Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

DEMETRIO

 

 

 

     I

 

 

Egun batean

ume nintzela

sukaldean sartu

eta ezustean

ama negarrez

topatu nuen:

 

egun hartantxe

nire barruan

piztu zitzaidan

suaren garra

ezagutzen ez nuen

aitarengana,

 

egunez egun

azkartzen

joan zitzaidan,

egun batean

hilko nuela

erabaki nuen arte,

 

jaio berritan

bataiorako

abizena emanda

Argentinara

egin zuen

gizon hura

 

ama herrian

lotsa gorrian

bakarrik utzita,

herritarren eta

senitartearen

gaitzetsi larrian:

 

lehendik ere

senar zenarekin

izandako bi

seme-alaba

aldean zituen

alargun gaztea.

 

Denda batean

sartzen zenean,

solasa eten

egiten zuten

barruan zeuden

beste andereek

 

isilik iraunez

aldamenean,

hitzik ere

zuzendu gabe,

bera dendatik

         atera arte.

 

Hutsik zegoen

bizitzaren galdera

egiten zuenean

hara aldatzeko,

beti ezezkoa

jasotzen zuen:

 

batzuk isilez,

eta besteak,

okerrenak zirenak,

haien barrua

aitzakia merkean

gordetzen ziotenak.

 

 

 

 

     II

 

 

Egun gaitzak

ziren niretzat

senideren bat

hiltzen zenean:

kalerik kale

edo periodikoetan

 

jartzen zituzten

hil oharretan

salatua ikusten

bainuen orduan

neure egia

denen begian:

 

ezberdina zela

abizen hura

senide guztiek

zutenaren aldean,

ez nintzela

ezpal berekoa:

 

ohar haietan,

osatzen zuten

hurrenkeran,

orbana zen

besteen artean

nabarmentzen:

 

nire zurtzak

mendu bat

hartzen zuen

ikusten nuenean

neure burua

bakar, berezi:

 

zenbat eta

luzeagoa zen

zerrenda hura,

orduan eta

azkarragoa

hartzen zuelarik

 

egun horietan

niri buruzko

itaun gorria

aditzen nuelarik

lagun, ezagun,

herritarren begietan

 

nire aurrean

ezertxo ere

aipatu ez arren,

bai bainekien

ordurako jakinaren

gainean zeudena.

 

Egun batean

sukaldean sartu

eta negarrez

nuen topatu:

hilko nuela,

           erabakia

nuen hartu

 

erabaki hori

barruan ongarri

izan nuelarik,

hartzen ninduen

sugar iluna

onera ekartzeko:

 

gutxika-gutxika

meatzari lan

sariari kenduta

itsasontziaren

pasajearen dirua

osatua nuenean,

 

abiatzeko eguna

hurrean zenean,

gerratea piztu zen

uztailaren hamazortzian,

frentera jo nuelarik

Alderdiko kideekin.

 

 

 

 

     III

 

 

Santander hirian

batetik bestera

sartzear ziren

etsaiei ihesi,

erruan ziren

pilatuak portuan

 

ihes egiteko

itsasontzi baten

galde larrian,

han eta hemen

aditzen ziren eztanda

hotsen gorrian.

 

Gure kapitaina

hurbildu zitzaidan

lepotik helduz,

bero besarkatuz,

azken agindua

argi emanez:

 

“Batez ere, batez ere

lelokeriarik ez!!

Lelokeriarik ez!!”,

eta hori esanda,

metro batzuk

nigandik aldenduz

 

pistola atera,

lokian jarri

            eta tiro

egin zion

bere buruari

zerraldo eroriz

nire aurrean.

 

Beste batzuk

launaka, bosnaka

sartzen ziren

kaiaren ertzean

uretarantz zuzenduak

zituzten jeepetan

 

dinamita kartutxoz

hornitu ondoren:

metxa piztu,

azeleragailua jo,

eta airean gora

jalgiak zirenean

 

uraren gainean

eztanda batean

lehertzen ziren:

azken unean

elkar harturik,

buru agerturik.

 

Urteen buruan

gerrate ostean

herrira itzultzean,

nire bizitzako

kale zaharra

zeharkatzean

 

atariz atari

hasi zitzaidan

Argentinako

gizon harekin

nuen zorra

gogoan berritzen.

 

 

 

 

     IV

 

 

Bahia Blanca

inguruan nengoen,

hirurogeita

hamazazpi egun

iraun zuen

bidaiaren ondoren

 

eta gizona

hantxe zegoen

nire begietan

arditegia zen

etxalde batean,

bakar antzean

 

arkumeei aiztoz

lepoa ebakitzen, ontzietan

odola biltzen:

ildo gorria

isil, zintzo

zen bihurtzen

 

(behin txikitan

Martin osabak

horixe ikustera

eraman ninduen:

egun horretan

hazi egin nintzen:

 

sakontasun bat

bainuen irabazi,

horren aurrean

ikarak hartzen

zuen umea atzean

nuelarik utzi).

 

Haren ordua

iritsia zuen:

gure arteko

auzi zaharra

bideratuta

geratuko zen:

 

orduan ordea

ezuste batek

jo ninduen:

hura ez baitzen

hiltzea erabaki

nuen gizona:

 

egun batean

komodako kaxoian

izaren artean

amak gordea

zuen argazkian

ezagutu nuena:

 

begirada sendo

baten jabea,

ile beltza

sarria zuena:

zuzen-zuzen

begiratzen zidana

 

baina zimurrek

ildorik ildo

jantzia zuten

zahartu bat,

ilea urdin,

itxura erkin:

 

alferrik eman

zion buruak

agindua eskuari

hel ziezaion

patrikan gordea

zuen burniari

 

geldi, xorrean

lotu nintzelarik

haren hurrean,

eskuak ez zuela

burnia hartzeko

egarririk biltzen:

 

halako batean

aita nuen

gizon hark

nirekin ohartu

eta burua nigana

zuelarik bihurtu:

 

ikaran, burua

lurrari emanez,

harengandik gordez,

etorri nintzen

bide beretik

alde eginez

 

aita nuen

gizon hura

eremu gabean

bakarrik utzirik

odol isurkin

gorrien artean.

 

 

 

 

     V

 

 

Etxearen atarian

makila eskuan

ematen nituen

nire egunak,

jolasean ari ziren

bilobak inguruan.

 

Baina gauean

bakarrik lotzean

Galiziatik etorritako

haren aurpegia

mentzen zitzaidan

gelako ilunpetan

 

niri begiratuz,

niri buruzko

galdera berrituz:

isilean, barrura

egiten zuen

sarkin ekin:

 

egun batean

Demetrio bilobari

galdegin nion

eraman nintzan

Asturiaseko mugan, Lugoko

As Noises herrira:

 

ikustea baita

gizonaren bakea,

bestela ezin

baitu etsi,

lur hau utzi

onean abiatuz:

 

azkenean begietan

izango nituen

haren etxea,

utzi zuen ataria

ogiaren bidean

herrira etortzeko

 

beharbada, artean

bizi ziren

haren senideak

(nireak ere

banituzkeenak)

ezagutuko nituen…

 

Baina mugara

hurrera ahala

urduri jartzen

hasi nintzen, bularra

estutzen zidan

esku batek:

 

Lugo barruan

sartzerakoan, muga

igarotzeko unean,

bihotzekoak jo

eta bertan

gelditu nintzen.

 

Orain hilerrian

nire abizena

duzue harrian:

berriro ere

          orbana

denen agerian!

 

goroldio isila

ari zait ordea

ezari-ezari

haren babesaren

errukian bilduz

bera osatzen

 

aurki Lurrak

bere hartuz

izenaren jabe

bihurtuko nau:

Demetrio,

Ama Lurrarena.