Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
AZKEN ASTEARTEA
Gorka Setien
Ez zara iritsiko, filma zazpi t'erdietan hasten da. Zazpiak hamar gutxi eta zu oraindik hor autobusean eserita nerbio hutsetan. Badakizu zer den presa edukitzea eta ezagutzen duzu bilabesako txoferren patxara kasu horietan. Kaguen sos, benga! oihu egingo zenuke bainan ez zara ausartzen, segituan lotsagorritu egingo zinateke. Iruinako zezen plazaraino badituzu oraindik gutxienez hogei hogeitabost bat minutu ordu erdi ez bada eta handik gero San Juan auzora doan autobusa hartu behar. Suertea izan ezkero zortziak laurden gutxietarako zinemako atarian sarrerako txartela erosten. Berrehun pezta. Ez duzu euritakorik hartu ezta? Ba gogotik ari du, hobe ohetik jeiki izan ez bazina, auskalo non bukatuko duzun gaur. Joder! txofer honen gibela eta potroak. Autobusaren parabrisako garbigailua segunduak baino azkarxeago doa, txoferra dirua kontatzen ari da. Zigarrorik ez duzu, tabakoa erosteko denbora bazenuela jakin izan ezkero. Baina autobusean erretzea debekatua dago zure aurrean daukazu letreroa euskaraz eta erderaz gainera. Euriaren hotsa autobuseko metalaren kontra zaratatsuago egiten da eta nerbiosoago jartzen zaitu, kaleko argiak kristaletako ur tantoekin mila dizdiretan sakabanatzen dira, euriak ez du gaur beste egunetako poxotasuna e? Ez dakizu zer egin, autobusetik jeitsi eta etxera bueltatu ala pazientzia luzatu. badirudi hemen bukatzen dela bilabesaren historia eta ez dela gehiago martxan jarriko baina motorra piztua dauka, hau desesperazioa. Azkenean makinak hasperen bat askatzen du eta kurpilak mugitzen ditu nagi eta egunean zehar hainbeste buelta emanda neketsu dabil.
Zuretzat pelikula hasi da, aurrezki kutxa botika kontrabanisten taberna estankoa patio zoragarri hura Bizkai taberna eta beste aldean eliza, belarri handiko erretore eta guzti. San Juan plaza beti iruditu zaizu itsusi samarra eta udaletxea zer esanik ez, guztiz arkitektura frankista. Leku honetako gauzarik ederrena Patxi Buldainen mural koloretsua.
Beno ba al dakizu zer ordu den, zazpiak eta bi minutu eta oraindik ez dituzu bostehun metro egin. Opuseko eskolaren aurrean geldirik dago autobusa eta uniformez jantzitako neskato batzu ari dira igotzen. Hauen aurpegiak ez zaizkizu gustagarri eta gainera konsumorako emakumeak izateko ikasten ari direla pentsatzen duzu. Begira nola piztutzen duen bate zigarroa. Txoferrak bronka botatzen dio eta zigarroa eskuineko hankarekin itzaltzen du lurrean. Demontre ze poliki doan nazkante hau. Zure inguruan gehienak emakumezkoa dira, batzu binaka hizketan gehienak bakardadea leihoaren kontra lurrina bezala. Irratia ozenegi jarrita dago eta motorraren zaratarekin nahastuta ezinegona handitzen dizu eta honen kontra ezin ezer egin; a, eta gainera ahaztu egin zaizu sekulako euri zaparra ari duela hor kanpoan, zer gehiago nahi duzu. Eta gero sopas en caldero... ez zara zinemara iritsiko. Zazpiak eta zazpi minutu direla esan dizu uniformezko horietako neska batek eta oraindik Bilaban. Ciclos Agüero. Sartzen ari den jendeari era desberdinean okertzen zaio ahoa, zure ondoan pasatzen den emakume batek semea gaixorik duela esaten dio besteari. Ikus zure ondoan zutik dagoen neskak nola begiratzen zaituen, badirudi haren ezpain gorriak zuretzat dauzkanik bainan ez pentsa, hori sinbologia hutsa besterik ez da, hala diote. Zazpiak eta hamabi dira motel. Burlatan. Hemen bai jende piloa igoko dela. Txoferrak ez du kobratzerako orduan ere presarik, dos a Pamplona. Ikusten duzu zenbat jende dagoen, denak Iruinara doaz, señora los cambios; zergatik ote dute denak itzal hori aurpegian, ez al dira aski zoriontsu hilobira ote doaz ala ospitalera agian. Langile horien azala zartatua dago, auskalo zein arrazoigatik. Egun batzutako bizarrak aurpegia gogortzen die, esku zakarrez kariziatzen dituzte euren emakumeak ez dituzu etiketaz jantziak imajinatzen. Zuk Golem-eko multizinematan ikusi nahi zenuen filma oraintxe bertan aurrez aurre duzu. Hala ere nahiago zenuke berrehun pezta horiek ordaindu eta palomita poltsa batekin butakan lasai lasai eseri autobus madarikatu honetan baino. Bazoazte aurreruntz, kale luze guzti honetan obretan ari dira eta dena lokaztua dago, kristaletatik jendea korrika eta saltoka ikusten duzu, euritakoak dantzan autoak kantari. Autobusa zeharo bete egin da eta euriarengatik leihatila guztiak itxita daudenez arnasa hartzea momentutik momentura zailagoa egiten zaizu, beroa hezeegia da, zure atzean gizon batek beste bati bueltakoan autobusa Bilabako kanposantuetatik sartzen dela esaten dio, amorruz ez zarela gehiago autobus hauetan igoko pentsatzen duzu. Gutxi gora behera zazpiak eta laurden eta oraindik Belosoko aldapara iritsi gabe, lahostia Jakin izan ezkero ez zenuen zinera joaterik erabakiko ezta etxetik ateratzea ere, gainera eguraldi honekin eta euritakorik gabe; beno zezen plazara iritsi eta euritakoa izan ezkero ere irekitzeko denborarik ez, jendearen artetik bultzaka atera eta beste geltokiraino korrika, baina oraindik ez zara iritsi. Zure burua denbora baino ehun aldiz azkarrago doalarik, minutu batean, salkor gerta dakizun minutu batean mila abstrakzioetako imajinetan murgildurik gelditu zara, bizitzatik zintzilikatua bezala. Zorionaren piramideak inguratzen zaitu eta zuk bata bestearen atzetik datozkizun hormak arramakatzen dituzu azkazalak hautsi arte, maite izan duzulako maite izan duzula deskubrituz. Bapatean melankolia xurgatzaile baten ordez txokolatezko askatasun ziurra urreratzen zaizu eta ez dakizu ondo zergatik bainan goizeko zortziretan maindireetara ez zarela gehiago helduko ohartzen zara. Edozein kale bueltan zuritasun bakegarri bat dago zure zain.
Hodeietatik Belosoko aldapa erdira erortzen zara oraintxe bertan. San Juanera joan beharrean Iturramara joango zinatekeela bururatzen zaizu. Tereren etxean agertzeko behar berezi bat sentitzen duzu. Behin bakarrik izan zara han eta zergatik ez bigarren aldiz Joan. Nolako txorradak pentsatzen dituzun. Gutxienez zazpiak eta hogei. Autobusa azken bi geltokietara inguratzen ari da, euriak ez du etsi eta zuk ere ez, ezta txoferrak bere patxaran. Autoak asfalto bustiaren gainetik txistuka doaz eta nerbioek azala estutzen dizute. Azkenbigarren geltokian jende gehiena jeisteko mugitzen hasten da bainan oso poliki doaz edo irudipena besterik ez da. Bainan ez, benetan polikiegi. Jendea marmarka ari da eta zuri axola gutxi, aurreruntz jarraitzea besterik ez duzu nahi, gaur denbora zure aurka dagoela pentsatzen duzu; denbora ala erritmoa, txoferra behintzat bai. Azkenean jende guztia kaleratu denean konturatzen zara bolantean dagoen hura diru kontaketan dabilela berriz; kaguendios, que passa? ezin duzu gehiago eta berak harriduraz begiratzen zaitu eta zuk orduan bizitzako azken ekintza heroikoa egitera joango bazina bezala, eserlekurik altxa, itsu itsu kalera salto egiten duzu eta eroen modura korrika hasten zarenean bi tiro entzuten dituzu. Orduantxe konprenitzen duzu ez zarela gaur zinera garaiz iritsiko, zezen plazara heldu baino lehen seko utzi zaituzte. Gizarajoa, ez zenekien polizia autobusetako jendea kontrolatzen ari zenik. Gizarajoa, ez zenuen Uharten orain dela gutxi egondako atentaduaren berri. Astearteak beti izan dira txarrak zuretzat.