzi. Haien zoragarritasunak ilusituko zaitu. Benedikazioak dira, amerindiarren zentzuan.

        — Berantetsia zait.

        Sigmak Lamdari irri keinutsua igorri zion eta hark berdin ihardetsi. Zerotik berriz hasten bailiran. Zedarri ezberdinetan. Zeru sakonen gisa, Mexikon zalu garbitzen ziren sentimenduen zoruak. Penek ez zirauten, negarrak idortzen ziren, ihardoki behar zen eta aurrera jo, begiek bazutelako nonahi zer bazka, izpirituek zer alha, gorputzek non itzal, ahurrek zer tinka. Lehendabiziko aldian, amerikar kontinentetik errauts usainaren nostalgiarekin sorterriratu zen, haran berdeak hertsi eta hotzegiak zitzaizkiola. Grand Junction eta Placerville artean gidatzen zuen red cadillac hartako KSTR irratian dastatu zituen oraindik kuttunki maite dituen Emmylou Harris, Bruce Springsteen eta Neil Youngen kantak. Hamazazpi urteetan Rimbaud eta Bob Dylan baizik ez zituen ezagutzen.

        — On the road again —malbaxurikatu zuen.

        — Zer derasazu?

        Izta xehetasun ments zebilen:

        — Duela zenbait egun, Posa Ngaka pigmeoarekin sortaldeko Europa trabeskatu genuen Londreseraino. Erran duzu etzi partituko garela... nora ordea?

        — Iparrerantz. Bizkitartean Chalcon ohatuko gara. Bihar Mexiko olagarrotsua dukegu so-muga. Bizkar-zakua pausa, bazkaldu eta bidonville honen sargiako autobus geltokira zuzenduko gara.

        — Ipsilo taxilariari telefonatuko diot —karta mekanografiatua erakusten zuen harroki—. Lamda eta Coatli lanean diratekeelarik... ni zurekin amerindiarren kulturan itotzeko prest nauzu.

        Moctezumaren eia eia ho ho eia auhenkaria.

        Chalcon bi milioi biztanlek ziharduten, ur eta elektrika barik. Hiria hortik zen emendatzen, urrako bolkanikoetarik oka eta oker ihes zihoala, indar, su, sukar eta edonoiz karramiska, jende bakuna bailitzan, frakturaz fraktura, kuskaldiz kuskaldi, gurutzaturiko besteak kurruskatzen, laztantzen, ukatzen, aurtikitzen, gehitzen, mintzen eta osatzen zuen bitartean. Bizitza, kanaliza ezinezko hatsaren oldarra zitekeen, hargatik dena espantu eta arrogantzia ustel, erabakior, berme, printzipioen uztarriari uhalezkaturik, arriskuak kontrolatzen genituela oihuka hiltzen ginen bederazka, ez zen hala alaina, ez zuen inork ezer menderatzen.

        Aniztasunaren uholdea pairamenezko gozamena baitzen.

        Chalcon halaber, nola ez.