Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
azala: Mendi
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
aurkibidea

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

Erosi: 4,04

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

 

BATETIK BESTERA

 

Eneko Olasagasti

 

Badakit, uste dut behintzat, aurretik egin nuen azken gauza zein izan zen. Larunbat arratsaldea hiltzeko, etxetik gertu dagoen parkera joan naiz. Bakarrik ematen diren paseo bat egitera, nork bere buruarekin hitzegiteko erabiltzen den geldiunearen modura egiten direnak. Zure buruarekin bakarrik aipatzen dituzun gaietaz mintzatzen zara, noruntza, zer, etabarreko galderen eraginaz inguruaren kontzientzia galdu arte. Gaur, gainera, normalean baino haur gehiago zegoen, ohizko txakur eta atsoez gain. Inora helduko ez diren hosto zimelduei ostikoka, bueltaka jardun dut. Gaixo batek bere gaitza sanatorioko zumardietatik paseatzen duen bezalaxe.

        Zure linboan erabat, hortik aterako zaituen lagunaren agurra entzun arte. Lehen momentuan ez dakizu ondo non zauden; ez zaude bere hizketa entzuten; bere agurra aditzerakoan zurea bapatean ahantzi duzu. Une hori luzatu egin da orain arte, eta ez dut inolako lagunik topatu. Egin nuen azken gauza hosto mordo bati ostiko bat ematea izan zen. Geroztik ezerrez, iluna. Eta hemen punto y aparte.

 

 

Gero ez dakit ezer, Ate bat erdi itxirik nire aurrean, egia esan ateak ez daude inoiz erdizka —edo itxirik edo irekirik—; irekirik bada atea, atzetik dagoena ikusten ez dudala. Eta atzetik, itxuraz inoiz bukatzen ez den pasilo bat. Dudarik gabe aukera erraza da. Pasiloak horrela begiratuta ez du atraktibo handirik, ze leku honen esplikaziorik emango didan zeozer bilatu arte, pasiloan zehar abiatu beharko nintzateke, eta hor zerbait aurkizeko metro asko ibiliko dut. Beraz atea da erabakia. Gezurra dirudi, bizitzan normalean erabakiak hartzea asko kostatzen zait, ez naiz honetan adore handikoa izan, zerbait uztea kosta, erabakia hartzerakoan hon ez dudala berriro eskuratuko nire buruari aitortzeagatik. Egoerak markatzen du, eta gainera duzuna, pasiloa, atsegin ez baduzu, errazago desira dezakezu ezagutzen ez duzuna, nire kasoan atearen atzekaldea. Inoiz izan ez duzuna bezala, eta nik pasiloa, hura behintzat, ez nuen batere nirea sentitzen. Atea, begiak beldurrez itxirik, ireki egin nuen.

 

 

Amets batetik amets batean esnatu naiz, beste pasilo igual bat, kurba sutil etenezin baten modura. Orain arte ez naiz ñabarduratan gelditu eta orain ezin dut.

        Baina...zer egiten dut nik hemen, eta nora doa pasiloa. Nahiz eta behin eta berriro egin ez diet erantzunik aurkitzen, ez dira galderen bidetik abiatzen erantzun lasaigarriak, eta egoera absurdo baten aurrean nago. Ez dut ausardirik atzera jotzeko eta berriro, parean dudan pasiloaren berdina topatu. Gainera, ez dakit zer nahi dudan gehiago. KAKA! ! Oihukatu eta kolpe batez atea nire atzean itxirik utzi dut. Ezintasuna. Begiek alde guzitaruntz begiratzen dute ez dakit zeren bila. Eskuak lotuko balizkidate ere ez nuke ardura handirik izango. Haur nintzenean gela ilun batean sartzen nindutenean bezala. Baina...ez dakit zergatik inpulso bati jarraituz eskua manilara luzatu dut. Ezerrez. Itxita dago. Aurrera jotzea beste erremediorik ez dut. Eseri egin naiz.

 

 

Tabakoa. Ez dut tabakorik eta erretzeko gogo amorratuak. Mierda! zigarro bat nahi dut, zigarro bakar bat. Ixiltasuna. « Ez al dit inork esango zergatik nagoen hemen?». Esaldiaren oihartzuna behin eta berriro datorkit pasiloaren iluntasunean galtzen den arte, mutu uzten nauen ixiltasunak darraikio.

 

 

Oso barrundik ikutzen nauten arazoak beti jakin izan ditut toreatzen. Nori ez zaio kostatzen gertutik ikutzen dion arazoari aurrez aurre egitea. Hontan ez naiz arraroa sentitzen. Mundu guztiak ditu era honetako arazoak, ni ez naiz diferentea. Baina orain ezin diot uko egin. Nahi, ahalegintzen naiz beste zeozertan pentsatzen, baina denak lotzen nau kanpoarekin (kanpoa esaterik baldin badago), lehen edo geroago egin beharreko gauzekin, eta denek ohartarazten naute nire momentuko egoeraz. Jezarrita, zer egin jakin gabe. Aurrean pasilo amaiezin bat eta atzean, nire indarrak botatzeko nahikoak ez diren, itxirik, atea.

 

 

Bapatean konturatu naiz. Orain arte ez dut nire buruarekin pentsatzea besterik egin. Ez dut ezertarako inguruarekin erreparatu. Belarriak erne jarri ditut orduan, ea lekuaren ezaugarririk emango didan zaraten bat entzuten dudan. Eta entzun dut, agian intentzio asko ipini dudalako edo entzun dut. Baina soinuen bereizgarriak bilatzen saia naizenean aienatu zaizkit. Amets batean atsegin duzun irudia gorde nahi duzunean bezala, esnatu berria. Defentsa hori galdu egin dut erabat ixiltasuna nagusitu denean. Argi asko dago. Orain alboan norbait hitzegiteko desiratzen dut, edo zigarro bat. Nola sentitzen naizen esplikatuko nioke eta kalada luze bat zigarroari eman. Nahiz argia, hitzegin eta erretzeko gogoa euki, pixkanaka pixkanaka lo gelditu naiz. Kolorezko pasilo batekin amets egin nahi nuen, baina ez dut batere ametsik egin, nire kaska hutsik lo nintzen bitartean, eta esnatu naizenean ideia gehiegi.

 

 

Puntu polita harrapatzen ari naiz, bakardadea, edozeri ekiteko abiapuntu egokiena, gero hostia neurrikoa izan dadin. Bi Bakardadek topo egiterakoan sortzen da benetazko komunikazio bakarra. Nirea badut, beste batena falta. Izango banu, beldurrik gabe abiatuko nintzateke, elkarrizketaren babesarekin ez nuke aurrera egiteko zalantzarik izango. Esnatu naizenean lo hartu aurreko pasilo berdina dut begibistan paisaje bakartzat. Ixiltasun sarkor bat.

        Bideak ez dira inora heltzeko, abiatzeko baizik, beti iritsiko zara metro batzuk urrunago norabaitera, leku hori gero atzean utziz. Eta hau pentsatzen dudan bitartean jezarrita nago, eta nire aurrean metro batzuk urrunago ez dago ezer. Ezin dut ezer egin. Agian, norbait etorri eta atea irekiko duelakoan bere zai egon. Baina hori ere ez da oso posible. Nor egon daiteke? Itxuraz behintzat ni nahiz lehenengoa hemen. Eta gainera, non dago hau? Pasilo honek etxe handi batekoa izan behar du. Agian lurpean dago. Ez, ez dago hezetasunik, oso lehorra dela esango nuke. Ez, ez dut posible bezala ikusi behar hemendik inor pasako denik. Airean ote nago orduan?

        Baina... zer egiten dut hemen jesarririk? Goazen! Altxatu ezingo naiz. Nekaturik nago ordea, oinak txingurritu zaizkit postura berdinean hainbeste denbora pasata. Denbora dexente daramat beraz hemendik mugitu gabe. Ni ez nau inork aurkituko, baina agian nik aurkitu dezaket norbait. Goazen ba!.

        Ez dakit zergatik jo didan atake baikor honek. Bai, Ez dut hor jezarririk ezertxo ere konponduko. Pasilo honek nonbait bukatu behar du. Dena bukatzen da, ez dago ezer iraunkorrik. Ez balitz inoiz bukatuko esistitzen ez duela adieraziko luke, eta neu bizirik nago. Ametsetan behar bada, halaz ere bizirik. Eta baldin badu, nik bilatuko diot amaiera...edo irteera. Lurra nire zapaten azpian sentitu dezaket pausoak ematerakoan. Hormak solidoak dira, ezingo nuke esan zertaz eginik, baina sendoak. Ikutu ditzazket, gogorrak dira. Ez dute zimurrik, lau lauak, etenik gabe. Etenik gabe? Ez da posible. Egia da, bai. Ezin diezaioket zirrikito bat ere aurkitu. Honek gehiago arduratzen nau. Iraunkortasunaren nire teoria behera dator. Ez dut ezagutzen materiala eta gogoratzen dudanez ez dut ale bakarreko paretarik inoiz ikusi.

        Txuria da, erabat txuria. Pareta lurrarekin eta sapaiarekin lotzen den anguluetan ere ez da mugarik nabarmentzen. Pasiloa perfektoa dela esango nuke, baina beldurra ematen dit halakorik pentsatzeak, ez litzateke bere perfekzio horretan inoiz bukatuko. Ez! Ez dut horrelakorik pentsatu behar. Izango du nonbait azal kenduren bat, itxaropena itzuliko didana. Jarraituko dut.

 

 

Zer egiten dut hemen. Behin eta berriro galdera bera ezin ahantzi. Nork jarri nau ate horren aurrean? Edo neu etorri naiz eta ez dut orain gogoratzen. Zergatik egin nuen aurrera, atea gutxienez erreferentzia bat zen. Bat, bi, hiru, lau..., bost..., sei... hamahiru... hamalau, hamabost, eta hamasei. Zenbat pauso eman dut orain arte...? Ez naiz akordatzen. Pausoak kontatuz agian, jakin dezaket zenbat ibiltzen dudan. Ibili eta ibili eta ez jakin zenbat, zoramen bat izan daiteke. Banan bana oinarrizko zentzuak galtzen baditut guztiz zoratuko naiz. Jarraitu eta pausoak zenbatuko ditut, horrela beste arazo bati emango diot soluzioa, ja zerbait egiteko izango dut.

        Jolasteko zerbait eukitzea gustatuko litzaidake. Entretenituko nintzateke. Horretarako gauza asko egiten duzu beti; gure bizitza osoa pasatzen dugu horrela. Gauza diferenteak egiten. Bueno batzuk beti berdina. Beti ari gara zerbaitetan, bi edo gehiago ez direnean, eta hoiek bukatzerakoan beste berri bati ekiten diogu. Eta heriotza atzeratu beharrean, ekintza bakoitzarekin hiltzen gara piskat. Orientalak horretan ere diferenteak dira. Batzuk bizitza osoa eramaten dute ezer egin gabe, pentsatuz, meditatuz, eta ez omen dira aspertzen. Horrela daramat nik hemen naizenetik, eta ezin dut jasan. Heriotzari aurrez aurre begira, horrela bizitzen omen dira ekialdeko apezak. Ez naiz batere ekialdekoa sentitzen. Ez dut nahi pentsatzera bakarrrik kondenaturik egon, eta asilo honetatik etengabe ibiltzea. Ez dut nire heriotzarekin pentsatzen jardun nahi. Gelditu egingo naiz. A! Pausoak kontatzea ahantzi egin dut. Atzera begiratuz gero aspaldi ez dela atea ikusten. Pasiloaren bi aldeetara, kurbatxoagatik jarraipena ikusten ez dudan bi ertzetan, ez dago ezer. Iluna bakarrik.

        Nekaturik nago, baina ez da gorputzarena. Inoiz, pentsakizun bati bueltaka hasten natzaionean nekatu egiten naiz. Ideia berdinaren inguruan birak egiten. Hori izan daitekeela uste dut eromenaren lehen atala. Hau ez da ordea eginkizun anormala, edozeinek praktikatzen du. Zergatik bururatzen zait orduan niri horrela hasiz gero erotu naitekeela. Egoera absurdo honetan sarturik nagoenetik gauza berbera egin dut. Ñabardurarik xinpleenak heriotzarekin pentsatzera bultzatzen nau. Bestela, egoera kritiko batean nago agian. Horrelakoak bururatzen omen zaizkio jendeari egoera kritiko baten aurrean dagoenean. Eta ni ez nago aurrean, inguraturik, sarturik, barruan nago. Lehenengo aldiz.

        Aspaldi galdu dut atearen bista. Zer ordu izango da? Ez dut erlojurik. Zergatik ez nuen gaur erlojua hartuko. Egia esan, ez nuen behar, larunbata da eta ez nuen gaur ezer berezirik egiteko, berandu iritsi ezin den zita bat. Bi ordu. Ez, gehiago izango da. Lau? Ezin dut kalkulua egin. Jakiteko norberarentzat ordua azkarrago edo mantsoago doan ordua jakin behar da. Esan: hamarrak dira? Zein goiz. Edo zein berandu. Eta ondoren ohizko komentariotxoa. Edo zein poliki. Eta uste dut niretzat oso poliki doala nahiz eta ez izan inolako erreferentziarik. Ezin, oihukatu dut: Noizpait bukatuko da, ez?

        Lasai, ez dut urduri jarri behar, ezin diet nerbioei irabazten utzi. Bestela akabo. Gehien desesperatzen nauena pasiloak, denbora guztian, daraman kurba. Zergatik ordea. Eta otu zait zarata atereaz gero behar bada baten batek entzun egingo duela. Ostikoka, eskumuturrekin paretean kolpeka eta oihuka hasi naiz. Eee! Aizuee!... Hemen nago! Eeeee! E! Nekatu egin zait eztarria noski, eta belarria hormaren kontra jarri eta gero ez dut ezer, ezertxo aditzen. Normala, hemendik, inguru hauetatik ez da jende asko ibiliko, ni behintzat ez nintzateke maiz etorriko. Azkarragoa izan behar duzu, esan diot nire buruari, eta sistematikoki aukera guztiak aztertzen ahalegindu. Praktikotasun apur bat behar dut egoera menderatzearren. Ez dadila alderantziz gertatu.

        Pasiloa goitik behera eta ezkerretik eskubira begiratzen hasi naiz. Orain arte erreparatu ez nuenarekin ohartu naiz. Argia. Argi dexente dago. Nondik ateratzen da ordea. Ez dago fluoreszenterik, ez bonbilarik, ez beste eratako argirik, nahiz eta zehatz begiratu, inondik ere. Nola da posible orduan argi egotea. Ez dut sinesten hormetatik bestalde dagoenik argi iturria. Ez, horma hauek sendoak eta itsuak dira. Eta gainera, orain konturatzen naiz, ez duela horma argitzen. Argia hormatik bi edo milimetro batera iristen, ailegatzen da. Asko fijatzen ez bazara ez da igartzen. Pasilo hondoan ez da argirik eta nire inguruan beti. Neu izango naiz agian argi iturria. Ez litzaidake inoiz otuko, baina egoera, joku honetan azkenerako dena gerta daitekeela sinestuko dut. Irteera bat dagoela sinestuko dut ere. Tokia, pasilo hau posible bada, zergatik ez irteera bat. Jarraituko dut. Aurkituko dut. Hala ere ezin dut razionalki argiarekin gertatzen dena ulertu. Horrela da eta punto, ez dut gehiago pentsatuko.

 

 

Ez dakit zenbat denbora daramadan oinez ulertzen ez dudanaren preso. Pasiloa eta nire buruaren preso. Hasieratik ezer ulertzen saiatu ez banintz dena errezago izango litzateke. Aurrera egin galdetu gabe, galderek galtzen naute. Hemen egoteaz aparte ez zait ezer berezirik gertatu, baina kapaz izango nintzateke lau lagunen arreta mantentzeko, hau kontatzen diedan bitartean, edo batena ere. Hemen izango banu... Ez dut eta kitto! Ezin dut hau batetik bestera kuestionatzen jardun baina galtzen ari naizela sentitzen dut. Ez dakit irabazterik izango dudan ala ez. Benetan ni izango al naiz lehena?

 

 

Hautsa! Hautsa dago lurretik. Oso gutxi baina nahikoa nire urratsen seinaleak apur bat nabarmentzeko. Hauts hori opari ederrena baino hobe hartu dut. Hautsak berriro bizirik nagoela sinesten lagunduko dit. Nire hatzak zikin igar ditzaket eskua gainetik pasatzen badut. Zikinik egotea gustoko sensazioa bihurtu da... Une honetan ezingo nuke lagun hobeagorik topatu. Orain arte pentsatu eta sentitutakoak kontatuko dizkiot, oso bakarrik sentituko den pasilo honetako biztanleari, hautsari.

 

 

Oinetakoak kendu ditut, bidean oinazpitan urratsak garbiago inprima daitezen. Atzetik beste baten bat etorriko balitz ez dezan bakarrik dagoela sentitu, nik bezala. Urratsak direla nabaritzean itxaropenak euki ditzan eta arrazoi bat aurrera egiteko. Hala ere ez dakit ondo ari naizen, atzetik datorrenari, baten bat etorriko balitz, neronek uste ez dudanaz konbentzitu nahiean. Eta hemen hautsa, ni eta argi arrotz hau besterik ez gaude, pasiloan egotera kondenaturik.

        Une batez egoera hau amaitzea otu zait. Baina nola? Ez dut ezer. Eskuez ezin nire burua ito, une bat iritsiko litzateke eskuek eztarria gehiago estutuko ez luketena. Ezin dut nire buruaren aurka borrokatu.

 

 

Oraindik burua hiltzeari bueltaka ari nintzaionean ikusi dut. Hasiera batean ez nezakeen sinetsi, jadanik ezerezarekin ohiturik nengoen. Baina bai, hortxe dago, hortxe nago, ispiluan nire burua ikus dezaket. Benetazkoa dela ohartzeko ikutu behar izan dut, eta bai, benetazkoa da. Irudi argi bat eskeintzen dit, nirea. Aurpegia ikusterakoan konturatu naiz denbora dexente daramadala hemen, ezin bestela nire itxura ulertu. Begizuloak, ileak orraztu gabeak, desoreka. Nire begirada ez da batere lasaia, aurpegiko zirrikitu bakoitzean bilatu dut pasilo honetan egindako nire iraganaren seinale bat. Alde guztietan aurkitu dut. Oso estropeatua zaude esan diot nire irudiari. Begiak jaitsi ditu. Zer egiten du ispilu batek leku honetan, ez du zentzurik, zertarako eta galdera gehiago datorkit. Ez dut erantzunik denetarako, ez eta batentzat ere. Tortura, baina ze zentzu dauka tortura honek. Txinako harrorma datorkit burura eta inoiz iristen ez den bukaeran, irrifar batekin nire zai, torturadore trebe eta umil batzuk. Hau dena nahiko tortura izango ez balitz bezala.

        Ispilu hau norbaitek jarri du, eta hori hola bada, kendu dezaket nire txandan, baina nekaturik nago. Ordu asko daramat hemen sarturik eta ibiltzen. Orain ispiluan ikus dezaket, nire aurpegian, nekea. Desira dezakedan gauza bakarra zigarro bat. Kanpotik hona zerbait ekartzekotan, tabako pakete bat ekarriko nuke. Ispilua. Ispilua! Ispilurik badago, horman etendura bat bederen dago, eta egonez gero bat, gehiago ere.

        Hori okurritzeak ispiluaren inguruak miazkatzera eraman nau. Oso errez onartuko nuke ezezkoa, baina ez, oraingoan ez. Lehenengoz etendura bat bilatu diot kartzela honi. Ispiluaren lau puntetatik, zehatz begiratzen ez baduzu, ikusten ez diren lau marratxo abiatzen abiatzen dira. Pasiloan aurrera dut eta pixkanaka nabarmenagoak egiten dira. Laukiak dira, berrogeitamar zentimetro izango dute aldeek eta lurretik zeru gertu honetarainoko bidean sei kabitzen dira. Ez da perfektoa nik uste nuen bezala. Bukatuko da beraz. Irtenbide bat dagoela jakiteak ez dit poz berezirik ematen, alderantziz, lasaitu egin naiz, jakiteak lasaitasun, patxara berezi bat erakarriko balu bezala. Orain ez dut atzera jotzeko tentaldirik. Zeozer gertu sentitzen dut.

        Ez nenbilen oker. Hortxe froga. Lurrean, izkina parean lauki bat falta da. Aurrerago beste bi. Baina ez da ezer ikusten. Iluna besterik ez. Ez da nik esperotako irtenbidea. Zulo bat bakarrik.

        Pixkanaka laukiak desagertzen joan dira. Azkenik ez da batere gelditu. Metal arrotz batez egina, laukiak mantentzen dituen estruktura bat ageri da nire aurrean. Ez dut arazo handirik ertzetik doan zutabe gainetik ibiltzeko, eskubiko, baezpare, paretaren estruktura heltzen dudan bitartean. Ekilibrio batzuk egiten ditut baina ez nire bizitza arriskuan jartzeko modukoak... Ez zait hala iruditzen behintzat, agian laukiak deskubritzeak eman didan lasaitasuna ez dut galdu... Estruktura hau, gehiagorik ez dago. Beste guztia iluna... argïa haustera ausartuko ez litzatekeen oreka ilun bat. Baieztatzen dut ez dagoela hor irtenbiderik. Ilunak ez dit ikusten uzten noraino ailegatzen den pasiloa. Ikus daiteke berriz, laukiak falta diren zatia ez dela luzea, hamar bat metro, gehiagorik ez. Eta ondoren pasiloak jarraitzen du. Argi berbera. Iluntasun berbera hor aurrean.

        Orain, hautsik ez dago jadanik lurrean. Laukien elkarren arteko mugak nabaritzen dira. Azken metro hauetan ez dut ezer berririk deskubritu. Ispilua gogoratzen dut orain, hautsa, zulotxoak eta zuloa, hasieran utzitako atea. Gezurra badirudi ere faltan ditut. Nire oinetakoen arrastoak hautsean. Hala ere presentzia arrotz bat sentitzen dut. Ia ez pentsatzea lortzen ari naiz, ia gogoratu besterik ez dut egiten. Presentzia hori, hala ere, ez da berria, lehenago ere sentitu izan dut, itxaropena piztutzen zitzaidan bakoitzean baina orain gertuago sentitzen dut. Lasai nago oraindik, noizbehinka hotzikara bat. Ausart nabil.

        Une batean, pasiloaren kurbatxoa nabarmenduz, ate baten izkina ikusi dut. Ez dakit, edo bai, irekirik zegoela ohartzerakoan korrika etorri naiz. Hautsik ez dago hemen ere... Ateaz bestalde hemen baino argi gehiago. Lurrean lokatz ale lehor batzuk. Ez zait hain luzea egin. Lasaitasuna erabat jabetu zait, ez dut tabakorik behar. Ez pentsatzea lortu dut. Konturatu naizenerako atea itxi egin dut.