Lehen bilduma 82-84
Lehen bilduma 82-84
1984, ipuinak
128 orrialde
84-398-2556-0
azala: Jose Mari Zabala
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
 

 

Jeloskor nintzeneko hainbat pasarte

 

 

        1984ko uztailean bukatua.

 

 

—I—

 

Maite ninduela errepikatzen nion neure buruari, behin eta berriz, bere gorputza haren zakilkaden pean astintzen zen erritmo berari jarraikiz: «Maite nau, maite nau, beste ororen garrantzia ezdeusa da».

 

* * *

 

        Eta ez nengoen oker. Soinekoa atonduz niganatu zenean, arnasestuka oraindik, begiak erditxiz, ahots eztienaz belarriratu zidan:

        —O! asko maite zaitut.

 

* * *

 

        Harrez gero ez naiz nehoiz jeloskor izan. Neure buruaz beste egin nuen.

 

 

—II—

 

Beste behin konturatu nintzen beregan gehien maite nuena ez zela, ene alboan goxoki, musukatuz, begiratzen ninduen modua; baizik eta kaletik gazte beltzaran segailei so geratzen zitzaien era.

 

* * *

 

        Zinegile izatearen arrazoia hor bilatu behar duzue. Kalean filmaturiko erreportaiak logelan ezarritako oihalean begiratzen zituelarik izorratzen nuen.

 

* * *

 

        Bere begietan, esfortzu ttipi bat eginez, filmean agertutako gazte beltzaran segailen ibiltzeko tankera soma nezakeen.

 

* * *

 

        Ondorioz, «coitus interruptus»ak, beti, filma behar baino lehen amaitzean bakarrik gertatzen ziren.

 

 

—III—

 

Hasieran istilu ugari izaten genuen, bai, ezin uka. Ene izateko era patxaratsu eta lasaia, asaldatu —hobeki esanez—, bere on-etik ateratzen zen off-izio gaiztoko txarkina banintz lez, estraineko promenadetan sua eska zekiokeen edozein gazterekin musuka hasten zenean.

 

* * *

 

        Egun batez, parke baketsu batetako eserleku batetan jezarrita geundelarik, katuño bat hurbildu zitzaidan eta magalera igo. Aitortu behar dizuet ezin izan niola katu hura emeki-emeki ferekatzeko desioari eutsi. Sua zeriola begitatik, eta bitsa ahotik, zerri bat nintzela oihukatu zidan, eta:

        —Ez esan gero maite nauzunik!!

        Eta alde egin zuen.

 

* * *

 

        Katuaren hilotza eraman behar izan nion etxera barka nintzan. Erruki diet hurbiltzen zaizkidan katu guztiei (bera aurrean delarik).

 

 

—IV—

 

Hiriko zarata eta bizimodu baldarrari ihes eginez, itsasbazterreko marinel herri batetan igaro genuen denboralditxoa. Larunbat arratsero, jadanik kaiean loturik zeuden ontzien ikusmira aurrean neukala, tristatzen nintzen...

 

* * *

 

        Larunbat arratsalde batez, triste nengoen ohi bezala, egongelako besaulki malguan amildurik, kopetilun. Bera hurbildu zitzaidan, haragia estaliz kamisoia zeramala soilik, maitekor, ohi bezala:

        —Zer duzu, maite? —galdegin zidan ohi bezala.

        —Triste nago... —erantzun nion ohi nuen bezala.

        —Ez duzu zertan triste egon beharrik —hasi zen, eta, boza leunduz, segeretuki, esan: —badakizu, ongi asko, maite zaitudala...

 

* * *

 

        —Zu!!! —deiadarkatu zuen ahots zakar batek bortizki gu bion logelatik— ez al zatoz?!

        —Bai —erantzun zuen berak, masailean mu emanez haruntz abiatu zelarik.

 

* * *

 

        Larunbatetako ohizko marinel amorantea zuen.

 

 

—V—

 

Bakarrik suertatu nintzen gau hartan. Lagun guztiek aurrez finkatutako akordio bati jarraikiz bezala alde egin zuten eta. Izotzak urtu zituen whiskya elkarrizketatzen ari nintzen, begiak jaso, eta emakume baten begiradan iltzekatu zirenean.

 

* * *

 

        Emakumea itxura oneko gazte baten besoetan zegoen, luiuratsuki elkarturik, baina haren mihi-ezpainen aurreratze gero eta ausartagoei jaramon egin gabe, ni begiratzen ninduen.

 

* * *

 

        Egoera horretan ordulaurdena eman ondorenean, emakumeak gaztea baztertu zuen, altxa zen, eta amultsuki lotu zitzaidan musu luze batetan.

 

* * *

 

        Bera zen.

 

 

—VI—

 

Amets gaizto batek iratzarri ninduen. Beste emakume batekin larrutan ari nintzenean, bera agertu eta eskutan zeraman burni gori batekin biok trabeskatu gintuela amets egin nuen.

 

* * *

 

        Irudi anker hori uxatzearren bera esnatu eta lasai mintzatzea zatekeela onena deliberatu nuen. Ezkerretara luzatu nuen eskua, eta hutsunea besterik ez nuen ediren.

 

* * *

 

        Ametsa hain txarra ez zela susmatuz berriro loak hartu ninduen.

 

 

—VII—

 

Elkar ezagutu eta bi egunetara kafetetxe bare batetan geunden, solas lasaiean. Ezagutu nuen modua txalotzen nuen nik, jarrera guztiz aurrerakoia erakutsiz. Bera ados zegoela zirudien, baina bere begirada galduak artegatzen ninduen.

 

* * *

 

        Amodioa sentimenduen joan-etorri etengabea zela nioen, gehiago ezin jasanez, ea zer begiratzen zuen galdegin behar izan nionean.

        —Han dagoen gizon hura —erantzun zidan soilki.

 

* * *

 

        Ene esanen arabera jokatu nuen:

        —Atsegin al zaizu?

        —Bai, noski, ederra da benetan...

        Ziur nengoen frogatzen ninduela eta ene adostasuna naharoki agertu nion.

 

* * *

 

        Altxa zen eta gizon ederra eskutik oratuz desagertu ziren.

        Zinez frogatzen ninduela!!

 

 

—VIII—

 

Lanak bi hilabetez hiritik kanpo eraman ninduen. Itzuleran, abioitik jeitsi bezain pronto ikusi nuen bera, jendartean agurka. Bere ezpain gorrien kontra estutu nituen neureak, eta taxisean, etxerantz, burua ene sorbaldan kokatu zuen.

 

* * *

 

        Sorpresa bat espero nuen beragandik, horrelakoetan beti eskeini ohi zizkidalako. Dutxa hartzen nuen bitartean «Urzo xuria» kantatu nuen, eta ateratzerakoan birentzako afaria prest zegoen mahaian. Kandela eta guzti.

 

* * *

 

        Afaltzen hasi aurretik zerbait esan nahi zidala konturatuz beta eman nion:

        —Zerbait nahi al duzu?

        —Inporta al zaizu lagun bat etortzen bada? Ezetz esan nion hura zela sorpresa usmatuz.

        —Orduan bere bila noa, izkinako tabernan daukat zain eta.

 

* * *

 

        Bost minutu barru itzuli zen bere lagunarekin.

        Gizabideki agurtu ninduten eta gelan sartu ziren.

 

* * *

 

        Bakarrik afaldu nuen. Eta bi egun barru berea platerean zegoen oraindik, usteldurik.

 

 

—eta azkena—

 

Askotan galdegin nion denbora hartan neure buruari ea zergatik jarraitzen nuen berarekin.

 

* * *

 

        Bost urteren buruan aurkitu nuen erantzuna.

 

* * *

 

        Eta erantzunak konbentzitu egin ninduen.

 

* * *

 

        «Maite dudalako».