Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

5

 

— Ez zaitut konprenitzen —oldartu zitzaion Lamda, Posa Ngakarekin etxeratu zenean—. Ez zaitut konprenitzen. Lotsakorretarik zinela uste nuen eta pigmeo horrekin zabiltza, klandestinoa delarik, arriskurik ez bailego.

        — Orain baditu paperak.

        — Hala ere.

        — Zeren beldur zara?

        — Izutzen nauzu. Betidanik gaitzetsi ditut zeronen ibilera bazterretsiak eta zure baitan duzun konfiantza eskasa. Baina gaur... bost axola, bihar Mexikora noalako. Eramango nauzu aireportura?

        — Bai. Zaitugu.

        — Ez, nauzu.

        Solasa elez hustu zitzaien. Ulertzen ez ziren gauza franko bazen istorio honetan: geldotasuna, misterioa, disgustua, ezjakintasuna. Nehork ez zezakeen esplika. Posa Ngakak sakelatik orrazi ikaratia jalgi eta melodia xehea bihikatzen zuen. Ahotsak larderiaz hantzen zirenean, pigmeoak ez zekien non gorde, nola ezabatu, desagertu, amildu. Sukaldeko kalapita gehientsuenen aitzakia zen bera. Hargatik, susma zezakeenez, orbaindu gabeko zauri anitz zuritzen zituzten Posaren estakuruz. Behialako gudari-mendizalearen gaia zen maiz haguntzen Lamdaren haginetan. Sigmaren ezetza ez zuen irentsia. Ez ziokeen barkatuko. Batez ere egunotan, Posaren konpainian asfaltoak zamalkatzen ziharduela, gusturik hoberenean.

        Afaldu eta Posa luzatzen zen bulegoan lo egiteko. Ganbaratik, itsaso sakonetan grabatu baleen intziriak oihartzean, Sigmak eta Lamdak azkenean amodioarekin bakea zegitela imajinatzen zuen. Baleen auhen monokordeak Posari ere erraiak urratzen zizkion: zerbait zen, zintzur eta buru soinu lanzinante hura, aspaldidanik ehizaturiko ugaztunen eresi urdina; noski balearik ez zuen sekula ikusi, baina haienganako espezie elkartasun bat indartzen zihoakion kolkoan. Ondoko gelan larrua jotzen zutelako zitekeen. Urteak eta hilabeteak bazeramatzan plazerik gabe, bihotza hil eta bizia bil hari soilaz bastatuz.

        Londresen Sambakwa topatuko zuen, Brazzako umezurtzentzat eraiki frantses komentuko ikaskide ohia, Akwa bat. Sambarekin etorkizunaz gozatzeko ideiak bultzatu zuen Afrikako desertuetarik at, ibaietan gora, portuetan zehar eta fortunazko gabarretan kulunkaz, pasaiarako bi mila euro hartuz ur gainean doi-doia ibiltzen ziren arrantzale ontzi pikarraiek eta Gurutze Gorrikoek lehorrera ekarri zuteneraino. Andaluzian eta Katalunian aurpegia gorderik albaindu zen, hormak arrasatuz, lan askotan musu-truk higatuz. Samba, Samba, Samba banatorkizu xuxurlatzen zuen orrazi ikaralaria ateratzean.

        Lamdak bidaiako bizkar-zakua apailatu zuen biharamunean, argazki makina, grabatzailea, ordenadorea, USB giltzak, arropak. Iparla gailurreko potreta eskuratu zuen. Saiak ortzian. Lamdaren lepoaldean dilindatu zen Sigma, niniak ñir-ñir:

        — Ez nazazula ahantz.

        — Ahaaa... Ardura ez banintza bezala dagizu eta ez zintuzket ahantzi behar, laztana?

        Lamda arras amoroski mintzo zitzaion, hizki bakoitza musu gori eta lekedatsuz artekatuz. Sigma ala Lamdak alderik alde ekiten zutelakoa ez zen alabaina arrazoi aski bata bestearen abandonatzeko eta irekitzen ziren lehen besoarteetan amiltzeko, maitasun bila, maitasun mutua benetako maitasuna ez bailitzan.

        Hara eta hona bazihoan Posa Ngaka apartamentu hertsian, nora ez. Sigma garbiketa egiten zekusan: erratza eskuan, Ibilaldia bateko zapi koloretsua kopetan bildurik, salbai eta malestruk obratuagatik. Lamdak bizkitartean Mexikoko kontaktua deitu zuen, kongresu eta hitzorduetarako apailaturiko paperak metatu zituen, bederazka sailkatu, tinta horiz azpimarratu mintzaldietako zati garrantzitsuenak. Ez zen txantxetarakoa, sei hilabetez baleak ikertuko zituzkeen nazioarteko aditu talde batekin Kalifornia Beherean, eta erleak, nola ez, Merida aldeko sasi prekolonbiarretan. Urpekari jantzia tolestu zuen jabearen zigilua zekarren maleta beltzean. Erran zuen, beratz:

        — New Yorken behin ezagutu Coatli zientzialaria aurkituko dut Mexikon. Bozkariatzen nau. Ez dezakezu asma zein heinetaraino. Eta bistan dena baleak miresteko ilusioak...

        — Eta Yucatango zerua.

        — Horixe. Zoragarria da. Ezin sinetsizko lainoak pasatzen dira ekialdetik sartaldera, Kukulcanen piramidearen sei izkinetan tatxa ilun erraldoiak eraginez.

        — Ametsa da.

        Zer bada erants zezakeen Sigmak?

        Bera ere abian zen Londresera Posa Ngakarekin. Lehen aldiz oinezkatuko zuen Ingalaterrako hiriburua. Posa ez balitz izan, ez zitzaion bereber sekula hara joateko gogorik erauziko, jakin bazekien arren haurrideak bazeuzkala bertan, genero finkoen mugak uhertuz ziharduten herritarrak hots. Askatasun indibidualaren jarduera akuila zezakeen eremua zen Londres, lurraren magma malgua irensten zuena bestalde, migrazio, musika, diru jario, komertzio eta hainbat alorretan. Gainera Maggie Thatcher andereak zerbitzu publikoak eta baliabide sozialak zitzikatu zituenetik Ingalaterra aspalditik sartua zen neoliberalismoaren sasitzarretan. Europako politikari ahozabal guztien eredua zen. Telebista pribatuetako erreportaien edo Ken Loachen filmen arabera, Liverpool eskualdean autobusak gidatzen zituzten laurogei urteko aitonek eta migranteen errabiaz baliatuz aberasten ziren noizbehinkako lan-enpresak.

        Alta ekialdeko gosetiek ez zuten Paris gutiziatzen, munduko miseriaren katilua ez zatekeela deiadartzen zuen Eliseoak alderantzizkoa sinetsaraziagatik. Londres zeukaten helburu denek, afganiarrek, irakiarrek, indiarrek, ukrainarrek, Asiako urmaeletarik zetozenek, pakistandarrek, batzuk baizik ez aipatzeko. Afrikarrei halaber Londresen juntatzea laket zitzaien, Sohon Frantzian baino arrazismo gutxiago zegoelako.

        Miarritzera lagundu zuen Lamda. Soa heze zeramaten:

        — Etorriko zara Mexikora, ezta?

        — Ez dakit noiz arte egongo naizen Londresen.

        — Eta kasu egizue. Ez nuke nahi Posa Ngakari zer edo zer gaizki atera dakion. Eder zaizkit bere kantu eta musika tresna xeheak. Zurekin gogorra izan naiz, amiñi bat...

        — Barkamendurik ez, otoi. Elkar maite dugu eta askitxo da. Billete elektronikoak kartsuki zainduko ditut eta gutxien uste duzunean agertuko natzaizu.

        Karkaraz lehertu ziren. Lamdak aduanako barrakia trabeskatu zuen, Sigmak agurka, aireportuko berinatik hegazkinera presatzen segitzen zion bitartean. Malkotxo bat ahitu zitzaion betezpaletan. Nahasia eta galdua zen, baina deliberatu zuen Lamda gabe ez durduzatzea, ez haustea, ez eratortzea.

        Baiona.

        RN10a ohiko auto herronketan geldotzean, bi hirien arteko lehiaketa hutsalaz pentsatu eta irri arin bat marraztu zuen: debaldekeriak utzi eta Posaren ondora beharra zen, agudo. Zulo palpitagarria sakontzen zihoakion papoan: Lamda, Posa zioen, nor da Samba galdez zinpurtu bitartean. Izen dantza baten antzeko letania zebilkion buruan. Behingoz bizirik sentitzen zen, eta beragatik zela aitortu nahi zion Posa Ngakari.

        Trena hartzerainoko egunak apartamentuan zerraturik higatu zituzten, telebistari beha, amerikar sailak irensten, Les guerillères nobela tai gabe hostokatzen, elles disent hitzekin hasten ziren parteak ahotsez ozenarazten, eleka, eta Posa musikari. Wim Wendersen Bis ans Ende der Welt sei oreneko obraren pertsonaietarik batek kotxeko zinta irakurgailuan sakatzen zuen grabaketako artista anonimoaren pare zegien pigmeoak orraziarekin: eresi izugarria, hil hurranekoa, sudurretik liraindu nota kordelak planeta kateztatuko zuen segurki. Sigma fazinatua zegokion aldamenean. Segundoen metronomoak geldi eta hain zuzen bere izaera neurtezinaz oka egiten bailuen.

        Afrika agorra agertzen zitzaien hiru dimentsiotako pantaila numerikoetan. Irudi perfektuak ziren, eta zehatzak, kontinente osoaren odolustea erakusteko. Lehor zaintzaile italiarrek, Tunisia edo Libiako kostetarik ausartu patera gainkargatuak arrazoitzen zituzten Mediterraneoan, jende eri, egartsu eta ahulez mukuru. Ez baldin baziren berehala haizatzen, Lampedusara heltzean artatzen ziren, batzuk atzera bidali aitzin. Klandestinoek errabiaren suaz kiskalarazten zituzten Sardiniako erretentzio zentroetan biltzen ziren zalu-zalua. Handik jalgitzeko dretxorik ez zuten. Neskatxa blonda nerabeekin akomodatzea gustatzen zitzaion Il Cavaliere urguilutsuaren gidaritzapean, medikuak bezero paper gabeen salatzera deitu eta arrotzen zein rom-en aurka astunki armaturiko hiru mila soldadu barreiatu zituzten Italiako karriketan: militarizaturiko neofaxismoliberal mota horren hedatzeak adinekoak bake zitzakeen noski, baina gazteagoei egoera hori preocupantea zeritzoten.

        Posaren matela bustitzen zen anai-arrebak ihesean ikusten zituenean. Goseak kurruskatzen zizkien erraiak, materia lehenen prezioen igotzeak, urdeen sukarra baino latzagoak ziren gaixotasun pandemikoek eta atzerrietarik akuilatu tribuen arteko gerla sarraskitsuek. Frantsesak, ingelesak, belgikarrak, beranduago sobietarrak, amerikarrak eta zegoeneko txinatarrak sartzen ziren herri afrikarren interesak gerizatzeko, aberastasunak ebasteko egiaz, Nigeriako petrolioa, Dogon herrialdeko eta Ipar Kivuko ekai mineralak kasu. Nazioarteko instantzietan ongi kontsideratzen ziren indarrartze basatiok, afrikarren onerako zela iritziz. Zapalkuntza, suntsiketa, desjabetze kulturala beti zapaldua, suntsitua eta kulturalki desjabetuaren onerako zirela orroatzen zuten, apaletsiaren gogoan berarekiko nazka oratzeraino, nazka eta oldartzeko jaidura malenkoniatsua.

        Sigmak orduan Posaren ezinegona sumatzen zuen.

        Hemendik urrun sortua naiz eta urrundu arau itzultzen natzaio marmaratzen zuen ardura Posak, arratsaldeetako kafea hurrupatzean. Egunez eki-begitik gorde eta gauez oinetako inurriak trabukatzera jaisten ziren. Europaratuz geroztik herresta saldoek ez zuten pigmeoa harritzen: hor zeuden mutiko eta gizon zainartak, emazte apurrak, edaten eta borobilean solasean, zereginik gabe, hiri erdietarik haiatuak, zikinak, urrinduak, duntzetarik jauzten zirela gainera noizbehinka. Karim Kofeirekin uztartzen zen, Marco Ndiayerekin, eta Yolaine bakarrik zetzan arkupeetan mutur, auzoak herenegun, tipus-tapasean, pitbull zakur bastarta pozoitu ziola orroaz.

        Brazza, Dakar, Abuja, Lagos edo Cotonouko sasi-hirietako txabola eskasetan Europa ahoskatzean, zerrasan Posa Ngakak, ez zen hor zekusan egoera nagusitzen, baizik eta diruarena, baldintza kiskiletako lanarena edo talentu berezia edukitzeagatik zurubi sozialean hupatzeko aukerarena. Afrikarrentzat Europa sosez okitua zen, orokorrean. Hala zen, baina populuen zati handiak jada gabetasunaren kiratsa dasta zezakeen, salbamen, urriki eta laguntzarik ez zuela nehondik erdiesten. Alderantziz: txirotasuna alferrenganako jainko neoliberalaren gaztigua zen. Den mendreneko soldata eskuratzen zuena, kontzientzia txarrak bezain baliabide ekonomikoen dialektika berriarekiko halako ezintasun lobotomizatuak zurgatzen zukeen. Europako kaleetan gurasoek eske igorri neskato moldaviarraren ahalkeak eta Somaliako gatazketan balaz hiltzen zihoan umearen negarrak gutariko bakoitza bere segurtasunen zutoietan zalantzaz hantzen zuten.

        Bitxia zen, arras.

        Kafea siropatzen zuten. Ostatuko telebistan zortzietako berriak ziren. Lehendakaria mintzo zen, Frantziak deliberatu zuela buruzagi afrikarrekin batera immigrazio hautatuaren xendrari lotzea. Xede horrekin Afrika medikuz, informatikariz, ingeniariz eta goi mailako langileez pribatuko zen. Jadanik Europako leku ugaritan erizainak afrikarrak ziren, apezak ere bai, bokazioneen krisia garatu zelako, Afrikara hainbat apez, misiolari eta soldadu igorri zuen Euskal Herrian berean.

        Doualako Trenzekin noizbait eduki elkarrizketa errepikatu zion Posari:

        — Kamerunen dabiltzan euskaldunak? Denak apezak edo militarrak dira. Ba al dakizu? Ezpata eta gurutzeak baino ez dizkiguzue mendeetan ekarri.

        — Herriko apez garaztarrak hamabost urte eraman zituen Abidjanen eta afrikarrak bagina bezala predikatzen zigun, ahoan bilorik gabe, hangoek gure aldean zuhurtasun gehiago zutela azpimarratuz. Norbait ezkontzen zenean, kukutegi batekoa baldin bazen behintzat, argiki zerasan bekatuan bizi izan zirela ezteiak ospatu artean. Ehortz mezetan berdin, hil kutxan zetzanaren memoria kitzikatzen zuen, jendalde dolutuaren pena areagotuz.

        — Bahaia?

        — Eta gainera umeak ginenean, diru biltzeko bestak antolatzen zituen kantonamenduan Abidjaneko haur behartsuentzat. Jakizu gogotik joaten ginela ospakizun haietara, katiximan ikasi aireak zirimolari yukulele nama nama...

        Trenz duda-mudari zegoen. Pentsakor.

        Zubiaz bestaldeko tabernan Posa isiltasun luzetik esnatu zen. Murruan zintzilikatu ikurrina seinalatzen zion behatzaz Sigmari.

        — Euskaldunen bandera da. Zuria, gorria eta berdea. Bandera borrokalaria, gorriak odola sinbolizatzen du, zuriak fedea eta berdeak menturaz hariztiak.

        — Denak gurutzean dabiltza.

        — Bai. Eremu kalbariotsukoak gara. Nik bestelako ikurra asma nezake, geografiari eratxekiagoa. Berdea iparraldeko zuhaitzentzat, urdina Bizkaiko itsasoarentzat eta urrea Bardeetako desertuarentzat. Marra ubel batekin erdian. Horrela dakusat sortu nauen lurraldea.

        Pigmeoek banderarik ez zuten. Eskubide minimorik ere ez. Izaera fisikorik gabeko jendaldekoak gaituzu, hasperenkatu zuen Posak. Mozambi lau eta mongolu bat. Orrazi ikarati bat erritmoa markatzeko. Afrikako hirietako hegietan batzen zirenean musika jotzen zuten eta soinua zen haien nortasun agiri bakarra. Sigmak zintzur korroka bat urkatu zuen Posaren argitasunak irenstean. Oroitu zen, lanean zegoela, Fifadjik murmuratuaz:

        — Larruaren koloreak eta kultura ezberdintasunek engainatzen gaituzte. Jendea bat da eta horren lekuko ahotsa badabil. Kantatzen dugunean, umiltzen gara eta orduan ohartzen ere zein neurritaraino planeta urdineko edozein tokitako biziduna den bat. Kantuaren garrantziaz ez gara aski axolatzen, botere ekonomikoek gaurkoan dirua sakelaratzeko mediotzat baizik ez daukatelako. Hitza baino sakonagoa da, unibertsalagoa; kanta urrats komuna da, eta kanta bat ardatz, begiak zerraturik, ibili bagabiltza, humano.

        Sigmak Fifadji ederra ez zuen berriz gurutzatu, baina haren eleak izpirituari sekulakoan txertatu zitzaizkion. Posaren xuxurla belarrian, bazekien errotik mundu anitza bakuna zela, ez zela beltzik, ez zela euskaldunik, ez zela frantses hanpurusik, espainol handiosik, ez zela musulman, animista, taoista edo kristaurik. Ezer ez zegoen, boz bakar eta kolpatua salbu. Melodiaren doloreak azkenean makurrarazten gintuen.

        Berria egunkaria hostokatzen zuen goizetan eta emigrazio afrikarrarekiko notiziak irakurtzean zituelarik, Posari helarazten zizkion:

        — Zortzi mila euroren trukean agiri faltsuak marrazten zizkieten Malagako pasalari talde bateko kideak atxilotu dituzte.

        — Aliasekin zorte ona ukan dut beraz.

        — Bai... Gezurra badirudi ere.

        — Paper ofizialak nituen. Lleida aldean ebatsi ez bazizkidaten ez nuen arazorik ukanen.

        Bidaia unagarriko gertakizun dorpeak harilkatzen zerraikan, lelotzeraino traumaz joa bailitzan. Londreserako trenean lupeztuko ziren, Posak horrela bizitza bizigarriagoa dastatzeko gisan. Sigmak Posarekiko amultsutasun zamatsua nabaritzen zuen. Ulisesen sindromeaz ari zen Arte telebista-kateko erreportaia baten oiharrak larrantzi zion gogoa.

        — Bartzelonako Joseba Atxotegi psikologoak aztertu duen sindromea da. Klandestino afrikarrek gaitza pairatzen dute paper gabeak direnean bereziki. Triste doaz, antsiatsu, ez dute lorik egiten, isolatuak direnez bakartasun gorria sufritzen dukete. Nostalgiaz erretzen dira.

        — Ni nahikoa inguratua nintzen.

        Posak jarraitu zuen:

        — Bi mila euroko saria ematen dute Senegaldik Malagara etortzeko, hamaika eguneko periploa da, eta batzuentzat aurreneko aldia itsasoan dabiltzala. Hona heldu eta ez dute dokumenturik, lanik ere ez, zainetarik eritzen dira. Gainera, gordagietarik ateratzeko beldurrak zirikatzen ditu. Ez dira itzultzen ahal: herrian familiek haiengan kontatzen dute, ezen aukeratuak izan baitziren plazetako arbre à palabre haien itzalean. Hemen, poliziaren presio ikaragarriak eta Europan emigratuen kontra gogortzen diren legeen ondorioak jasaten dituzte.

        Edozeinen moldean migranteek harpeetarik jalgi behar zuten. Sustengatuak sentitu. Baina ez zen erraza, gobernuek papergabeen elkarteak kriminalizatzen zituztenean. Atxilotuek suak pizten zituzten erretentzio guneetan, eta kartzela zokoratuen atarietan manifestatzen zutenak feldkaporal aurpegiarekiko inmigrazioaren eta nortasun nazionalaren ministroak istiluen erruduntzat zeuzkan. Roissy ondoko Mesnil-Amelot hiriko gertakizunetan demagun. Zerratuak izanez eta kanporatze manuak egiaztatu bitartean, migranteak duntzetarik erauzten ziren. Industrializatzearen mende garratzean dretxo bako langileen antzera, itxindua buhatzeaz besterik ez zegiketen.

        Etxerainoko bazterrak argi eskasez dorpe zeudela, Sigmak Posari Hanatxvili georgiarraren destinoa azaldu zion: auzokideen herratik salbatu zuen ipurdia balantzatuz eta, eskua delikatuki airean, eme maneran Tbilisiko kaleetarik zebilkion semea. Europan, zioenez, Michalek bere izaera bete-betean garatzen ahalko zuen, heriora zeramaten dohaiko bortizkerietarik urrun. Hanatxvili piano irakaslea zen eta hemen langabetua. Klandestinoki egin bidaiaz neholaz ere ez zela damutu zerasan.

        Sigma isildu zen. Bihotzaren punpak. Norbait segika zetorkien. Posa besoetan tinkatu eta ate baten sakonean gerizatu ziren biak, hatsanka. Hiritar arruntez beztitu poliziaren bat ez ote zen galdezka zebiltzan. Alta ez zen herotsik momentuan eta berriz abiatu ziren, arraposki, gibelera so egiten zutela ardura. Deus ez balitz bezala eleka zerraikaten ordea:

        — Eta badakizu zer jakin nuen laneko ene azken goizean?

        — Erna gaitezen. Ez nuke nahi, Londresera abiatzeko bezperan, aipatu didazun villa chagrin horretan bukatu.

        Zanpa-zanpa ari ziren. Ezagunen agurtzeko astirik ez zuen Sigmak. Posaren gorputz daldarak sentitzen zituen. Hargatik eta izua mendratzeko eran, ahapez erran zion Roissyko aireportuan aduanakoek hamar afganiar atzeman zituztela, kronopostaz Ingalaterrara bidaliriko kontainer batean zerratuak.

        Tempo jatetxearen kantoian itzulikatu ziren oraino, urduri, jarraitzen zitzaizkiona zakur zorritsu meleka bat baino ez zela ohartzeko. Hondar ehun metroak tiranagoak zitezkeen. Pixa urrina zerion kalearen minean algaraz lehertu ziren, korrikari emanez, zer gerta ere.

        Posak zakua puskaz hanpatu zuen. Pentsamendua aldatu zion aste horretan gauza asko bereganatu zituen Sigmak, Aminata Traoreren liburu bizitore bat hostokatu bailuen. Migranteak ezberdin kontsideratzen zituen jadanik. Ez zen alabaina nahikunde naturalez eta borondate osoz sartu menturaldian, Alfajarinen pigmeoak pistola erabili zuelako Sigmaren laguntza erdiesteko. Plastikozko arma sukaldeko mahaian zegoen, kazeta zahar eta supermerkatuetako poltsa biodegradagarrien azpian, elkartasun derrigortuaren lekuko.

        Posarekin klandestinoki jarduten ikasten zuen Sigmak: egongelan giltzatu eta kasu egiten, leihoetara ez hurbiltzen, gerla hotzetako espioien pare, oroz bat isilik, auzoak deus ez zezan suma. Salatari-kalakari sobera ba omen zen eta ez ziren ondoko erkide plazentaz, bisean bis laudorio eta atzetik ausiki, aski mesfidatzen. Gobernu nazional-liberalak aspalditik burumuinak herraz, desesperantzaz eta errabiaz ereinak zituen: denak ginen bata bestearen balizko etsaiak, inozentzia frogatu arteko gaizkileak, sistemaz baliatzaileak.

        Orai düzü ene maitia partitzeko tenorea...