Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

Hitzostea

 

Iñaki Rikarte

 

      Mikel Gurrea liburu honetako protagonista izan arren, Fernando Bernués Sokako zuzendariari buruz hitz egiten hasiko naiz. Zor handia daukat berarekin. Sarritan, niregan duen konfiantza nik neuk neure buruarengan dudana baino handiagoa izan da, eta horri esker ni neu ausartuko ez nintzatekeen gauzak egitera bultzatu izan nau behin baino gehiagotan. Halaxe izan zen Sokaren kasuan.

      2016an, Uda gau bateko ametsa Donostiako Cristina Enea Parkean elkarrekin zuzendu ondoren, aktore gisa lan egiteko gogo ikaragarriak neuzkan. Nolabait, hausnarketa eta teoriatik taula gainean ekintzara pasatzeko behar fisiko bat. Horretan nengoela, Fernandok Soka egiteko proposamena luzatu zidan. Niri bakarrizketek beldur ikaragarria eman didate beti, eta momentu hartan ez neukan oholtza gainean nire burua bakarrik ikusteko inolako intentziorik. Baina Mikelen testua irakurri eta txundituta utzi ninduen. Erraiak astinduta. Gai gordinari eusteko gizatasunak eta esaldi laburrez osatutako estilo zuzenak liluratu ninduten. Testu aldarrikatzailea zen, noski, baina aldarrikapen hutsa gainditzen zuena, jazarpenen errealitate konplexua eta kontraesankorra modu deserosoan aurkeztuz. Antzezle gisa nire bizitzako erronka handienetakoa izango zela argi ikusita, erabat kikilduta, baiezkoa eman nion Fernandori.

      2017ko hasieran estreinatu zen Donostiako Victoria Eugenia antzokian Tanttaka konpainiaren eskutik, eta 2021eko udazkenean Zaragozako Teatro de Las Esquinas-en eskaini genuen azken emanaldia. Bitarteko bost urte horietan eszenatokira igo izan naiz berrogeita hamar alditan baino gehiagotan Igor Arregiren bizipen latza gorpuzteko. Hori dela eta, esperientziak iraun zuen urteetan Soka obratik etengabe aldentzeko eta hurbiltzeko aukera izan dut. Distantziarekin testua birbisitatzen joan naiz eta xehetasunetan erreparatzeko aukerak eman dizkit horrek. Antzezlan xinplea dela pentsa daiteke, baina ondo erreparatuz gero igartzen da detaile txikiz josita dagoela eta denek balio dutela zerbaitetarako tramaren barruan. Harrigarria da bizpahiru esaldi xumerekin egoera edo sentimendu konplexu bat iradokitzeko Mikelek duen gaitasuna. Esan zitekeen autoreak gauzak kontatzeko ahalik eta hitz gutxien erabili dituela, eta eskertzekoa da ekintzan zentratu izana tonu diskurtsibotik aldenduz, ohiko antzezlanek gehiegitan egiten ez duten bezala. Lana borobiltzeko, thriller psikologiko bat eraikitzen du oso modu sinesgarri eta miresgarrian. Asko daukagu ikasteko antzerkigileok testu honetatik, nire uste apalean.

      Oholtza gaineko bakardadeak asko irakasten dio antzezleari bere buruaz eta nire kasuan ez da ezberdina izan. Sokari esker, interprete gisa asko hazi naizela sentitzen dut. Esango nuke, bakarrizketa hau egin ahala, ulertuz joan naizela taula gainean egitea baino, izatea askoz inportanteagoa dela. Publikoaren aurrean bakarrik egonez gero beldurrei modu zuzenago batean egin behar zaie aurre, eta lanarekiko harremana, nolabait, intimoagoa bilakatzen da. Horregatik, Sokak eragin sakona izan du nigan eta mugarria izan da nire ofizioa ulertzeko moduan.

      Aitortu behar dut, ahoa bete hortz geratu nintzela autorearen lehenengo antzezlana zela jakitean. Ziur naiz ez dela azkena izango. Mikel Gurrearen begiradak eta zinemagile formakuntzak asko daukate esateko eszenatokietan.

      Soka antzezlan handia da. Opari bat edozein aktorerentzat. Muntaia eta antzezle ezberdinak merezi ditu. Espero dezagun argitalpen honek gogoak piztea Euskal Herriko sortzaileen artean.