Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
PANTERAK PARKEAREN JABE
Pello Lizarralde
Tra un flore coito e i'altro donato
l'inesprimibile nulla
G. UNGARETTI
Harlegarrak bidexurren muga markatzen du. Muga honetatik at hiltzen dira pausoen hots guztiak, soropil inausian. Ermita zaharraren ondotik dozenaka sarrera ateratzen da eta harlegarra zapaltzeak jakinarazten dizu parkearen barrenean zaudela. Berehalaxe okertzen dira bideak. Jarlekuak eta hesiak inguratzen dituzte. Berriro batu eta gune desberdinetan egokiturik ikus daitezke. Aurrera eginez gero bidexurrak desagertu eta bapatean ibiltoki nagusian sartu zarela froga dezakezu. Sabaiean kristalezko mosaikoa duen kioskoaren itzalak ezabatzen dizu silueta. Haren barandilapean metalezko bi txartel. Lehenengoa aisa irakurtzen da. «Gizonezkoak» jartzen du letra beltzez. Bigarrenari herdoilak jan dizkio azken silabak. Urteak dira itxirik daudela komun hauek. Parkearen bukaera harresiaren hasiera da. Horraino errauts orriz estalitako bide paraleloak ailegatzen dira. Hauek jarraitzen badituzu karretera ondoan dauden espaloietaraino iritsi ahal zara. Azken metroetan ezin da ez errautsik ezta biderik bereizi. Hautsak eta lohiak desagertarazi dituzte mugak. Hareak zanpatzen du belarra eta beherago gehitzen diren soilak semaforo batek argitzen ditu orain. Paraje hartako jarlekuei ez zaie urteoroko pintaldia ematen eta hurbil xamarretik beha egon behar inoiz berdeak edo gorriak izan direla nabaritzeko. Jende gutti esertzen da bertan aurrez aurre den harresiari begira. Huntzak eta goroldioak tarteka atxikitzen zaizkio eta behean hazi diren asuinek ez dizute eskua luzatzen uzten harria ukitzeko moduan.
Zuk sobera arakatuak dituzu bazter hauek. Badakizu zuri esker konta dezakedala guzti hau. Zuk edo zure gerriaren higidurek gidatu ninduten honaino. Orduan bezala, oraintxe, zure begiek ez didate harridura izpirik azaltzen. Ezkerreko eskua gakoturik duzu gona behatz artean eusten duzula. Langarrak farolen puntak koroiatzen ditu eta laranja koloreko argi heze bat hedatzen oinpean ditugun harri koxkorrak argituz. Bustirik, blai eginik daude, baina zuk nik baino hobe ezagutzen duzu. Zaure ixiltasunak ez nau sekula lagundu. Orain ere ezin dezaket jakin hau ulertzen duzun, inoiz nire desioen haria segitzeko prest egon zaren. Eta aski litzateke hau une honetakoa konprenitzeko. Topatu ginen egunetik hasi izan bazina bederen. Ergelkeriaz bete nuen lehen paseo haren ondotik labaintzen utzi ditudan hitzetan arreta pixka bat jarri izan bazenu. Nire egunek ez dute kolore askorik izan eta ezin nizun egun arrunt bat besterik eskeini. Gehiago saiatu izan banintz, beste grina bat azaldu izan banizu, sinesgarriagoa bihur nezakeen nire hitz-jarioa.
Dena den neronek ere ez nekien jadanik nire ezkontza hunki nintzakeen zerbaitetan bilaka zitekeen. Aste batzuz epeltasun bitxi batek zeharkatzen ninduela sentitzen nuen Nekanek eta biok proiektatzen genuena aipatzerakoan. Lehen prestaera haiek zirela eta funtzio bat borobildu nahi deneko kilika pilatzen zitzaizkidan urdailean. Gure topaketa gertatu zen egunerako utziak genituen hondarreko tramiteak. Goizeko hamarrak aldean deitu nion Nekaneri bankora. Ezteia ospatzeko jatetxea hautatu behar genuen eta arratsalderako geratu ginen. Esposatzeko erabakiak ez zigun buruhauste handirik planteiatu. Familiak pozik zeudela zirudien eta arazo ekonomikorik ez genuenez ohizko zeremonia bat presta genezakeen. Deia egin eta mandatu batzuk utzi nizkion Txarori. Hamaikak aldean aldegin nuen bulegotik. Auzitegian egon behar nuen hamaikak t'erdietarako. Bingo batetik jaurtikitako mutil bat defendatzea tokatzen zitzaidan. Antzeko kasu asko presentatzen zaigu bufetean eta arraroa izaten da galtzea. Bazkaltzeko ordua izaten da gu auzitegitik Xeferekin hartzen ditudan baxoerdiek egunkaria errepasatzera edo lan arazoetan ihardutera eramaten naute normalean. Etxera ailegatu eta badakit mahai gainean izanen dudala janaria. Gurasoek ez dute nirekin bazkaltzen, alboan jartzen zaizkit eta ixiltasuna gordeaz luzaro begiratzen naute gehienetan. Eguerdi hartan, ordea, aholku saila atera zen nire amaren ahotik. Ez nion kasorik egin, batzutan monosilaboz erantzun eta egunkarira itzultzen nuen begirada. Ez zuen gehiegi insistitu. Siesta egiteko oheratu ziren. Telebistan ematen dituzten albisteak entzuteko etzan nintzen. Pantailatik zetorkidan elur grixak eta zaratak bostak aldean esnatu ninduten. Bikarbonatoak lagundurik bota nituen korrokadek lasaitu zidaten urdaila. Ihes egiteko desioek astindu ninduten. Zamarra sorbaldatik zintzilikatu eta ateraino hurbildu nintzen. Eskua krisketan gelditu zitzaidan. Ia atzendurik neukan Nekanerekin egindako zita. Alkondara garbi bat jantzi, orrazia pasatu eta burua altxatu gabe jeitsi nintzen atariraino. Ordu laurden bat falta zen oraindik. Oinez abiatzea erabaki nuen. Nekane puntuala izaten da eta taberna ez zegoen oso urrun. Ataritik irteterakoan estropozo egin genuen lutoz jantzitako atso batek eta biok.
Nekane barra ondoko aulki luze batetan eseririk zegoen. Kolonia gozo, enpalagoso bat zeraman. Ezpainak lepoadletik kendu eta bere masailean muxu eman nion. Esku bat hartu zidan. Esaldi solteak erabiliz nire lanaren berri jaso nahi izan zuen. Nekanek berehala ixiltzeko ohitura dauka eta horri esker erantzuten diot. Orduan ere ez genuen hamar minutu baino gehiago egin kafetegian. Automobilez joan beharrak ginen jatetxeraino. Bidean ez zen hitzik izan gure artean eta ni Nekane baino bi edo hiru metro aurrerago ibili nintzen traiektu horretan. Jatetxea hiritik bost kilometrotara ageri da, hegi grixean nabaritzen delarik. Euriak zipriztintzen zuen kotxearen parabrisa restaurantearen atearen aurrean jeitsi ginenean. Arduradunak gurekin batera errepasatu zituen gure ezkontza eguneko bazkarirako mantendu nahi genituen xehetasunak. Ez genion eragozpenik jarri eta aguro moldatu ginen. Nekanek galdera batzuk egin nahi zizkion eta ni kanpoan gelditu nintzen esperoan. Satisfakzio aurpegia azaltzen zuen Nekanek automobilean sartzerakoan. Iztarrean jarri zidan eskua eta irrifar arin bat dibujatzen zitzaion ezpainetan. Nik periferia aurretik dauden zabor pilatuak begiratzen nituen. Haietan nahasten diren plastikoen koloreak bereizten saiatu nintzen. Zakarki frenatu behar izan nuen txabola hondatu baten atzetik atera zen katu bat ez zapaltzearren. Nekanek ez zuen oihurik egin, eskuak ahora eraman eta arnasa eutsiz begiratu ninduen. Ez nuen ezer egin pixka bat lasai zedin.
Boulevard zahar batetan aparkatu genuen kotxea. Gure etxe berria apaintzeko zenbait zehazkizun falta zitzaigun eta dendaz-denda ibiltzen ginen arratsalde haietan. Bi edo hirutan sartu ondoren lore lehor xorta bat eta apal batzuk aukeratu nituen. Ilunabarrak akiturik sentiarazi ninduen. Txokolatea eta txurroak jan genituen parkearen sarrera ondoko kasetan. Ez neukan automobila hartzeko gogorik eta oinez joanen nintzela esan nion Nekaneri. Poltsa eta paketez gainezka zegoen. Kopetan laztandu nuen eta irrifartsu aldendu zen. Etxera ailegatu nahi nuen eta parkean sartu nintzen.
Silueta bakan batzuk gurutzatu nituen ibiltoki nagusian. Tximinoaren kaiolaren aurrean ez zen jadanik inor. Bikote bat besarkatzen zen zuhaitz baten atzeko aldean. Mutilak erretzen zuen zigarroaren puntak neskaren adatsa argitu zuen instant batez. Atso zimur bat jarleku bat lehortzen ari zen egunkari zahar baten orrialdeez baliaturik. Larru beltzeko zamarra bat zeraman mutil batek bost duroko txanpon bat eskatu zidan. Hamar duroko bat luzatu nion eta harresi alderuntz jo nuen. Farolek, bi aldetara ziren hesiak urreztatzen zituzten. «Aizu, mesedez, zurekin joan al naiteke?». Azken silabetan jarri zenuen dardarrak geldierazi ninduen. Zure aurpegian ezin zen ezeren frogarik aurkitu eta astiro ahozkatu zenituen hurrengo hitz haien ondorioz sinetsi nituen aurrekoak ere. «Gizon batek segitzen nau». Lorategiak egiten duen kurbaren erdian zeunden, zimurrik gabeko uniformearen ezkerraldea horitzen zizuten farolek. Nire aurrera egiteko keinuari hiru pauso emanez erantzun zenion, aldamenean jarri zintzaizkidalarik. Karpeta eta liburuak bi besoz inguratu eta zure bularraren kontra estutzen zenituen. Bion pausoek erritmu bera markatuarren ez zenidan behin ere ukitu sorbalda. Hurrengo kurban lerrotzen diren nakostak haizeak harrotzen zituen. Hauek arratsaldez faboratzen zuten argi berde trinkoa beltzenean bilakaturik zetorkigun. Gogorturik neuzkan belaunak. Ez zeukaten hezurren jokua egiteko behar den arintasuna. Gure zapaten puntek ez zuten harri koxkorrik botatzen aurrerantz. Oinpean harrapatzen genituenek lohian kraskatzen zuten. Zintzurrean eta ahosabaian itotzen zitzaizkidan galdera minimoenak. Ez dakit zer zela ta, baina «beste alde hartako etxe berrietan» ulertu nuen. Ahateen urmaelaren gainetik pasatu ginen. Haien zarata itzalia zetorkidan uraren ertzeko kainaberaditik. Marmol beltzeko iturriaren txorroak gaztain hosto bat kolpatzen zuen. Trafiko eta semaforoaren argiek ustegabean hartu ninduten. Malda beiti abiatu ginen. Haizeak okertzen zituen harresiaren parean hazten diren belar luzeak. Espaloian amaitzen da parkea. Minutu erdi batez itxoin behar izan genuen bide bazterrean. Zebrabidea zeharkatu ondoren hasi nintzaizun hizketan. Ordu laurden luze batez apika. Ez ninduzun begiratzen eta ez zitzaizun urduritasun izpirik nabari. Elastiko urdinetik zintzilik jaioberriei jartzen zaizkien katekorratz bat zeneraman. Ez zenuen kokotsa jeisten. Auzo berriko abenida zabalak argitasun laranja batek lainotzen zituen. Hodei hurbilenak arinki koloreztatuko sabai ziren. Bi edo hiru luxozko puben aurretik pasatzerakoan neoiaren kolore desberdinak zenbatu nituen. Barra amerikano baten aurrean berrogei urtetik gorako koadrila bat zebilen sartu nahiz. Hirugarren blokean ezkerreruntz jo eta zure ataria seinalatu zenidan. Orduan ixildu nintzen. Kristalezko atearen parean burua jiratu zenuen. Ez zintudan betazalak ixten ikusi. «Esker mila» entzun nuen. Orkatilaraino eroria zeneraman galtzerdia eskilarak igotzen hasi zinenean.
Lo uher baten ondorioz zortzietarako erne nengoen biharamonez. Kioskoraino jeitsi nintzen egunkaria erostera. Berriro ohean sartu, gosaldu eta gurutzegrama erdia betetzea lortu nuen. Bederatziak aldera bulegokoei deitu nien. Etxean geldituko nintzen lanean. Ordu erdi batez leihotik begira egon nintzen. Azken egunetako lanbroak zirauen kaleetan. Minberaturik neuzkan gerriak. Ohantzean etzan eta ordu beteko loaldia egin nuen. Handik egun batzutara defendatu behar genuen kasu bati buruzko txostena irakurtzen aritu nintzen. Ama sartu zen logela apaintzeko asmotan. Bion artean egin genuen eta ondoren bazkaria prestatzen lagunduko nuela esan nion. Barazkiak zuritzen ari ginela nire ilobaz eta ikastetxeen gaiaz mintzatzen hasi nintzen. Amak ongi menderatzen ditu istorio hauen detaileak. Zure uniformearen kolorea deskribatu nion. « Horiek teresianak dituk». Aita goizero egiten duen paseoa bukatu eta etxera etorri zen. Goiz xamar bazkaldu genuen. Pozik zeuden nire gurasoak. Kafea edan eta logelako besaulkian etzan nintzen. Garagardo potez osatzen dudan bilduma begiratu nuen luzaro. Zinemaz bi edo hiru orrialde irakurri nituen entziklopedia batetan. Erretratu zaharrenak ukitzen ditut horrelakoetan. Erlojuak hiru t'erdiak jo zituenean kalera atera nintzen. Hutsik ageri zen Alde Zaharra. Umore aldizkari batzuk erosi eta kafetegi batetan sartu nintzen. Ordu bete eta piko egin nuen eserita. Zigarro asko erre nuen. Kafetegitik bost minutura dago ikastetxea. Karrika estuek inguratzen dute eta ezin daiteke urrundik nabari. Sarreratik hogei metrotara jarri nintzen. Paretean paratu nituen sorbaldak. Monja batek erratza pasatu zuen atarian eta espaloian. Tabako paketeari paper zilarreztatua kendu eta sei petaloko lore bat egin nuen. Denda batetik irten zen atso batek ur xaboitsuz betetako pozal bat hustu zuen karrikaren erdian. Zuen algarek itzularazi ninduten. Lehenak bikoteetan zetozen, irriak eta berriketa nahasten zituzten eta presaka urrundu ziren. Begirada okertzen saiatu nintzen. Zure adats rubioa beste askoren artetik bereizi nuen. Niregana zentozela iruditu zitzaidan, liburuak eta lore xorta bat zenekartzan. Nire ondotik pasatzerakoan behin begiratu ninduzun. Ez zenuen inor ondoan, ezta atzetik ere. Ez zinen gelditu, baina mantsoak ziren zure pausoak. Hurrengo kantoian desagertu zinen eta orduantxe abiatu nintzen, presarik gabe, zure atzetik. Berehala lortu nuen zure parean jartzea. Nabarmena zen zure higiduren lasaitasuna, ez zenidan galderarik egin eta nik ere mututurik jarraitu nuen. Alde Zaharrean den eliza bateko arkupera ailegatu ginen. Zutabe baten ondoan geunden. Besoaz inguratu nizun gerria. Txikle bat maskatzen zenuen ahoa ireki gabe, poliki. Karretera gurutzatu genuen. Parkearen sarreran haurrak pilatzen ziren, merendua hasi berria zuten batzuk. Lehenengo paperontzian bota zenuen txiklea. Gozoki saltzailearengana joan zinen. Ezagunekin izaten den tratua eman zizun eta zuk paxa pakete bat erosi zenion. Loreek traba egiten zizuten eta nik hartu nizkizun. Ezin nuen lore horien mota bereizi. «Gladioloak dira». Paxa bat dastatzen zenuen. «Lorez beterik egoten da kanposantua». Izerdia zeridan loreak eusten zituen eskutik eta ahurra kirastu zitzaidan. Argiro zetorkidan paxa poltsa zimurtzerakoan sortzen zen garraska. Bidexur estuenetik barrena urmaeletaraino iritsi ginen. Ahateen jokuak eta joan-etorriak jarraitzen zenituen. Aspertu ondoren gure atzean zegoen jarlekuan eseri zinen, iztarren azpian gorde zenuen gonaren atzekaldeko zatia. Belaun bat tolestu eta jarleku gainean paratu nuen oina. «Arku hura oso arriskutsua da». Pretil berri baten gainean tankera zaharreko hiru arku eraiki dituzte. «Udan bi haur hil ziren. Errekan ito zen bat». Segundu batzuk gehiago kostatu zitzaizun istorioa amaitzea. «Gorputza urpean zegoen eta eskua soilik ageri zen». Atzerantz bota zenituen ile batzuk. Liburuak utzi eta iturriraino hurreratu zinen. Ura edateko makurtzerakoan belaunaren atzekaldea erakusten zenidan. Txorroak alde guztiak zipriztintzen zituen. Ur ttanttak puntu ilun batzuk besterik ez ziren zure uniformean. Beste bidexur batetan sartu aurretik instant batez behatu zenidan. Liburuak hartu nizkizun. Desagertua zinen bidexurraren ilunpean sartu nintzenerako. Inausi gabeko palaxuak aurpegia kolpatzen zidan, hotza neukan eta ezin nituen sakeletan sartu eskuak. Bidegurutze berri baten aurrean ez nuen zalantza handirik izan, ezkerrera joaz luebanaren gainean agertu nintzen. Hogei metro aurrerago dagoen arkuaren azpian eserita zeunden. Itzal bat izan zinen bertara ailegatu arte. Urmaelak inoiz baino mateago zirudien. Bazenekien zuri so nengoela. Nire ezpainek zure lepoa korritu zuten, laztan lehorrak josi nizkizun. Ez zen zurruntasunik nabari zure giharretan. Ez nintzen zure ezpainetaraino iristera ausartu eta leku berberan jarriak zenituen begiak burua altxatu nuenean. Gerria inguratu nizun berriro. Zuk hatz bat belarri azpian ipini eta lepoan zehar, hatzazalean apoiatuz, nire laztanek egindako bidea jarraitu zenuen. Nire hotzikarak baretzearren estuki besarkatu zintudan. Harriaren kosketan sortzen zen goroldioari ura zerion. Zoko hartako hezetasunak usain gozo bat zekarkidan. Inguratzen gintuenak ez zuen besarkadaren iluntasuna hausten eta apartatu ginenean ez nituen zure eskua eta gerria bilatu. Lepoa estali nuen gabanaren paparrez. Arkupean gelditu ziren loreak ez genuen horiek berreskuratzeko esfortzurik egin. Maldan beiti abiatu ginen. Bi ziren funditurik zeuden farolak, lurrera begiratuz abantzatu behar izan genuen hurrengo hogei metrotan. Auzo berriaren mugan sartu ginenean zure izena hauteman beharrak larritu ninduen. Zure pauso arinek zerbait berririk adierazten zidaten. «Nire ama atzerritarra da». Ez zitzaizkidan ondorengo nire zizakadurak gustatu. Lehenengo «e» horretan paratu zenuen azentua. «Jessica». «Bai, Jessica». Eta eskilaretatik goiti galdu zinen.
Handik hiru egunetara deitu zidan Nekanek. Askotan telefonatu omen zuen bulegora eta etxera. Zergatik? Non? eta Norekin? izan ziren gehien errepikatu zituen galderak. Nire erantzunen sinpletasunak desarmatu zuen eta ez zitzaion insistitzeko gogorik gelditu. Ixilune batzuk egin zituen nire aitzakien esperoan edo. Banekien nigarrari eutsiko ziola. Xamurra izan nahi zuen ahots dardarti bat jarriz agurtu ninduen. Xefek, aldiz, ez zidan esplikaziorik eskatu bulegora deitu nionean. Lanean ari nintzela pentsatzen zuen eta nik ez nien argibide gehiago eskeini ez Xeferi, ezta Txarori ere. Bazkalondo bat aprobetxatuz txostena itzuli nuen bulegora. Bertan zenbait azalpen idatzirik ageri zen.
Beste arratsalde guztiak badakizu zurekin igaro ditudala. Ez dugu inoiz zitarik egin. Bagenekien non topa gintezkeen. Berdin xamarrak gertatu zaizkit pare honetan egin ditugun orduak. Hala ere ongi oroitzen naiz euria zela eta negutegiaren babesa bilatu genuenekoaz. Nik aitzur txiki bat aurkitu nuen kristalezko atearen atzean. Lurra pixka bat harrotu eta zizare asko azaltzen zen. Aitzurra erabiliz erdibitu nituen. Zu zurezko kaxa batean eserita zeunden eta arrosa baten petaloz ahurra bete zenuen. Euripean jarri eta nahiko bustirik zeudela frogatu ondoren ezpainetatik pasatu zenituen behin eta berriro. Nireak kolorezta zeniezazkidan eskatu nizun eta ardo kolorezko petaloak hautatu zenituen. Ez zeneukan ispilurik. Kristalean eta putzu batean ikusi ahal izan nituen. Bi egunez iraun zidan koloreak. Gauez, etxean nengoelarik, nire aitaren nigarra aditu nuen logelatik.
Aurreko goizetan ez dut nire gelaren espazioa zeharkatu. Ama bi aldiz sartzen zen gosaria eta bazkaria ekartzera. Mimosak erregalatu nizkion behin. Hala ere ez du txintik esaten. Filma zaharrak proiektatu ditut. Dozena bat bider pasatu dut bere katua bilatzen saiatzen den emakumearen sekuentzia. Berrogei urte izanen ditu, lorategi batetan sartzen da, etxean jazten dituen bata eta zapatilak ditu. Azkenean belarraren gainean datza eta ezin daiteke jakin nigar egiten duen ala ez. Artisten erretratuak ere ebaki eta paretean zintzilikatu ditut. Ikatziriz dibujatu dut zure aurpegia eta beste guztiekin batera nahastu dut. Ederki moldatu naiz ilunpean. Goizetan ez naiz ezertara atera, palomitak eta gozokiak falta zitzaizkidanean ama bidaltzen nuen beheko dendara. Maiz telefonatu dute Nekane eta Xefek. Amak hartu ditu deiak eta ez nagoela erantzun die beti. Duela bi egun gure etxeraino etorri zen Nekane. Amak ez zion atetik pasatzen utzi. Nigar-zotinka aritu zen bost minutuz guttienez. Telebistaren bolumena apur bat jeitsi nuen. Ez dakit zer esan zion amak kontsolatzeko, baina ez da berriz azaldu.
Gaur goizean periferia inguratzen duen autobusa hartu dut. Bi aldiz egin dut bidaia osoa. Oso ongi sentitzen nintzen. Jende desberdina igotzen zenean aurpegi guztiak aztertzen nituen. Haurrek futbolean jokatzen zuten orubeetan, lohia artean. Akiturik nengoen jeitsi naizenean. Indar haundia eman dit bidaiak. Jasangarriagoa gertatu zait arratsalde hau. Zuk ez duzu hutsik egin.
Baina ez dit onik egiten aste honetako gertakizunak errepasatzeak. Ez naiz batere lasaitu, ez dizut ezer deskubritu eta ez dut aurkitu zuk ezagutzen duzuna jakiteko modua. Parkeak ez dit deus ere erakusten. Gero eta hezetasun sarkorragoa nabaritzen da. Gogortuak gaude eta zure gorputzaren zamak besoak nekatu dizkit. Elastikoak estaltzen dizu zauria, baina sakona da dudarik gabe. Odol ugari atera zaizu. Ilea orraztu nahi nizun eta zure masailean arrasto gorri bat uztea besterik ez dut lortu. Gehiago estutzen bazaitut odolustuko zara. Ez dakit non gorde dezakedan labana hau.