Gezur ederra
Lehiaketarena? Bilbon nengoen ni hura jakin nuenean, ostatu merke batean bizitzen. Gauez traguak hartzera irteten nintzen goizaldera arte edo, eta biharamuna zerbait irakurtzen pasatu ohi nuen eskuarki. Ez nintzen gaizki bizi; bizi daiteke horrela bizitza osoa ere, bai horixe! Ostatuko harreralekuan gaueko txanda egiten zuen neska oso lagun egin nuen; gauerdi inguruan kalera irteterakoan hari giltza utzi eta goizaldean gorakoan berak itzultzen zidan atzera, irribarre ederra ahoan eta bromaren bat hitzetik hortzera beti ere. Leire zuen izena, oso oker ez banago, bai, Leire. Ez dakit zergatik ez ginen inoiz elkarrekin oheratu. Beharbada neu nekatuegia iristen nintzelako goizaldean, edota berak ostatu hura lanerako lekua zuelako eta bezeroekin horrelakoetan sartzerik nahi ez zuelako. Ez dakit.
Marta nigandik apartatu ondoren joana nintzen ni Bilbora, bakarrik egon nahi nuelako edo ez dakit ba nik. Junkie batekin joan zitzaidan tuntun hura, eta nik ezin izan nuen ezer egin. Junkie baten aldean ez gara ezer neskatarako, junkiearekin neskak sexuaren aldean berriagoa eta erakargarriagoa den atsegin berezia aurkitzen baitu hasieran: heroinarena; eta ez heroina bakarrik, baita bizitzaren amildegi ertzean bizitzearen lilura zorabiagarria ere, laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, hegadarik atseginenean eta narrazik traketsenean... Gero, zorabio horretatik irten nahi etsia heltzen zaienean, orduan izaten dira kontuak eta damuak. Alferrik direnean, alegia.
Diru kontuetan zeharo gaizki ere ez nenbilen ni garai hartan, ondoegi ere ez baina. Lanik gabe nengoen aspalditxotik baina, askorik ez zen arren, langabezi saria jasotzen ari nintzen artean ere. Hurrengo hilean langabezi saria bukatu egingo zitzaidan, baina haren ondorengo premia laguntza jasotzeko itxaropena nuen, miseria bat izango zela jakinik ere. Behin baino gehiagotan izan naiz premiazko laguntza eskuratu behar izatetik gertu, baina inoiz ez diot oraindik horri heldu, ez naiz inoiz iritsi horrenbesteraino.
Bilboko gau giroa oso gogorra zen. Ezagun du, bai, Bilbok, hiri industrial, zikin eta bortitza dela, kategoria guztietako lapur lotsagabez, junkie petralez eta puta merkez betea. Horixe zen hala ere neuk aldi hartan nahi eta behar nuen giroa, eta ondo moldatzen nintzen. Adiskide onak ere egin nituen, alde guztietan bezala, ez baita ezinezkoa, ezta hurrik eman ere! Kontua da zintzo jokatzea jendearekin eta jendeak dituen akatsak lasai ametitzea, bihotz zabalez, era horretan norberak ere bere akatsak lasaitasun osoz erakutsi ahal izango baititu, eta praktikan jarri, noski, batere lotsarik gabe.
Irakurri, berriz, denetarik irakurtzen nuen, baina batez ere Bilbo bezalako hiri zatarretan kokaturiko istorioak nituen orduan gogoko, hurbilago eta neureago sentitzen nituelako edo; desoreka eta desosegua literatura bihurtu eta irakurleari bere erraietan sentiarazten dioten idazlerik gupidagabeenen idazlan ankerrak. Ostatu azpian bertan zegoen liburudenda bat, sarritan zabaldua izaten zutena ni etxerako bidean nintzenerako, eta han liburu bat erosita igotzen nintzen gelara batzuetan, parrandaren ondoren. Ilusio berezia sentiarazten zidan horrek, bizipoz ezezagun eta misteriotsua, eta lasaiago hartzen ninduen loak liburu erosi berri baten lehen orriak irakurtzen ari nintzela. Leirek irri egiten zuen goizeko ordu haietan liburu erosi berria besapean nuela gelaratzen ikusten ninduenean. Nik beti liburua neuk idatzitakoa zela esaten nion, ezizen batez sinaturik, jakina, ez nuelako ezaguna eta famatua izan nahi. «Zertarako?», esaten nion. «Bakean ezin bizi ahal izateko? Jende txotxoloa ezagutzeko? Neurea ez den mundu faltsu batean bizitzeko? Utikan! Batere ez!» Azkenean arrazoia ematen zidan. Bai, Leire beti bat zetorren nirekin; aintzakotzat hartzen zuen hark beti nik esana, beste askok ez bezala.
Egunkaria ez nuen inoiz erosten, noski, ez baitut inoiz erosi izan. Ez zait inoiz interesatu. Zertarako? Interesa duten gai guztiei buruz hitz egiten da tabernetan, eta gezurrik gabe, zurikeriarik gabe, gauzak diren bezala adierazi eta azaltzeko lotsarik edo beldurrik gabe. Tabernetan aipatzen ez diren kontuak, berriz, ez jakinda hobe, ez digute eta ezertarako balio. Egunkariari, telebistari eta irratiari kasu gutxiago egingo balio, alde ederreko lasaitasunez biziko litzateke jendea, bai horixe!, egokitzen ez zaizkion saltsa xelebretan itsumandoka sartu beharrik gabe, norberak sortu eta benetan sentitutako iritzien jabe, beti inork emanak berresten ibili beharrean, loro zozoen moduan. Edozer gauza jakiteko, zuzenean jakin behar da, bizi-bizian, bestela alferrik da eta. Ukitu, sentitu eta bizi egin behar da albistea, bestela berriketa hutsalean ariko baikara beti, beste erremediorik gabe.
Leirek bai ordea, hark irakurtzen zuen egunkaria. Izan ere gaixoak gau osoa egon behar izaten baitzuen hantxe, harreraleku ilun hartan eserita, ostatu merke hartara iristen ziren ni bezalako bezero petralei giltzak jaso eta emanez, gainerako beste entretenimendu handirik gabe. Utzi ohi nizkion nik zenbait liburu, neuk idatzitakoak eta oso onak zirela esanez, baina bat edo beste irakurri bazuen ere ez zuen zaletasun handirik erakusten liburuetarako. Egunkaria aitzitik bai, goitik behera irakurriko zizun egunero. Ez dakit zer aurkituko ote zuen hark orri txuri-beltz merke horietan nik utzitako liburu ederretan ezin aurki zitekeenik. Beharbada errealitatetik hurbilago ikusten zuen egunkaria liburuen aldean, beharbada tranpa gaizto horretan jausia zen koitadu hura ere oharkabean.
Tira, baina kontua zera da, goiz batez gelara erretiratzera nindoala Leirek zorionak eman zizkidala. Nik ezin nuen ulertu zergatik.
Ez duk guztiz gezurra ere, hortaz, liburuen kontu hori. Benetako idazlea haiz hi.
Harrituta geratu nintzen. Egunkaria erakutsi zidan orduan. Han azaltzen zen, bai, nire izena, ez nolanahiko letratan gainera: «Felix Arrieta Donostia Hiria ipuin lehiaketaren irabazle». Arraioa! Oraindik horrelakorik! Benetan diot, lan handiak eman zizkidan hura sinesteraino iristeak. Ipuin garailearen izenburua «Gezur ederra» zela irakurri ondoren ere tarte bat behar izan nuen artean ipuin hartaz eta harekin egindakoaz gogoratzeko. Urte asko baitziren ipuin hura idatzi nuenetik, Akilano nire aspaldiko adiskide minaren etxean bizi nintzela. Akilano zaharrak ipuin hura gordea zuenik ere ez nuen berehala pentsatuko, ez horratik, alajaina! Baina gordea ezezik lehiaketara aurkeztua ere bazuen apajo hark. Ez zen makala, ez, gure Akilano zaharra! Demontre arraioa! A zer zapelaitza!
Akilano bera ageri zen egunkariko argazki txiki batean, eta idatzizko testuan ipuinaren istorio osoa azaltzen zien kazetariei, nirea zela ipuina, alegia, eta aspaldi idatzia nuela denborapasa, neronek ere garrantzi handirik emangabe neure aldetik; bere etxean utzia eta ahaztua nuela, eta aurten zoko miaketan kasualitatez nire ipuinarekin topo egitean lehiaketara aurkeztea bururatu zitzaiola ea zer arraio gertatzen zen. Gero zera esaten zuen, ez zekiela aspaldian nire berri, ez zekiela non aurkitu ahal izango ninduen, baina espero zuela ni, nondik edo handik, nola edo hala, sariaren berri jakin eta bere etxera azaltzea. Horrenbestez, saria aspaldian ikusi gabeko adiskide zahar batekin topo egin ahal izateko aitzakia ere izan zitekeela. «Ondo, Akilano, ondo!», pentsatu bide nuen neure artean. «Ez haiz mutil txarra horratik!»
Nahi ez baduk ere orain famatua egin haiz, txo esan zidan Leirek irribarrez. Egia al da, beraz, liburuak idazten dituala? Nik ez nian sinesten, bromatan esaten huela uste nian, baina...
Guzti hura gezur hutsa zela azaldu behar izan nion Leireri. Txantxetan jarduna nintzela beti. Tarteka txorakeriaren bat edo beste idazten nuela baina gero paperak beti bota egiten nituela, ez zutelako ezertarako balio. Lehiaketaren kontua kasualitate hutsa izan zela esan nion. Epaimahaian babalorerik handienak biltzen dituztela horrelakoetan eta horregatik izan zela nire lan ziztrin hura garaile, bestela ez zela horrelakorik inola ere gertatu ahal izango. Benetan esan nion hori guztia, jakina, egia hutsa besterik ez baitzen, oraindik ere horretan nago.
Lo egin ondoren, arratsaldean autobusa hartu nuen Donostiara, Akilanoren etxera jotzeko. Ongi etorri abegikorra egin zidan aspaldiko adiskide zaharrak. Aztoratuta zebilen sari haren pozarekin gizaixoa. Etxean afaldu ondoren, kalera irten ginen tragu batzuk jotzera berriz aspaldiko partez, elkar ikusteko parada ospatuz, sariarekin batera, jakina. Akilano pozik zoratzen. Lagun zahar asko ikusi genituen eta oso gustora genbiltzan, baina onenean Akilano etxeratu egin behar genuela eginez hasi zen, etxeratu egin behar genuela eta etxeratu egin behar genuela, zeren -azkenean baino ez zidan aitortu hau biharamunean kazetariekin egon behar omen nuen eta, horrenbestez, ondo lo eginda eta egoki atondua izatea komeniko omen zitzaidan, itxurantzean.
Kazetariekin? Nik ez diat kazetariekin egon nahi, hi. Heuk ez al hien azaldu kontu guztia ba?
Banekian, bai, ez huela nahiko, astapotro horrek. Horregatik ez diat esan nahi izan orain artean.
Orain artean ez eta orain bai? Zergatik orain bai?
Ba mozkortuta nagoelako, eta gainera beste erremediorik ere ez dudalako honezkero.
Ez nuen Akilanorekin haserretu nahi eta laurak jo baino lehen etxeratu ginen biok bizkarretik helduta, aspaldiko garai zaharretan bezala, aspaldiko kantuak kantatuz, aspaldiko keinuak berrituz.
Biok ohe berean lo egin behar genuen, Akilanok ohe bakarra baitzuen bere etxe txikian, eta ohera sartu aurretik dutxa bat hartu beharko nuela pentsatu nuen, aspaldi samarretik garbitu gabe bainengoen. Baina dutxatu eta gero ere ez zitzaidan batere gogoko inorekin batera lo egiteko kontu hura. Emakume batekin egin daiteke lo, hartara noiznahi larrua lasai jo ahal izateko aukera izaten delako, egokia delako...; ez litzaidake gustatuko emakume bat izatea beti-beti ohekide baina batzuetan eta askotan ere ondo dago. Adiskide handia izanda ere, gizonezko batekin lo egin behar izatea, ordea, oso kontu neketsu eta itsusia da niretzat. Ezin zara nahi duzun bezala mugitu, ez duzu askatasunik, ezin duzu uzkerrik lasai bota... Jasanezina benetan! Horretaz gainera, hain goiz oheratzeko ohiturarik ez nuenez, ez ninduen berehala loak hartu, makina bat buelta eman nuen aurretik, Akilanoren zurrunga sakonei ihes egin ezinik.
Biharamun eguerdian kazetariekin egon behar izan nuen. Akilanok ondo prestatua zuen dena, oso pozik zegoen, ni berriz ikusteagatik ezezik baita ere eta batez ere lehiaketa haren kontura egindako bihurrikeria txiki harengatik. Dirua niretzat izango zen, noski, hori hasieratik esan zidan, baina harentzat bihurrikeria hura eta haren ondorengo saltsa-maltsa xelebre guztia zen saria, ni berriz ikusteko aukeraz gain, jakina, behin eta berriz gehiegitan aukeran esaten zuenez. Maltzur hura bezperan hiriko komunikabide guztietara deika jarduna zen afaltzen hasi aurretik, niri amari deitzera jaitsi behar zuela esanda. Eguerdiko hamabietan prentsaurreko bat izango zela zien esana, Okendo kafetegian, eta ni han izango nintzela ere agindua, noski; hori guztia niri ezertxo ere esan gabe. Azkarra morroia, alajainkoa! Benetan ondo pasatzen ari zen nire kontura.
Nik ezin nion ezetz esan. Berez Akilanok asmo onez egina zuen guztia eta sariaren diru pila eskertzekoa zen nire aldetik. Apur bat bazen ere, amore eman beharra nuen. Beraz, prest nintzen prentsaurrekora joan eta kazetarien galderei erantzuteko. Nahi nuena erantzuteko aukera librea eman zidan Akilanok, jakina, horretan neure erara ondo moldatzen asmatuko nuela eta. Baina kazetarien aurrean agertzeko itxura zarpailegia nuela esan zidan, telebistakoak ere deituak zituela eta hobe nuela bizar gris narrats hura kentzea; eta utziko zizkidala berak bere arropak ere nahi izanez gero, nire betiko gabardina berde ilun higatuaren ordez.
Baita zera ere! Peluka jaztea ere nahi al duk soiltasun lotsagabe hau ezkutatzeko? erantzun nion haserre, eskuekin buruko soilunea laztantzen nuen bitartean. Ez, ez, Akilano, horrelako konturik ezta pentsatu ere! Agertzearekin ez diat gutxi egiten. Nahikoa duk eta kito! Entzun?
Halaxe bada, neure arropa zahar samarrak jantzita eta neure bizar zarpailarekin azaldu nintzen kazetari mordoska haren aurrean. Leire etorri zitzaidan gogora orduan. Hark nire argazkia ikusiko zuen egunkarian biharamun gauean, eta neu ere hantxe izango nintzen, egunero bezala, kalera jaisten traguak hartzera. Poztu egin ninduten pentsamendu lasaigarri, gozo eta ia-ia etxekoi horiek.
Ez ziren Akilanok deitutako kazetari guztiak etorri. Beste prentsaurreko bat omen zegoen egun berean Donostian eta, azken finean, sariketa hark ez zuen kazetarientzat Akilanok uste zuen adinako garrantzirik, ezta gutxiagorik ere. Dena den, telebistakoak han ziren, eta haiek izan ziren Akilanoren pozik handiena. Lasaitasun osoz eta batere ardurarik gabe, erdi bromatan erantzun nituen inguruan bildu zitzaizkidan kazetari amateur guztien galdera zozoak. Gezur bat baino gehiago bota nien gizaixoei, ez dakit denak sinetsiko ote zituzten baina. Gogoan dut nire literatur idazkeran eraginik izan lezaketen egileak aipatzerakoan batere gogokoez ditudan lau poeta txoripittoren izenak eman nizkiela, biharamuneko egunkariek nork bere akats ortografiko bereziekin argitaratu zituztenak. Barregarria izan zen benetan. Azkenean, egia osoa esanda, ez nuen batere gaizki pasatu kazetariekin.
Gau hartan parranda lasaiagoa egin genuen Akilanok eta biok, eta goizean Bilborako autobusa hartu nuen adiskidea agurtu ondoren.
Ederra sartu zieagu esan zidan Akilanok.
Bai, baina seguru gizaixo horiek ez dutela ezer sinetsi.
Doi-doi Leire aldegitear zenean iritsi nintzen ostatura, eguerdi partean, hurrengo txandako mutil lehorra bere lekua hartzekotan zenean. Sariaren ordaineko diru guztiaren laurdena eman nion eskuetara neskari.
Honekin zenbat gau, maite?
Ba... laurogei bat, zu izateagatik.
Tira ba, apuntatu. Hementxe geratuko naiz tarte horretan.
Hantxe utzi nuen diru hura. Gainerakoa bestelako gastuetarako gorde nuen. Lo egin ondoren, iluntzean, ostatu azpiko liburudendan sartu eta liburu mordoska bat erosi nuen. Gauean Bilboko adiskiderik minenak afari on bat eta parranda are hobea egitera gonbidatu nituen. Eta artean ere hurrengo bizpahiru hilabeteetan jaten eta edaten jarraitzeko lain diru geratu zitzaidan. Laurogei egunak pasatu zirenean, diru guztiak bapo xahutuak ordurako, peto jota, Bilbotik aldegin nuen.