Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

LEGE HERRENAK

 

Barkaidazue, baina badira herrenak diren legeak

Badira isiltasuna bizitzera behartzen gaituzten

        egunsentiak

Errazagoa genuke izan ere ez diren herrietan jaiotzea

Poema eder batean maitatzea

Lurmutur atlantiarrak argitzen hiltzea

Baina nekagarria da  euria behetik gora ari duela amestea

Eta Irlanda urrunegi dago gure seinaleak ikus ditzaten

Eta astiro idazten dugu: zugandik nigana dator euria

Hegazti itsuek habia egin dute zure ohean

Abokatuak esan dit ez dagoela besarkada arrotz batekin

        kontaktuan jartzerakoan urtzen den begirik

Esan dizuet, legeak dira, harakinaren aiztoak

        bezain kamutsak

Ikusi egin behar nauzu, argiagoa da nire ahotsa orain

        eztarrian hazi zaizkidan sastraken bestaldetik

Ausartagoa nire letra

Txikia, patera bat poliziaren helikopterotik bezalakoa

Euriak gorroto irakurgaitzak daramatza haitzetara

Eta gutun bustiak harriak balira bezala jausten dira

        gure teilatu gainetara

Esan dizuet, errazago genuke izan ere ez diren lekuetan

        jaiotzea

Ozenago egin beharko genuke oihu agian, sasiak erre

Berba bakarreko pankartarako pintura ekarri

Itsas gaineko bide bat bezain ederra

Hodeiak egun atsegin ditugun itzalak marrazten belazean

Muinoen atzealdean galtzen diren telefono hariak

Beti nahi izan du harriak eskuaren askatasuna

 

Esan dizuet, lege herrenak. Ardo mikatzeko egunak

 

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus