Lehen bilduma 82-84
Lehen bilduma 82-84
1984, ipuinak
128 orrialde
84-398-2556-0
azala: Jose Mari Zabala
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
 

 

Irrati lokutore baten heriotza

 

 

        1983ko irailaren bostean bukatua.

        Maiz, irratia piztean, gorrotatu izan ditudan lokutoreei, maitasunez.

 

 

                        «Nork egin du noizpait amets asesino bat bihurtu dela

                        eta bere ohizko bizimodua itxuraz besterik ez duela egiten?»

                                                                                          Peter Handke

 

        (sintoni musika)

        —Kaixo entzule agurgarriok...

        (rafaga)

        —Hemen nauzue berriro ere...

        (musika rafaga)

        —...baina tristuraz beterik aitortu behar dizuet azken aldiz nauzuela zuekin...

        (musika rafaga luzetxoa)

        —Bai, entzule maiteok, hainbat urte ordu berean elkarrekin egon ondoren, gau eder asko elkarrekin pasa ondoren, hau da irrati honetan egingo dudan azken saioa.

        (piano efektoa)

        —Gaueko ordu desgirotu hauei epeltasuna ematen saiatu natzaizue finki. Albisteak eta musika tartekatzen dihardugun orduerdi hau oso garrantzitsua izan da niretzat... Baina, utz ditzagun tristurak eta ezer gertatuko ez balitz bezala arituko gara... Beraz, gaur ere albisteak eta musika aukeratua. «Nazioarteko Albisteria»rekin hasiko gara... baina, aurretik, musika!

        (Sergio Godinho.ren Campolide diskotik «parto sem dor»)

        Une horretan, batek baino gehiagok sentitu zuen hiria espetxea balitz bezala. Leihora hurbildu, kaleari, lurrunak kristala estali arte, begiratzeko. Norbaitzuen bizitza bezain hutsa dago. Badaezpadako ordu guztiak errezkan pasatzen hasi ziren, eta gizonak ez zuen ezer sentitu. Beste gau bat. Irrati aparailura gerturatu eta itzali egin zuen.

        (puntu honetan musika moztu)

        Ebak apenas altxatu zituen begiak irakurtzen ari zen liburuko lerrotatik. Ondoren, gizona berokia jazten ari zenean, Ebak, ahots nagiz hitzegin zion:

        —Ateratzean piztu berriro irratia... Marlboro paketea berokiaren barne-poltsiko batetan sartu zuen, pistolarekin batera. Eta zigarro paketea bera baino piska bat handiagoa zen irrati-aparailu bat berokiaren ezkerraldeko poltsiko zabalean. Ateratzean irratiak piztu zituen.

        (hemen berriro adituko da kanta, azken konpasak)

        —Hemen gaude agindu bezala «Nazioarteko Albisteria» eskeintzeko prest; eta bai, hasteko, une honetan bertan teletipoak zerbitzatu digun berri bat daukagu eskuartean (zuzenean ari natzaizue itzultzen): Beyrouthen atentatu bat jasan du, e... bai, O.L.P. erakundearen egoitza nagusiak... Beno, pena bat da berri triste honekin ematea hasiera eskeiniko dizuedan azken albiste emanaldiari, baina tira... Badirudi bost hildako eta zazpi zauritu gertatu direla aipatutako atentatu koldar honetan. Teletipoko berriak ez digu argitu hildako edota zaurituen artean erakundeko buruzagirik ba ote dagoen...

        (Bob Dylan.en At Budokan diskotik «Blowin'In the Wind», 3. aldeko lehen kanta)

        Kale tipikoegia deskribatzeko, hala ere, artxipielago ordenatuaren antzera lerratzen ziren farolen betiko islada bustiak. Gizonak kokotean nabaritu zituen bi itzalak. Ezkerreko eskua berokiaren ezkerraldeko poltsiko zabalean sartu zuen irratiaren «off» botoiari sakatzeko.

        (puntu honetan musika moztu)

        (urratsak sartu)

        Klak horrekin batera eskubia bular aldera altxatu zuen bapatean paralizatuz, erdibidean. Urrats-hotsak kotxeen karrozeriaren kontra joz gero kajaorros bateko atari ilunean galtzen ziren. Takoi sendodun oinetakoak. Urrats ziurrak atzean, gero eta hurbilago nabari direnak. Bi ertzain izan zitezkeen. Batak ezkerraldetik aurrea hartzen dion bitartean, besteak, eskubikaldeko ukondoa, hain zuzen piska bat altxatua duena, ikutzen dio ezarian.

        (honaino)

        Ez zuten berarekin erreparatu, pentsamenduak errepasatzen ziharduten besterik gabe, putzu eta adokinen gurutzaketei kasorik egin gabe. Horiek eskubiko kalean barrena abiatuko dira. Gizonak ezkerretarantz jotzeko prestatzen du gorputza higidura perzibiezinaz irratia piztuz.

        (kantaren azken konpasak adituko dira lokutoreak hitzegin aurretik)

        —Ez dago berri garrantzitsurik Jamaikan bahitutako abioiaren inguruan; bahitzaileen eskakizunak ezagun dira eta bere horretan jarraitzen dute, hau da, droga biguina mundu osoan legeztatua izan dadila...

        O.N.U.ko ordezkariak bildu egin dira, ez dakigu gai hau eztabaidatzeko ote den; bitartean berrogeitazortzi ordutako epeari hamabi bat ordu besterik ez zaizkio geratzen eta aideportuko bozgoragailuetan, bahitzaileen eskakizunaki amore emanez, reagge musika besterik ez da aditzen... Datu bitxia azken hau, gertaera dramatiko honen aurrean irrifarra loratu erazten diguna... Musika piska bat entzun ondoren «Estatuko Albisteria»ri begiradatxoa botako diogu... Aurrera bada musika horrekin...

        (Heaven 17.ren Penthouse and Pavement diskotik lehen kanta, «(We Don't Need This) Fascist Groove Thang»)

        (musika tarte guztian zehar)

        Erabakikorki euritsua egoten da kalea gau euritsutan. Eta gutxi ausartzen da etxalde epeletik taberna hurbilenera dagoen tarte blaitua gainditzen. Gizonari musika atsegin zaio.

        (pausu hotsak urruntzen)

        Inguruko kaleren batetik norbait korrika aldentzen da. Berokiaren boltsikoetan harizko bolatxoak egiten ditu hatzekin. Ebak esana dio: «ez didazu ezer kontatzen».

        (aszensore soinu matea)

        Atea zabalik aurkitu du eta aszensorean sartu ondoren, geldi-geldi dago ispiluari begira, hatzez ariketa erritmiko urduriak eginez.

        (musika argiago)

        Iritsi da gora, jadanik ez du irratiaren beharrik musika aditzeko, harrera-gelako bafletik bere irrati txikitik baino hobe entzuten da.

        Ebak beti aditzen du irratia. Gero eta aurrerago pasilloan barrena. Berokiaren lau botoiak askatu. Berokiaren barne poltsikoan pistola ferekatu. Zabaldutako ate aurrean geratzen da pistola erdialturan apuntatuz. Pistola txikia da. Aurrean daukana ehiza erraza...

        (lokutorea hizketan hasi aurretik kantaren azken konpasak).

        —Beno bada, iritsi gara gau beltzean barrena «Nazioko Albisteri»ra; eta, gaur ere, berri triste bat, berri odoltsu bat gure herrian... Arratsaldeko zortzirak eta hamalau minutu zirenean / (Tiro HOTSA!!!).

        (Emakume ahots gozo bat: )

        —Entzule agurgarriok, hau «Berri Irratiak» eskeini dizuen irratsaio bat izan da. Honekin, eta besterik gabe, agurtzen dugu gaurkoa, mila bederatzirehun eta larogeitahiruko irailaren bosteko saioa. Gurekin egon zaretelako eskerrak emanez, gau on eta epel bat opa dizuegu guztioi.

        (sintoni musika)