Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
Aurkibidea
Amodiozko istorio bat
Mikel Antza
Taxi baten agonia
Roman Utretx
Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz
Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde
Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria
Azken asteartea
Gorka Setien
Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta
Batetik bestera
Eneko Olasagasti
AMETS BELARRAK
Iñaki Iñurrieta
Lehen aldiz gertatu zenean nahiko asaldaturik utzi ninduen. Zapore arraro bat geratu zitzaidan, ezin ohartu nintzen zerbait gogoaren atzean zintzilik. Aspaldidanik ametsik gabeko loa zen gurea, gau hondogabean amiltze bat, inolako imajinarik gabe, eta dardara bizian esnatu nintzen lehenbiziko hartan.
Hedon, Hedonen aurpegia ikusi nuen, begi urdinak zabal-zabalik aurpegi irazekian, antzeman ezin nion zerbait begiradan, oinaze neurrigabea apika.
Esnatzean geldi-geldi jarraitu nuen, norbaitek igarriko ote zidan beldurrez. Erabat ahantziak genituen gertaeraren oihartzun urruna geratu zitzaidan, baina aldi berean ondorio larrien susmoa. Ene bihotzean hobenaren sentsazio iluna hasi zen ernetzen.
Halere, gauzak ez ziren aurrerago joango beharbada, amets hura errepikatu ez balitz. Hedonen aurpegi hura betiere, asmatu ezin nuen zerbait adierazi nahi balit bezala, ondorengo loaldi guztietan agertu zitzaidan. Eta esnatzen nintzen bakoitzean iragana zetorkidan isuri errazean. Berehala galdu nuen hasierako larritasun hura, gero eta bortitzago nabari nuen gogoratu beharra. Ez nekien zerbaitek bultzatzen ninduen egun joanak berreskuratzera.
Honela bada, lehen aldi haietan Egoitzaren irudiak agertzen zitzaizkidan. Egoitza bere oparotasun osoan, artean azpikoz gainera jarriko zuten pasadizuak iritsi gabe zirenean. Harrizko eraikuntza garaia, era guztietako zuhaitzez, lore koloretsuz eta belar hezez inguraturik.
Denon topaleku zen. Ez zuen jaberik, baina denok onartzen genuen, esangabeko akordioz, inor izatekotan Hedon zela jabea. Zaharrenek ere nekez gogoratzen zuten egun batez iritsia zen bertara, eta erdieroria zegoen etxea, sastrakak eta sasiek jan behar zutela, zeharo aldatu zen denboraldi baten buruan. Jauregi baten itxura hartu zuen, baina jauregiarrik gabe. Beti zegoen zabalik edozeinentzat, eta bertara biltzeko ohitura hartu genuen.
Gero eta egonaldi luzeagoak egiten genituen bertan, hain zen bizia erraza. Arbola eta landare ugariek era guztietako fruituak ematen zituzten ia ardura harturik gabe. Belar gainean etzanik egon ohi ginen, eguzkiaz gozatzen, edota zuhaizpeetako itzal freskuan galtzen ginen amodioaren orduan. Eguraldiak hartara behartzen gintuenean, etxebarneko gela anitzetan zehar sakabanatzen ginen. Honela, bizia zoriona zen. Hedon ere zoriontsu zen hura ikusirik.
Guzti hauek gogoratzen nituenean negarra zetorkidan begietara. Nola izan ote ginen hura galtzeko gauza? Oraindik ez nekusan garbi ametsarekin zuen zerikusia, baina zegoeneko oroitzapen hariari lotzen nintzaion esnatu bezain laster.
Alabaina, ondorengo loaldietan ametsa aldatzen hasi zen. Emeki-emeki, osatuz zihoala zirudien, xehetasun berriak agertzen baitziren. Jadanik banekien Hedonen aurpegiak oinazea adierazten zuela, ziur nintzen. Eta honekin batera barreak entzun nitzakeen, bigunki lehenik, gero eta ozenago hurrengo egunetan. Burua biratzen nuen barreak nondik zetozen ikusteko, eta gu denok ageri ginen, Maisuaren inguruan.
Maisua ametsean lehen aldiz ikusi nuenean, bihotza bizkortu zidan beldurrak. Itzartzean, Egoitzan lehenekoz azaldu zen egunaz oroitu nintzen. Inork ez zuen ezagutzen, baina ez genion galdetu nor zen edo nondik zetorren, ez zitzaigun axola. Lehen unetik berebiziko zirrara egin zigula nuen gogoan. Haren begiek arima zulatzen zutela ziruditen begirada bakoitzean. Bidazti bat izango zela pentsatu genuen denok, eta zenbait egunez deskantsu hartu ondoren bere bideari lotuko zitzaiola berriro. Baina ez zen hala gertatu, egunen joan-etorrian Egoitzan biztanletu zen.
Orain esan dezaket, madarikatua hura hemen sartu zen eguna! Egun asko pasa baino lehen hasi ziren landare arraro horiek agertzen. Inoiz ikusi ez genituen loreak, kolore eta usain estrainiozkoak. Bai, lorategiak berehala hasi bide ziren aldatzen, baina gu ez ginen ohartu. Ez genuen hura Maisuaren presentziarekin lotzen. Amets tarteko gogoraziotan, ordea, pasadizuok zentzuz betetzen ari ziren. Oraindik ez argiegi, halere.
Loreak agertzearekin batera osterantzeko gauzak ere aldatzen hasi ziren. Ezari-ezarian fruitu ugariak desagertu egin ziren, baita kolore bizidun loreak ere, beste ilun haiek ordezkatuak. Oraindik ulertezina zait nola onesten genituen aldaketa guzti haiek. Zegoeneko ia egun osoak ematen genituen Egoitza barnean, Maisuaren inguruan, haren hizjario harrigarriari belarri emanik.
Bitartean Hedon guzti honetatik at zegoen. Ikusten bide zuen maldan behera abiatuak ginela, gero eta abiada bizkorragoz, baina ez zuen ezer esaten.
Pasadizu hauek gogoratzean, egoera hari ez oldartzearen arrazoiak bilatzen saiatzen nintzen. Egia ote zen zorion etengabeak asperra eragin dezakeela? Berrinahiak bultzatzen ote gintuen? Baina orain badakit ez zegoela gure esku etorriko zenari itzurtzerik. Lore infernutar haien manupean geunden.
Ametsak aurrera zegien. Maisuak esan zituen hitz erdeinariak ziren gure barreen eta Hedonen aurpegi oinazetsuaren esplikazioa. Hedon: bi txingar izoztu aurpegi irazekian. Ametsa logikaren arauera moldatzen zela zirudien.
Eta ametsari erantzunez bezala, gero eta ageriago zitzaidan oroitzapenetan orduko gure biziaren hertsia: Maisuaren inguruan hasi eta bukatzen zen, ez genuen besterik behar, aski zitzaigun. Jadanik ezinezkoa genuen esan edo egiten zuen edozer zalantzan jartzea.
Ia lehen unetik beretik inposatu zizkigun zeremoniak esate baterako. Gure soinak, bilo eta jantzi, belarrez eta lorez apaintzen genituen. Jadanik ez genuen ikusten zuri elurtsurik, ez gorriminik; lili more ubelak bakarrik. Eta igaliak desagertu eta zer janik gabe geratu ginenean, landare egosi haien saldaz elikatu gintuen, bizi berri bat aurkituko genuela agintzen zigularik.
Ez zegoen halabeharraren kontra egiterik. Azkenik, Hedon zen Egoitzan geratzen zen bakarra, gure taldekoez kanpo. Egun batez, Maisuak errito haietan esku hartzera gonbidatu zuen. Haren erantzuna zehatza izan zen: loreei zerien heriotz usaina laster gutaz jabetuko zela esan zigun. Su bizik hartu zuen orduan Maisua, eta gogor eraso zion. Hedon isilik geratu zen; hitzez muga ez daitekeen begirada bota eta alde egin zuen. Ordudanik ez dugu berriro ikusi.
Baina ametsa hasi zenetik ikusi egiten nuen. Gogorapenen pundu honetara iristean konturatu nintzen lo nengoenean nekusana Hedonen espulsioaren pasadizua zela, azkenaldi hartako lozorro sakonean erabat ezabatua zitzaiguna. Harri eta zur geratu nintzen hau egiztatzean.
Halere, ondorengo egunetan ametsa ez zen bere hartan geratu, osatuz jarraitu zuen. Baina orain bizi ez genituen xehetasunak agertzen ziren. Maisuak jaurtiki duen lore beltzaren hegada, Hedonen kopetaren kontra kolpatu arte; algara eta irri guztiak bertan behera ezabatzen dira; lurrean, jadanik ez dago lorerik, zilarrezko laban distiratsu bat baino.
Honek nahaspila sortu zidan, ez baitzen halakorik gertatu benetan. Ala beste zerbait adierazi nahi ote zidan ametsak? Geunden lozorro hartatik irtenbiderik erakutsi nahi ote zigun? Borondate osoz heldu nion gogoratzeari, amaiera honen burua hurbil zegoela susmatuz. Hedonek aldegin ondokoen bilaketari ekin nion.
Berehala ahantzi genuen. Jadanik ez ginen mugitzen geunden gelatik, lurrean etzanik, lozorro astun batean ia beti. Esnaldi laburretan Maisuak eskaintzen zigun edari ketsua edaten genuen, eta berriro bihurtzen ginen gau beltzera. Oraindik ere etxebarne osoa betetzen zuen lurrin deabruzko haren arrastoak geratzen dira.
Baina orduan ez genekien barruan ez ezik, Egoitza inguratzen zuen landa arras aldatua zela. Heriotza koloredun liliak, sasitza eta sastrakadia oroz jabetuak ziren. Etxearen hormen kontra intziri arraroak entzuten hasi ginen halako batean, eta handik pixka batera leiho eta ate zirrikituetatik belar izpiak agertzen hasi ziren gero eta ugariago. Belar muturretan ametsean ikusi nuen bezalako lore beltzak ernetzen ziren.
Egoitza irentsi nahi zuten, geu irentsi nahi gintuzten. Baina gure gorputzak lurrari josita jarraitzen zuten, indarge. Konturatzen ginen azkena itxadotea zegokigula soilik. Zer egin? Maisua gelaren erdian zegoen, begiak airean nonbait tinko. Haren gogoa urrun zegoen, agian biziaz bestaldean. Orduan jazo zen gure salbabidea izango zena.
Nola eta nondik ez nekiela, eskumenean nituen belar multzo batetan nahasturik, lili zuri bat ikusi nuen, Hedonen garaiko titi zuri bat. Inor konturatu baino lehen hartu eta esku ahurrean desegin nuen; ondoren, gure elikadura irakiten zegoen galdarara bota nuen.
Ondorioa berehalakoa izan zen. Maisuak eskaini zigun salda hura edan eta hurrengo loaldian, ametsetan egin nuen lehen aldikoz; Hedonen aurpegia ikusi nuen. Handik aurrera, oroitzapenak hasi zitzaizkidan parrastan etortzen, eta haiekin batera bizia.
Ametsa bart burutu da. Hedonek zilarrezko labana lurretik jaso eta neri eskaini dit. Beste guztien begiak enegan tinko sentitu ditut, are Maisuarenak ere. Harriduraz eta beldurrezko distira berria nabaritu diot. Neu ere larritasun handi batek betetzen ninduen, banekien ametsean nengoela, baina ezin nintzen itzarri.
Izerdi patsetan zutitu naiz, dardaraz. Ingurura begira eta denak nituen neri so. Orduan ezagutu dut denok geundela eginkizunaren jakinean, amets berberetik esnatuak ginela.
Gure begiak Maisuarengan josi dira. Jadanik bazekien ezin ziola bere patuari ihes egin. Zirkinik egin gabe zirauen, mutu, lurrari josita bezala. Emeki-emeki inguratu dugu, gure bihotzetan amorru mugagabea hazten zelarik. Eskuak soinean ausatu dizkiogunean, haren laztura sentitu dugu. Behin eta berriz zulatu dizkiogu erraiak bere zilarrezko labanaz eta azkenean astunki utzi dugu lurrera erortzen, hilotz.
Ondoren, haren gorpua zatikatu dugu, belartzak ia osorik estalitako leiho eta ateak ireki eta kanpora jaurtiki ditugu puskak. Intziriak areagotu egin dira une hartan lana guztian zehar, aiene luze bihurtu arte. Gero, poliki-poliki, isiltasuna egin da.
Landaretza guztia atzeratzen hasia da dagoeneko. Gu ere oneratzen hasiak gara, ameskaizto izugarri honetatik atera ondoren. Orain badakigu gauzak ez direla berdinak izango aurrerantzean. Gertakizun hauen memoriak luze iraungo du. gure artean eta agian inoiz ez zaigu barkatuko hobena. Baina ez dugu galtzen itxaropenik, noizbait erneko da berriro Hedonen hazia gure artean.