Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

2. ESZENA

 

Background soinua: kanpai hotsak.

 

igor belauniko jartzen da sokari begira, publikoari bizkarra emanez, soka elizako gurutzea balitz bezala.

 

Hitz egiterakoan, publikoarengana jiratzen da, hiletatik at, bere pentsamenduak banatuz.

 

igor:

 

Nola jakin dezakegu 11 urteko haur bat katolikoa den ala ez?

 

Liernik eskutik heltzen dit apaizak parrafada loretsu bat botatzean.

“Hurbildu ziren ikasleak Jesusengana eta galdetu zioten:

—Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?

Jesusek, haur bati dei egin eta haien aurrera ekarririk, esan zien:

—Benetan diotsuet: berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan. Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena”.

 

Lierni hunkituta dago.

Ni, hoztuta.

Azken bi gauetan ez dut batere lorik egin eta, kuriosoa bada ere, lanera bueltatzeko irrikaz nago.

Zerbait egiteko.

 

Duela ez horrenbeste,

Elizak suizidioa kondenatzen zuen.

Aita santu berria etorri zenetik,

apaizak progreak dira orain.

Ea nork dauzkan potroak 11 urteko mutil bat infernura bidaltzeko.

“Guretzat ulertezina bada ere, Jaunak Julen bere albora deitu du”.

Oso bakarrik sentitu behar du Jaunak 11 urteko mutiko bat bere albora deitzeko.

 

igor altxatu eta sokara hurbiltzen da, aldarerantz hurbiltzen ariko balitz bezala.

 

Eta meza amaitzean, Liernik Julenen amari doluminak ematera hurbildu behar garela esaten dit.

Aldarerantz goaz eta hantxe ikusten dut.

40 bat urte. Nahiko guapa zen.

mqmf esaten zioten DBH 2ko mutilek.

Nola zuen izena?

Arantza.

Arantza, bai.

Sekula berriro berbera izango ez den emakumea.

 

Asko sentitzen dut gertatutakoa.

Benetan.

Liernik bi muxu ematen dizkio

eta nik gurutzeari begiratzen diot.

Zintzilik dagoen gurutze horri.

Benetan sentitzen dut.

Denak zenbatuta neuzkala uste nuen.

Beti dauzkat denak kontrolpean.

25ak.

Julen patioan zegoela uste nuen.

Ez nuen ikusi. Ez dakit nola.

Zergatik.

Barkatu.

Benetan.

Barkatu.

Mesedez.

Barkatu.

 

igor negar-zotinka.

Eskutik tiratuko balute bezala urruntzen da sokatik eta eszenatokiaren aurrealdera hurbiltzen da.

 

Liernik korrika batean ateratzen nau handik.

Hotza egiten du eliza kanpoan.

Eta orduantxe entzuten dut lehenbiziko aldiz. Baxu, baina garbi.

 

Xuxurlaka.

 

“Bera da”.

Gau hartan somniferoa hartzen dut eta zerraldo egiten dut lo.

Lo iluna; lutozkoa.

 

Argiak itzali egiten dira eta eszenatokiaren bazter batean, argi karratu bat agertzen da, lauki bat lurrean marrazten duen argia. igor laukiaren alde batean esertzen da.