Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Ene lagun zaharrari
azken gutuna

 

Zaila zait oraingo gutun hau hastea, eta nolabait ere zein naizen adieraziz, neure burua aurkeztuz hasi beharko nukeela uste dut, baina ziur nago honezkero jakina duzula ni nor naizen. Bai, 1955 eta 1956. urteetan zehar zazpi gutun oso «berezi» igorri zizkizun berbera; berbera baina hogeita hamabi urtez zaharxeagoa... Ia-ia ezer ere ez beraz.

        Bizirik izango zarelakoan nago behinik behin, baina akaso ez da hain gauza ziurra lehengo tokian bizi zarenik. Dena den, uste osoa dut postalgoan eta esango nuke moldatuko direla zuri gutun hau eskuratzeko. Eta azken finean, ez bazaizu iristen ere, munduak jira-biraka segituko du, eta nire urdailak —eta zureak ere espero dudanez— lixiriketa berdin-berdin egingo. Eta hori da garrantzitsuena, ezta?

        Honezkero, neure xehetasun pertsonalak emango ote dizkizudan ala ez, hor ari zara jakinminez irakurtzen; edo, agian, ez diezu nire gutunei, ez duela hogeita hamabi urtekoei ez oraingoari, inolako garrantzirik ematen. Ba, jauna, ez dizut gutun honetan ere neure izenik emango, eta nitaz xehetasun gehiegirik ez duzu jaso ahal izango. Dena den, zure jakinmina apur bat ase dezaketen gauzak adieraziko dizkizut.

        Eta hasteko, interes pixka bat, oso gutxi bada ere, baldin baduzu, igorri nizun lehenengo gutunetik aurrera beti jakin nahi izan bide duzun zerbait argituko dizut: zergatik igortzen nizkizun nik gutun haiek?; zergatik zuri?; zertarako? Beharbada jira-bira asko egin ditu zure buruak galdera hauei erantzun logiko bat aurkitu nahirik, eta, agian, bakarrik eroren batek idatzi eta igor zitzakeela halako gutunak atera izan duzu beti ere ondorio logiko posible bakartzat. Eta nola esan nezake nik orain ez nengoela eroturik?; are gehiago: ez nagoela, oraintxe bertan ere, eroturik? Ze, azken finean, neuk ere ez dut erotasun hori ukatuko eta, hala nahi baduzu, ero bat nintzela eta naizela aitortzen dut, hau aitortu egin behar den gauza baldin bada (askoz ere egokiagoa iruditzen zait «ero bat nintzela eta naizela aldarrikatzen dut» edo antzeko zerbait esatea). Ez da bekatu erotasuna. Ala bai?

        Gaur egun hainbat eta hainbat bider entzuten dugun topiko batera joko dut nire erotasun horren errua neure bizkarretatik astintzeko: «zein ez dago burutik eginda bizi garen mundu ero honetan?»; «gaurko munduan eroa ez dena piztia arrarotzat jo dezakegu»; eta abar, eta abar. Honelako topiko asko dugu ahotan gaur egungo gizakiok, erotasunaz gain beste mila gairi buruz ere, baina beti egia urrunak bezala erabiltzen ditugu: topiko horiek diotena egia da, baina ez errealitate. Nolabait esateko, eguzkiaren handitasuna bezalakoak dira: mundua baino ez dakit zenbat bider handiagoa omen eguzkia; hori egia da, eta egiatzat onartzen dugu, baina egia urruna, ez errealitate...

        Tira, gaitik kanpoko hainbeste iruzkinez zure jakinmina berotu nahian nabilela pentsatzen hasia zara honezkero, irakurtzen ari bazara. Dena dela, benetako jakinminik baldin baduzu, pozgarria izango zaizu nire iritziak ezagutzea, nire usteak era koherente eta logiko batez adieraziak irakurtzea. Duela hogeita hamabi urteko zazpi gutun osoak irakurririk ere, agian, nitaz deus ere ez zenekiela pentsatu zenuen. Orain, berriz, gutun honetan orain arte esan dizudanarekin ni ezagutzen hasia zarela pentsa dezakezu bederen. Baina ez uste: zazpi gutun haiek ere nitaz asko irakatsi zizutelakoan nago ni, zalantza izpirik gabe; behintzat, besterik ez bada ere, halako erokeriarik egiteko ahalmenik —hots, erotasunik— ez dutenen aldean desberdina nintzela ikus zenezakeen.

        «Tira, baina zergatik?, zergatik?, zergatik?» ari zarela pentsa dezaket dagoeneko. Bai gutun zaharren eta bai oraingo honen zergatiak, ahal dudan neurrian behintzat, adierazteko asmoa dut gutun hau bukatu baino lehenago, eta lasai egon zaitezke jakinmin handirik baduzu ere.

        Zuk ez nauzu ezagutzen. Ez naiz ni, beraz, zure adiskide edo laguna, ezta ezagun urruna ere, ezezagun soila baizik, zuretzat. Nik, berriz, zu behin ikusi zaitut soilik —nik dakidanez behintzat—: 1955eko egun batean Iverst-en izan zinenik ezin ukatuko didazu. Egun hartan ikusi zintudan, Thomass-en taberna aurreko kalea igarotzen.

        Ni tabernako atarian nengoen eserita, bakar-bakarrik, garagardo bat dastatzen, lasai-lasai. Udako azkenetako egun bat edo udazkeneko lehenengoetakoa izango zen seguraski. Izugarri bero zegoen, sargori, eta igande arratsaldea zen. Ordu laurden bat neraman gutxi gorabehera hantxe eserita. (Datu hauek ez dira beharbada egiazkoak izango, baina neuk behintzat, maiz gogoratzen dudan une urrun hura berreraikitzen dudanean, halaxe izan zela dut beti buruan.)

        Nolabaiteko malenkonia bat sentitzen nuen. Askotan gertatzen dena da (neuri behintzat hala gertatzen zait) bakarrik eta ezeren kezkarik gabe egotean malenkonia sentitzea. Ez dugu inor berari zerbait esateko, ez dugu kezkarik, ez dugu pentsakizunik ere, eta huts bat sentitzen dugu, ezagutzen dugun guztia baino handiagoa eta liluragarriagoa izan beharko lukeen zerbaitek bete dezan nahi dugun hutsa. Horrelakoetan, seguraski, kristauak beren Jaungoikoaz oroitzen dira, erregeak beren erresumez, poetak beren poesiaz, pintoreak beren koadroez, maitaleak beren kutunez, zientifikoak beren zientziaz...

        Nik, ordea, neure burua zeharo hutsik nuen. Ez nuen orduan maitalerik, ezta arazo berezirik ere buruan. Nire bulego-lana (ari zara, beraz, nitaz zerbait jakiten, ezta?) nardagarriegia zitzaidan neure asti denbora lan aspergarri hari buruzko gogoetatan galtzeko. Ondo pentsatuta, ez nuen ezer munduan dastatzen ari nintzen garagardoa baino.

        Orduantxe igaro zinen nire parean, Thomassen tabernaren aurreko kalean. Igande arratsalde haren erdian zure begiradaren gogortasunari eta seriotasunari erreparatu nion. Begirada ilun hark ezin asma nezakeen sekretu isil bat gordetzen zuela iruditu zitzaidan, ezagutzera emana eta hedatua izango balitz mundu guztia harritu lezakeen sekretu isil eta iluna (neure baitako hutsa betetzeko behar nuen ezagutzen dugun guztia baino handiagoa eta liluragarriagoa izan beharko lukeen zerbait hura, hain zuzen ere). Zure begirada misteriotsu eta ilunari laguntzen zion gogorik gabeko ibilera makal eta pausatuaz igaro zenuen Thomassen tabernaren aurreko karrika ni erreparatu gabe. Ez zintudan inoiz igande hura baino lehenago ikusi eta ez zaitut harrezkero ere sekula ikusi, nik dakidanez behinik behin.

        Zeneraman jazkeraz ez naiz batere oroitzen eta, besterik gabe, arrunki jantzita bide zeundela esan nezake, bestela zerbait gogoratuko bainuke oraindik seguraski. Bidaiako maletak zeneramatzan eta trenaren geltokitik zentozela pentsarazi zidan xehetasun horrek. Zu bidazti izateak ere bere eragina izango zuen ni baitan zutaz interesatzerakoan. Adinez ni baino apur bat zaharxeagoa izan zintezkeela iruditu zitzaidan baina, gutxi gorabehera esateko, adin berberekoak garela uste dut. Jakin nahi baduzu, ni 1923an jaioa naizela esango dizut, eta oraintxe dela ia hilabete t'erdi erretiroa hartutakoa nire hirurogeita bost urteekin.

        Esan berri dizudanaz gain ezer gutxi dakit nik zutaz: izen-deiturak, helbidea, eta igande hartako gaua Lerit ostatuan igaro zenuela. Jakinminak bultzaturik, eta gaua Iversten igarotzekotan Lerit-en lo egin beharko zenuela pentsatuta, hantxe izan nintzen eta zure izena eta helbidea jakin ahal izan nituen. Zure ezaugarriak adierazi nizkion giltzazainari eta berehala eman zizkidan zure izen-deiturak eta helbidea. Baita hartu zenuen gelaren zenbakia ere, baina orain, jakina, ez dut gogoan zenbaki hura.

        Beraz, ez zaitut ezagutzen. Oraintxe bertan zu kalean ikusiz gero, ez zintuzket ezagutuko. Ez dakit nire gutunek zugan inolako beldurrik sortarazi ote zuten. Ez nuen halakorik nahi behintzat. Baina inoiz beldurrik izan baduzu, mesedez barkatzeko eskatu beharko nizuke. Orain behintzat lasaituko zinen alde horretatik. Nire gutunek ez zuten inongo zeharkako asmo ezkuturik. Seguraski, besterik gabe erotzat hartu izan nauzu urte hauek guztietan, baina, apika, zure irudimenak nire gutunak halako estratagema bihurri eta izugarri baten barnean kokatu izan ditu. Ez dut uste, dena den, asko beldurtuko zinenik. Hala hobe ere, ez baitzen hori nire asmoa, ezta gutxiagorik ere.

        Orain, seguraski, are ulergaitzagoa zaizu nire gutunen zergatia. Sikiera ni zure laguna, edo ezaguna ere, banintz, ba ulergarriagoa litzaizuke agian, ezta? Txantxa bat edo izan zitekeen, dibertsio hutsa, edo horrelako zerbait. Baina zaude lasai, hartu astia. Apurka-apurka eta pausoz pauso joango gara, eta laster jabetuko zara zuk nire baitan hartu zenuen garrantziaz.

        Igande urrun hartan ezin ekidin izan nuen, beraz, Lerit ostatura joatea zure izena eta zutaz beste zer edo zer gehiago jakiteko asmoz. Egia da ez nuela ezer ere egiteko igande arratsalde sargoritsu eta aspergarri hartan, baina hala ere ez da normala bidazti ezezagun bati buruzko halako kezka eta jakinminik izatea. Hortxe hasi zen nire zuganako jokaera bitxia (eroa hala nahi baduzu). Baina, oroitzen bazara, jokaera bitxi horrek bazuen bere nolabaiteko esplikazioa, kaskar samarra bada ere: asperdura, hutsa, zerbait berri eta ezohizkoaren beharra.

        Hala ere ondorengo egunetan ez nintzen zutaz asko oroitu. Badirudi ez zenuela denbora asko pasatu Iversten, ez zintudan behintzat gehiago ikusi. Baina aste batzuk geroago, nahiz eta egunez zutaz gutxi oroitu, nire ametsetan agertzen hasi zinen ia-ia gauero, eta ez gainera edonola: nire ametsen ardatza izaten hasi zinen, nire ametsen erresumako errege, jaun eta jabe. Eta ez nuen oso ondo ulertzen zergatik.

        Nik ordurako hasia nuen duela urte gutxi arte izan dudan ohitura: egunkari bat nuen, eta han idazten nituen gertatzen zitzaizkidan gauzarik garrantzitsuenak. Baina ez zen inola ere egunetik egunera osatutako egunkaria, ez nintzen egunero egunkariaren aurrean jartzen egunean zehar gertatutakoak zehazki kontatzeko. Hori lan gogor eta aspergarria zatekeen, eta horretarako bulegokoarekin aski eta gehiegi nuen, bai horixe! Soilik gertaera bitxiak bizitzen nituenean, eta gertaera horiek inola ere ezin ahantz zitezkeela sentitzen nuenean, gertaera ez apuntatzea neure bizitzaren zati bat usteltzen uztea zela iruditzen zitzaidanean, hasten nintzen egunkari hartan idazten. Ez zen, beraz, egunkari ortodoxoa. Neure bizitzari buruzko apunte desordenatu soilak ziren. Oraindik ere gordetzen ditut apunte zahar horiek, nahiz eta aspaldi honetako urteotan ez dudan egunkari horretan ezertxo ere idatzi.

        Zu ikustea eta zure izen-deiturak eta helbidea jakitea ez nituen apuntatu egunkari horretan. Eta, egia esan, ez dakit zergatik. Dirudienez, geroragoan hain erabakigarri izan behar zuen «ezagutza» hari ez nion orduan hainbeste garrantzirik eman. Bestalde, igandea izaki egun hura, egunkarian idazten hasteko gogo handirik ez izatea ere baliteke. Dena den, egun hartan zure izenaren eta helbidearen berri izateaz, argi ikusi ahal izan duzunez, asko baliatu izan naiz aurrerantzean.

        Eta aipatu dizudan egunkari horretatik hementxe ditut, hain zuzen, neure eskuetan, zu «ezagutu» eta aste batzuk geroago izan nituen bi ametsi dagozkien apunteak. Ametsak apuntatzeko ohitura handirik ez nuen baina ametsak, egunean zeharko gertaerak bezala, bitxi eta deigarriak zirenean, edota esnatzerakoan malenkonia ulergaitz bat, beldur sakon bat edo antzeko zerbait sentiarazten zidatenean, apuntatu egiten nituen. Zu agertzen zinelarik izan nituen, bi amets hauetaz gain, amets gehiago ere, baina bi horiek izan ziren, dirudienez, gardenenak eta apuntatzeko moduko bakarrak. Nire egunkari desordenatuaren hitzez emango dizut amets horien berri zuzen-zuzenean:

 

 

        Bart oso amets bitxia izan dut eta apuntatzeak merezi duela uste dut.

        Jules-en semea jaio zen igande berean Iversten izan zen eta gaua Lerit ostatuan igaro zuen gizon misteriotsu harekin nindoan ni kale ezezagun eta ilun batean zehar. Berarekin hizketan ari nintzen, ez dakit zertaz baina gaia nahiko serioa zela pentsa daiteke neure barnean sentitzen nuen urduritasun eta ezinegonagatik, eta gizon horrenganako sentitzen nuen errespetu astun eta sakonagatik. Elkarrengandik aldendu gara kale ilun batean eta ni etxerantz abiatu naiz.

        Ametsetan ohizkoa denez, berehala eta besterik gabe, neure gelan nengoen, eta ohearen buruari dagokion paretaren erdian gizon horren argazkia nuela ohartu naiz. Kaletik nekarren errespetu astuna beldur, izu eta ikara bilakatu arte areagotu zait. Heriori berari baino beldur handiagoa niola esan zitekeen gizonaren esana ez betetzeari, nahiz eta ezin esan zein zen esan hori (ametsetako nahasketa tipikoa).

        Ez naiz gehiago ezertaz oroitzen, baina amets hau gogoratzerakoan oraindik beldur ezkutu bat sentitzen dut. Ez da gizon horrekin egiten dudan lehendabiziko ametsa. Duela egun batzuk ere agertu zait, baina ez naiz oso ongi oroitzen; oso amets nahasiak ziren haiek, funtsgabeak.

        Arraroa da ezezagun batek halako errespetu harrigarria sentiaraztea ametsetan. Izan ere, ametsetan, zer ez da arraroa? Beste gauza arraroa, eta hau ametsetatik kanpokoa, zera da, nik igande hartan Lerit ostatura joan eta ezezagun horren datuak eskatzea giltzazainari. Orain ez dut ulertzen nola egin ahal izan nuen hori. Ametsetan ezezik bizitza kontzientean ere, gizon horrek liluratu egiten nauela dirudi. Agian pelikularen baten eragina edo izango da. Pelikuletan asko agertzen dira horrelako tipoak: begirada ilun eta enigmatikoa, bakardadea... Ez dakit, agian bai.

 

 

        Hau zen lehenengo ametsa. 1955eko urriaren 5ean izan nuen, zehazki apuntaturik dudanez. Ondorengoa, berriz, lau egun geroagokoa da:

 

 

        Berriz ere lehengo ezezagun hori agertu zait bart izaniko ametsetan. Eta nahiko ongi oroitzen dut amets hau. Arraroa izan da ametsa baina behintzat ez dut duela egun batzuk egunkari honetan apuntatu nuen ametsean izan nuen adinako beldurrik sentitu.

        Gizon hura hiriko enparantza nagusian ikusi dut, egurrezko aldamio baten gainetik hitz egiten. Jende asko eta asko zegoen bildurik hura entzuten, gero eta gehiago, ia-ia enparantza osoa betetzeraino. Gizonak goitik hizketan ziharduen bare-bare, lasai. Thomassen tabernaren aurretik igarotzen ikusi nuenean zuen begirada ilun eta sakon berbera antzeman diot.

        Jendea zeharo harrituta somatu dut, espero ez zuten zerbait esaten ari zen aldamio gainekoa. Ni ez nintzen hark zioenaz ohartzen eta aurrera eta aurrera ekiten nion neure besoen bultzadaz jende multzoaren artean, aldamiora hurbildu nahirik.

        Azkenik aldamioaren aurrera iritsi naiz eta aldamio gaineko gizona begira hasi zait. Jende multzoari begiratu barik neuri so geratu da. Nire inguruko jendea ere horretaz ohartu eta begiratzen hasi zait. Urduritu egin naiz egoera larri horretan baina berehala gizonak bere hitzaldia bukatu du eta enparantza betetzen zuen jende multzo ikaragarria sakabanatzen hasi da, harridurazko komentarioak eginez.

        Gero enparantzan biok geratu gara bakar-bakarrik, gizona eta neu. Aurreko eguneko ametsean izua eta beldurra izan zena oraingoan urduritasun larria izan da, poz ezkutu eta arraro batekin nahastua gainera.

        Hor amaitu da ametsa, nik ez dut behintzat deus ere gehiago gogoratzen.

        Amets honetan, duela egun batzuetakoan legez, ezezagun horrek izan du lehentasun osoa. Sikiera ezaguna balitz, ba... Baina ez, ez dakit kasik ezer berari buruz eta hala ere izugarrizko garrantzia hartu du nire ametsetan.

        Pertsonaia misteriotsu gisa agertzen zait amets hauetan, sakona, errespetua sortarazten duena, urduritasuna, eta beldurra ere, eragiten duena. Bart gaueko ametsean, bestalde, berak bere aldamiotik neuri erreparatzeak eta neuri adi-adi begiratzeak poz arraro bat sentiarazi dit, harrotasun bitxi eta ulergaitz batek eragina edo.

        Pozik jakingo nuke nolakoa den gizon hori benetan, bere eguneroko bizitza arruntean. Eta, baita ere, zer pentsatuko ote lukeen apunte hauek irakurriko balitu... Auskalo!

 

 

        Beraz, ezagutzen ez bazaitut ere, zuk berebiziko garrantzia izan duzu niretzat ikusi zintudanetik gaurdaino: hasieran, ikusi zintudan aldi bakar hartan nigan sortarazi zenuen eta Leritera, zure datuak eskatzera, bultzatu ninduen jakinmin bitxi hura; gero, zurekin izan nituen ametsak; geroago, igorri nizkizun zazpi gutun haiek; azken hogeita hamabi urteotan zehar garrantzia galdu duzu baina ez pentsa zeharo ahaztu zaitudanik; orain, berriz, gutun hau idazten dizut.

        Zergatik garrantzi hori? Hitzez hitz eman dizkizudan nire egunkari zaharreko orri horietan ez nuen esplikazio zehatzik aurkitzen zurekin izandako ametsentzat («Agian pelikularen baten eragina edo izango da»). Baina gutun honetan esana dizut dagoeneko, orri batzuk lehenago, Thomassen tabernaren aurretik igaro zinenean neure barnea hutsik sentitzen nuela eta zerbait berria, ezohizkoa, handia, liluragarria behar nuela neure barneko huts hura betetzeko; eta zure begirada iluna eta ibilera makala ikusita, zeu izan zintezkeela zerbait berri hori iruditu zitzaidan. Hain zuzen, ezagutzen ez zintudalako hartu zenuen halako garrantzia niretzat. Bai, ezagutzen denak beti mila akats ditu ezagutu aurretik pentsatu ere ezin zitezkeenak. Soilik ezagutzen ez denaz pentsa daiteke perfektua dela, akatsik gabekoa. Eta horixe gertatu zitzaidan zurekin. Horregatik joan nintzen Leritera, horregatik agertu zinen nire ametsetan, eta horregatik igorri nizkizun zuri, eta ez beste inori, zazpi gutun haiek (geroago argitzen saiatuko naizen beste kontua da zergatik izan nuen eskutitz haiek idatzi beharra). Eta ezagutzen ez zaitudanez, oraindik ere perfekzioaren irudi zara niretzat, eta horregatik ari natzaizu gutun hau idazten. Ezagutuko bazintut, oraindik nigan gordetzen duzun perfekziozko irudia galdu egingo zenuke.

        Zure zalantzak honezkero apur bat argitzen ari direlakoan nago. 1955 eta 1956. urteetan zehar igorri nizkizun gutun haiei buruz, besterik ez bada ere, zergatik igorri nizkizun zuri, eta ez beste inori, jakin ahal izan duzu; zu niretzat zein zaren badakizu.

        Luzea ari zait gertatzen esplikazioa. Dena den, hori bai, gustora sentitzen naiz idazten eta xehetasunik txikienaren berri ere ematen, ez diot mugarik jartzen neure hitz-jarioari. Baina horrek nekarazi egiten du, ez pentsa: duela hiru egun hasi nuen gutun hau eta oraindik badut makina bat gauza esateko. Zeu ere, apika, nekatu samartuta izango zara honezkero eta hortik atera kontuak idazteak zenbat nekarazten duen irakurtzeak ere nekarazten badu.

        Hara, ba kontua da 1955eko eguberrietan neure burua nahastuta sentitzen hasi nintzela, gogo-jaitsialdi bat edo izan nuen, ez nuen neure bizitza arrunteko ezer egiteko gogorik, asperdura urduri batean erori nintzen. Arratsalde batean ordu piloa igaro nuela oroitzen naiz neure gelako bi hormak elkar jotzen zuten bazterrean eserita, marraskilo beldurtia antzo, kopeta belaun artean murgilduta, eta gorputza ikara urduri batek astintzen zidalarik. Egin nitzakeen gauza asko gogoratzen zitzaizkidan baina ez nuen ezer egiteko gogorik, ezer egiteko ahalmenik ere. Asko sufritu nuen eguberri haietan.

        Lehenengo egunetan artean ere lan egin behar izaten nuen goizero, eta hori, jakina, nahitaez egin beharreko gauza zen. Ez dizut esango lana gustora egiten nuenik, baina bulegoan igaro nituen nik egun haietako ordurik atseginenak. Bulegoko erlojuak ordu biak jotzen zituenean, lana lagatzerakoan, izu sakon bat sentitzen nuen, eguna bukatzeko geratzen zen tartea amildegi iluna iruditzen zitzaidan, neure buru noragabetuaren beldur nintzen.

        Arratsalde batzuetan kalera irten eta osteratxoren bat egiteko adorea izaten nuen eta horrexek salbatzen ninduen pixkat. Baina adiskideren bat ikusten banuen edo, laster urduritzen nintzen eta lagunarekin egotea eta hitz egitea jasanezina egiten zitzaidan. Nire kalerako ateraldiak urri eta laburrak izaten ziren, eta etxean, berriz, are urduriago eta jausiago egoten nintzen.

        Gero, eguberriko opor egunak heldu zirenean, bizpahiru egun oso txarrak pasatu nituen, neure etxean sartuta, ezertarako ere irten gabe eta bakar-bakarrik.

        Eta, hain zuzen ere, horietako egun batean idatzi nuen —idatzi nizun— lehen gutuna. Gabon egunean izan zen gainera, gutun zaharraren kopian agertzen den izenik gabeko sinadurak dioenez.

        Ezin nuen egoera hura jasan, ito egiten nintzen. Kalean jendearekin hitz egiteak lehen baino are urduri eta nahasiago uzten ninduen, baina halaber norbaitekin hitz egiteko premia nuen, norbaiti zerbait esan beharra. Eta zutaz oroitu nintzen orduantxe, soilik behin ikusi nuen arren nigan halako arrasto bitxi eta ezabagaitza utzi zuen eta nire ametsen erresumako jainko misteriotsu eta iluna izatera iritsi zen ezezagun hartaz. Nigan utzi zenuen arrasto bitxi hark eraginda, pertsona sakon eta misteriotsua behar zenuela izan iruditu zitzaidan, eta aurrerago ere aipatu dizudan gure ezezaguntasunean oinarritutako perfekzio irudia lotzen zitzaien sakontasun eta misterio haiei. Horregatik, zure helbidea nuela gogoratu nuenean, neu nor nintzen esan gabe zuri gutun bat idaztea erabaki nuen, zurekin nolabaiteko harremanak izateko gogoak bultzatuta.

        Papera eta luma hartu eta neure burua husten hasi nintzen ero baten moduan, presaka, ezeri jaramonik egin gabe, segi eta segi, zer idazten nuenez deus ere arduratzen ez nintzelarik. Urduritasunez larkargatutako neure barneak zuen suntsiketa beharra isurtzen saiatu nintzen paper puska narrats oldarkor haietan.

        Idazten nuen bitartean asko oroitzen nintzen zutaz, eta nire gutun hark sortaraziko zizun harridura gogoratuz poztu egiten nintzen. Ez nuen zuganako ez gorrotorik ez ezinikusirik; ez pentsa horrelakorik. Besterik gabe, zerbait arraroa egin nahi nuen, esplikazio arrazionalik gabeko zerbait. Inork imajina ere ezin lezakeen zerbait. Eta, hain zuzen, nigan halako arrasto misteriotsua utzi zuen ezezagun «perfektu» hura harritu nahi nuen horrekin: zu. Harritzen ninduen berbera harritu nahi nuen.

        Gutuna idatzi izateak ekarri zidan bi edo hiru egun hits haietako poz bakarra. Poza sentitzen bainuen gutun hura idatzi nuela gogoratzerakoan. Zerbait zen, zerbait, eta gainera, nolakoa!, a zer gutuna! Bai, nire egun haietako harrotasun bakarra huraxe zen.

        Ez dizut esango gutuna idatzi izanak sendatu egin ninduenik, eta gutuna idatzi eta gero ere neure jaitsialdian iraun nuen; baina behintzat biharamunerako edo asko argitu eta suspertu nintzen.

        Eta orduan, gutun xelebre hura hartu eta kopiatu egin nuen, data eta guzti. Kopia askoz ere txukunagoa geratu zitzaidan orijinala baino, baina hitzei eta hitzen joskera eta ordenari zegokienez, ez nuen deus ere zuzendu. Kopia bukatu nuenean zalantzan izan nintzen ea zein igorriko nizun, kopia ala orijinala. Orijinala ulergaitzagoa izango zitzaizun baina, bestalde, aberatsagoa zen, nolabait esateko indar espresibo handiagoa zuen. Eta ulergaiztasunaren arazoak inola ere kezkatu behar ez ninduela pentsatuta, orijinala igortzea erabaki nuen: azken finean, honetan nirekin ados izango zara, gutun haren arazoa ez zetzan ulertu ala ez ulertzean.

        Nire paperen karpeta desordenatutik zure helbidearen apuntea atera eta gutunazal batean kopiatu nuen ondoren, paper puska arraio haiek zuri postaz igortzeko.

        Eta honela sortu zen, beraz, zazpi haietako lehendabiziko gutuna. Lehenengoaren atzetik etorri ziren —joan zitzaizkizun— beste sei gutunek lehenengoaren oso antzeko sorrera izan zuten. Ez dira denak lehenengoa bezalako jaitsialdi hits eta larrietan idatziak, beste batzuk une argiago eta arruntagoetan idatzi bainituen, baina beti idazten hasterakoan urduritasun ero batek bultzatzen ninduen, oihu egiteko irrika batek. Beti presaka eta behaztopoka idazten nituen, zerbaiti ihes egin nahiko banio bezala. Edo bestela, beste batzuetan, dena pikutara bidaltzen duenaren ironia lasaiaz ere bai.

        Gutunen daten arteko tarteek ez dute inolako progresio matematikorik jarraitzen, ez dute aldizkatasun finkorik —izango balute gogoratuko nuke nik hori—. Urtebete baino apur bat gehiagoan zehar idatzitako zazpi gutunetatik, batzuk hilabete baino tarte laburragoan eta beste batzuk ia hiru hilabeteko tartean daude idatziak. Ez nuen inolako plangintzarik zuri eskutitzak idazteko; besterik gabe, beharra sentitzen nuenean hasten nintzen idazteko lanean. Hots, arestian aipatu dizudan oldarkortasun itoa eta oihu egiteko irrika hura sentitzen nuenean; neure bizitza, eta oro har bizitza zentzurik zabalenean, absurdua iruditzen zitzaidanean, gauzak aldatzen ez baziren gizakiak duen gauza bakarra, bizitza, alferrik galdu eta pikutara zihoala sentitzen nuenean... Ziur naiz zeuk ere horixe bera maiz sentitu duzula, ziur naiz ezagutzen ez zaitudan arren.

        Orain artekoarekin nire lanaren zati garrantzitsu bat bukatutzat jo dezakegula uste dut. Ez da gutxi; pozik egoteko lain. Orain ezagutzen duzu nire gutunen zergatia, zergati orokorra bederen; edo behintzat, besterik ez bada ere, argitu dizut gai honetaz argi niezazukeen guztia. Orri batzuk lehenago ere esana dizut nik ezin dezakedala gutun haien esplikazio arrazional osorik eman, eta ez dudala interes berezirik ni gutun haiek idaztean eroturik ez nengoela erakusteko. Baina adierazi dizkizudan zergati eta arrazoiak ahulak badira ere zuretzat, nik neure aldetik, atzera begiratuta, gutun haiek lagungarri gertatu zitzaizkidala uste dut. Gustora geratu ohi nintzen gutuna idatzi ondoren, ume bihurria gaiztakeria egin eta gero legez. Nire larrialdi neurotikoen sendagai gertatzen ziren horrela gutun haiek, nire suntsiketa eta oldarkortasun premiaren atseden.

        Honela begiratuta, arazorik larriena zera litzateke: zu. Berriro ere barkatzeko eskatzen dizut nire gutunek inoiz beldurtu edo nekarazi egin bazaituzte, edo inolako minik, arazorik edo kalterik sortu badizute. Bai, aitortzen dut berandu samar izan daitekeela barkamena eskatzeko, baina nik behintzat asmo txarrik gabe igorri nizkizun gutunak.

        Zazpigarren gutunaz geroztik besterik idatzi ez nizula eta, ez ezazu pentsa harrezkero ez nuela gehiago inoiz sentitu zazpi gutun haiek idaztera bultzatu ninduen urduritasun eroa eta suntsiketa beharra. Besterik gabe, gertatu zitzaidana zera da, gutunak idazteak bere eragin terapeutikoa galdu zuela. Ordurako ez nuen inolako zirgitaldirik bizitzen gutunak idaztean, lan hura ere arrunta bilakatu zitzaidan eta ez nuen sentitzen gutuna idatzi ondorengo pozik, neure burua ez bainuen jada harritzen gutun haiekin. Eta era berean gutunek zugan ere beren harridurazko eragina galtzen ariko zirela gauza jakina zen. Lehenago inork imajina ere ezin zezakeena ohitura arrunta bilakatua zen ordurako gu biontzat.

        Harrezkero, lehenago ere egin ohi izan nituen gauzak egiten nituen unerik larrienak igarotzeko eta ahazteko, batez ere mozkortu arte edan, edo bestela ohe gainean etzanda egon etengabeko negarrean, edo, batzuetan, edozein lelokeriagatik norbaitekin haserretu elkar joka hasten ginen arte. Beste batzuetan, berriz, hiriko kale guztiak zeharkatzen hasten nintzen noraezean, inolako norabiderik gabe, presaka eta izerditan, neka-neka eginda geratu arte.

        Baina ez pentsa ni tipo arraroa naizenik. Ez nau sekula inork erotzat hartu, gizon arrunta izan naiz beti. Neure xelebrekeriak izan ditut baina eskuarki gizon normala izan naiz bizitza osoan. Dena den, aitortu behar dizut lagun eta ezagunen artean beti disimulatu eta ezkutatu nahi izan ditudala neure jaitsialdien sendagai izan diren «erokeria» horiek. Hain zuzen, igorri nizkizun gutunez ez dut sekula hitz egin inortxorekin ere, gutun honen berri ere ez diot inori eman, eta ez dut gure arteko «harreman» berezien berri inori ere emateko asmorik. Baina, azken finean, nork ez du gisa honetako sekreturen bat gordetzen?

        Orain artekoan zazpi gutun zahar haiek argitzen, esplikatzen jardun dut nolabait. Gutun haiek harridura bilatzen zuten, horixe zuten beren helburu. Beren ulergaiztasunean, beren zentzugabetasunean zetzan gehienbat beren balioa. Oraingo gutun hau, aldiz, erabat arrazionala da, esplikazioa eta argia ditu helburu gisa, eta gutun zaharren harridura gutxitzea ere nolabait. Eta, hogeita hamabi urte igaro eta gero, zu honezkero hilda egon zaitezkeenean —ze, neuk bezalatsu, hirurogei urteen muga aspalditxo igaroa izango duzu—, zer dela eta orain gisa honetako gutuna?

        Ba, tira, honezkero asmatua behar zenuke hori. Oraintxe ere, pixka bat pentsatzen baduzu, berehala asma dezakezu: laster hil behar dudalako, noski. Ez nago oraintxe bertan gaizki, baina medikuek bi urte bezala (espero daitekeen eperik luzeena) hiru hilabete (eperik laburrena, diotenez behintzat) iraun dezakedala esan didate. Ez da denbora asko ziurtatu zidatenetik, baina duela hilabete batzuetatik hona susmatzen nuen neure gaitzaren arriskua. Eta ez nenbilen oso oker, ez, ez nuen gauza onik.

        Neure bizitzan zehar inolako ardurarik gabe praktikatu ditut nire bizio nagusiak: erretzea eta edatea. Edateari dagokionez, ez dit egundo, asko edan izan dudan arren, berebiziko kalterik egin; gibela hondatzen hasia omen dut baina ez gehiegi kezkatzeko moduan. Zigarroak dira ehortziko nautenak. Baina, tira, azkenerako zigarro asko eta asko behar izan da itxaropenari leiho guztiak itxi dizkion minbizi honek nire biriketan habia egin dezan.

        Bizitza osoa lan eta lan eginez igaro, erretiratu, eta... Horrelakoxea da mundua, horrelakoxea, eta ez dago ezer egiterik. Lanik egin gabe bizitzea zer ote den jakin gabe, aldegin egin behar.

        Tristea da heriotzaren hutsa sentitzea eta penak ez du kalte besterik egiten. Eta, bestalde, ondo pentsatuta, zenbat iraun ahal dezake jada mundu honek?; ni baino zenbat gehiago iraun ahal izango duzue —zu bizirik eta osasunez izango zarela espero dut— zuek guztiok? Eta ez pentsa txantxetan ari naizenik; oso aspaldi hasi nintzen ni 3. mundu-gerra termonuklear baten arrisku izugarriekin beldurtzen. Eta azken urteotan nazio handien arteko harremanen bilakaerak ez dit arrazoia eman besterik egin. Horixe da gure munduko erokeria —maiuskulaz idatzita hobe: «Erokeria»—, eta ez besteak. Baina, tira, utz dezagun hori; gutun honekiko zerikusirik ez duen gai latz horrekin ezin kezkatuko zaitut gehiago.

        Nire gaixotasuna dela eta ere ez zintuzket tristatu nahi. Ni, neure aldetik, etsita nago. Zer egingo diogu bada? Baina, ezin ukatu, izugarria da heriotza aurrez aurre ikustea. Beldurgarria. Terrorezko filmeetan ere beldurra nagusitzen da, baina leku argietan edota jende askoren inguruan beldurra uxatu egiten da; ez jende multzoek ez argiak ezin dezakete, ordea, heriotzaren misterio iluna ebatzi. Heriotz beldurrarentzat ez dago inolako irtenbiderik. Edo agian bat, bakarra: ahaztea, ahalik eta denbora luzeenez ahaztea. Eta, tira, ahaztu dezagun bada, eta utz dezagun alde batera gai ilun hau gutun honen harira —hari bihurria hori horratik!— itzultzeko.

        Apika ez duzu ondo ulertzen nondik ateratzen dudan orain gutun hau idazteko gogoa. Laster hil behar dudala jakitearen ondorioz gauza askok garrantzia galdu dute niretzat eta, agian, bai arima eta bai gorputza sendoago izango banitu, edozein erokeria egingo nuke azken gurari gisa; beti pentsatu izan dudana zera da, ahal dudan diru guztia bildu eta edonora aldegin. Baina ez, ezinezkoa da; medikuengana joan behar izaten dut astero bizpahiru aldiz eta, bestela ere, ez naiz horretarako gauza. Eta nire azken egunak asperdura etengabean igarotzen ditut ezertarako ilusiorik gabe, garai zaharrak gogoratu eta berpiztea dudalarik gogokoena, hain laztanak zaizkidan garai zaharrak. Oroiminaren laztantasuna. Nire egunkari zaharraren orri sakabanatuak eta zuri igorritako gutunen kopiak ditut, hain zuzen ere, oroimin horren zutabe.

        Azken hogeita hamabi urte hauetan ez ditut zeharo ahaztu gutun haiek, baina nolanahi ere neure bizitzako pasarte iragan gisa ikusi izan ditut, askotan arrotza egiten zitzaidan gertakari bukatu gisa. Orain, ostera, garrantzi handia dute niretzat gutun zahar haiek eta zutaz ere asko oroitzen naiz; gu bion arteko harremanen bitxiak oraindik ere harritu egiten nau batzuetan.

        Eta zutaz adina neure buruaz kezkaturik, gutun zahar haien nolabaiteko esplikazioa jasoko lukeen gutun berria moldatu eta zuri igortzea bururatu zitzaidan. Bada dagoeneko astebetetik gora gutun berri hau idaztea erabaki nuenetik eta duela bost egun hasi nintzen idazten. Ez nuen hain luzea gerta zitekeenik uste, baina aldi berean asko ikasten eta gozatzen ere ari naiz, eta zeuri ere, jaso baduzu, baliagarri gerta dakizuke, ezta?

        Guk biok elkar ikustea eta ezagutzea ere bururatu zait. Gustatuko litzaidake benetan zu ezagutzea eta zure iritziak jasotzea. Agian adiskide eta solaskide onak izan gintezke. Iverst eta Sendler arteko hirurogeita hamabost edo laurogei kilometroak ez dira gainditu ezinezko oztopo. Hori bai, horretarako, jakina, aldez aurretik zuk horrelakorik nahiko ote zenukeen —eta ahal izango ote zenukeen ere— jakin beharko nuke. Baina ideia hau baztertu egin dut eta gutun berrietan, zaharretan bezala, ez nire izenik ez helbiderik idaztea erabaki.

        Zergatik hori? Ba, zera, gutun zaharren magia irrazionala eta misterioa galduko liratekeelako, zu eta nire arteko zirkuitua itxi egingo litzatekeelako, istorio arraro honek amaiera izango lukeelako. Ez dakit nolakoa ote zaren, eta agian oso gizon egokia eta jatorra izango zara, baina nolanahi ere dezepzionatu egingo ninduzuke; nik zu ez ezagutzeak ematen dizun perfekzioa hautsi egingo litzateke, orri batzuk lehenago ere esana dizudan bezala. Eta horretaz gain, zurekin hizketan hastean ezin asmatuko nuke zer esan, ez bainuke izango idazterakoan dudan erraztasunik, lasaitasunik, askatasunik. Urduritu egingo nintzateke eta ez nizuke ez esan nahiko nizukeen guztia esango ez hitz egin nahiko nizukeen bezala hitz egingo. Eta, egia esan, alderdi positibo gisa, zer atera genezake? Neuri behintzat gehien interesatuko litzaidakeena zure iritziak ezagutzea litzateke, baina horixe bera nahikoa izango zen arazo honen misterioa erabat deuseztatzeko. Bestalde, ez dut zuri beste gutunik idazteko asmorik. Gutun hauxe izango duzu, beraz, nire azken agurra.

        Dena den, nolabait ere, gure harreman bitxi hauek ez dute azkenik izango. Nik ez dut jakingo —are gehiago, ez dut jakiterik nahi ere— idatzi dizudana irakurri ote didazun. Zuk, berriz, nire gutunak jaso eta irakurri badituzu, ez duzu nitaz gutun hauetan jakin ahal izan duzuna besterik jakingo. Nolabait esateko, gu bion arteko bidea zabalik geratuko da betiko.

        Honenbestez, hitz-jarioa agortzen ari zait —eta bazen horretarako garaia ere, ezta?—. Esan dizut, ezer ez bazait ahaztu, esan behar nizun guztia. Sei egun luze, ia astebete osoa, behar izan dut, baina orain pozik nago bukatzean. Merezi izan duelakoan nago behinik behin, eta zuretzat ere interesgarri gerta daitekeelakoan. Besterik ez bada ere, ziur naiz gutun hau irakurri baduzu garai zaharrak oroitzeko abagunea izan duzula —ez al nauzu ba, azken finean, lagun zaharra?—, eta horrelakoak eskertu egiten dira gure adinean.

        Bukatzeko, nire jokaera psikopatia arraroren baten ondoriotzat jotzen baduzu —ezin kendu dut susmo hau neure burutik—, zeure buruari galdera hau zintzoki, bene-benetan erantzuteko eskatuko nizuke: ez al duzu inoiz nik egin nuena, edo antzeko zerbait bederen, egiteko gogorik sentitu?

        Zure erantzuna ezezkoa baldin bada, nire gutunen hartzailetzat gizon benetan bitxi eta arraroa izan dudala esan behar.

        Besterik ez nire aldetik. Uste dut hemen geratzen direla gure harremanak betiko. Desiorik onenez, jaso ezazu ezagutzen ez zaituen lagun zahar ezezagun honen azken agurra.

 

Iverst, 1988ko abuztuak 6