Basilika
Basilika
1984, nobela
104 orrialde
84-398-2646-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
 

 

VI

 

        Basilika ederraren estrenatze ofizialaren egun zoragarria etorri zen. Egia erran, jadanik Baionako apezpiku erdi-kaskoinak gogo onez benedikatua zuen, egin ondoko lehen urtean berean. Baina, oraindik benedikapen orokorra faltatzen zitzaion: elizaren indarra bat zen, beste bat estadoarena. Ez dut nik horretan, batere, elizaren eragin handia gutiesten...

        Jon Kapagorri, mila aldiz baino gehiagotan ibili zen Parisen gaindi, hango presidenteari Irulegira jin zedin, belauniko galdaka. Estrenatzeak festa izugarri bat izan behar zuen, alainan. Izuran, gertakari ospetsu horri buruz, helikopterendako aireportu moderno bat eraiki zuen departamenduak. Aireportu hori gerorako ere balia zitekeen, eri kiskalduen ekar arazteko munduko edozein tokitatik. Obra ona zen beraz!

        Frantzia zekeneko presidentea etorri beharra zelako berriak, jendeak arras poztu zituen; ez guziak ordea, bait ziren beti meskontent agertzen zirenak. Denbora haietan Giterran jauna zuten buruzagitzat. 1981.eko maiatzaren 10ean Brizkar, gordinik eskandaloz errea etxera, porru landatzera, igorri zuen Giterranek. Artean ez zuen gauza askorik egin bere herriaren (Frantzia) eta gure herriaren (Euskal...) alde. Frango sasietan desesperantza aieruak nabari zitezkeen. Beno, utz dezagun horretan frantses gobernuaren ekintzen kritika erreza eta Giterranen jiteaz poztu gaitezen!

        Lehen aldiz zen, presidentearen zazpikada luzean, Euskal Herrira heldu zela. Terrorismo famatu huragatik ez zen menturatzen Miarritze aberats alde hauetara mugitzera. Beldur zen GALekoek zerbait gaizki eginen ziotela, hegoaldeko errefuxiatuak «frantzian» atxikitzen zituelakoan. Bitartean, hemen gure artean bizi ziren herbesteratuak, garbiketa gisa, lekuko notableen laguntzarekin, denak Kubara bidali zituen. Lan nazkagarri bati hasi zen, baina burges semeak oro kontent ziren, beren afera zikinak bakean konpli zitzaketelakoan! Horregatik, Seaska Ikastolen federakuntzak, ikastola bat ireki behar izan zuen Habanan, Kubako hiri nagusian, euskaldunen haurren hezteko...

        Erran gabe doa, Giterran jaunak, fama oso txarra zuela euskaldunen artean. Hau, arrazoi bat litzateke: gizon goseti horrek hitzemanak jan zituela, herria Brizkarren denboran baino zapalduz eta umiliatuz. Irulegiko auzapezak zioen, denetan, ez zuela sekulan berak bere herrira, frantses presidentea gomitatuko, bazekielakoan zer gertatzen zen, erdal hautetsirik gorena, errezebitzen zuten alkateri... Ikus bada: duela zenbait urte Arrantsusiko merak Brizkar agurtu zuen, eta ondotik, bere buruaz beste egin zuen. Karga batzuk badira pisuegiak direnak bizkarrean karreatzeko... Isil gaitezen, hil baten memoria molestatu baino lehen!

        Baina, Egun-Ea etorri orduko hautetsien, diputatuaren eta jendeen arteko kalapitak jabaldu ziren. Denek elkarrekin, azken bilkura batetan bildurik, erabaki zuten gaitzeko ongi etorri bat egitea Giterran jaunari. Nehon obratzen ez ziren gauza haietarik apailatzen ari ziren, presidenteari agurrik beroenak ematekotan.

 

 

        Izurako aireportu berrian ehun milako jende tropa bildu zen. Giterranen izena, Ama Birjinaren izena balitz bezala, oihukatzen zuten. Bere deitura ohoragarria ospatzeko, Izurako auzapez zaharrak gita (ahate) luma gris-hori bat eskaini zion, eta presidentearen emazteari antzera gibel mehar bat. Ez zion, alainan, etxean zuen gibelik ederrena emanen, berentzat aski ez ukanki eta! Donapaleuko mera lodi gurintsuak, berak kario erosi makila ferratua zemaion. Honek ez zuen halere, bere opari aberatsekin, bere burua tetele senditzen. Besteak oro irriz ari ziren, Donapaleuko auzapezaren trufan...

        Euskal Herri barneko zirkonzkripzioak ez zuen oraino presidentearentzat, Limousine beltz berebilik erdiesteko denborarik ukan. 2CV bringil batetan eraman zuten Irulegiraino. Bost ehun bat CRSek eta gendarmeek inguratzen zuketen, bederen bost ehun, presidentearen auto girgila. Teufteufka entzun zitekeen beribil hori, eta bide bazterretan metatu jendeek autoaren gainera zernahi gauza botatzen zituzten: zaldi kaka borobil freskoak, luma gudronez inguratuak, ongarria furtxinatraka, mendietan hil ardien haragi puska ustelduak eta hezurrak. Presidentearen autoak presenta guziak hartzen ez baizuten, CRSek eta gendarmeek aspalditik hartzen zituztenak oro biltzen zituzten. Ibilaldi historiko hori ikusgarria zen: moto elkorretan zebiltzen CRSak zaldi kaka pixaz bustien gainean lerratzen ziren, eta lurrera plast erortzen...

        Irulegira heltzean, burrunbak isildu ziren. Oihal zuri batetan «ongi etorri Giterran presidenteari» idatzia zen. Lehendakariak burua altxatu zuen eta betezpalak, usaian bezala, klixkan hasi zitzaizkion. Hainbeste aldiz keinu bipil horiek telebistan agertuak ziren, presidenteak zerbait erabaki latzen berri jakin arazten zuelarik. Mintzatokira abiatu zen; han herriko mikro guziak irekiak ziren, presidentearen solasen zain. Paltopean jendeak irriz karkazailka ari zitezkeen, ordea burua zuzentzen zutenean arras serios ziruditen.

        Hautetsi bihi batek ez zuen ongi etorri predikua egin nahi izan. Funtsean ez zekiten zer erran, sekulan, telebistan baizik noski, ikusi ez zuten frantses presidenteari. Orduan, Itospe kunkurtuak hitza hartu zuen, lañoki, motelki, konbikzio handirik gabe. Itospe Giterran zale baino Brizkarzale amorratua zen. Hona haren eleak:

        «Bon, beraz, ongi etorri. Euskaldun gehienek zure bisita aspalditik idurikatzen zuten. Ni zure aldekoa ez izanagatik ere, kontent naiz, zuri agur bero baten emateaz. Agian, biziki gustatuko zara gure artean. Hona, gure kantonamenduak egiten dizun presentea: oraingo traturrekin nolaz ez dugun idien beharrik, id, pare bat eskaintzen dizugu. Heziak dira, eta nahi duzunean, manatzea aski zaie, ezker edo eskuin doaz, zure politikaren arabera... Parisen, horrela, effet boeuf delakoa egiten ahalko duzu. Besterik ez!».

        Entzuleek, presidenteak, eta indar armatuek poliki txalotu zuten Itosperen mintzaldia. Hitz horietan ez zen iraultza orantzik, baina euskara garbian eta purrean elekatzeagatik eskertu zuten, herriko diputatu ohia!

        Gero Giterranek basilikaren inguruan luzatu hiru koloretako xingola haixtur kamustu batzuekin moztu zuen. Baina frantses hiru koloreak ez ziren hain aise pikatzen. Jon Kapagorrik, Irulegiko laborari bat igorri zuen tronzoneusa baten xerka, xingola madarikatu horren zatikatzeko. Pentsa bestela nola estrena zezakeen presidenteak, jendeak zoriontsu jartzen zituen basilika hau? Ordea, oren erdi baten buruan, beren lana erreusitu zuten tronzoneusaren bitartez. Jon Kapagorrik ez zuen hitzik erraten, eta presidentea joan zen pupitrera bere mintzaldi historikoa ahozkatzeko. Honela hasi zen:

        «Frantses maiteak,

        (txistuak alde guzietarik; gaizki hasten zen mintzaldia)

        »zuen ongi etorri bikainak ohoratzen nau, eta pozez betea nago. Hemen gertatu direnak hurbiletik segitu ditut, nire Pariseko bulegoan Elorri zenaren argazki bat badaukat horman lotua. Goizero otoitz egiten dut, gure Frantzia eta bereziki gure ezkerreko gobernu sozialista bere gerizapean atxiki dezan.

        (txaloak erditik)

        »Baina, nahi nuke, Euskal Herria orain arte bezala frantses egon dadin, Euskal Herri euskaldun batek ez bait du itxurarik. Nire ahalmenak oro jokoan sartuko ditut karia horretara, erran nahi baita, hemengo santuario berri hau zaintzeko Mont-de-Marsanen dagoen militar armadaren zati bat honarat igorriko dudala.

        (txistuak eskuin aldetik)

        »Isil daitezela txistuak: duela zenbait urte Euskal Herri pobre honetaz axola guti baldin bagenuen, gaur goitik arras diferenki ikusten dugu egoera: Irulegiko santuario honek Arabiako petrolio guzia baino balio gehiago badu, eta ez dugu ezaxola pare batzuen eskuetan utziko.

        (txistuak denetarik)

        »Aspalditik herri hau gangrenatzen duen terrorismoaren kontra borrokatuko gara. Ez duzue, zuek euskaldun zintzoek, zuen itxura zikindu behar. Guretzat, frantses edo euskaldun, batera heldu baita azkenean, gaitz bat litzateke, istripu ezin sinetsizko bat. Orduan, ibil gaitezen, eskuz-esku biolentziaren aurka, zeruko Ama Birjinak eskatzen digun bezala. (txalo beldurtiak CRSen artean)

        »Hitzematen dizuet, hemen zuen artean nagoenez geroz, euskal kultura garbia, abertzale porrokatuek oraindik ez kutsatu kultura eder hura, diruz laguntzea: zentro kultural bat eraikiko dugu Donibane Garazin, Baionan egin genuenaren antzekoa. Halatan, euskal idazle hoberenak eta kreatzaile adoratuenak suprefeta, prefeta, kontseilu generala eta ministroaren mezulariak izango ditugu. Hiru lehenek euskal kultura aberastu dute, kristoren obrak kaleraziz. Gauza bera egin dezakegu Donibane Garazin, euskal idazle berriak sortzeko eta sustatzeko.

        (txistuak txaloz nahasiak)

        »Erremertziatzen dut Jon Kapagorri gure politikaren eskumakil fededuna. Erran behar nituenak erranak ditut. Gora Frantzia, gora Errepublika, gora Eskual Herria!».

        Txalo faltsuek, kexu zeudenen txistuak gainditu zituzten presidenteak ohizko hitzak, eta betiko promesak zegizkien. Jendeek ongi bazekiten ez zuela haietatik bihi bat atxikiko.

        Giterran sinesduna zen, eta Ama Birjinaren otoizteko basilika nagusian sartu zen. Mirakulu bat gertatu zitzaion, belaunikatu zelarik: azpi artean, aspalditik zimurtua eta indarrez hustua zuen ziria altxatu zitzaion, hain azkarki, non bere «untzitxipi» galtsoina, zilatu bait zion. Kepa Oihenartek hori ikusi zuen, eta segidan, marmarmar Ama Birjina sexyari eskerrak bihurtzen hasi zen. Irri egiteko gutizia zuen anartean...

        Elizatik atera zen jaun presidentea. Bere bi eskuekin, eta barnean erosi «Maiatz» aldizkariarekin, partidak gordetzen zituen. Presidenteak ez zekien, Iñaki Karrakoilek, Irulegiko plaza erdian eman zuen errezepzionean edan zuen ardoan mandotasunaren kontrako erremedio bat ezarri ziola. Giterran zoriontsu zegoen, are zoriontsuago bere emaztea.

        Jendeak jaten ari ziren: basilikaren aintzinean, bi taula luze zabalduak izan ziren, eta haien gainean hamar basurde baziren ikusleri janaritzat Jon Kapagorrik emanak, eskuin aldean bost barrika arno zutik zeuden, gero eta edale gehiagoz inguratuak. Giterran jaunak ez zuen basurdekia maite, eta hotel batetako kozinertsa batek steak-frites plata bat egin zion.

        Denak ase ondoan, Giterranek jendeak agurtu zituen, eta hitzeman horrelako mirakuluagatik, bere ministro guziei Irulegira itzuli baten egitea manatuko ziela. 2CVa hartu zuten, eta CRS-ekin, Izurako aireportura joan ziren, fandango aireak oraino belarrietan zituztela!

        Euskaldunek ez zuten nehoiz hainbeste irri egin. Gizon elekari eta ohore bilari horiek ortzaizean galdu orduko, «bakea eta bi sos!» pentsatu zuketen. Iñaki Karrakoil, Kepa Oihenarte eta Jon Kapagorri beren jukutriaz espantuka an ziren. Beren artean, bistan dena. Jendeak ez bait zuen jadanik deusen jakitearen beharrik... Geroxeago, bai!