Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Poema baten atzetik

 

Astelehen arratsaldea

        Poema baten atzetik abiatu naiz gaur goizean, eta poema baten atzetik egin dut Frankfurtetik honainoko tarte luzea. Poema baten atzetik nabil, Donostia dotore honetan, itsasoaren ertzeko hotel batean ostatu hartuta. Ondo sentitzen naiz ezezaguna zaidan hiri honetan. Garbia eta freskoa sentitzen dut hemen neure burua; garbia sentitzen dut neure burua hiri ezezagunek arima garbitzen didatelako beti, freskoa sentitzen dut neure burua hiri honek bere ertzean itsasoa duelako, beti prest hurreratzen zaionari indarberritzen laguntzeko.

        Ez nago lan gogorretarako, aspaldian laneko erritmoa galdua baitut, baina hala ere ahaleginak egingo ditut, dudarik gabe, aste honetan zehar, hiri honetara ekarri nauen poemaren bila. Gert Groenendaal poeta holandar ez oso ezagunaren poema zahar bat da bilatzen dudana, nire susmoak okerrak ez badira behintzat Euskal Herrian kaleratzen zen aldizkari zahar eta ezezagun bateko orrien artean galdua eta beste inon ere argitaratu gabea. Iaz amaitu nuen Groenendaalen poetikari eta poesiari buruzko liburu lodi samar bat, oraindik ere argitaratu gabe dagoena. Nire eskuetara kasualitatez heldutako paper baten bidez poema ezezagun horren berri izan nuenean —hil baino pixka bat lehenxeago adiskide bati idatzi zion gutun batean aipatzen zuen, zeharka, Groenendaalek nik oraindik inon aurkitu ez dudan poema ezkutu hori—, bere atzetik abiatu behar nuela erabaki nuen, noski, ezinbestekoa zenez. Akaso neure ikerlanean argitara dezaket oraindik ere poema hori, eranskin moduan; agian Groenendaalen alderdi ezezagun bat erakutsiko dit poemak eta neure liburua berriro errepasatu beharra dut horren ondorioz. Akaso bere poemarik ederrena da bilatzen ari naizen horixe bera; edota, besterik gabe, poema ezagun baten aldakia ere izan liteke, bila ahalegindu arren inon ez aurkitzea ere litekeena den bezalaxe. Kontuak kontu, ordea, ezin ezer jakin bila hasi gabe. Derrigorrezkoa nuen, beraz, hona etorri eta patxadaz ekitea lanari.

        Aste osoa hartu dut bilaketari ekiteko. Badaezpada ere. Eta beharbada gutxitxo ere izan liteke, kontuak —honelakoetan ohizkoa denez— okertuko balira. Nolanahi ere, egia esan, ez zait askorik axola aurkitzen ez badut, edota aurkitu ondoren neure aurkikuntza hori hutsaren hurrengoa dela konturatzen banaiz ere. Gure lanean —niretzat behintzat, ez akaso neure lankiderik gehienentzat baina— kontua gai bat hartu, itsu-itsuan berari estu lotu eta azken muturreraino eramatea da, gaia ahitu arte. Kontua ahal den guztia egitea da, egin beharreko guztia: behar diren iturri guztiak aurkitu, are ezkutuenak ere, eta guztietara jo gero, behar diren liburu, aldizkari eta paper guztiak irakurri, berrirakurri eta aztertu, behar diren azterketa formal guztiak egin, zuzen-zuzen, behar diren gogoetak egin ondorioak ateratzeko, behar diren berrirakurketak ondorio horiek bermatzeko eta horrelaxe segi eta segi azkenera arte; ezin da ezer ere utzi egin gabe, ezeren aitzakiaz: ez dago aitzakiarik, ez da aitzakiarik ametitzen. Eta kontua, esan bezala, horixe egitea da eta kito, besterik ez. Lan luze eta serioa, hertsia, zientifikoa. Neronek halaxe ulertzen dut behintzat.

        Poema baten atzetik etorri arren hiri honetaraino, ez da, beraz, hain poetikoa nire bidaia hau azken finean. Ez naiz etorri familia, lagunak, etxea, ondasunak, neurea nuen dena utzita, etsi-etsian, bizitza ulertzen edo, besterik gabe, bizitzen lagunduko didan poema liluragarri baten bila. Poema galdu bat aurkitu, ehizatu eta hiltzera etorri naiz, aitzitik, aldez aurretik bidaia ondo prestatuta, argitaletxe baten eta erakunde kultural baten dirulaguntza eta guzti. Poema objektu hutsa da niretzat, nire ehiza profesionalaren helburua.

        Egunen batean, luze baino lehen beharbada, kultur guneren bateko aretoan poema galdu hau aurkeztu ahal izango dut beharbada, bizarra ondo kendu eta korbata jantzita, Groenendaalen belaunaldiko poetei buruzko biltzarrean seguru asko, neu bezalako hainbat literatur kritikari eta aztertzaileren aurrean. Bizarra ondo kenduta eta korbata jantzita, bai, txukun-txukun, dotore irakurriko dut orduan neure hitzaldia, baita aurkezten dudan poema horretan Groenendaal bizarra kentzearen aurka, korbataren aurka eta jendaurreko dotoretasunaren aurka mintzatzen bada ere. Eta inork ez du kontraesanik batere somatuko nire jarreran.

        Egia esan behar bada, nik ez dut sineste handirik egiten dudan lanarekiko, baina egia da, halaber, ezinbestekoa zaidala lan honi lotzea eta, federik gabe bada ere, aldez aurretiko etsipenez bada ere, lan honetan, arestian esan bezala, ahal den guztia egitea, ahal den urrutiena iristea eta ahal den sakoneneraino jotzea. Ezin dut ezer espero literatur kritikarengandik, ezta dagoeneko poesia berberarengandik ere, baina zerbait behar du gizakiak bizitzari eusteko, barneko hutsuneak betetzeko, bere burua zuritzeko. Ezerezaren hutsune hutsa, besterik gabe, jasanezina izango zen. Federik gabe bada ere, aldez aurretiko etsipenez bada ere, poemak eta poetak ehizatzen eta hiltzen ahalegindu beharra dut neure kontzientzia lasaitzeko. Bizitzak ezer utzi gabe aldegiten didala sentitzen badut ere, ez dadila izan eskatu ez diodalako, ezer aurkitzen ez badut ez dadila izan bilatu ez dudalako. Zeren eta poema guztiei eta poeta guztiei ihes egiten utziko banie, poema eta poeta bakoitzarekin batera neure hutsuneak betetzeko aukerek egiten didatela ihes sentituko bainuke, izuturik. Poemak eta poetak ehizatu eta hil ondoren, aitzitik, lasaiago sentitzen naiz. Benetako ordainik ez jaso arren, ahal izandako guztia egin duenaren kontzientzia lasaia sentitzen dut behintzat. Eta horregatik jarraitzen dut lan honetan. Lanak etsipena korbataz jantzi eta itxurazko oreka minimoa gordetzen laguntzen dit.

 

 

Astelehen gaua

        Laura du izena. Madrilgoa da. Arkitektoa. Laura. Ondo al hago, Laura? Zer moduz, Laura? Ez da munduko neskarik ederrena baina badu zerbait. Oso ondo egokitzen zaio arraia horizontalekiko kamiseta txuri-urdina. Oso benetakoa dirudi bere irriak. Bere bihotz handiak ihes egiten dio edozer gauza esaten hasi orduko, bera ezertaz ohartu gabe. Laura du izena eta burutik ezin kenduta nabil. Eta bera ere neu burutik ezin kenduta ote dabileneko itxaropena dut gainera, itxaropen inozo samarra izan badaiteke ere. Hoteleko tabernan ezagutu dut, kasualitatez, afaltzeko genituen mahaiak bata bestearen ondoan izan ditugulako. Hizketan hasi natzaio aitzakia ergel bat baliatuz —hoteleko zerbitzuen egokitasuna— eta gero —azkarregi beharbada, lotsagabe samarra geratu baita— ea bere mahaian eseri ote nintekeen galdetu diot. Eta elkarrekin afaldu eta elkar ezagutu dugu. Elkar ezagutu dugu Laurak eta biok. Laurak eta biok.

        Nik ez dakit oso ondo zer iritzi aterako ote zuen berak niregandik, baina, ingelesez mintzatu behar izan arren, bion artean lasai eta eroso sortu da solasa eta agurtzeko orduan ez zirudien guztiz naturala ere nork bere gelara joan behar izatea lotara. Neuri behintzat halaxe iruditu zait. Egia da, bai, kontu hauetan ez naizela maisu, baina bazegoen zerbait gu bion artean. Ez dut esango erabateko pasio zororik piztu zaigunik, noski, horrelakorik ezin espero bailiteke honezkero, ez niregandik behintzat, baina nolabaiteko kidetasuna eta nolabaiteko magia bereziren bat edo bazegoen gu bion artean. Ez dut uste dena neure irudipen interesatua denik soil-soilik.

        Nolanahi ere, ezin dut ekidin memelo eta erridikulu samar sentitzea kontu guztiokin. Izan ere, ondo pentsatuz gero, ia derrigorrezkoa bainuen oraintxe maitemintzea, ezinbestekoa orain bizitzen ari naizen egoeran. «Poema baten atzetik abiatu eta neska batekin egin dut topo.» Ez al da polita? Ez dago, ez, gaizki esana. Oso bitxia da kontu hau. Egunerokotasunetik ihes, pozik etorri da nire arima Donostiara, Groenendaalen poema galduaren aitzakiatan. Pozik etorri da nire arima unibertsitateko giro lehorregitik ihes, ezezaguntasunaren araztasun garbia eta itsasoaren freskura eskaintzen dizkion hiri eder honetara. Pozik etorri da nire arima langelako liburu mordoen presio itogarritik ihes, estu-estu betetako apal serio, zientifiko eta kopetilunen begiradapetik libre sentitzera, haizearen lagun eta abar, eta abar. Zertara eta poema galdu baten bila gainera, itxuraz behintzat eginkizun ezin poetikoagoa betetzera, denborak jandako poema ezezagun eta misteriotsua ahanzturaren atzapar gupidagabeetatik libratu eta salbatzera. Zer gehiago eska zezakeen nire arimak? Nola senti zitekeen dohatsuago?

        Eta jakinekoa da arima dohatsuak, pozez gainezka egiten duen arimak, esker oneko eta eskuzabal sentituz, bere poza barreiatu nahia izaten duela, bere poza beste arimaren baten gainean isuri eta beste arimaren baten barnean txertatu nahia; ez, ordea, edozein arimatan, jakina, gorputz eder eta desiragarri batek gordetakoan baizik. Ez bide dago neu orain bizitzen ari naizena baino egoera aproposagorik maitemintzeko. Beraz, ez da Laura izan maitemindu nauena. Laura egoeraren morroi eta laguntzaile besterik ez da izan lan horretan.

        Ume batena balitz bezalaxe maitemindu zait arima, bihotza. Baina —tamalez?— neure buruak argitasun osoz ikusten eta ulertzen du guztia, maitemindu den arima hori berarekin —neure baitan— bizi dena izan barik beste baten arima arrotza bailitzen, inoren baitakoa. Eta ilusio denak hondatzen dizkio arimari jokaera —anker?— horrekin. Zaharregia bide naiz, eta, batez ere, arrazionalegia behar bezala maitemintzeko.

 

 

Astearte iluntzea

        Donostiako bi liburutegi nagusiak goitik behera arakatu ditut atzo eta gaur, Udalarena eta Foru Aldundiarena, eta ziurtasun osoz esan dezaket Gert Groenendaalen poema galdu hori ez dagoela hiri honetan. Uste dut badakidala zein aldizkaritan argitaratu bide zuten poema, baina badirudi aldizkari horren zenbaki batzuk ez direla inoiz iritsi Donostiako liburutegietara. Bihar, goizean goiz, Iruñerako autobusa hartuko dut, litekeena baita han aurkitzea azkenik bilatzen dudan poema bere baitan gordetzen duen zenbakiaren aleren bat gutxienez. Hala ere ez dut honezkero hotel hau utziko, gustora bainago hemen. Iluntzeko autobusean itzul naiteke Iruñetik Donostiara, ordubete pasako bidea bada ere. Eroapena behar da batzuetan lan honetan, eta ez nolanahikoa. Baina pixka bat pentsatuz gero, askorik ere ez zait axola. Ilusioa eta dena sentitzen dut bihar autobuseko leihatilatik zehar Donostia eta Iruñea bitarteko paraje niretzat berri eta ezezagunei begira joango naizela pentsatuta. Poema baten atzetik, ahal den guztia egiten poema baten bila, poeta bati buruzko azterketa azkenera arte eraman eta burutu nahian, bizitzari nolabaiteko erantzuna eman nahian azken finean.

        Lehen, aitzitik, aspaldiko garai ahaztuetan, bizitzari erantzuteko modua ez zen niretzat inoren poemen atzetik ibiltzea. Orduan neuk idazten nituen poemak, neure baitako mundua kanporatzeko premia bihotzetikakoak eraginda, etsi-etsian, bene-benetan, estu-estu, inkomunikazio bortitz baten bakardade zikoitzari irteera ematearren. Orduan bai, orduan poesia beste kontu bat zen niretzat, mundu berria, gaztea, indartsua, bizia, bai, bizi-bizia. Gaur egun, ostera, guztiz hila dago mundu hura.

        Arian-arian lasaitu egin zitzaizkidan nerabezaroan eta gaztaro atzeratuan bizi izandako ezinegon barnekoi zirraragarri haiek. Pixkana-pixkanaka ikasi egin nuen gizartean, gutxi gorabehera bada ere, behar bezala —zuzen, burubidez— bizitzen, galdu egin nituen beldurrik oinarrizkoenak, ulertu egin nituen gizarteko elkarbizitzaren legeak, eta baita lege horiek arazo handirik gabe hautsi ahal izateko hainbat trikimaina ikasi ere. Eta horrela ahitu egin zitzaidan gizarteari nion erraietatikako gorroto bortitz oldarkor geldiezin hura. Eta prozesu horrekin batera, ni baitako premia komunikatibo bizi eta gazte hark etsi-etsian sortu eta oihukatutako poesiak ere isiltzera jo zuen, neu ia-ia konturatu gabe.

«Ene poesia ez da munduaren kontrako kolpean isurtzen zaidan odola baino», idatzi nuen behin, poeta gazte eta bizi izan nintzeneko garai urrun eta ahaztu hartan. Baina munduaren aurkako kolpe hori leundu egin zuen denboraren iragateak etengabeko prozesu mantsoan, harik eta odol isurketa amaitu zen arte. Harrezkero besteren odol arrasto lehortu eta gogortuei erreparaka hasi nintzen, odolarekiko zaletasun bitxi hori arimari estu atxikia nuenez. Eta horretan nabil oraindik ere, noski, lehengo bizitasunera itzultzeko ezgauza. Baina oraingo hau ez dago lehengokoarekin alderatzerik ere. Inoren odol arrasto lehor gogortuen ikusmenak, azterketak eta erkaketak hutsaren hurrengoa dira norberaren odol isuri berriaren freskotasuna bizi-bizi sentitzearen aldean.

        Alferrik da ordea. Daukadan apurrari eustea beste erremediorik ez dut. Bihar, beraz, Groenendaalen poema galduaren bila joko dut Iruñera. Eta gustora gainera, pozik horrenbestean. Zergatik ez bada?

 

 

Astearte gaua

        Gaur ere elkarrekin afaldu dugu Laurak eta biok eta badirudi, inork ezer esan gabe, ohitura hartu dugula. Hala ere ez gara elkarrekin oheratu. Motza izan naiz ni beti kontu hauetarako. Baina ez dut kezkatu behar hala ere, horixe baita garrantzitsuena: ez kezkatzea. Kezkatzeak ez dakar inoiz ondorio onik honelako kontuetan. Agian ederragoa da gainera imajinatze hutsa berez benetan gertatzea baino. Agian benetan gertatzeak imajinatutakoaren xarma hondatu besterik ez luke egingo.

        Ez al dun nahi, Laura, nire gelara etorri? Gustatuko litzaidaken biok elkarri samurtasunez begiratzea, irribarrez, kontu arruntei buruz hitz egiten dugun bitartean, geure lanak, geure hiriak, azken autobusen ordutegiak... Eta bizitzaz ere hitz egingo geniken oro har, tristura kontrolatu batez, bizitzan aurrera doazenei ondo egokitzeko moduko etsipen gozo batez, filme bateko pertsonaiak bagina bezala. Hik arropak erantzi bitartean begira geratuko nintzainake, erabateko hurkotasun zintzoaren eskaintza atseginkoi horren indarrez neure arimari luzaren luzaz atxikitako bakardadea desitsasten hasten dela sentituz, barneko bizipoz alai batek urratua bezala. Laztandu eta besarkatu egingo hinduket, neure bizia eskainiko ninake pozaren pozez minutu azkar eta gozo batzuetan eta, ondoren, zigarro bat eta asetasunezko irribarrea... Poema bat irakurri, aztertu eta berrirakurtzea bezalaxe izango zunan. Hainbeste eta hain gutxi. Dena eta batere ez. Bizitzea bezalaxe, bizitza bera bezalaxe.

        Poema baten atzetik abiatu eta neska batekin egin dut, beraz, topo, eta beharbada antzeko kontuak izan daitezke biak. Malenkonia. Malenkonia barreiatzen da ororen gainetik...

 

 

Asteazken gaua

        Iluntzeko autobusean Iruñetik Donostiara etortzean triste samar sentitu naiz, ez dakit zergatik. Garaiz iritsi naizen arren, ez dut Laura ikusi nahi izan. Bakarrik geratu naiz, bakardadea izan dut nahiago. Ez nintzen inorekin harremanetan hasteko prest sentitzen. Ez nuen nahasketarik nahi, kezkarik, buruhausterik. Lasaitasuna behar nuen. Zaila da hau hitzez azaltzea.

        Kontua da behintzat gaur ez dudala Laurarekin afaldu nahi izan. Nahiago izan dut neure gosea hirian zehar paseatzera ateratzea. Azkenean taberna batean otamen bat ahoratu dut. Boligrafoa atera eta neure burua zuritu dut paperezko mahaizapi txikia tintaz belztuz:

 

 

        Bizitza ukitu ere egin gabe. Garrantzitsuena inori kalterik ez egitea da, kalterik txikiena ere ez inori, ezerk ez baitu merezi horrenbesteraino iristea, ezerk ere ezin izan baitezake hainbesterainoko axolarik.

        Horregatik komeni da jendearekin igurtzialdi ugariegirik edo handiegirik ez izatea. Horregatik komeni da hurkoa ukitu ere egin gabe iragatea haren ondotik, mesede txiki eta garbiak egiteko ez bada, duda izpirik gabekoak.

        Soilik horrela bizi liteke zalantzarik gabe, kezkarik gabe, lasai, bizitza bere-berean sentitzeko behar den lasaitasun gardenez. Hurkoarekiko harremanetan hasi orduko bizitza lausotu eta ezkutatu egiten baitzaigu berehala oharkabean, ezinbestean.

 

 

Ostegun gaua

        Iruñean izan naiz gaur ere eta ez dut poema aurkitu. Uste baino zailagoa ari zait gertatzen lana. Bihar aurkituko ote dudan badut itxaropenik hala ere. Poemaren gain-gainean sentitzen naiz, ehizia gertu, eskueran duen ehiztariaren antzera. Eta bihar aurkituko ez banu ere, gaur poema bilatzeko beste toki baten berri jakin ahal izan dut: Iruñean bertan aurkitzen ez badut, Espainiak Frantziarekin duen mugaz bestaldean baina, hala ere, Euskal Herrian bertan dagoen monasterio bateko liburutegian aurkitu ahal izango dudala uste dut, Beloken, ezeren okerrik ez bada behintzat.

        Ezin naiz behar bezala poztu hala ere, ordea, hiri honetara, hotel honetara erakarri nauen lanaren amaiera gertu susmatuta. Triste sentitzen naiz gaur, ume bat bezala, Laura ikusi ez dudalako. Gezurra dirudi baina halaxe da. Ez diot neure buruari barkatzen atzoko bihozgogorkeria anker hura. Ez nuen besterik merezi, argi dago neu naizela errudun bakarra. Atzo neu izan nintzen, Laurarekin —neure ustez behintzat— egina nuen hitzik gabeko itun isilari kasurik egin gabe, hoteleko jantokian afaldu barik kanpoan ibili zena. Gaur, berriz, afaltzera jaitsi, pozik neure artean Laurarekin afalduko nuela pentsatuta, eta bera izan da agertu ez dena. Neure erruz, era benetan tamalgarrian, bi egun osorik galdu ditugu dagoeneko. Eta hori asko da benetan, gehiegi, guk bezala bost egun besterik ez ditugunontzat. Orain biharko eguna baino ez dugu, eta ez dakit gainera Laurak jokoan parte hartzerik nahi izango ote duen ere.

        Baina parte hartzen badu, bihar elkarrekin afaltzeko aukera badugu, ez dut gehiago atzera egingo. Ez dut Laura ezagutu gabe, Laurarekin oheratu gabe etxeratu nahi. Biluzik ikusi nahi haut, Laura, biluzik neure ondoan, eta estu-estu lotu behar gaitun biok, eta gero hire burua neure bular gainean etzanda ikusi nahi dinat, gau bat nahi dinat, Laura, gau bat gutxienez bakardade sentimendu beldurgarri hau uxatzeko. Barkatu, Laura, damututa negon. Aukera bakarra dinagu eta ezin dinagu alferrik galdu.

        Gau honetako bakardade ilunean madarikatu egiten dut neure harrokeria. Madarikatu egiten dut neure arima umemoko batena balitz bezala isilarazten duen neure buru hotzaren jakinduria lehorra. Madarikatu egiten dut neure burua, hain inozoa, hain kirtena eta hain erridikulua izateagatik. Eta ia-ia negarrez hasten naiz, negarrez, bai, nor eta ni negarrez, oraindik horrelakorik!

 

 

Ostegun gaua (II)

        Ez nabil oso zuzen, ordea, hainbeste madarikazio ergelekin. Ez nuke Lauraren kontu hau aitzakiatzat hartu behar, ez bailitzateke zeharo zuzena ere. Bakardade sentimendu latz batean amilduarazi nau beharbada gaurko bere ausentzia mingarri horrek, hori egia da, baina, tira, hala ere ez da hori benetan, funtsean, bakardadea sentiarazten didana, berez bakardadea barne-barnean gordeta dudan ezinbesteko izaera baita, errai-erraietakoa, muin-muinekoa, neure-neurea eta erauziezina, ezein Laurak inola ere ezin bentzutuko lukeena. Inola ere ez.

 

 

Ostegun gaua (III)

        Gaueko ordu bata da. Bihar goizeko sei t'erdietan esnatu behar dut, Iruñerako lehen autobusa hartzeko, eta hala ere ezin loak hartu. Idazten hasten naiz, ea lasaitzen eta loguratzen naizen. Besterik ez bada ere, une ilun hauen arrastoa utziko dut paperean, agian egun pozgarriagoren batean lasai erreparatzeko.

        Gert Groenendaal gizaixoa datorkit orain burura. Hark ere honelako hamaika gau gaizto pasata aldegin zuen mundutik, bere antologia poetikoaren hitzaurrean aitortzen duenez. Eta horrelako larrialdietan, maiz, bere burua kontsolatzeko idatzi egiten omen zuen. Agian bihar azkenik aurkituko bide dudan zorioneko poema galdua ere horrela idatzia da. Eta agian neuretzat ere kontsolagarri liteke orain poema hori, huts-hutsean, alderdi akademiko eta eruditu guztiak alde batera utzita, poema biluzik alegia, larrugorritan. Zeren eta, agian, bilatzen dudan poema hori ere bakardadeaz mintza baitaiteke, noski, ez litzateke harritzekoa, ugariak baitira Groenendaalek —eta beste poeta askok eta askok— bakardadeaz idatzitako poemak.

        Baina ez, nekez kontsola nazake ni poema batek honezkero. Lehen, aspaldi, oso aspaldi jada, horrelako poemekin neure bakardade sentimendua uxatu edo goxatu ahal izango ote nueneko itxaropena gordetzen nuen. Orain, ordea, hainbeste eta hainbeste poema irakurri eta aztertu ondoren, bakardadeari buruzkoak, gorrotoari buruzkoak, heriotzari buruzkoak, suizidioari buruzkoak, edozein gai iluni buruzkoak (etsipenaren adierazle agorrik gabekoa baita literatura), orain, aspaldidanik, ez dut horrelakorik izaten buruan. Orain badakit poemaren kontsolamendua une bateko irudikeria hutsala besterik ezin daitekeela izan. Orain badakit poesiak ez duela ezer konpontzen eta alfer-alferrikakoa dela.

        Niretzat poesia hilda dago jada, aspaldidanik gainera. Hilda daude poema guztiak, poetika guztiak, poeta guztiak. Fosil gisa baino ez ditzaket maita. Bizio nekrofilo xelebre batek nauka harrapatua. Eta beharbada beste ezer maitatzeko gauza izan ez naizelako dut gaitz hori, nekrofilia patologiko hori, poesia hil zitzaidanean ordezkorik aurkitu ez nuelako, bilatu ere ez nuelako egin apika, maitea ahaztera ezin etsi duen alargun baten moduan, gazte-gaztea izan arren artean.

        Baina, tira, aski da, utz ditzadan kontu ilun guztiok. Lo egin beharra dut, lo egin beharra bihar goiz eta kementsu esnatzeko. Lo egin beharra. Lo, lo, lo.

 

 

Ostegun gaua (IV)

        Bakarrik, bakarrik, bakar-bakar-bakarrik.

 

 

Ostiral eguerdia

        Azkenean ere aurkitu dut Groenendaalen poema galdua, Iruñean bertan gainera, beste inora jo beharrik izan gabe. Ez da apartekoa, ez da Groenendaalen onenetakoa eta ezta hurrik eman ere, baina bilatu beharra nuen eta aurkitu dut, eskuetan dut ondo eutsia eta ez dit ihesik egingo. Berez ia-ia hobe gainera poema apartekoa ez izatea, hartara ez baitut Groenendaalen poetikari eta poesiari buruzko liburuan aldaketarik egin beharrik. Eranskin moduan argitaratu poema hau, iturriak aipatuz, eta kito. Agian iruzkin labur bat poema Groenendaalen poetikarekin lotzeko —ordu erdi eskaseko lana—, baina horrezaz landa besterik ezer ere ez. Agian, beste ikuspuntu batetik begiratuz gero, interesgarriago izan zitekeen beste era bateko poema aurkitzea, Groenendaali buruz dakiguna hankaz gora iraultzeko modukoa edo, beste Groenendaal bat erakutsiko ligukeena, baina, bestalde, Groenendaali buruzko lana betiko burututzat eman ahal izateak ere pozez betetzen nau. Alferrik litzateke hori ukatzea.

        Libre naiz, beraz, bete dut nire eginbeharra. Orain Iruñean bertan geratuko naiz bazkaltzen, eta arratsaldea hirian zehar osteratxo lasai bat egiteko baliatuko dut, gauean Donostiara itzuli aurretik. Eta han, hotelean, akaso, Laurarekin afalduko dut. Bai, seguru. Pozik sentitzen naiz, kementsu, indarberrituta. Gaztetuta. Badakit poz hau uneari dagokion irudikeria besterik ez dela baina, tira, ez dezagun une hau alferrik galtzen utzi, laburra dela jakinagatik ere.

 

 

Ostiral iluntzea

        Iruñean aurretik behin baino gehiagotan izana naizen arren, inoiz ez dut izan gaur arratsaldera arte hiria pixka bat badarik ere ezagutzeko aukerarik. Etorri izan naizenetan beti biltzarren batean edo udako ikastaroetan parte hartzera etorri izan naiz eta aisi tarte laburretan lankideekin ibili behar izan dut, nonnahi eta noiznahi sortzen diren orojakile horietakoren baten menpe beti. Gaur, aitzitik, hiri osoa neurea izan dut arratsalde batez eta neure erara paseatu ahal izan dut kale ezezagunetan zehar, noraezean, ikusle soil gisa, «bizitza ukitu ere egin gabe», neuri gustatzen zaidan bezala.

        Iruñeko erdigunetik abiatuta, kanpoaldeko auzune bateraino heldu naiz oinez, pausoz pauso, hiriak bataren atzetik bestea eskaintzen zizkidan koadroak ikuskizun gisa hartuz.

        Horietako bat izan da batipat aipagarria, bitxia eta zirraragarria iruditu zaidalako. Jende gutxi zebilen kale batean berrogei urte inguruko emakumea ikusi dut zortzi-hamar urteko mutil koxkor bati errietan. Mutil koxkorrak dirua biltzeko boltsa zuen ezkerreko eskuan eta, erdi negarrez, eskuineko eskuarekin galtzetako poltsikoetatik dirua atera eta boltsan sartzen ari zen. Boltsak Domundek munduko gosearen aurka antolatutako kanpainaren anagrama zuen josia. Paretik pasatzerakoan emakumeak mutikoari zera galdetzen zion, ea ez al zuen lotsarik, ea ez al zekien hori oso bekatu handia zela, ea ez al zuen infernura joateko beldurrik.

        Benetan errukarria iruditu zait mutil koxkor gizaixoaren egoera. Munduko gosearen aurka eskean jardun eta dirua beretzat hartzen harrapatua, isiltzeko asmorik ez zuen emakume aspergaitz haren menpe, erruduntasun sentimendu ikaragarri batek azpiratua seguru asko eta oso defentsa gutxirekin hain salakuntza gogor eta zatarren aurrean.

        Bidean aurrera segitu dut saltsa hartan sartu gabe. Aurreraxeago, ordea, beste mutil koxkor bat ikusi dut, aurrekoarena bezalako boltsa bat eskuan zuena, espaloi ondoan aparkatutako kotxe baten atzean ezkutatua. Ni bere paretik pasatu ondoren, korrika irten da bere gordelekutik, baina hankak ezin zituen oso ondo mugitu galtzetako poltsikoak zarata ateratzen zuten txanponez beteak zituelako. Hala ere emakumeak ikusi gabe aldameneko kaleraino iristea lortu du beste lapur txiki honek. Neu izan naiz ikusi duen bakarra, bera begira geratu natzaiola konturatu ez bada ere.

        Zirrara berezia sentiarazi dit lapur txikiaren ihes traketsa ikusteak, eta neu lekuko bakarra izateak areagotu egin du ikuskizunaren eragina. Bizitza «ukitu» egin nezakeen, parte har nezakeen, neure esku izan baitut mutikoa harrapatu eta dirua gosearen aurkako kanpainaren arduradunei itzularaztea. Baina ez, noski, nik ez dut bizitza «ukitu», nik ezin dut bizitzan parte hartu. Nor naiz ni bizitzan parte hartzeko? Nor naiz ni ume koxkor hori epaitzeko? Ez ote da gainera probetxugarriagoa harrapatutako diru apur hori lapurraren poltsikoan kanpainaren kontu korrontean baino? Nola jakin salakuntzak lapur txikiarengan sor zezakeen trauma noraino iritsi ote zitekeen? Nola jakin salakuntzak gosearen aurkako kanpainari berari ere ez ote ziezaiokeen kalterik egin, ez dakit nik zer dela eta? Nola jakin mesede baino kalte handiagoa ez nuela egingo? Zeren izenean egin, bestalde, inori kalterik txikiena, beste inoren mesederako izanagatik ere?

        Horregatik gustatzen zait hainbeste hiriko kaleetan zehar paseatzea, areago gainera hiri ezezagunetan, noraezean, zereginik gabe, ikusle soil. Neure burua ezagutzen laguntzen didalako, paseo horiek neure bizimoduaren metafora bihurtzen direlako.

        Baina aski da, ez dut orain horretaz idazten jarraitzeko astirik. Laurarekin afaldu behar dut gaur, ahal baldin bada behintzat. Hotelean afalduko ote du gaur? Eguerdian normalagoa ikusten nuen Laurarekikoa orain baino, naturala iruditzen zitzaidan, bion arteko amodioa berez sor zitekeela pentsatzen nuen, sentitzen nuen. Paseo honen ondoren zalantzatan naiz, ordea, berriro, eta urduri sentitzen ere hasia. Baina banoa hala ere. Akaso Laura ikustea nahikoa izango dut zalantza guztiak gainditzeko. Tira bada, aurrera ekin behar diogu, beldurrik gabe. Agian hobe, alabaina, gaur ere ikusten ez badut.

 

 

Larunbat eguerdia

        Frankfurtera itzuli behar dut gaur, gauean Nazioarteko Liburu Azokako antolatzaileekin afaltzekoa bainaiz, datorren urtekoaren nondik-norakoak eztabaidatzen hasteko. Agur esan behar diot, beraz, Donostiako hiri eder honi. Ezin esan daiteke alferrik pasatu dudanik astea hemen. Atzo goizean Groenendaalen poema aurkitu nuen eta bart gauean Laurarekin oheratu nintzen. Oheratu eta larrua jo ere bai, nahi bezala ez baina. Behin bakarrik jo genuen larrua eta gero, ahaleginak egin arren, ez zitzaidan gehiago zakila zutitu; eta aldi bakar hori ere ez zen oso apartekoa izan, Laura ohartu orduko amaitua baitzen jolasa. Ederki beraz. Hasiera-hasieratik egon nintzen gaizki, trakets, moldagaitz; azkenean, ezertarako gauza ez nintzela amaitu nuen. Horrelaxe beharko zuen. Ezin izan nuen atzo Iruñeko kaleetan zehar paseoan atxiki zitzaidan malenkonia gainditu, horretarako Lauraren goxotasun emea akuilu ezin hobea izan bazitekeen ere. Inorekin bat egiteko ezintasuna. Alferrik denean alferrik da eta kito.

        Baina ez zait axola, egia esan behar bada. Ezer ez zaidala axola sentitzen dut. Arratsaldea poesia irakurtzen pasatu nahi dut, apunteak hartuz. Egile berri bati ekiteko gogoa datorkidala sentitzen dut, lanari hortzak tinkatzeko gogoa berriz ere, poliki-poliki. Beste poeta ezezagun samar bat eraitsiko dut laster, Groenendaal eraitsi berri dudan bezalaxe.

        Laura, azkenean, oroitzapen hutsa izango da, oroitzapen gazigozoa, oroitzapen gazigozo bat gehiago, bizitzaren ertzak finkatzen dituzten mugarrietan bat gehiago. Neuk mugaz kanpoko aldean jarraitzen dut, jakina, bizitzatik kanpo. Badakit. Eta zer? Bakardade hau, ezintasun hau neure osagai bananduezinezkoak dira, errai-erraietan txertatutakoak. Eta dohakabe urrikalgarri hau, txorimalo hau, giza antzeko ezdeus hau neu naiz ezinbestean, Joss Vington, Lis Musser idazleak oraindik orain honela definitu duen berbera: «entzute handiko kritikari eta teorilari literarioa, buru argiko eta bihotz zabaleko gizona». Zenbat barne miseria ezkuta daitezkeen ongi jantzitako korbata dotore baten atzean!

        Poesia, maitasuna, bizitza. Poema bat gehiago, maitale bat gehiago, hiri bat gehiago. Eta etxera berriz atzera, aldaketa handirik gabe. Donostian erositako korbata berri bat ere badaramat maletan, beste korbata bat, korbata bat gehiago, dotore askoa.