Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

14. ESZENA

 

igor:

 

Hiruhilekoaren erdian egin genuen azkenekoa. Hezkuntza Departamentuak plan integrala bidaltzen du, bai, baina gero, irakasleek aplikatu behar.

 

Soziograma talde baten erradiografia lortu nahi duen teknika da. Adibidez, institutu bateko klase baten erradiografia. Eta, zehatzagoak izateko, klase hau osatzen duten ikasleen arteko harreman desberdinak era grafikoan azaldu nahi ditu.

 

Ikasle bakoitzeko figura bat: borobila edo hirukia. Neskak borobilarekin marrazten dira eta mutilak hirukiarekin.

Borobil edo hiruki horien barruan, zenbaki bat.

Eta figura horiek guztiak, haur horiek denak, zirkunferentzia baten barruan.

Haurrak lurrean eseri, bata bestearengandik urrun, kopiatu ahal ez izateko.

 

Lehenbiziko galdera:

Zure klasekideen artean, zeinekin duzu jolastea gustuko?

    Alainek, 4 erantzun.

    Eñautek, 2.

    Maddik, 4.

    Uxuek, 2.

    Harkaitzek, 0.

    Eta Julenek, 2 lortu zituen. Ez dago gaizki.

 

Hurrengo galdera:

Zure klasekideen artean, zeinekin duzu lantaldean aritzea gustuko?

    Maddik, 5.

    Uxuek, 3.

    Harkaitzek, 0.

    Eñautek, 1.

    Alainek, 2.

    Julenek, 1. Ondo.

 

Zure klasekideen artean, zeinekin ez duzu gustuko elkartzea?

    Alainek, 0.

    Maddik, 1.

    Uxuek, 0.

    Harkaitzek, 6.

    Eñautek, 1.

    Julenek, 2. Tira, ez da horrenbesterako.

 

igor borobilaren erdirantz mugitzen da.

 

Erdi-erdian gelditu ziren Alain eta Maddi. Klaseko liderrak dira. Horrenbesteraino bagenekien. Taldeko indartsuenak dira, influentzia handiena daukatenak, hortxe, erdi-erdian.

 

igor borobilaren bazterrerantz mugitzen da.

 

Aldiz, bazterrean gelditzen direnak, isolatuta egon daitezke. Orduan piztu behar dira alarmak.

 

Julen bazterretik gertu gelditu zen, egia da. Baina bazegoen bazterrerago zegoenik. Harkaitz, adibidez. Gogoan dut Harkaitzen gurasoekin bilerak egin genituela eta mutikoarekin tutoretzak.

Izerdi arazo bat zeukan Harkaitzek. Hormonen kontuagatik agertu daitekeen arazo bat.

Horrek lotsatuta zeukan mutikoa eta gainontzeko klasekideek ezin zuten bere usaina jasan.

Kiratsa nabarmena zen, egia da.

 

Baina, Julenen datuei ez genien erreparatu.

Dena normaltzat jo genuen.

Ez erdian, ez bazterrean.

normala.

 

Soziograma nirekin egingo bagenu: nire kuadrillakoekin, nire lankideekin, nire herrian, orain, bazter-bazterrean geldituko nintzateke.

normala?