Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

GAU EHIZTARIA

 

Begiak urtzen dizkizun gauaren ehiztari naiz

 

Ilargiak zoruak izarkitzen ditu ohepean

Auto guztiek zapaltzen dute estoldaren estalkia

        gure leihopetik igarotzean: bizirik gaude

Utzidazu sarea marrazten zure gorputza biltzeko

Utzidazu milaka globo beltz askatzen

        haren ibiliaren bidean

Usteldurak ausiki ez zaitzan orkatiletan

Lo nahi zaitut iluntasunaren gazur epelean lo

Ez oinutsik loezaren harkaitzetan

Ez oinez haren eskutik

Milaka globo beltz ibilera sendoz datorren gauarentzat

Loa ez dela gutxi batzuen eskubidea aldarrikatzeko

Ez dut zure zauriak irekiko dituen gaurik utziko

Bihotz akituak ezin du dabilena baino azkarrago ibili

Begi beratuak ez dira zurmin urdinen bazka izanen

Eta nik lo nahi zaitut

 

Utzidazu nire berben haizealdean kulunka zaitzadan

Utzidazu apirileko teilatu bat ematen zure loari

 

Gauak urtzen dizkizun begien ehiztari naiz

 

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus