Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Behetik hasita goraino

 

Oihane Garate dut izena, eta azkoitiarra naiz. Azkoitian jaio nintzen orain dela hogeita bi urte, eta ni naiz Azkoitian inoiz izan den lehendabiziko neska txirrindularia, eta baita orain artean egundaino izan den onena ere, ez dut uste harrokeria handia denik nire aldetik hori esatea. Onena izateko merituak ez du beharbada askorik iraungo honezkero, beste neska azkoitiar batzuk ere hasiak baitira pedalei gogor eragiten, baina lehendabizikoa izateari dagokiona, hori behintzat inork inoiz ezin kenduko didan ohorea da.

        Gure etxean beti izan da bizikletarako zaletasuna. Gure aitak trabes gogoangarriak egin izan ditu hain bat herritarrekin: esku bakarrarekin irabazi zion behin Elgoibarko San Pedro auzunera igotzen bere garaian nahiko txirrindulari ona izandako bati; beste batean, berriz, eskurik gabe igo zen bizikletan Urrategi auzuneraino; eta hamaika horrelako...! Gure Julen ere, neba zaharrena, pixka bat ibilia da nahiz eta ez zuen sekula bere burua behar bezala zaintzen ikasi; hala ere oraindik gustora askorik ibiltzen da bizikletan igande goizetan eta horrela. Gurean beti aipatu eta komentatu izan dira txirrindularitzaren inguruko albisteak, hala profesionalen munduko berri nagusiak nola herri ingurukoak, beti izan da txirrindularitza denoi interesatu zaigun gaia, baita amari ere azkenerako, beti txirrindularitzaz kokoteraino dagoela esaten jarduten badu ere.

        Hamaika urte bete nituenean aitak azkenean ere hainbeste irrikatutako oparia egin zidan, bizikleta berria, karrerako bizikleta, benetako bizikleta, eskuleku kurbatuarekin eta hamar martxarekin... Ilusioa, huraxe ba ilusioa nik orduan nuena...! Laster hasi nintzen neu ere, etxekoen pausoei jarraiki, plater txikia eta hogeita lau hortzekiko pinoitzarra jarri eta Urrategira igotzen, edota Kukuherrira edo Olasora, eta baita Martirietara ere geroxeago. Neure artean telebistako edasleen jardunak imajinatzen nituen, nirekin miretsita: «Oihane Garatek eraso egin du gogor eta bakarrik geratu da aurrean, ezin izan dio inork atzetik jarraitu. Neska honek aldapetan ez du kontra egingo dionik. Nahi duenean aurrera jotzen du, bakarrik geratzen da eta irudietan ikusten duzuen erritmo bizi etengabe horrekin alde izugarria ateratzen die atzetik datozenei, gero eta handiagoa. Aurrera begira tinko, bizi-bizi, estilo bete-betean igotzen du neska honek edozein aldapa. Benetan miresgarria da...» Era horretan nekeaz ia-ia konturatu ere egin gabe iristen nintzen gaineraino.

        Hamahiru urterekin karreretan parte hartzen hasi nintzen, gaztetxoen kategorian, inguruetako herrietan batipat, noizean behin Bizkaia aldera joaten baginen ere. Karrera haietan oso zaila zen niretzat irabaztea, ezinezkoa. Gehienetan aurreneko taldean heltzea lortzen nuen baina ez nuen indarrik izaten esprintean ezer egiteko. Aldaparik apenas inoiz igo ere egiten genuen, eta igotzen genituen gutxiak oso motzak eta errazak —Martirietakoaren laurdenik ere ez—, eta helmugatik urrun samar beti ere. Aitzakia horri heltzen nion; hala esaten nuen beti, nirea aldapan gora joatea zela; aldapa luze eta gogorrak, behean erritmo egoki bat hartu eta erritmo horri goraino eusten lanak ematen dituztenak, horixe zen nik behar nuena.

        Hamabost urterekin gazteen kategoriara igo nintzen. Orduan hasi ginen aldapa nahiko luze eta gogorrak igotzen, eta kolpe handia izan zen hura niretzat, uste nuenaren guztiz kontrakoa gertatu baitzen: pot eginda geratzen nintzen aldapan gora eraso gogor bortitzak egiten zituzten neskei jarraitu ezinik. Hala ere pixkana-pixkanaka gero eta hobeto igotzen hasi nintzen, neure erritmoa hartuz behe-behetik hasita. Atzean geratzen nintzen baina osorik iristen behintzat goraino, eta denbora gehiegi galdu gabe. Aita izan nuen garai hartan aholkularirik onena, taldeko entrenatzaileak esprint gogorra zutenei edota azken kilometroetan gogor ekiteko gauza zirenei begiratzen baitzien gehiago, karrerak irabazten zituztenei, alegia. Aitak beti esaten zidan ez lehertzeko, lasai ibiltzeko, indarrak azkenerako gordetzeko beti. Hamabosgarren iritsi, berrogeigarren edo laurogeita hamargarren, hari ez zitzaion axola. «Kontua ikastea dun», esaten zidan. Aitak itxaropen ezkutuak zituen nirekiko, gerora begira. Aita konturatua zen aldapa luzeetan nire gorputz argal arinak oso ondo erantzuten zuela, inoiz ere bortxatu gabe neure erritmo etengabean ttapa-ttapa behetik goraino luzaz iraun nezakeela ahitu gabe, ezinik somatu gabe, joan eta joan, segi eta segi. Lautada luzeetan eta hauen ondorengo esprint azkarretan jai nuen, gazteen kategoriako aldapa leun eta laburretan ere ez nintzen onenetakoa, baina aitak beti esaten zidan ez zegoela Gipuzkoa osoan Martirietara ni bezala igoko zen neskarik. «Ezta hurrik eman ere ordea, sinetsi ezan hori, egia dun eta!»

        Hamazazpi urte nituela maitemindu egin nintzen, txirrindulari batekin, noski, ia ezinbestekoa zenez. Alex zuen izena eta amateurretan korritzen zuen. Urretxuarra zen eta han ezagutu nuen, oso era bitxian, Legazpitik Urretxurako bidean, Soraluzen amaitzen zen karrera batean. Gurpila zulatu zitzaidan eta atzean geratu nintzen. Erratzaren kamioia neure aurretik pasatu zen nitaz ohartu ere egin gabe, karreratik kanpo uzten ninduelarik horrela. Alex erratz-kamioiaren atzetik zihoan, entrenamendua egiten, eta isats-kamioikoa ez bezala hura konturatu egin zen nire egoeraz, hark erreparatu egin zuen nigan, eta, areago, nire parean gelditu eta laguntzarik nahi al nuen galdetu. Bere errepostuko tubularra askatu eta azkar-azkar ezarri zion nire gurpilari, zulatutakoa kendu ondoren. Gero, gainera, karreraren atzealdea harrapatzen lagundu zidan Soraluzeraino, bera aurretik tiraka beti nik atzetik ahal nuen bezala jarraitzen nion bitartean. Ozta-ozta lortu genuen erratza harrapatzea azken kilometroetan, Deskarga eta Bergarako bidea hartzeko bidegurutzearen parean geure bizia arriskuan jarri ondoren. Hirurogeita hemeretzigarrena izan nintzen karrera hartan; ondo gogoan dut zenbakia, gero askotan aipatu bainion Alexi txantxetan. Egun hartaz gogoratu eta malkoak etortzen zaizkit begietara, irribarre samur batekin batera. Nola ez zen bada maiteminduko karreratik kanpo, erabat abandonatuta geratu zen neska errukarri hura bere laguntza osoa hain era suharrean eta hutsik hutsenaren truke eskaini zion mutil bizkor eta zintzo hartaz? Bada hori ere bi amorantek elkarren ezagutza egiteko modua! Komikoa ere izan zen horratik elkar ezagutzeko bidean jarri gintuen egoera hura!

        Elkarrekin entrenatu genuen biharamunean bertan, astelehenean. Alex Urretxutik Azkoitiraino etorri zen bizikletan, niri entrenamendua egiten lagundu eta gero atzera Urretxura itzuli. Asteartean ere etorri zen niri laguntzera baina ganora handirik gabe egin genuen entrenua egun hartan, xirrika eta musuka hasi baitzitzaidan mutila bizikletatik jaitsi gabe, munduko txirrindularirik ederrena nintzela esaten zidan bitartean... Tira, oso erromantikoa hori guztia ere... Oso mutil jatorra zen Alex. Eta halaxe izaten jarraituko du, noski, dudarik ez.

        Urte ederrak izan ziren haiek benetan. Alexek eta aitak nirekiko uste osoa zuten, nahiz eta nik karrerarik irabazi ez. Alexek konpetizioa utzi egin zuen, inoiz profesional izatera ezin iritsiko zela etsita, amateurretan ere atze samarrean ibili ohi zenez gehienetan; eta niri laguntzen hasi zen orduan buru-belarri. Zenbat kilometro egin ote dugu elkarrekin, zenbat aldapa gora eta behera, zenbat esprint geu bion artean, zenbat jolas eta zenbat broma, zenbat musu jarrera bihurri zailetan, zenbat xirri xelebre bizikleta gainean! Hala ere ez genuen entrenua alferrik galtzen. Alexek ere ikusi ninduen behin baino gehiagotan Martirietara igotzen eta hark ere bazekien goren mailako kategoriara iritsitakoan aldapa gogor luzeetan ondo ibiliko nintzela, ondo entrenatu eta behar adina indar hartuz gero txirrindularitza femeninoan onenen artekoa izatera iristea ere banuela. Ni neure aldetik prest nengoen, jakina, nituen denak emateko horretarako ahaleginean.

        Maila gorenean korritzeko ordua iritsi zitzaidanean postu onak egiten hasi nintzen, karrera aldapatsuetan behintzat. Aurreneko taldean ibili ohi nintzen, eta atzean geratuz gero ere ez oso urruti. Lauean ere askoz hobeto ibiltzen hasi nintzen, gorputz sendoago eta gogorrago baten jabe. Behin hirugarren izan nintzen, beste batean aldapan gora ihes egin, gainetik lehenengo pasatu eta beherakoan lau neskak harrapatu ninduten; azkenik, helmugan, bosten arteko esprintean laugarrena izan nintzen. Ezaguna izaten hasi nintzen, tropelean galdutako neska anonimoa izateari utzita. Euskal Herritik kanpoko karreretan parte hartzeko aukeratu ninduten eta, hasieran kolpe gogor samarra izan arren, pixkana-pixkanaka gero eta hobeto moldatzen joan nintzen horretan ere. Laster izan nuen igotzaile arin eta bikainaren fama Espainia osoko karrerarik onenetan. Ez nuen karrerarik irabazten baina aurrean nintzen beti ere, eta aldapan gora ez ziren asko ni atzean uzteko gauza ziren neskak.

        Horrela iritsi zen orain dela hiru urteko Espainiako Txapelketaren eguna. Deban jokatu zen, eta oso gogorra zen prestatutako ibilbidea: hiru aldiz igo behar zen Sasiolatik Kalbario gainera, eta azken igoera helmugatik oso gertu zegoen, handik Mutrikura jaitsi eta atzera berriz Debaraino azken ahalegina egitea baino ez baitzen falta izango. Polemika pixka bat ere izan zuen ibilbide hark, zenbaiten ustez gogorregia zelako Kalbariokoa bezalako igoera hiru aldiz egin beharra emakumeentzako karrera garrantzitsu batean. Izan ere, esprinterrak eta rouleurrak beldurtzeko modukoa zen ibilbide hura. Nik ez nuen beldurrik, ez, ibilbidearen gogortasuna zela eta. Gainera, ibilbideko errepidea ezagutzen nuen eta hori ere ona izaten da beti. Isil-isilean itxaropen handia nuen gordea, aitak eta Alexek bezala. Nik aldapa gogorrak behar nituen, eta aldapa amaitzen den tokian bertan edota handik gertu amaitutako karrerak, bestela ezinezkoa baitzen niretzat bakarrik ihes egitea, eta bakarrik iritsi ezean ezinezkoa, berriz, irabaztea. Aukeran aldapa luzeagoa izango nuen nahiago nik, baina banekien Kalbariorako azken igoera, bere motzean ere, oso gogorra izango zela, ordurako txirrindulari guztion indarrak nahiko erreta egongo zirelako. Irabazteak ederra behar zuen izan benetan. Ilusio handia nuen neure barrenean gordea, azkenera arte borrokatzeko prest nintzen. Artean inoiz karrera bakar bat irabazi gabea nintzen eta, bestalde, egun hartan irabazle izatea oso garrantzitsua zen berez, atzerrian korritzeko ateak zabal baitziezazkidakeen garaipenak, munduko txapelketan parte hartu behar zuten neskak aukeratzeko garaia orduantxe zenez.

        Gogoan ondo iltzatua dut karrera hura bere xehetasun guztiekin. Hura nire bizitzako karrera izan zela esan daiteke, ez bakarrik garrantzitsuena izan zelako gerora begira izango zituen ondorioengatik, baita neure bizitzaren metafora bihurtu zelako ere, dudarik gabe. Gaizki samar hasi nuen karrera, ez bainintzen eroso sentitu Kalbarioko lehen bi igoeretan. Askotan gertatzen den kontua da hori txirrindularitzan, batek zergatik den jakin gabe erosotasunik ezin aurkitzea inola ere bizikleta gainean, behar lukeena baino ahulago sentitzea eta nekatu behar ez lukeenean nekatzea. Gehiegizko arnasestu larrietan ibili nintzen karreraren aurrealdetik aparte ez geratzeko eginahalean. Baina hala ere gero eta hobeto sentitzen hasi nintzen azkenaldera, aldameneko neskak, aitzitik, gero eta nekatuago ikusten nituen bitartean. Azkenean, Kalbarioko hirugarren eta azken igoeran, behe-behetik hasita egin nuen eraso, lehor, gogor, bizi, indarrez. Erritmo suizida ezarri nuen metro gutxi batzuetako aldea lortu ondoren, gogor eutsi nion eskulekuari, tinko ezarri begirada aurreko asfaltoari eta gupidagabe agindu nion neure buruari ez barkatzeko, eusteko erritmo hari goraino, atzera begiratu gabe. Joan egin nintzen, tartea zabaldu egin zen nire atzean. Motorretakoek gero eta erreferentzia hobeak apuntatzen zizkidaten burua mugitu gabe begiratzen nituen arbeltxoetan: hogei segundu, hogeita hamahiru, berrogeita sei, berrogeita hamazortzi..., minutu bat eta bi segundu Kalbario gainetik gertu. Onena izan nintzen, inork ezin zidan erantzun, karrera neurea zen, azken zortzi kilometroetan ezin nuen minutu erdirik ere galdu, inola ere ez...

        Kalbario gainetik Mutriku aldera jaisten hasi eta pixka bat geroxeago, kilometro batera edo, itsasoa ikusten zen, garbi-garbi, aratz, eder, Mutriku herriaren atzean. Gogoan dut, ez dut inoiz ahaztuko, une hartan burura etorri zitzaidana: «Itsasoa ikusten lehenengoa izan naun», pentsatu nuen neure artean, «irabazi dinat karrera, hemendik helmugarako tartea itxura egiteko besterik ez dun, nik irabazi dinat lehena izan bainaiz itsasoa ikusten.» Bizikleta gainean maiz askotan pentsatzen dira horrelako txotxolokeria zentzugabeak, beti horrelakoak pentsatzen ibiltzen nintzen ni bizikleta gainean, areago gainera hura bezalako une larrietan. Baina, tira, bestela ere bai, etengabe ari naiz beti horrelako txotxolokeriak pentsatzen, eta ez dut uste neu bakarra naizenik horretan. Itsasoa ikusten lehenengoa izan arren, ez nuen ordea nik irabazi karrera hura, itsasoari begiratu beharrez burua atzera jiratu, bizkarra gehiegi behartu eta, ohartu nintzenerako, oreka galdu eta hantxe bertan herresta larrian erori bainintzen, oso modu txarrean. Bizkar hezurra okertu, bi hankak zeharo birrindu eta asfalto gainean utzi nuen hanketako odolaren erdia. Hantxe geratu nintzen errepide erdian etzanda, oinaze bizian, atzean utzirik nituen lehiakideak Mutriku aldera ziztu bizian nola jaisten ziren begiratzeko ere kemenik gabe. Nire lehen garaipenetik sei edo zazpi kilometrotara, hantxe geratu nintzen intzirika, oinaze lazgarrien artean, amorru itsu eta gaizto baten mendean. Ezin izan zen poetikoagoa, ezin izan zuen iradokizun ankerragorik nire derrotak, nire hondoratzeak, nire bizitzaren deuseztatzeak.

        Harrezkero aulki gurpildunari lotuta bizi naiz eta telebistan txirrindulari karrerak ikusten ditudanean oso ausartak iruditzen zaizkit txirrindulariak, hurrengo bihurgunean hankaz gora erori eta bertan hilda geratu behar dutela imajinatzen baitut beti ezinbestean. Hala ere telebistako emanaldi guztiak ikusten ditut, bat bera ere galdu gabe, oraindik ez baitut nire betiko zaletasuna galdu, ezta hurrik eman ere. Areago, berriz ere aurrerantzean txirrindularitzari estu lotuta biziko naizela erabaki dut, eta garai batean aldapei behetik hasita goraino ekiten nien adinako kemenez eta irmotasunez lotu natzaio dagoeneko erabaki tinko horri.

        Orain dela bost bat hilabete aitari zoritxarreko istripuaren parajeraino eramateko eskatu nion, Kalbario gainetik Mutrikurako jaitsiera anker hartara. Bat-bateko ideia izan zen, ezustekoa neuretzat ere. Itsumustuan istripua izan nuen bihurgunera joan eta handixe itsasoari begira geratu behar nuela otu zitzaidan. Indar berriak bil nitzakeela pentsatu nuen, etorkizunari aurre egiteko, nire hil arteko urte grisak ezerezaren asperdura hutsaletik libratzeko. Aitak ez zuen horrelakorik ulertu. Ez ninduen eraman nahi, hobe nuela hara ez itzultzea esan zidan, baina, azkenean, ideia hura nire burutik kentzea ezinezkoa zela etsita, amore eman zuen.

        Halaxe joan ginen aita eta biok istripuaren toki hartaraino, itsasoaren behatoki aparta den bihurgune traidore hartaraino. Bakarrik uzteko eskatu nion aitari baina ez zitzaidan erraza izan hori lortzea ere. Aulki gurpildunari lotuta bizitzeak bakardade latza sufritzera behartzen du, dudarik gabe, lagun eta adiskideen berotasunik gehiena erabat epeldua geratzen baita azkenerako ezinbestean, benetako adiskidetasuna eta maitasuna gainditu ezinezko oztopoz trabatzen duelako etengabe; hori horrela da eta ez dago ukatzerik, baina era berean benetan bakarrik egon nahi denean bakarrik egotea ere galarazten du aulki gurpildunarekiko lotura derrigorrezkoak, bakardadearen jabe izan eta bakardadea norberaren aberasgarri gisa baliatzea, beti norbait behar baitugu ondoan, askatasun fisikorik batere ez dugulako. Kostata lortu nuen ordu laurden eskaseko bakardadea paraje traidore, anker, odoltzale baina eder hartan. Itsasoari begira geratu nintzen orduan, itsaso mugagabe eta amaigabeari begira. Hura bezalakoa izan behar nuen neuk ere, infinitua oso-osorik, hutsik gabe, bere baitan bildu eta jasotzeko gauza. Bizikletan aldapan gora hasten nintzenean bezala jokatu behar nuen, behetik hasita goraino erritmo berari eutsi tinko, hutsik egin gabe, etengabe, mugagabe, amaigabe, infinitu... Horixe zen guztia. Ideia sinple eta erraza, etorkizun oso bat betetzeko lain hala ere ordea, itsaso sinple eta errazak lurbira osoaren hiru laurdenak betetzen dituen moduan.

        Hurrengo egunetan Jon Aldazabal izan nuen bisitari, aitaren lagun mina eta literatur kritikari ezaguna. Literaturaren bideen artean neuretzat komenigarrienak zein ote litezkeen asmatzen lagundu zidan hasieratik, eta oraindik horretan dihardugu tarteka-marteka egiten dizkidan bisitaldietan. Ideia sinple eta errazari lotu bainintzaion istripu tamalgarri hura izan nuen tokia bisitatzen izan nintzenetik: idazle izan behar dut, txirrindularitzaren inguruko istorioak asmatu behar ditut, luzeak eta laburrak, gozoak eta saminak, era guztietakoak, baina etengabe ekinez lanari, erritmoa inoiz ere galdu gabe, txirrindulariak behetik gorako aldapetan egin behar duen bezala. Ez dut ezinduentzako lanpostu berezi horietakorik nahi, behetik gorako aldapa luze bati ekin nahi diot, erritmo gogor bati eutsiz goraino, Kalbarioko igoera gogoangarri hartan egin nuen bezala.

        Arestian esan legez, txirrindularitzaren inguruko istorioak idatziko ditut eta giro horretan kokatuko dira nire idazki guztiak. Nire ustez nahiko arlo zabala da txirrindularitzarena bere esparrutik irten beharrik gabe nahi adina literatura egin eta batek nahi dituen kontu guztiak nahi duen erara adierazi ahal izateko. Jon Aldazabalek ere hala uste du eta hala uste izan ez balu ere axola handirik ez, niri ezin baitzait txirrindularitzaren ideia burutik kendu. Txirrindularitza bizitzaren erakusgarri, isla eta metafora baita, edo behintzat gu bizi garen eta txirrindularitza sortu duen gizarte kapitalista honetako bizimoduaren erakusgarri, isla eta metafora: garaile izateko irrika, horretarako etengabeko ahalegin eta borroka neketsu eta are, inoiz, arriskutsua ere, elkarren arteko lehia etengabea, lehiakidearekiko adiskidetasuna hala ere —itxuraz behintzat— karreratik kanpo, garaipenaren behin behineko poza eta ondorengo hutsunea, propagandaren eta diruaren agintea ororen gainetik, emakumeen indarren gutxiespena gizonezkoen aldetik... Gure gizarteko edozein arazori, edozein gairi ezar lekioke berari dagokion metafora ziklista pixka bat pentsatuz gero. Ez zait batere zaila iruditzen.

        Erabakia dut, beraz, zer egin aurrerantzean, zertan erabili neure indarrak. Beharbada, oraindik behintzat, oso idazle ona ere ez naiz, hasieran oso txirrindulari ona ere ez nintzen bezala, baina gerorako itxaropena badut, eta itxaropen horri azkenera arte argi egiteko asmo tinkoa. Bidea luzea eta aldapatsua da. Erritmoa markatua dago. Gogor eutsi diot eskulekuari, tinko ezarri begirada aurreko asfaltoari eta gupidagabe agindu neure buruari ez barkatzeko, eusteko erritmo horri goraino, atzera begiratu gabe.