Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

Hitzaurrea

 

Fernando Bernués

 

 

      Testu ausart eta ezusteko bat da hauxe. Eskuetara ekarri zidatenean (eta taularatu nezakeela iradoki), ez nuen Mikel Gurrea ezagutzen. Banekien gaztea zela, zinemagilea, izena eman zuela antzerki idazketako tailer batean (esker mila Antzerkigintza Berriak ekimenari eta bere arduradunei) eta Soka zela bere lehen antzezlana…

      Lehen eszena indartsu eta irudi iradokitzailez beteak hartzen dituen bi orrialdeak besterik ez irakurri, eta, bihotza jada uzkurtuta, pentsatu nuen parez pare zabaldu zitzaidala idazkera pertsonal eta besterenezin bat, intuizio propio eta talentu ezohiko bat.

      Asmoa dut hitzaurre honetan argumentuaz zantzurik ez emateko, baina ñabardura bat egin behar da: konpromisoa eta kuraia behar dira abusu adierazpen bati (beste bati) eta horren ondorio zorigaiztokoei lehen antzezlanean heltzeko, eta, kontakizun periodistikoaz eta errudun bilaketaz haraindi, gizartean geure gain hartu behar genukeen erantzukizun kolektiboaz ikertzeko.

      Antzerki-ikuspegitik, harridura sortzen du, orobat, proposamen estetiko eta eszenografikoaren sinesgarritasunak —testuan jada eszenaratze horixe aipatzen da—. Hautu bikaina da Soka, ekintzaren gertaleku asko eta askotarikoen bizkarrezur gisa irmoa, eta izaera poetiko adimentsukoa. Zuzendari naizen aldetik, badakit egile gutxik hartzen duela lana (edo ardura) alternatiba eraginkor bat eskaintzeko (deskripzioaz edo egoeraz haragokoa), bere antzezlana oholtzara eramateari begira. Eta iruditzen zait ezinbestekoa dela, idaztera jartzen denak “literatura dramatikotik” “antzerkigintzara” igarotzea badu xede.

      Ez zaituztet zain eduki nahi… Goza dezazuela testu honekin nik bezainbeste, egunez egun, entsegu gelan, Iñaki Rikarte paregabearen alboan —“Igor”— antzezlanaren nahigabeko protagonista hezurmamitzen zuela gozatu nuen bezainbeste. Bada antzerkia irakurtzea “nekeza” iruditzen zaionik. Animatu zaitezte, ez zarete damutuko, ziurtatzen dizuet benetan dela liluragarria Mikelen abilezia narratibo eta dramatikoa. Egoera argiak, zuzenak, soilak, atezuan zauzkatenak, soziologikoki zehatzak, aztoratuak, bisualki erritmo bizikoak (horrenbeste zinema on begietaratzen du testuak, zinema gidoi baten pultsua suma daitekeela); horiekin guztiekin, suspenseak eta intrigak egoera batetik bestera bultzatuko zaituztete (batzuetan, basakeria mingarri eta zaindu batez), thriller batek bezala. Proposamen ohi ez bezalako bat panorama eszenikoan, une honetantxe zeuon eskuetan dagoena.