Gabongaua
Pentsatzen hasiz gero, gure bizimodu hau xelebre samarra ere bada horratik! Eskerrak, bai, gutxitan hasten garela pentsatzeko lan horretan, horretarako astirik edo gogorik gabe bizi garelako. Nik gaur eragin dizkiot hainbat jira-bira aspaldian geldi antzean nuen buruari, eta ez dit onik egin, ez horixe! Bakardadeak izango du errua, noski, bakardadeak eta zahardadeak, gero eta zaharrago izan behar petral honek. Ezinegona sortu dit gogo jardunak, eta ezinegon horrek bultzatu nau idazten hastera, ez dakit zer idazteko baina, hori orain ikusi beharko dugu, aurrera egin ahala.
Gabon gaua da gaur, mundu guztiko haur txiki asko eta askoren pozgarri, guztiena ez bada ere, gaurko mundu honetan ezinezkoak baitira guztientzako pozgarriak. Bakar-bakarrik afaldu dut nik, aparteko jakirik gabe, turroirik gabe, txanpainik gabe, Euskal Herritik kanpo, bide ertzeko ostatu batean, eta oroitzapen urrun tristea ekarri dit gogora gaurko egunak, bere triste horretan gustukoa ere badudana bestalde, egia esan, bihotza samurtuz eta malkoak begiei kilima egitera deituz, hauek masailean behera amiltzera ausartu ez badira ere. Esan dudana, bakardadearen eta zahardadearen ajeak.
Urte asko dira, ez du axola handirik zenbat zehazten hasteak; hamahiru urte nituen orduan, gabon gau ilun urrun hartan. Bost hilabete ziren istripu ergel batek umezurtz utzi ninduenetik, aita-amarik gabe eta arrebarik gabe, goian zerua, behean lurra eta neu bakar-bakarrik munduan.
Osaba Paskual zenarenera joan nintzen orduan bizitzera. Tira, osabaren etxera eta osabaren kamioira esan beharko nuke berez, zehatza izatez gerotan. Osaba Paskual kamioilari mutilzahar egoskorra zen, huraxe ba egoskorra inon egoskorrik izatekotan, alajaina! Eta laster askorik pentsatu zuen hark nirekin zer egin: eskola utzi beharko nuen eta berarekin eramango ninduen lanera, egunak eta aste osoak ere eginez etxetik kanpo. Bidaia luzeak egiten genituen biok, Ermutik urrutira iritsiz, Madrilera, Bartzelonara, Valentziara, Sevillara... Osaba Paskualen kamioia oso handia zen, eta dotorea, atoiduna, zilegitzat ameti daitekeen neurririk luzeenari doi-doi egokitzen zitzaion atoi luze, handi eta egokia zuen edozer gauza garraiatzeko. Aurreko traktorea ere handia zuen, atzealdean bi lagunek lasai lo egiteko lain leku zeukan kabina eta guzti. Traktore haren goieratik, haizetakotik zehar behera begira, ederki ikusten nuen nik nola jaten zituen kilometro luze etengabeak gure kamioi ezin dotoreagoak.
Baina orain hain era nostalgikoan deskribatzen dudan kamioi handi hura ez zitzaidan gustatzen orduan. Aitzitik, herra nion. Ez nuen orduan gaur azken erraietaraino sartua dudan errepidearekiko lilurarik sentitzen. Ume koxkor etxezulo negarti samarra nintzen ni orduan, osaba Paskualen menpean pozik eta eroso inola ere ezin sentitu zena. Hark bere adiskide egin nahi ninduen, bere mundua erakutsi eta eskaini nahi zidan, bere mundu zakar eta gordina, baina nigan ezin izan zuen berak nahi izandako ikasle trebea aurkitu. Animatu barik uzkurtuarazi egiten ninduten haren oihu bortitzek, barregura baino areago izua sentiarazten zidaten haren txiste zakar eta zantar iraingarriek. Gogortu eta gizondu barik beldurtu eta umetu egiten ninduten hark bizimoduaren inguruan emandako iritzi eta aholkuek. Eta hark igertzen zion, jakina, antzematen zuen nigan ikasle kaskarra zuela. Errieta egiten zidan batzuetan, niri errieta egitea alferrik zela esan arren behin eta berriz, eta nazkatuta nuela esaten zidan, umezurztegira bidaliko ninduela behingoz ernatu eta bizitza zer zen ikasten ez banuen. Nik orduan beldur ikaragarria hartzen nion bizitza zer zen ikasteari.
Bidaia luzeetan lagun egiteaz gain, kontuak eta paperak zuzentzen laguntzen nion, edo kamioia kargatzen eta deskargatzen, eta tarteka bestelako mandatuak ere egiten nizkion, baina urduritu egiten nintzen beti lanean, larritu, osaba begira nuela pentsatuta, eta azkenean beti egiten nuen nahigabeko okerren bat. Errietan hasten zitzaidan orduan, ezertarako ez nuela balio esanez, ez nuela sekula ikasiko, ume mukizu eta negartia izango nintzela beti-beti. Are urduriago eta larriago sentiarazten ninduen bere errietarekin.
Gero adiskidetu egiten zitzaidan, ezer esan gabe, barkamenik inoiz ere eskatu gabe, berriro bere txiste gordinak kontatzeko, ordu luzetako bidean niri beldurgarriak iruditzen zitzaizkidan sermoi etengabetan aritzeko, agintarien aurka, apezen aurka, familiaren aurka, emakumeen aurka ere bai, hitz gogorrak eta birao zakarrak hitzetik hortzera. «Putaseme ugari bazterretan» gustatzen zitzaion esatea irribarre lodia eginez, ondoren «eta neu handiena, alajaina!» erantsi eta barre algara zoroak egiten hasteko. Osaba Paskual lege oneko tipo jatorra baitzen; txepelegia izan ni, ordea, orduan horretaz jabetzeko.
Bideetako putetxe guztiak ezagutzen zituen, eta ez zuen astebete osorik egingo haietako batean gelditu gabe. Lehenengo egunean berarekin eraman ninduen barra amerikar batera, tragu bat hartzera. Bi neska gazte inguratu zitzaizkigun, izterrak agerian zituztela, titiak estu-estu soinekotik kanpora irten beharrean, eta galderak egiten hasi ahots samurrez, ea nondik nora gindoazen eta horrelakoak. Nik ospa egin nuen azkar askorik kamioiaren kabinara. Osaba pare bat orduren buruan etorri zen, mozkortuta. Niri errieta pixka bat egin ondoren, berehalaxe loak hartu eta zurrungaka hasi zen. Harrezkero, ondoren, beti kabinan geratzen nintzen ni putetxe batera inguratzen ginenean, nahiz eta osabak beti esan barrura sartu, pixka bat edan eta tigreme haietako batekin larrua jotzen ikasteko, banuela horretarako garaia ere eta. Azkenean, etsita, seguru asko marikoi mengel nazkagarria besterik ez nintzela izango esaten zidan zakarki eta putetxe barrura joaten zen bera bakarrik.
Bost hilabete egin nituen horrela osabaren menpean, neure burua zomorrorik eskasenaren pareraino jaitsita sentituz, bizitzarako gauza ez ote nintzeneko zalantza itogarriaren pean, burua ezertarako ere ezin altxatuta.
Abenduaren 23an oso berandura arte egin zuen txofer osaba Paskualek. Sevillarako bidean, Córdobaraino iritsi ginen gaueko ordu biak inguruan edo, eta artean ere aurrera jarraitu zuen osabak, ordu laurden inguruko bidean aurrera herri koxkor bateko putetxera heldu nahian. Hara iritsi ginenean sekulako errieta egin zidan putetxe barrura lagundu nahi ez niolako. Besotik tiraka hasi zitzaidan baina nik, izuak jota, gogor eutsi nion. Negarrez hasi nintzen, oihuka, ez nuela joan nahi eta ez nuela joan nahi, eta osabak bi zaplada jo eta hantxe utzi ninduen marikoi nazkagarri zikina nintzela esanda. Negarrez segitu nuen, putetxeko atarira begira. Han ere eguberriak ziren. Izei handi bat zegoen koloretako zinta eta bolatxo elektrikoekin apainduta, goitik beheraino, batzuk itzalitakoan besteak piztu egiten zirela. Izeiaren goiko puntan izar distiratsua argi ororen gainetik. Pentsatzen hasiz gero gure mundu hau xelebre askoa dela esan bide nuen neure artean orduan ere, hamaika ikusteko jaioak garela, hamaika ikusteko jaioak garenez, bai horixe!
Jakina, aurreko urteko eguberriak etorri zitzaizkidan gogora, gurasoekin eta arrebarekin bizi izandako etxe giro epel hura, goxotasun lasaigarri ezti hura, betirako galdua zirudiena... Ordu erdi bateko negar saioa egiteko ez nengoela aitzakia faltan, alegia.
Ordu erdi inguruko negar mikatzaren ondoren, ordea, ideia bat etorri zitzaidan burura, neurekin gogor eutsi eta azkenera arte neurekin gordez gero irribarrea itzuli beharko zidan ideia: ihes egitearena; ihes egin osabari, iritsi nola edo hala tren geltokirik hurbileneraino eta Ermura heldu gabon gaueko bederatziak baino lehen; han Anttonenera joan nintekeen, neure adiskiderik minenaren etxera, dena azaldu eta bere familiaren goxotasunean afaldu, leku bat egingo zidatelako itxaropena banuen eta. Neure esku zegoen aukera. Ausardia pittin bat behar nuen eta beti aurrera egiteko kemena. Hemezortzi orduren buruan Anttonen etxeko goxotasuna sentitu, dastatu eta bizi ahal izango nuen, hemezortzi ordutan erne eta arin ibiltzea zen guztia, ahalegin guztiak egitea inoiz ere etsi gabe, ez nuen besterik ezer ere behar.
Osabak dirua gordetzeko zuen kutxa txikitik diru pixka bat hartu, ez asko, neure arropak eta trasteak boltsan bildu, kamioiko kabinatik jaitsi eta, osabari ohar txiki bat ere utzi gabe, Córdoba aldera auto-stop egiten hasi nintzen. Ez zebilen kotxe asko errepidean gaueko ordu haietan baina hogei bat minuturen buruan kotxe handi eta dotore baten barruan nindoan Córdobarantz, kotxeko berogailuak berotuta eta kotxe barrua girotzen zuten gabonetako apaingarriei begira: zintak, bolatxo distiratsuak, izartxoak, «Felicidades» zioen karteltxo apaina... Etxekoandre zintzo eta jatorra zen Córdobara eraman ninduena; gaueko hotzetan auto-stop egiten ari zen mutil koxkorraz errukitzeko adina bihotz izan zuen behintzat hark. Hamahiru urteko mutil koxkorra ordu txiki haietan auto-stop egiten ikustea harritzeko kontua zenez, neure burua zuritzeko gezurra asmatu beharrean izan nintzen: Córdobakoa nintzela eta etxetik ihes egin ondoren, damututa, etxeratu egin nahi nuela esan nion emakumeari. Ondo zegoela esan zidan hark orduan, ondo egiten nuela etxera itzultzea, gurasoek poz handia hartuko zutela eta. Ondo pentsatuta, ez dut uste ezer sinetsiko zidanik, gaztelaniaz hitz egiteko erak nire jatorria salatuko baitzion, baina ez zidan behintzat kontra egin. Zirrara gozo eta epel baten oroitzapena gordetzen dut une hartatik, zirrara gozo eta epela, bai, kotxe hura etxea eta emakume hura ama ez izan arren ere gabon giro goxoan sentitu bainintzen ordu erdi inguruko bidaia labur hartan.
Córdobako geltokian trenen ordutegiei begira hasi nintzen. Bazen goizean handik irten eta iluntze alderako Bilboraino iristen zen tren bat. Huraxe hartu behar nuen lehendabizi; gero, Bilbotik Ermura, izango zen tren edo autobusen bat niretzat, gaueko bederatzietarako Anttonen etxean izaten lagunduko zidana. Ez zegoen gaizki baina artean ere lau bat ordu falta ziren trena irteteko eta benetan hotz zegoen Córdoba ezezagun hartako geltokian. Andaluzia beti beroarekin lotzen da baina han ere badakite zer den hotza. Goardia zibilak zebiltzan inguruetan eta ez nintzen lo-zakua atera eta haren barruan sartzen ausartu. Córdobako kaleetatik paseo bat egitera abiatu eta ia lau ordu egin nituen batera eta bestera, noraezean, hotzez eta loguraz, guztiz jota. Zutik iraun behar nuen, ordea, iritsi egin behar nuen Anttonen etxera, gabon gaua bere etxeko giro goxoan ospatzeko, epel-epel adiskide baten ondoan, familia abegikor baten altzoan. Zein inozoak izaten garen hamahiru urte baino ez ditugunean...! Tira, neu bai behintzat, inozo galanta izan nintzen, alajaina! Ez zuen erabateko arrazoi faltarik osaba Paskualek.
Córdobako gauean ere prostitutak ikusi nituen kale ertzetan zutik, osaba Paskual bezalako bezeroen zain, hotzari ahal bezala aurre egin eta hala ere haragi puskaren bat ageri samarrean utzita. Ikusi nindutenean deika hasi zitzaizkidan, giro epelera eramango nindutela, ez zidatela minik egingo. Ihes egin nuen handik, baina bihotza taupada larrietan nuela, osabarekin putetxean izandakoan ez bezala emakume haiekin geratzeko gogo bortitz batek heldu baitzidan ezustean, neure pauso urduriak geldiarazi nahian. Aurrera jarraitu nuen, ordea, harik eta kale bakarti batean horma baten kontra inguratu eta burua hormaren eta bi eskuen artean ezkutaturik negarrez hasi nintzen arte. Laster lasaitu nintzen hala ere. Lasaitu egin behar nuen, bai, erne egon beharra nuen, indarrik eta kemenik galdu gabe, gabon gaua behar bezala ospatzeko helburua iritsiko banuen. Ezin nuen etsi. Geltokira heldu eta trenaren zain geratu nintzen, urduri artean ere, prostituten dei gozoak burutik ezin kenduta.
Ez dakit nola, ez dakit zergatik, baina kontua da okerreko trenean sartu nintzela oharkabean. Beharbada lehen trenbideko bigarren nasan hartu beharrean bigarren trenbideko lehenengo nasan hartu nuen trena edo horrelakoren bat. Izan ere, galduta nenbilen, toki erabat ezezagunean, hotzak amorratzen, logurak jota, urduri geltoki arrotz hartako mugimendu etengabearen erdian. Beraz, Linares-Baeza, Murtzia, Alacant eta Valentziatik zehar Bartzelonara zihoan trenean sartu nintzen Bilborakoa zelakoan, eta ziur sartu bide nintzen neure ustetan, ez bainion inori ea tren hura Bilbo aldera ote zihoan galdetu ere egin. Artean arrotzak zitzaizkidan paraje urrun haietan ez nuen susmo txarrik izan trena martxan jarri eta gero ere. Jota nengoenez, loak hartu ninduen berehala, harik eta goizeko hamar t'erdiak inguruan treneko begiraleak esnarazi ninduen arte. Txartela erakutsi nionean larritu egin zen, haserretzen hasi ere bai, baina laster baretu zen, nire egoera tristeaz urrikaldurik. Gabonak baitziren, izan ere, gizaixoez urrikaltzeko garaia. Murtziara arte ez zen ordea gelditzen tren hura; Murtziara arte, beraz, ez genuen ezer egiterik oker hura zuzentzeko. Begiraleak tren ordutegiak begiratu zituen, Bilbora edo Donostiara lehenbailehen iritsi ahal izateko hartu beharko nituen trenak zein ote ziren jakiteko. Tristaturik esan zidan gizonak ezin izango nuela gaueko ordu biak ingurura arte iritsi Donostiara, ezin izango nuela gabon gaua etxe giroan ospatu, alegia.
Tristura handi baten zama astuna erori zitzaidan gainera. Betirako bakardade erabatekoan bizitzera kondenaturik sentitu nintzen. Galduta nengoen munduan, ez neukan ezer, ez neukan inor, ez nintzen ezer egiteko gauza, hutsik hutsena nintzen. Neurea zen gainera errua, neurea ez besterena, eta ez nintzen inoiz ezer egitera, ezer izatera iritsiko, hala sentitzen nuen neuk orduan behintzat. Hala ere uste dut ez nuela negarrik egin, ez nuke ziur-ziur esango baina.
Negar eginik edo negarrik egin gabe, etsipenaren amildegiko ertzari gogor eutsita, ezerezaren ezerezean kontsolamendurik hutsenari lotuta, ezertan pentsatu gabe, neuregandik ere irtenda jaitsi nintzen trenetik Murtziako geltokian, lehenxeago lotan pasatu berri nintzeneko Linares-Baezako geltokiraino itzuliko ninduen lehen trenaren zain geratzeko, Linares-Baezan hartu behar bainuen gero Donostiaraino eramango ninduen trena. Murtziako geltokiko tabernan kafesnea hartu nuen, bi opilekin.
Lorik ez egiten saiatu arren, tartekako kuluskak eginez eman nuen Murtziatik Linares-Baezarako tartea, lokamuts labur eta zakarretan. Hala ere trena Linares-Baezara iritsi zenean esnai nintzen behintzat eta gaitzerdi.
Jateko gogo handirik ez izan arren, Linares-Baezako geltokiko tabernan otamen bat jan nuen, neure urdail errukarriarentzat beharrezkoa izango zela eta. Han zegoen jendeari bekaitzez erreparatzen nion otamena ahoratu bitartean. Jende hark guztiak nork bere etxean afalduko zuen goxo-goxo aparteko gau paregabe hartan, neuk gaua trenean pasatzen nuen bitartean, etxerik gabe, ilusiorik gabe, itxaropenik gabe eta bakar-bakarrik. Bere lanak zituen negarrari eusten jarraitzeak.
Azkenik, Donostiarako trenean sartu nintzen, arratsaldean, tren hura Donostia aldera zihoala ongi ziurtatu ondoren. Trena martxan jarri zenean aulkian eseri eta begiak itxi nituen. Hamar ordu inguru tren hartan, hantxe egotea beste lanik gabe, eta Donostian izango nintzen. Handik Ermurainoko bidea egin beharko nuen ondoren, eguberri egunaren goizaldean Anttonen etxean izateko; lur jota, lotsagarri, ezdeus agertuko nintzen baina han adiskide bat nuen sikiera. Ez zitzaidan erraza egin erabateko etsipenari aurre egitea. Horretarako, egun hartan bizitzen ari nintzena neure buruari abentura baten moduan aurkezten saiatu nintzen, nire ausardiari esker bizitzen ari nintzen abentura handia. Ezin sinestarazi nion, ordea, neure buruari, abentura horren amaierako unea garaipenezkoa izango zenik, berandu iritsi behar bainuen nahitaez, alferrik baitziren ahaleginak oro, gabon gaua etxe giro epelean igarotzea ezinezkoa zitzaidanez jada.
Horrelakoetan pentsatzen, behin Madril pasatuz gero loak hartu ninduen berriz ere arratsaldeko zortziak ingurura arte. Esnatu nintzenean bagoia betetzen zuen jendeari erreparatzen hasi nintzen. Jende askotxo zegoen eta gabon jaiei buruz mintzo ziren gehienak, oporrei buruz, telebistako saio bereziei buruz eta baita gabon gaueko afariari buruz ere. Zenbaitek opari paketeak edo kaxak zeramatzaten, eta botilak zirela antzematen zitzaien horietako askori. Geltoki guztietan gauza bera, batzuk jaitsi eta besteak igo. Neu, berriz, trenean segitzera kondenaturik, gabon gauaren goxotasunaren aztarnarik gabe, tristura erraldoi baten menpe. Koitadua!
Gaueko bederatziak edo bederatzi t'erdiak aldean, bagoia ia hutsik geratu zen bat-batean. Bost lagun geratu ginen bakarrik, lau lagun bakarrik, beraz, neurekin batera: nire aurreko aulkian eserita arropa zarpail samarrez jantzitako gizona, aldameneko leihatilatik zehar kanpora begira; ile grisdun atso zaharra, bestaldeko leihatilaren ondoan; atzeko aulkietan bi gizon gazte beltz lotan.
Aurreko aulkiko gizonak ea ez al nuen jaitsi behar galdetu zidan, ez al nuen nik etxerik gabongaueko afaria epel eta goxo egiteko. Ezetz esan nion, okerreko trena hartu eta berandutu egin zitzaidala. Elkarrekin hizketan hasi eta, pausoz pauso, neure egoera azaldu nion, gezurrik asmatu gabe. Errukitu egin zitzaidan hasieran, baina ez kezkatzeko esan zidan gero, begiratzeko lasai eta tristurarik gabe trenbide ondoko etxe guztien leihoetako argiei eta pentsatzeko trenean gindoazenon ikuspegia ederra zela, paregabea benetan. Bestaldeko atsoa leiho gaineko apaletik boltsa bat jaitsi, boltsatik ahoko soinua atera eta doinu triste bat jotzen hasi zen. «Nik ez nikek bagoi hau aldatuko etxe horietako gozotasunaren truke», esan zidan gizonak orduan. «Ezta pentsatu ere. Etxean goxo-goxo afaltzen ari direnek ez zekitek gabon gaua zer den, ezta hurrik eman ere! Gabon gaua zer den hemen ikasten duk, txikito, etxetik kanpo, eta hementxe duk beste inon baino liluragarriagoa.»
Aldameneko atsoari begiratzeko adierazi zidan keinu batez, irribarre egiten zuen bitartean. Atsoak gozotasunez begiratu zigun, ahoko soinua jotzeari utzi gabe, doinu triste hari lotuta. Doinua amaitu zuenean txaloak jo zizkion gizonak eta atsoak esker oneko irribarre apala egin zuen.
Orduan gizonak goiko apaletik boltsa bat jaitsi eta bertatik gazta bat, ogi puska handia, ardo botila, labana eta edalontzia atera zituen. Atsoa guregana hurbildu eta gazta jan eta ardoa edatera gonbidatu zuen. Atsoak ezetz adierazi zion eskuekin, aulkitik mugitugabe eta hitzik esan gabe horretarako ere; ez dut uste hitz bat bera ere aditu nionik atsoari bidaia osoan. Ondoren niri egin zidan gizonak gonbitea eta nik ez nion ezetzik esan, gosez amorratzen bainengoen, jakina. Bion artean jan genuen gazta puska hura eta bion artean hustu ardo botila, neuk laurdena baino edan ez banuen ere.
Hizketan jarraitu zuen gizonak jaten genuen bitartean, eta hizketan jarraitu zuen gizonak gero ere, batetik besterako bizitza bakartiaren goraipamenak eginez, tristuraren gorazarreak, derrotaren laudorioak; tarteka isildu egiten zen atso zaharrak ahoko soinuarekin doinu triste berri bati ekiten zionean, ekitaldi hark hitzaldiaren mezua berretsi eta indartuko bailuen. Gizartea gaiztoa dela esaten zidan gizonak, familia itxuraz erosoa eta gozoa dirudien gartzela ankerra dela, askatasunak bakardadea derrigorrezkoa duela, bakardade askean senti daitekeela bakarrik norberaren izaera munduaren aurkako kolpean eta sentimendu hori dela bizitzea, ez besterik ezer ere; munduaren aurrean bakarrik dagoela gizakia, mugarik gabe, eta mugarik gabe bizi behar duela bizitze hori bizi-bizian sentituko badu; gabon gauean etxe giro gozoan afaltzen duenak ez dakiela bizitza zer den, ez diola bizitzari antzik txikiena ere ematen. Horrelako kontuak esaten zizkidan gizonak, horrela laburbilduko nuke haren mezua. Baliteke, haatik, gizonak orduan esandakoa neure erara gogoratzea neuk orain dagoeneko, haren hitzaldiaren haria ahazturik neuk ezarri izatea, alegia, neurea hitzaldiaren oroitzapenari.
Tren begiraleak gure bagoiko korridorea zeharkatu zuen gizona bere azalpenak ematen ari zitzaidan bitartean. Hitz egiteari utzi gabe, aldameneko atsoari begiratzeko adierazi zidan gizonak keinu batez. Harriturik, atso zaharrak begiralearen poltsikotik kartera nola lapurtzen zuen ikusi nuen, begiralea ezertaz ere ohartu gabe, leun-leun, garbi-garbi, ziurtasun osoz, ia-ia gozotasun eta maitasunez esango nuke. Ez zait egundo ahaztuko berari begira ikusi ninduenean atsoak egin zidan irribarre eztiaren samurtasuna.
Bizitzen ari nintzena benetan ezin sinetsita sentitu nintzen, lilura batean. Horregatik bide dut oraindik gogoan hain tinko iltzatua ordu haietako oroitzapena, hainbeste urte pasatu eta gero ere; oso oroitzapen bitxia da, irreala, amets girokoa, baina, era berean, bizi-bizi eta indartsua. Eta amets bitxi batetik esnatzearen parekoa izan zen, hain zuzen ere, Donostiako geltokian jaisteko unea, gaueko laurak jota zirela jada. Gizonak, atsoak eta bi beltz lotiek aurrera jarraitu zuten beren bidaia. Trenetik inoiz ere jaitsi gabe jarraitu behar zutelako irudipenak hotzikarak eragin zizkidan.
Ordu batzuk pasatu behar izan nituen gero Donostian, eguberri eguneko goizaldean Ermuraino eramango ninduen trenaren zain. Nahastuta sentitzen nintzen. Gabon gaua ez zen nik nahi eta behar nuen bezalakoa izan, baina horrek baino pena sakonagoa sentiarazten zidan trenean ezagututako lagun berezi haiek betiko galdu izanak.
Urteetan aurrera egin ahala gaztetxo inozo eta beldurti hark bizitzarekin egin zuen topo aurrez aurre, eta bizitzak osaba Paskualen antzeko bihurtu zuen. Bide ertzeko putetxe mordoa ezagutzen duen kamioilari bakarti eta baldarra naiz ni gaur egun, osaba bera baino putazale amorratuagoa. Xelebrea da, bai, gure bizimodu hau, pentsatzen hasiz gero. Hainbeste emakume biluztu, besarkatu, ukitu, ferekatu, gozatu, neureganatu, eta dena alferrik izan dela pentsatzen hasi naiz, alfer-alferrik ibili naizela hara eta hona, urteetan eta urteetan, ahoko soinua jotzen zuen atso zahar haren irribarrearen bila beti, lapur gozo xarmangarri haren samurtasun mugagabearekin noiz berriro topo egingo. Pentsa al daiteke txorakeria handiagorik? Zahartzen hasia ote nago? Zergatik gelditu naiz afalostean kamioiaren kabinan, lerro nahasi eta oker hauek idazten, aldamenean bertan dudan putetxera joan eta, gizalegeari jarraituz, parranda ederra bota beharrean? Tira, bakardadearen eta zahardadearen ajeak izango dira. Ez da ezer. Pasatuko zait.