IV
Negu bat pasatu zen. Euri eta haize zirimola askorekin, Euskal Herrian hain zaila den iragaiteko negu luzea. Jon Kapagorri, Parisen eta Bordelen ibili zen, bere gogoko basilika gotikoa eraikitzeko, kemènez betea, kreditoen bila. Primaderaren lehen egunean, ministroak gutun bat igorri zion:
«Diputadu laguna,
»Gure azken ministroen arteko bilkuran bi miliar diru berri desblokatzea erabaki dugu, Frantzia osoa ohoratuko duen basilika horren altxatzeko. Orain zuei esku!
»Egia erran nahiago dugu zerga-pagatzaileen dirua manera horretan enplegatu, euskal kulturarentzat baino ondorio gehiago bait dakarkigu. Diputadu laguna, suerte on, eta anartean gure agurrik beroenak har itzazu...»
Bai, beste denboretan ikastolen alde borrokan ari izan ginelarik, frantses gobernu sozialista askoz zekenago eta bekaiztiago agertu zen. Funtsean, ez zituen euskaraz egiten ziren ekintzak laguntzen, baizik eta aintzinetik segurtaturik, euskararen salbatzea gaia eta Euskal Herria baketzea xedea zeukaten erdaldun antieuskaldun amorratuak. Berak «malgoak» deitzen ziren. Besteek «har malats kolaboratzaileak» izendatzen zituzten. Bon, hau dena iragana dugu. Ez du balio prehistoriako mamu ergel horien berpiztea!
Maiatzaren bigarren egunean mirakulu bat gertatu zen, oraindik mundu guzian famatua zen Irulegiko santuario arruntean. Larogei urteko agure paralizatu batek bere zangoetan indar handi bat senditu zuen, eta korrika ibil zitekeen berriro. Bazuen hiru hamarkada, ahal hori galdua zuela... Irulegiko lehen mirakulua, maiatzaren bian, maiatza Birjinaren hilabeta dela dakigularik. Ezin sinetsia, alta jende frangok sinetsi zuten. Irulegiko plazan edonongo paralizatuz, itsuz, okerrez, mainguz edo ezin sendatuzko eriz bete zen. Irulegik ospitale bat zirudien...
Aintzinago joan aurretik lehen mirakulu horren mekanismoak esplika ditzagun: Iñaki Karrakoil medikuak, negu hotzean barna, Baigorriko lur gorriari sendatzeko boterea emateko onkailu bat asmatu zuen. Ehun gramoko errauts botoilak bareatu zituen eskualde horretako laborariei. Urririk. Nekazariek pentsatu zuten, kitorik denaz geroz ez dugu deusik irriskatzen. Lehen Itospe eta Dukosken alde bozkatzeko, gauza bera zitzaien burutik pasatzen... Bestalde Iñaki Karrakoilek mirakulua ongi apailatua zuen. Santa Grazin ezagutzen zuen Frantxix Kaskarro izeneko gizon zahar bitxi bat. Mendian bizi zen eta gaitzeko osagarri onean zegoen. Bizi guzian ez zuen medikurik ikusteko beharrik izan. Ordea, norbait konplize beharrean, eta Frantxixek irri egitea maite zuelakoan, mediku gaztearen eta agure zaharraren bideak, Irulegin kurutzatu ziren.
Medikuak mizpiran zizelkatu makila ferratua eskaini zion, eta bere paralisi minengatik hiru aste bizitzeko epea ematen ziolako paperak (faltsuak) bidali zizkion. Frantxix Kaskarrok aski zuen paralizatu gizonaren zauria simulatzea. Besterik gabe. Orduan pentsatzen dukezuen bezala, errez zen gizon sendo bat, paralizatua alegia, mirakulu baten medioz betiko sendatzea.
Frantxixek bere jokoa ederki atxiki zuen. Eta, lehen sendatuaren ohorea Santa Grazira ekarri zuen. Iñaki Karrakoilek sendatze hori zertifikatu zuen, deus jukutriarik suma arazi gabe.
Kipres Arbelori apezak, Afrikan hamaika urtez misionest egonak, bere apez talentuak oro bildu zituen, jendeari zerukoaren ahala goraipa arazteko. Denak, herrialde xumeenetarik hiri irekienetara, otoitzean ari ziren: Kipres Arbelori apezak asmatu otoitz bat errepikatzen zuten. Hona, zuek ere balia dezazuen, Jainkoari egin dei horren mamia:
«Zeruko Jainko Jaun ospetsua, indartsua, kartsua, hartsua, entzun itzazu zuri dei egiteko belaunikatuak direnen otoitz hauek. Ez zaitugu sekula aski eskertzen ahalko, guri utzi diguzun ohore handiagatik. Ezen zu ez bazina Jainko, eta Ama Birjina hain emazte garbia ez balitz, ni ez nintzateke apez. Bekatoros hutsa bakarrik. Segi ezazu, zeruko Jainko amultsua, Irulegin mirakuluak bultzatzen. Guk, apezek, Euskal herria fededun begiratzen jarraituko dugu. Morala kristaua azkartuko dugu, denek elkarrekin, ardiak eta artzainak eskuz-esku ibiliko garela, Jauna non nahi eta beti zure laudatzeko. Amen!».
Hitz hunkigarri horiek edozein fedegaberen bihotz errebelatuak larru ditzakete. Baiki. Gainera Kipres Arbelorik euskara ederra zerabilkien. Ez egunero etxetan eta karrikan erabiltzen den euskara laidoz (sarbalakio, alua, astazakil edo astopito zikina) eta bekatuz estali hura. Apezek, Euskal Herrian, mintzatzen duten euskara leun, faltsu, espantoros hura miresten zuten jendeek, eta horregatik, Kipresek admiratzaile frango bazeukan.
Kazetek mirakulutuaren argazkiak erakusten zituzten, bi motetako argazkiak: sendatu aintzin (uuu itsusia!) eta sendatuz geroz (ooo polita!). Bien arteko desberdintasuna zehazki ageri zen. Irakurleak negarrez hipaka ari ziren, beren fedea nehoiz dudan jarri gabe.
Anartean herriko artesanek basilika eraiki zuten. Urte batez finitua zen. Jon Kapagorrik kantonamenduka bilkurak antolatu zituen, ikusteko bakoitzak zer aberastasun ekar zezakeen. Donapaleukoak, bere hargin hoberenak igorri zituen; Iholdikoak, bere maixturu edo zurgin trebeenak; Ostibarrekoak mila eskulangile; Garazikoak, arkitektu tropa bat; Baigorrikoak, berinda egileak: Ortzaizekoak, koziner andana bat langile horiei jatekoa prestatzeko; etabar luzea...
Basilika altxatzea festa bat izan zen. Batasuna. Txistulariak eta hegoaldetik etorri trikitilari beroenak etorri ziren. Urte horretan, asko edan zen Euskal Herrian zehar. «Bertsularien lagunak» batzarreak bere kideren bat edo bi, delegatzen zituen gauero entzuleentzat saio kartsuak egiteko. Bertsulariek, apezen euskaldun/fededun ideologia ekartzen zuten. Nola lehen gobernuak, orain apezpikutegiak tratu bat firmatu zuen «Bertsularien lagunak» elkartearekin. Ez zen hain zaila izan, bertsulari guziak erdi apez zirelakoan.
Festa giroa beraz. Harriz-harri eraiki zuten basilika, Pariseko katedrala baino ederragoa zen, altuagoa, argiagoa. Basilikaz bestalde, etxe berezi batzuk egin zituzten: lau ospitale moderno, skaner eta guziekin, hamar hotel hiru izar, bi joko kasino, putaetxe zertifikatu bat, eliza xume bat, Elorrirendako komentu berria, Ama Birjina plastikozkoak moldatzeko larehun langile har ditzaketen bi lantegi, eta azkenerako utzi dut, sendatzeko lohi zizaretsuz bete bost maina leku...
Jon Kapagorri diputadua arras pozik zegoen. Hor altxatu zituen etxe taldeek, ongi funtzionatzeko, bederen bost mila langile beharko zituzten. Urtero, Irulegiko Ama Birjinaren santuario aberatsaren omena emendatuz joanen bait zen, bi mila langile erantsi beharko ziren, lehen bost mila horiei. Etabar. Gazteen formatzeko ez zuen ahantzi informatika/elektronika eskola bat muntatzea, zeren Irulegin sendatze guziak konputer edo ordinaturrez kondatuko bait ziren. Gainera Irulegiko santuarioak ez zituen bakarrik Irulegin enplegatuko langileak. Fedearen komertzio horretan, Euskal herri osoko artesaniak eta industria txikiak sartzen ahalko ziren, en amont edo en aval. Halatan langabeziaren mehatxu beldurgarria ezeztatua zen. Mirakulu bat.
Jon Kapagorrik euskara asko maite zuen, eta erabaki zuen herrialdeetako beste indar ekonomiko eta politikoekin basilikan, eta basilika inguruko tokietan hitz guziak euskaraz ematea, erderazko itzulpenik gabe. Horregatik bizpahiru idazle ezagunei hiztegi erdal/euskaldun bat izkribatzea manatu zieten, leku sainduetan ardurenik erabiltzen diren solasekin. Halatan, euskara ere inportanta bilakatua zen, eta ez zuen oraindik salbatua (bekatoros gaizoa bezala) izate beharrik. Mirakulu bi...
Jon Kapagorrik pentsatzen zuen, bera eta bere herkideen lanaren aintzinean zutik plantatzen zelarik, munduan ez zela nehon Irulegin, Euskal Herrian baino diru uhain lodiagorik pasatuko. Erran dezagun ere, frantses gobernu elkor eta zekenak, eman kreditoak ez zuela «itzul hadi» izengoitirik. Beraz alor guzietan irabazle ateratzen ginen...
Agorril haseran berri triste bat zabaldu mendi eta oihanetan, Elorri Bazterrek azken hatsa botatu zuela, jabearen eskuetan emanez bere gero zoriontsua. Haragi min bat bezala hedatu zen berria, eta plazetan ikus zitezkeen gizon-emazteen begiak, negarrez artzearen bortxaz, gorriak eta sufrantzez hantuak ziren.
Hiru egun berantago ehorzketa ixilak egin zizkioten,
Jon Kapagorri, Kepa Oihenarte, Iñaki Karrakoil eta bere ama zituela segitzaile bakarrak. Apez batzuek ere, beren buruak Elorriren ohoreari lotzeko asmoz, etorri nahi zuten, baina Kepa Oihenartek apezpikuari, neska zoritxartsuaren testamentua, erakutsi zion, eta erran hobe zela, laster saindu bilakatuko zen Elorri honen desirak hatz-hatzez segitzea. Apezpikuak, bere apez armada beltzei etxean egotea manatu zien, beraz. Baina nehork ez zuen obeditu...
Enterramendu handia izan zen: herritar eta atzerritar guziak bildu ziren Elorriren kutxa zizelkatuaren inguruan. Kutxa hori eske batek pagatu zuen, Bazterrekoak pobreegi bait zitezkeen horrelako arte lan fina ordaintzeko. Kipres Arbelorik, usaian bezala, bere alde monopolizatu zuen zeremonia hunkigarri horren kudeatzearen ohorea. Aitortu behar dugu fede azkar batekin konplitu zuela bere eginbidea... Bazen tristura, bazen pena, bazen negar samin Irulegiko inguruetan. Elorriren gorputz hotza lurrean sartu zutenean, eta fidelek «zerua, zerua, zerua saritzat» kantatzen zutelarik, iparraldetik hodei lodi bat etorri zen, ezin bestean hau ere ortzantz mehatxudunetan lehertu zen. Azken lur palatara kutxaren gainera botatu zutenean, zimizta zilar batek Baigorri aldeko lur gorria larrutu, zauritu, hautsi zuen... Denek pentsatu zuten zimizta hori Jaun Goikoaren botza zela, eta belaunikaturik, ardura, egin ez zituzten bekatuentzat barkamenduka hasi ziren...
Baina...
Baina apezek eta fededunek jakin gabean, beharrik, lurrera eraman zuten Elorriren kutxa hutsa zen. Esplika dezagun: neskaren hiltzeraren berria hedatu zelarik hila baino lokartuago zen Elorri, eta hori Iñaki Karrakoilek asmatu pikura bereziaren bidez. Deus ez balitz bezala, kartsuki, kutxan ezarri zuten lekuko askoren aintzinean, Irulegiko elizaren kalastrapuan. Ordea, ehortz egun bezperan, Iñakik, Jonek, Kepak eta amak kutxatik kendu zuten gaua-gauari beste pikura baten medioz iratzar arazteko.
Segidan, lauek muga pasatu zuten klandestinoki Arnegin, Luzaideraino joateko. Elorri gazte eta lorios zen oraino, eta Luzaiden lasai bizitzeko biloak horiz tindatu zituen, nortasun agiri faltsu bat egin araziz gainera.
Horrela, Jonen eta Elorriren arteko maitasun bikainak aintzina iraun zezakeen. Kasik astero, aferak bazterrera utzirik, diputaduak muga iragaiten zuen Arnegin, Luzaidera heltzeko. Ze oren amultsuak erretzen zituzten elkarrekin! Elorrik zioen bere maitetxuaren belarrietara mila aldiz nahiago zuela Jon Kapagorri gizon hilkorra ikusi, beste zeruko andere sexy hura baino. Elorri ez zen emazteen arteko amodio gurintsuen zale.
Luzaiden, Elorri, Gloria Patxaran izen golfoaz ezagutua zen. Eta Jonek huts utzi denborak, maitasun kondu, Egil Zakilgor deitu artzainarèkin betetzen zituen. Baina ohartzen zen, gero eta maiteago zuela hainbeste opari aberats zegizkion Jon Kapagorri hura. Gorputzarekin fidela ez bazen beti gure Elorri, sentimenduetan bederen hala zen!
Back again: Irulegiko hilerrian lurrera eman zuten kutxan ez zen nehor. Elorriren ehorzketak komedia handizkoak izan ziren. Harriaren gainean, zizelkari batek, urririk, hitz hauek grabatu zituen: «hemen datza, Elorri Bazterre, hamabost urtetan zendua eta bere begiz Ama Birjina ikusi zuena. Otoitz egin dezala guretzat». Segur, bere gisan, Elorrik Luzaiden herriko jendeentzat otoitz egiten zuela!
Egunero, turistaz eta fededunez kargatu autobusak, heldu ziren Irulegira, elorriren tunbaren harri lauzean loreak eta emaitzak pausatzeko. Zernahi uzten zuten hilerrian: janariak, foetus hormatuak, zakur ustelduak, kaixa xingoladunetan bildu kaka mordoak, jantziak, slip eta soutien-gorge delakoak, denak sexyak... Orduan, Irulegiko hilerriak aire eta usain berezi bat zeukala erratea ez genuke hain gezurra...