Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ETXE ABANDONATUAK

 

Denok dugu etxe bat iluntzean noiz helduko

        itxaroten gaituena

Leiho bustiberria sukaldean

Gauak bere ezin egin dezakeen mahaia

        hozkailuaren ondoan

Botila ardoa, kortxoa kendu gabea

Oraino inor etorri ez den seinale

Norbait maitasunez ase dabilen

        amenazuzko itsaso sakona

 

Argia biztu eta aulki banatan esertzen gara

Atsedena behar du isiltasunak

Hezetasunak sabaiko pintura harrotu du

Maratilak ostu dizkiete ate-leihoei

Hutsik zeuden edalontziak betetzen ditugu

Harro dabiltza ur gorriak, nahasiak barrenean

Honela adierazten diogu elkarri

Bakardadeari diogun beldurra

Ateri da eta argi gehiago ikusten ditugu urrunean

Paper zaharraren koloreko dira eta dardara egiten dute

Inoren zoriontasun pitzatua gordetzen ari dira

Izarpean ontzi irauli handi bat gaua

 

Zenbaki ezagun batzuk markatzen ditugu

Lagunak zenbakietara ekarriak

Ni naiz esanez deitzen dugu Ni naiz, Ni naiz

Alferrikakoa da ordea izan aditza telefono haririk ezean

Etxera ezinik dabiltzan adiskide hordiak gure hitzak

Galduak herriko kale-karkabetan

Lemarik gabeko ontzi iraulia

 

Berandu da, esan dit lagunak

Eta haren atzamarrek keinu zahar bat egiten dute

Bere barnean itsaso agortua begiratzen duen botilari

        tapoia kentzen ari balitzaio bezala

Baina dialak ez du gaua baino ekartzen

Ahots arrotzetan emandako maitasun mezuak dira

Eta ez ditugu ulertzen

 

Tara mea tunsa chilug

Sora mea de detentie si singuatate

 

Harroak ditu itsasoak urak

Zuek ez dakizue zer den

Zuek ez dakizue zer den mezu horiek entzun eta

Mezu horiek ibili eta etxetik urrun entzutea

 

Moartea citeste ziarul

 

Dardara egiten dute argiek urrunean

Paper zaharraren koloreko

 

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus