Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

BILAKETA LANAK

 

Helikopteroa berriro igaroko da gure buruaren gainetik

Etsipen neurriko gau atalak moztuko ditu urrundu ahala

Faroko argia zamalka olatu zurdetan

Orraztu gabeko uretan sartzeko argizko apatsak

Gorririk, uhin bareak harrotzeko.

 

Gehiago ezer ez, ezer gehiago ez, eta halarik ere

Oraino itxaropena dagoela aldarrikatuko dut

Dena ez dagoela galdurik, kalma zuria alde dugula

Odolezko eskularruak jantzi arte aztaparkatu ohi ditugula

        itsasoak

Maite ditugunak geure etxeetara ekarri arte

Orain ez ditugula harrikatzen zuhaitzak inorako bidean

Baina aspaldi galdu nuen zerutik etor daitekeelako

        esperantza

Hodeiek azken urratsak uzten dituzte

Bizkaiko itsas alorrean

Laster dakar iluna, eta helikopteroak etxera eginen du

Norbaitek sua eskatzen digu

Poltsikoak arakatzen ditugu azken esperantzaren xerka

Asteak dira dagoeneko erretzen ez dugula

Hondartzako etxean norbaitek argia biztu du

Zamaontzia ostendu da, helikopteroak labarretara hartu du

Haize berdeak ireki egiten ditu zauriak horrelakoetan

Nik badakit aurkituko ez zaitudana

Eta nik beso artean bildu nahi zaitut

Ez hotzetik babesteko baina, hotzago egin dezan baizik

 

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus