X
Festak, berriz hasi ziren, Euskal Herri barnean. Fandango, arin-arin, kaskarrot martxak, kantaldi oparoak, pastoralak: sekulan baino gehiago. Santa Graziko gazteek, adibidez, eman zuten Junes Kasenave-Harrigilek idatzi obra bat «Irulegiko Elorri» titulupean. Izugarrizko arrakasta ukan zuen pastoral horrek... Jendea, Irulegin eta inguruetan, zein bere lanari lotu zen; eriak eta pelerinoak gero eta ugariago etortzen bait ziren.
«Maiatz» batasunekoek afari bat egin zuten Baionako apezpikutegian; ba, beste kaskoin hura joanik, Aita Sainduak Kepa Oihenarte hautatu zuen kargu horren batetzeko. Ehungarren zenbakiaren kaleratzea ospatzen zuten. 198 Lean, pattar horretan iraulen edo udalen hasi zirenean ez zuketen pentsatzen beren saila hain urrun eraman zezaketenik. Baina ez da sekulan zerbait obratu behar geroari pentsatuz: mementoan mementokoa konplitzea aski da. Hau etsenplu bat da...
Jon Kapagorrik bizia zigarreta bat bezala erretzen zuen, ordu haietan. Eta biziki gustatzen zitzaion, autoan, laster gidatzea. Bazuen Peugeot 304 coupé décapotable xuri-beltz bat. Gertatu behar zena gertatu zen: Altzumarta eta Martxutako bidean, platana bat kuskatu zuela. Beribila puskatua zen, eta barnekoak ez men gehiago formarik. Berna fite hedatu zen, herrietako irratien bitartez, Jon Kapagorrik istripu bat ukan zuela, etabar. Segidan, Donapaleutik, gendarmeak, ponpierrak eta ànbulantziak etorri ziren, hots eta zarata askorekin.
Herrialde orotan gizonak oihuka ari ziren, eta emazteak negarrez. Istripu hori injustizia bat zela zioten gehienek. Batzuek zuhurtzia uzten zuten mintzatzera:
Ba, gure zorionak ez zezakeen iraun. Bizi honetan, zorion minutu bakar batentzat, mila zorigaitz ordu dauzkagu. Errezago da zorigaitza segitzea, hor gure erdian tente eta mutu bait dago, zoriona iheskorra delarik. Zer egingo dugu orain? Beste diputatu bat hautatu? Ez, ez dugu hau baino txarrago baten hautatzearen arriskurik hartuko. Bon, hau egin dezagun: ez dugu gehiago diputaturik igorriko Pariseko parlamentura; gaur goitik gure gain jarriko gara!»
Zuhur horiek arrakasta eta entzule frango bazuten inguruetan. Hitz bat bakarrik, bazebilen denen ezpainetan «gure gaintasuna». Halere, jendeek, sekretuki desiratzen zuten, autoko istripua ukanagatik, ez zela Jon Kapagorri hola eta hola hilen...
Anbulantziak Baionako klinika berrira eraman zuen Jon Kapagorri gizon ederraren gorputz dislokatua. Hango medikuek, zioten ez zutela Baionan deusik egiten ahal, eta Bordelera bidaltzea erabaki zuten. Gure diputatua zitzi puska bat baizik ez zen orduan. Bordelen, Pelegrin klinikaren teilatuan pausatu zen, Jon Kapagorriren gorputza ekartzen zuen elikopteroa. Lasterka jin ziren infirmertsak, erizainak, medikuak eta beste armada zuria formatzen duten espezialistak.
Operazione blokera karreatu zuten Jon Kapagorri. Mediku atrebitu, aberats, espantoros horiek nahi zutena egiten zuketen gure diputatuaren gorputzarekin. Batek, zangoko hezurra hautsi zion, aiseago sar zedin operazio taula hertsian. Beharrik jende gutik daki zer gertatzen den zuzen klinika horietan; askotan etxe ospetsuenek harakindegi antzak badituzte... Eta eter usain segitzaile hori... Triste zen hondarrean!
Jon Kapagorri operatu behar zuen xirurgianoaren izena arras itsusia zen: Gilles Bizturri. Bihotza alegera hasi zen zitzi pusken josten, hertze zilatuen tapatzen bizikletetarako erabiltzen diren rustinekin; estomaka gibelarekin koropilatu zion; bihotza bere kaiolatik kendu zion, gero bi burdin zatiren bitartez, bere lekuan erdi-makur jartzeko... Gilles Bizturri ez zen egiazko medikua, arotza bait zen, klinika honetara jin baino lehen. Xarkuteria hori, aise konpreni-dezakegu, jakinik Bizturri jauna Bordeleko extrema eskuineko taldearen buruzagia zela... A! bai eh...
Aste oso batez, berri kontraditorioak hedatu ziren Euskal Herrian. Batzuek Jon Kapagorri hil zorian zegoela, besteek esperantza gelditzen zela oraino, Bordeleko medikuek zerbait on konpli zezaten. Elorrik berak ez zekien gauza handirik. Bordeleko medikuek ez zioten erraten zuzen zer egiten zuten Jon Kapagorriren gorputzarekin. Gainera debekatu zioten ikustera etortzea. Pena bat da emazte batek bere senarraren berririk ez edukitzea...
Trapu bat bezala, Bordeleko medikuek Baionara igorri zuten Jon Kapagorri. Hiru aste iraun zuen Bordeleko bidaiak, eta gure diputatua ez zen iratzartu. Pastinarri bat iduri, perfuzioekin, bizirik atxikitzen zuten. Orduan Elorri joan zen lasterka, Irulegitik, Baionara bere senarraren osagarri ahularen berri jakitera. Ikusi zuen, ba, baina nolako egoeran: buruak ez zuen gehiago buru formarik, ezpainik eta ahorik ez, besoak plegatuak zituen, zangoak ere. Elorri negarrez hasi zen: «ene maitia, orroit hadi Irulegi inguruko sasietan nola jostatzen ginen elkarrekin...». Hitz horiek erran orduko Jon Kapagorrik begiak ireki zituen... Eta, Elorriri konpreni arazi zion Irulegiko Ama Birjinarengana ihes egin nahi zuela, hark sendatzen ez bazuen ere, bederen lasaiki hiltzen ahalko zela. Han, Irulegin...
Elorrik eskatu zuen Baionako klinikaren buruzagiari bere senarra, Irulegiraino eramateko baimena. Errez erdietsi zuen, Baionan ez bait zekiten zer egin horrelako gorputz erdi hil batetaz. Anbulantzia klinikatik emeki jalgi zen, eta segur, azken aldikoz Jon Kapagorrik, bere emaztearen eskua tinkatzen zuela, Euskal Herriko bazter pollitak begiztatu zituen. Uztaritze, Kanbo,
Itsasu, Bidarrai, Uharte-Garazi eta Irulegi... Ahal izan balu negarrez ariko zen...
Irulegin, jende askok, beren diputatua idurikatzen zuten. Otoitzean ari ziren, nahiz bazekiten orain, dena maxinazio bat izan zela. Berdin zitzaien, lana herrian euskaraz erdietsi zutelakoz Jon Kapagorri diputatu komunista horren bidez. Gainera, sinestearen bortxaz, mirakuluak eta besteak, egiazki gertatzen hasiak ziren. Urtero, Irulegin, Lurdesen baino fededun gehiago biltzen zen... Anbulantzia, ostatuaren aintzinean paratu zen, eta bi langilek Jon Kapagorriren anda jautsi zuten. Jendeak, hauteskunde arratseko txalopen berdina egin zion Kapagorriri. Diputatuaren ezpain formarik gabeko haietan, irri bat marrazkitu zen.
Basilikaren atarian pausatu zuten Jonen anda. Handik azken mintzaldi labur baten emateko, bere indarrak bildu zituen, diputatu gazteak:
«Milesker, urte luze hauetan zehar eman didazuen konfiantzaz. Gezurra asmaturik, herriaren laguntzeko beharbada deabrua sobera tentaturik, hark bere infernuan hartuko nau. Niri berdin zait, infernuko ere, batzuk behar bait dira. Barkatuko didazue agian, ez banaiz lehenago nola euskara ederrean eta literario batetan mintzo... Segi ezazue beti bide beretik: hobe da lurrean paradisua bizitzea, ahal bezainbat, gero berdin hil eta infernuan ere zuen heineko paradisua erdiesten ahalko bait duzue. Asko egoten dira zeruari begira, han dela Jainkoaren eskuinean jarririk, egiazko paradisua...
Zuek ez esperantza faltsurik eman nehori, esperantza egunero, zail bada zail, bizitzen ahal bait daiteke. Zorionak denei, zuen kolaborazione zintzoagatik. Zorionak, eta milesker!».
Jadanik, hainbeste zauri ezin sendatu zituen mutikoak horrelako hitz hunkigarriak erratea, harrigarria zen. Entzuleek txalo hornituak eman zituzten. Bere endeari azken behako bat bota zion, eta zeruan hodei beltzak biltzen ari zirela, Jon Kapagorrik hatsa jabeari itzuli zion. Hiru ximixta ikus zitezkeen zeru-ortza zilatzen, ihausteri burrunbatsu batek mundua ikaratzen zuela... Doidoietarik ez bait zen egiazki Ama Birjina agertu!
Basilikako orginak egun osoan, soinutan ari ziren, Gaxuxa Poalla atrebituaren eri trebeen medioz. Mozarten Requiem delakoa entzun zitekeen, eta Maite Idirin etorri zen kantu klasiko triste batzuen abestera. Jon Kapagorri kutxan sartu zuten. Lau egunez, pestilentzia askoren erdian, jende frango jin zen otoitz labur batzuren marmarikatzera, lore zimelduak pausatzera, diputatuaren argazkiaren musukatzera eta besarkatzera. Guziek bazuten, segur, zer egin..:
Jon Kapagorriren beribil kraskatua (Peugeot 304 coupé décapotable) basilikaren aldarean ezarri zuten, errelikia gisa pelerinoek adoratzekotan. Irulegiko jaun merak mundu osotik telegrama sinpatikoak errezebitu zituen: Giterranek, bere ministro bat igorri zuen lau-bost egunentzat, ehorzketa handiak molda zitzan diru pila batekin. Jacksonek, Ipar Ameriketako lehendakari beltzak, Txikagoko artzapezpiku indiotarra delegatu zuen, eta Moskuko Txernienkok, Tsarkoie Sieloko pope ortodoxoa.
Ehorzketen ordua jin zenean, Irulegiko landa eta zelai guziak jendez estaliak ziren; bizidun uhin beltz horrek naturaren larrazkeneko hegoak busti orlegitasuna gordetzen zuen. Kepa Oihenartek erran zuen Jon Kapagorriren oroimenezko azken meza kantatua; bertsolariak hor ziren, kantariak, bai eta ere Artze anaiak txalapartaz, arimaren gorputzetik joate soilaren laguntzeko. Gaxuxa Poallak orgina jotzen zuen, aire samurrak emanez. Jendeak negarrak berentzako atxikitzen saiatzen ziren, horrek seriotasun hunkigarri bat zemaion zelebrazioneari...
Gero, litanien ondotik, jendeak bi lerrotan jarri ziren. Iñaki Karrakoilek, Frantxix Kaskarrok, Kepa Oihenartek eta Manex Lanatuak, gaztaintzean moztu kutxa pisua, sorbaldetanhartu zuten, hilerrira eramateko. Hilerria, elizatik bi kilometrotan zegoen, eta bi kilometro horietan, bide bazterrean, fededunak beltzez beste mukurru zeuden. «Zerua! zerua! zerua saritzat!» abesten zuten...
Herriko langileek jadanik leku huts batetan lurrean bi metro barnako zilo bat egin zuten. Karreatzaileek pausatu zuten, eta apezak azken benedikazionean kantatu zuen, berreterrek intsentsua hedatzen zutela kanpoaren usainontzeko. Bat-batean, Elorri alargun gaztea, doluminez, lerroetarik atera zen negarrez oihuka. Iduri zuen otsoak berriz gure artera heldu zirela: Elorri desesperatuaren orro erraikorrak!
Elorri gaixoa, kutxaren gainean etzan zen. Kepa Oihenartek erran zion ez zela gehiago deus egitekorik, gizon bat hila zenean betikotzat hila zela, eta nahiz Jon Kapagorri izan, mirakulurik ez zela gertatzen ahal. Hori Jesusen pribilegio bakarra zela. Elorri, Jesus delako haren madarikatzen hasi zen. Urrunegitik ez zitekeen ikus, baina bere mantalet brodatu beltzetik laban zorrotz bat kendu zuen. Zorbatza, eguzki arraio espantorosekin klixkan ari zen. Zorbatzari so egin zion, eta bere arropa lodiak altxatuz, tripan barna sartu. Eskuinaldetik ezkerraldera sabela ireki zuen. Minik senditzen ez zuela bazirudien. Halatan, Elorrirentzat gorputzeko mina ez zen bihotzeko mina bezain hilkorra...
Elorriren gorputzean, sabelaren hainean, marra gorri ketsu bat ireki zen, beraz. Hertzeak odoletan erori ziren lurrera, gibelak lurra hunkitzean zartatze minbera bat ukan zuen, halaber estomakarekin. Odol gorri, gazte, lerden hori lurreko errautsarekin nahasi, merlatu zen. Hainbeste hemoglobina! Gehiegi, kutxa gainditua gertatu zen...
Hats erlastu bat bota zuen Elorrik. Jon Kapagorriren kutxaren gainean zabal-zabalik, eta tripako elementu guziak kanpoan ketan oraindik, luzatu, hedatu zen. Istono hunkigarri hau horretan bukatu zen, nik ere besteak nola, memento latzean begiak hertsi bait nituen...
1984ko uztailean
Oragarren egina